Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:4:7

Aditz jokatugabedun erlatibo arrunta

Aurreko atal bitan ikusi dugun bezala, baliteke aditza jokatugabea izatea bai korrelazioz moldatutako erlatiboetan (Non fida, han gal), bai aurrekaririk gabeko galde-ordaina duten erlatiboetan (Gaur ez daukazu nori adarra jo). Baina badira aditz jokatugabedun beste erlatibo batzuk ere, “aditz jokatugabedun erlatibo arruntak” dei daitezkeenak, -KO atzizki eratorlearen bidez osatuak. Izan ere, hauetan, aditz laguntzailerik ezean, beharrezkoa da aditz erlatiboaren eta izen ardatzaren arteko loturari eustea. Nola? -KO atzizkia erantsiz. Jakina denez, izenlagunak osatzeko balio du, batez ere, atzizki horrek.

Aditz jokatugabedun erlatibo arruntek, aditz jokatudunek bezalaxe, ez dute derrigor balio murrizgarririk. Izan ere, izen ardatza, besteak beste, izen berezia izan daiteke.

Aditz jokatugabea duten perpaus erlatibo motak

Honatx aditz jokatugabedun erlatibo motak:

1) Lehenaldiko erlatibo baiezkoak

Aditz nagusiarekiko lehenagokotasuna adierazten du erlatibo honek, eta gehienetan baiezko perpausa da. Euskalkien araberako bariazioa dago mota honetan. Izan ere, ekialdeko euskalkietan partizipio adjetibalaren (hots, partizipio hutsaren) bidez osatzen da erlatibo mota hau. Mendebaleko eta erdiadeko euskalkietan, ordea, partizipio adberbialaren (ta, (r )ik, (r )ika) eta -KO atzizki eratorlearen bidez (tako,(r )iko, (r )ikako). Jakina den bezala, ta da bihurtzen da baldin eta partizipioa -n kontsonante ahostunarekin bukatzen bada. Adib.: emandako. Bestalde, partizipioa bokalez bukatzen denean tartekatu behar da parentesi arteko r hori (etorririko, etorririkako).

    1. Zuk egin lana.
    2. Zuk egin gabe utzitako lana.
    3. Zuk egindako lana.
    4. Zuk eginikako lana.
    5. Zuk egin gabe utzirikako lana.
    6. Zuk eginiko lana.
    7. Zuk egin gabe utziriko lana.

Zeintzuk dira erlatibo mota hau erabiliko badugu bete beharreko arauak?

Demagun bi perpaus ditugula, erreferentzia bereko izen sintagma dutenak:

    1. Atzo telebistan filma ikusi genuen.
    2. Filmak musika ederra zuen.

Lehenengo perpausa perpaus erlatibo bihur dezakegu, eta bigarrena perpaus nagusi, honako arau hauek aplikatuz gero:

I. Perpaus erlatiboan ez da izen sintagma erreferentziakidea ageri. Isildu, ezabatu egiten da izen sintagma erlatibatua: hortaz, “isil(p)ekoa” deitu ahal diogu edo 'sintagma erlatibatua'. Ondorioz, ezabatutako izen sintagmaren kasu-marka/postposizio itsatsi-marka ere isildua da, ez da ageri, eta hortik datoz euskal erlatibo honek sortzen dituen buruhauste guztiak, kasu-marka/postposizio itsatsi-marka ez agertze horrek zaildu (edo oztopatu) egiten baitu kasu eta postposizio itsatsi guztiak erlatibatu ahal izatea. Aditz morfologiaren laguntzarik ezean, -N erlatibo arruntak baino erlatibatzeko gaitasun txikiagoa du aditz jokatugabedun erlatibo honek, jakina. Bestalde, perpaus erlatiboaren 'ondoko' den izen sintagma erreferentziakideak edozein funtzio sintaktiko bete dezake dagokion perpausean: ez du kasu- edo postposizio-markari dagokion murriztapenik, zeren kasu- edo postposizio itsatsi-marka hori, sintagma erlatibatuko kasua/postposizio itsatsia ez bezala, agerikoa baita beti: ez da, hortaz, isilpekoa.

II. Mendeko aditzaren eta izen ardatzaren artean ezin da beste izenik tartekatu, non izen ardatzaren izen lagun edo zenbatzaileren bat ez den.

III. Perpaus erlatiboaren gainerako osagarriak (atzo, telebistan) aditz erlatiboaren ezkerrean ezartzen dira, zeren, bestela, aditz nagusiaren osagarritzat ulertuko bailirateke, horrek lekarzkiekeen ondorio guztiekin. Aipatutako osagarrien hurrenkera libre samarra da (atzo telebistan, telebistan atzo), galdegaiarena beste legerik ez duena.

Zentzu horretan, bada mugarri bat zeinaz harantzago ezin baitaitezke aipatutako osagarriak ager. Zein da mugarri hori, perpaus erlatiboaren aditza ala izen ardatza? Bada arrazoi bat bigarren hipotesiaren alde egiten duena: erlatibo libreetan (hots, izen ardatzik gabekoetan, hala nola atzo telebistan ikusitakoa) baino ezin dira perpaus erlatiboko osagarriak aditz erlatiboaren eskuinean agertu (atzo ikusi ikusitakoa telebistan). Erlatibo libreetan ez da izen ardatzik ageri, baina bai determinatzailea eta baita determinatzaile honi dagokion kasu- edo postposizio-marka ere, biak erlatiboaren aditzari atxikiak. Hortaz, aipatutako mugarria ez da erlatiboaren aditza, izen ardatza baizik.

IV. Aditz erlatiboari dagokionez, honela dago osaturik: partizipioa + TA/IKA/I morfema + -KO atzizkia. Ekialdeko euskalkietan, ordea, partizipioari ez zaio deus atxikitzen.

V. Perpaus nagusiak ez du batere aldaketarik. Perpaus erlatiboaren ardatzak aditz nagusiarekiko betetzen duen funtzioaren araberako kasu- edo postposizio-marka du.

Aipatutako arauok betez gero, honako emaitza hauek aterako zaizkigu, zein baino zein zuzenagoak:

    1. Atzo telebistan ikusitako (ikusiriko / ikusirikako / ikusi) filmak musika ederra zuen.
    2. Telebistan atzo ikusitako filmak musika ederra zuen.
    3. Musika ederra zuen atzo telebistan ikusitako filmak.
    4. Musika ederra zuen telebistan atzo ikusitako filmak.

Arau horietako bat edo beste bete ezean, perpaus okerrak sortuko ditugu edo, bestela, zuzenak izan arren esanahi aldaketa dakarten perpausak:

I. araua bete ezean:

  1. * Atzo telebistan filma ikusitako filmak musika ederra zuen.

II. araua bete ezean:

  1. * Atzo ikusitako telebistan filmak musika ederra zuen.

III. araua bete ezean:

  1. Atzo ikusitako filmak telebistan musika ederra zuen.

Azken perpaus hau gramatikala da (sintaxi arauak egoki beterik sorturikoa, alegia), baina esanahi aldaketa dakar. Izan ere, telebistan kasu-sintagma perpaus erlatibotik atera eta perpaus nagusian ezarri da, honako esangura zentzugabe hau sortuz, adibidez: “atzo ikusitako filmak, zinema-aretoan, musika itsusia zuen, baina telebistan ederra”.

V. araua bete ezean:

  1. * Atzo telebistan ikusitako filma musika ederra zuen.

Aditz erlatiboan, jokatugabea izaki, NOR, NORK eta NORI pertsonen markarik ez dagoenez, subjektua edo objektua (zuzena zein zeharkakoa) zein den jakiteko bi zantzu egon daitezke: subjektu edo objektu hori isilpekoa ez izatea (guk atzo telebistan ikusitako filmak musika ederra zuen) eta testuingurua.

Zein da mota honen erlatibatze gaitasuna? Aditz jokatua duten erlatiboena baino murritzagoa: izan ere, aurrena esana baitugu aditzean dauden pertsona-markak (NOR, NORI eta NORK kasuenak) zantzu onak direla zein kasu erlatibatu den antzemateko, kasu horietako bat erlatibatu denean bederen. Beraz, aditz morfologia hemen lagungarri ez zaigunez, beste “zantzu” batzuek ahalbidetzen dute kasu/postposizio erlatibatua (eta ezabatua) antzematea.
Zeintzuk dira aditz jokaturik gabeko perpaus erlatibo hauetan kasu/postposizio erlatibatua antzematea errazten duten faktore edo zantzuak?

a) izen sintagma erlatibatua aditz erlatiboaren argumentua izatea, baldin eta kasu/postposizio erlatibatua bakuna (ez eratorria) bada. Argumentuaren eta aditzaren lotura estuak kasu/postposizio erlatibatua (eta ezabatua) interpretatzen laguntzen digu. Perpaus erlatibo mota honetan argumentu erlatibagarrienak subjektua (kasu absolutibo eta ergatiboa), objektua (kasu absolutiboa) eta zehar-objektua (kasu datiboa) dira.
Aditz jokatua duten erlatiboetan gertatzen den legez, mota honekin maizen erlatibatzen den kasua absolutibo da, subjektu- edo objektu-funtzioarekin.

    1. Bilbotik etorritako lagunak herriko hotelean egingo du lo.
    2. Lapikoan sartuko dut zuk harrapatutako erbia.

Kasu ergatiboaren erlatibatzea hain maiz gertatzen ez bada ere, arazorik ez du gauzatzeko.

    1. (…) habia utzitako hegaztien antzera (…). (Sarrionandia, J., Narrazioak, 1984, 13).
    2. Lurrari zerua edegiriko kurutze agurgarriaren irudia. (Azkue, R. M., Ipuiñak, 49).
    3. (…) Afrika, Asia eta Europa menperatutako nire soldaduei Errezilko ordekan bataila irabazitako mendi-mutil kantauritarrak. (Iztueta, Ez direlako aketsak, Alberdania, 1995, 61).

Kasu datiboaren erlatibatzea ere posible da, baina kasu ergatiboarena baino are ezohikoagoa da.

    1. Lepoan labaina sarturiko urde bat zirudien. (Atxaga B., Bi anai, 1985, 103).
    2. Kasu egin zion ilea urdintzen hasitako gizonak (Alberdi, U., Euli-giro, 2013).
    3. Absolbitu egin dituzte Aznar hiltzen saiatzea egotzitako lau lagunak (Berria, 2016-2-3).

Postposizio inesiboa ere bada erlatibagarria, zeren argumentala izan baitaiteke.

  1. Hura egondako tokiak ezagutu nahi nituen. (Uribe, K., Bilbao-New York-Bilbao, 2008, 105).

Dena den, postposizio inesiboa, argumentala beharrean adjuntua izan arren ere, erlatiba daiteke.

  1. Mila aldiz debalde kantatutako herri batetik deitu zidaten behin. (Onintza Enbeitaren hitzak, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik -Susa, 2019- liburutik ateratakoak).

b) izen ardatzaren eta kasu/postposizio erlatibatuaren arteko lotura semantikoa. Izen ardatzak lekua edo denbora adierazten duenean, mezuaren hartzailearentzat, aipaturiko lotura semantikoa dela eta, oso erraza izaten da antzematea erlatibatutako postposizioa inesiboa izan dela. Hortaz, aurreko adibidean bi zantzuk ahalbidetu dute erlatibakuntza: postposizio inesiboa argumentala izateak eta tokia izen ardatzaren lekuzko esanahiak. Hurrengo adibidean, ordea, postposizio inesiboa ez da argumentala, baina egunak izen ardatzak denborazko esanahia du.

  1. Atxiloturik egondako egunekin akordatu zen. (Olasagarre, J., Ezinezko maletak, 2004, 237 -bertsio digitalean-).

Postposizio ablatiboa eta adlatiboa ere erlatibagarriak dira baldin eta, izen ardatzak lekuzko esanahia izateaz gain, mugimendu ablatibo eta adlatiboaren arteko kontrasterik badago. Alegia: postposizio ablatiboa erlatibagarria da baldin eta izen ardatzak postposizio adlatiboa badu, eta postposizio adlatiboa erlatibagarria da baldin eta izen ardatzak postposizio ablatiboa badu.

  1. Orregatik-edo, berealaxe joan omen ziran etorritako tokira. (Lertxundi, J. M. Igaroari begira, 1991, 23).
  2. Horregatik-edo, berehalaxe itzuli omen ziren joandako tokitik.

c) funtzio erlatibatua eta izen ardatzak aditz nagusiarekiko duen funtzioa bat etortzea (aurrena ikusi dugunez, kasu- edo postposizio-paralelismoa deitzen zaio horri).

  1. Etorri zirrikitu beretik atera omen ziren. (Alonso, J., Katebegi galdua?, 1995).

Bestalde, izen bera laguntzen duten bi perpaus erlatibo (edo gehiago) junta edo meta daitezke. Biak izan daitezke jokatugabeak, biak jokatuak, edo bata jokatugabea eta bestea jokatua.

2) Lehenaldiko erlatibo ezezkoak

[Partizipio hutsa + GABE postposizio librea + -KO atzizki eratorlea] egitura du erlatibo mota honek, zeinak lehenaldiko perpaus ezezkoetarako balio baitu. Ezezkoa izanik, badirudi -tako erabiliz gero emaitza ez dela onargarria.

  1. * Itsasotik ez itzulitako arrantzaleak.

Haren ordez, honako hau esan behar dugu:

  1. Itsasotik itzuli gabeko arrantzaleak.

Beraz, esan liteke -tako (hala nola Ø,-(r )iko, -(r )ikako) erlatiboa eta gabeko erlatiboa distribuzio osagarrian daudela: bata lehenaldiko perpaus baiezkoetarako, bestea ezezkoetarako (hortaz, GABE postposizio librearen agertzea edo ez agertzea da egiturazko ezberdintasun bakarra). Dena den, badirudi batzuetan (erlatiboa adjektibo izaeratik gertu-gertu dagoenean, hain zuzen ere) -tako onargarria dela ezezkoan. Esaterako, aditz jokatu gabea bezain gramatikala da, antza, aditz ez jokatua.

Aditz jokatugabedun lehenaldiko erlatibo ezezkoaren erlatibatze gaitasuna baiezkoarena bezalakoa da: kasu absolutiboa da errazen onartzen duena (aurreko adibidean ikusi dugunez), baina ez dirudi ergatiboarekin eta inesibo lekuzko zein denborazkoarekin ere arazorik dagoenik.

    1. Spinozak uste du Adan, hasieran, memelo samarra izango zela, egundo kantatu gabeko kantante antzo. (Zapiain, M., Zein da itzulpengintzaren muina?, Galeusca 2002).
    2. Ederra da inoiz izan gabeko leku batera iristea. (Zabala J.L., Inon izatekotan, 2006, 360).
    3. Goiko bizilagun musikariak lo egin gabeko gauen faktura ordaindu gabe joan ziren. (Etxaniz Rojo, X., Berria, 2006-12-28).

Non funtzio erlatibatua eta izen ardatzak aditz nagusiarekiko duena bat ez datozen, zail samarra gertatzen da gainerako funtzioak erlatibatzea.

Gabeko erlabatzailearen bizkaierazko aldaerak bako eta bariko dira, hots, barik + ko.

    1. Egazti batek berbatxu batzuk esan ebazan, Erreginak aditu bakoak. (Azkue, R. M., Ipuiñak, 1968, 168).
    2. Harritu zuen, amaren gelan, ustez inoiz inora bidaiatu bariko emakume haren gelan bi maleta aurkitzeak. (Olasagarre, J., Ezinezko maletak, 2004).


IZEN ARDATZA ESKUINEAN DUEN ADITZ JOKATUGABEDUN ERLATIBOA
Lehenaldiko perpaus erlatibo baiezkoek zein ezezkoek normalean izen ardatzaren ezkerretik txertatzen dira (aurreko adibideek egitura hori dute), baina, -N erlatiboarekin gertatzen den bezalaxe, eskuinetik ere txerta daitezke. Kasu honetan, izen ardatzak ez du hondarkirik. Izan ere, hondarkia sintagmaren amaieran erlatiboaren ondoren agertzen baita.

    1. Nik deseginen dut tenple eskuz egin haur. (Leiçarraga, J., Iesus Krist Gure Iaunaren Testamentu Berria, 1571).
    2. Jesu-Cristo gueure jaun gurutzian josijari. (Fr. Bartolomé de Santa Teresa, Euscal-errijetaco olgueeta ta dantzeen neurrizco-gatz-ozpinduba).
    3. (…) uharteko baso sasiz betean barrena (…). (Cano, H. Telefono kaiolatua, 1997, 27).
    4. Aitonaren esku ogi-ardoz bustiak. (Arrieta, J. A. Abuztuaren 15eko bazkalondoa, 1985 [1979], 51).
    5. Berehala lau erabakitzaileek plaza guztiarekin batean eman omen zioten apustua irabazitzat, legez eta bidez, Ataungo Amilletako mutil hemezortzi urte bete gabekoari. (Iztueta, Ez direlako aketsak, 31).
    6. Laster ezagutuko duzu gizon eder, jakintsu, munduan zehar ibilitako bat.
    7. Hispano-Olivetti lasto orratzez zikindurikoan (…).(Cano, H. Telefono kaiolatua, 1997, 49).

Bigarren eta hirugarren adibidean, izen ardatzaren ezkerrean izenlagun bat (uharteko; aitonaren) agertzeak eragiten du erlatiboa eskuinera mugitzea. Izan ere, perpaus erlatiboa ezkerrean agertuz gero (“sasiz betetako uharteko basoan barrena”; “ogi ardoz bustitako aitonaren eskuak”), zalantzan-edo genbilzke izen ardatza zein den asmatu guran, aditz erlatiboaren eta izen ardatzaren artean izen bat tartekatu delako (aipatutako uharteko eta aitonaren horiek), izen ardaztzat interpreta litekeena.
Laugarren adibidean, izenaren ezkerrean osagarri gehiegi (Ataungo Amilletako izenlaguna eta hemezortzi urte bete gabeko perpaus erlatiboa) ez pilatzeak eragiten du erlatiboa izen ardatzaren eskuinean jartzea.
Bosgarren adibidean, ordea, adjektibo-sekuentzia baten barruan ageri delako txertatu da erlatiboa eskuinetik, gainerako adjektiboak bezala.

3) Aditz-izena + KO

Erlatibo mota honen bidez gehien bat kasu absolutiboa da erlatibagarri:

  1. Egunero egiteko lanak aspergarriak dira.

Aditz jokatugabea duen erlatibo hau, -tako eta gabeko bezalaxe, aditz jokatua duen erlatibo batetik eratorria da. Esaterako, aurreko adibideak -N motako erlatibo bat du oinarri.

  1. Egunero egin behar diren lanak aspergarriak izaten dira.

Behar aditz modalak ageri-agerian uzten du esapide honen obligaziozko esanahia.

Erlatibo mota honen bidez ergatiboa ere bada erlatibagarri, baina ez absolutiboa bezain sarri. Hurrengo adibidean, erlatiboak, obligaziozkoa bainoago, gaitasunezko esanahia du. Izan ere, “egin dezakeena”, “egiteko gai dena” edo antzeko zerbaiten baliokidea da.

  1. Esan dautsut gizon berbakoa dala ta emakume bat zoriontsu egitekoa. (Azkue, R. M., Ipuiñak, 215).

-Tzeko-ren bidez funtzio inesiboa (leku- zein denbora-esanahia duena) ere erlatiba daiteke.

  1. Iritsi da txikiteroak ibiltzeko tertzioa

Guztiarekin ere, inesiboak denborazko esangura duenean, perpaus erlatiboa helburuzko perpausetik gertu-gertu dago. Izan ere, alde batetik, subjuntiboaz ordezka daiteke, eta bestetik, askatasun nabarmena du kokaguneari dagokionez, helburuzko perpausekin gertatzen den legez.

    1. Iritsi da tertzioa txikiteroak ibil daitezen.
    2. Iritsi da tertzioa txikiteroak ibiltzeko.

Aditz jokatu gabea eta izen ardatza elkarrengandik banantzen direnean (perpaus erlatiboa aposizioko erlatibo bihurtuz), aditz jokatu gabeak izen ardatzaren kasu-edo postposizio-marka bera har dezake. Horrek pentsarazten digu mendeko perpaus hori ez dela helburuzkotzat jo behar, erlatibotzat baizik, aposiziozko erlatibotzat, hain zuzen ere. Ahozko euskaran maiz aurkitzen ditugu horrelakoak, ondoko adibide honetan ikus dezakegunez.

  1. Auek al dituk orduak iñoren etxean sartzekoak? (Arratibel, Kontu zaarrak, 1980, 36).

Beraz, -KO atzizki eratorlea duten perpaus erlatibo aditz jokatugabedunetan ere zilegi dira aposizioko erlatiboak.

    1. Egazti batek berbatxu batzuk esan ebazan, Erregiñak aditu bakoak. (Azkue, R. M., Ipuiñak, 168)
    2. Baziren egunak bi litro edandakoak ere. (Haranburu, J., Itsasoak ez du esperantzarik, 20)

Lehenengo adibidean kasu absolutiboa erlatibatu da, objektu-funtzioarekin. Bigarrenean, inesiboa, egunak izen ardatzak zehaztutako denborazko esanahiarekin.

4) Aditz modala + KO

Ezin, ahal eta behar aditz modalei -KO erantsita, aditz laguntzailea ezabatu zaion erlatibo bat osatzen dugu. Erlatibo mota honetan, kasu absolutiboa da ahozko euskaran zein idatzizkoan gehienetan erlatibatzen dena, objektu-funtzioarekin.

  1. Zein da eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa?

Izen sintagma erlatibatua aditz erlatiboaren argumentua bada, zenbait idazle beste kasu eta postposizio batzuk ere erlatibatzen “ausartzen” dira. Hurrengo bi adibideetako lehenengoan, kontuz ibili aditz perifrasiak afera labainkorrarekin du argumentu eta, hortaz, aise erlatiba daiteke postposizio soziatiboa. Bigarrenean, lotsatu aditzak zerbaitez du argumentu eta, hortaz, aise erlatiba daiteke postposizio intrumentala. Hirugarren adibidea, ordea, ez da literaturatik ateratakoa, ahozkoa baizik, lehenengo adibidearen parekoa.

  1. (…) iruzur galanta, kontuz ibili beharreko afera labainkorra (…). (Zaldua I., Idazten ari dela idazten duen idazlea, 2012, 30)
  2. Mina bati da erreakzio osasungarria, eta inoiz ez lotsatu beharreko zerbait. (Lertxundi, A., Zu, 2015, 201).
  3. Holako arrisku taldeetan edo arrisku faktoreak dituztenengan kontuz ibili beharreko gaixotasun bat da (gripea). (Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko arduradun Miren Dorronsoro, Euskadi Irratia, 2016-10-17).

Moduzko aditzaren eta -KO atzizkiaren artean Z kontsonantea tarteka daiteke, aukeran.

  1. Lehen aipatu dizkizudan ezin hautsizko muga horien barruan bada ere. (Yourcenar, M. Hadrianoren oroitzapenak, itzul. J.A. Arrieta, 1985, 12)

Dirudienez, ezin eta ahal bateragarriak dira egitura honetan, -KO atzizkia erantsirik, balio ezezkoarekin, jakina.

  1. Negar egiten du, eutsi ezin ahaleko negarra, besterik ez. (Lertxundi, A., Zoaz infernura, laztana, 177).

Bestalde, ahal modalarekin ageri den aditza, partizipioaz gain, aditzoin-formarekin ere ager daiteke.

  1. Euskal kantutegiak, halaber, ezin konta ahaleko aipamenak dakartza Euskal Herria-z. (http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0139.pdf)

Izen ardatzik gabeko erlatibo jokatugabea

-N erlatibo motarekin gertatzen den bezalaxe, erlatibo jokatugabeetan ere gerta daiteke izen ardatza ez agertzea eta, beraz, hari legokiokeen kasu- edo postposizio-marka aditz erlatiboari zuzenean atxiki behar izatea. Izen ardatza isiltze hori bi arrazoirengatik gerta daiteke:

- testuinguru linguistiko eta pragmatikoarengatik. Izen ardatza isiltze horrek haren errepikapena saihesten du.

  1. Zuk egin duzun lana txalogarria da, baina Mikelek egindakoa ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

- izen ardatz jakinik ez dagoelako, bestela esanda, perpaus erlatibo horrek balio generikoa duelako.

  1. Txalogarria da zuk euskararen alde egindakoa.

Balio generikoa duen erlatibo horretan, sintagma erlatibatua singularrean ageri da. Baina pluralean ere ager liteke, berdin-berdin, esanahia aldatu gabe:

  1. Txalogarriak dira zuk euskararen alde egindakoak .

Aditz-izena + KO motako erlatibo jokatugabean ere oso ohikoa da izen ardatza ezabatu eta haren kasu-marka aditz jokatugabeari eranstea, pluralean (esatekoak, ekartzekoak, etab.). Maiz-maiz bat etortzen dira aditz erlatiboa eta aditz nagusia (entzutekoak entzun, egitekoak egin). Euskal literaturak horrelako adibide ugari ematen dizkigu.

  1. Otseinak ekarri ebazan ekartzekoak. (Azkue, R. M., Ipuiñak, 1968, 201).

Errepikapenezko egitura hau pluralean ez ezik, singularrean ere aurki dezakegu euskal literaturan.

  1. (…) joateko lehenbailehen nire senar gaixoari ez gertatzekoa gertatu baino lehen. (Lertxundi, A., Zoaz infernura, laztana, 172).

Erlatibo hau, obligaziozko esanahia duelako seinale, behar izan aditz jokatua duen erlatiboaz edo aditz jokaturik ez duen beharreko erlatiboaz ordezka daiteke.

    1. Otseinak ekarri ebazan ekarri behar ebazanak.
    2. Otseinak ekarri ebazan ekarri beharrekoak.
    3. Berekasa eta esku propioez egin beharko zuen egin beharrekoa. (Cano, H. Telefono kaiolatua, 1997, 72).

— Egilea: Karlos Cid Abasolo

lanaren aipamena nola egin...

Karlos Cid Abasolo, "Aditz jokatugabedun erlatibo arrunta", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3