Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:4:8

Estatistika txiki bat

Hitzaurrean adierazi dugunez, -N da euskara mintzatuan zein idatzian gehien erabiltzen den erlatibatzailea, eta horrexegatik, hain juxtu, deitzen zaie “erlatibo arruntak” erlatibatzaile horren bidez sortutakoei.

Euskara idatziari dagokionez, Iñaki Aldekoak 1993an apailatutako Euskal ipuinen antologiaren ipuin gehienak1 aztertu ditugu (baita Aldekoaren hitzaurrea ere), kontuan harturik Jon Mirande ez beste idazleak Hegoaldekoak direla eta horrek, dudarik gabe, eragina izan duela emaitzetan.

-N -TAKO -IKO BESTERIK
%73,41 %19,05 %4,7 %2,8

Honatx beste datu batzuk:

  1. -N erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasuen eta postposizio itsatsien portzentaje-banaketa: absolutiboa %72,75; ergatiboa %19,55; inesiboa %6,73; genitibo posesiboa %0,64; instrumentala %0,32.
  2. -TAKO erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasuen eta postposizio itsatsien portzentaje-banaketa: absolutiboa %98,76; ergatiboa %1,23.
  3. -IKO erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasuen eta postposizio itsatsien portzentaje-banaketa: absolutiboa %100.

Datu horietatik honako ondorio hauek atera atera daitezke:

  1. Kasu eta postposizio itsatsi erlatibatuen zerrenda askoz zabalagoa da perpaus erlatibo arruntetan, aditz jokatugabea duten perpaus erlatiboetan baino, aditz morfologiak erlatibakuntzan duen berebiziko garrantzia agerian geratzen delarik.
  2. -N erabiliz postposizio instrumentala erlatibatu denean (behin bakarrik, bidenabar esanda), postposizio-paralelismoak ahalbidetu du erlatibakuntza. Gogora dezagun sintagma erlatibatu isilduak eta izen ardatzak kasu- edo posposizio-marka bera dutenean (“kasu- edo postposizio-paralelismoa” deitzen zaio horri), kasu guztiak eta postposizio itsatsi guztiak direla erlatibagarri. Adibidez: “Bizi naizen lagunarekin haserre nago” onargarriagoa gertatzen zaie euskaldun gehienei “Bizi naizen lagunak Mikel du izena” baino.
  3. Perpaus erlatibo guztien %92,46 -N eta -TAKO motei dagozkie.
  4. Aztertutako ipuinetatik jarrera orokorrak ondoriozta badaitezke, esan beharko dugu Hego Euskal Herriko gaur egungo idazleek ez dutela gustukoa jatorriz galdetzailea den izenordain (zein(a), zein(ar)ekin…) edo adberbio (non, nora, etab.) erlatiboa erabiltzea. Bi adibide baino ez dira ageri aztertutako ipuinetan, Sarrionandia eta Atxagaren ipuin banatan.

Euskara mintzatuari dagokiolarik, R. M. Pagolaren Euskalkiz euskalki liburuaren ahozko testuak aztertu ditugu, eta emaitzak honako hauek izan dira:

-N JOKATU GABEAK KORRELAZIOZKOAK ZEIN/NON AURREKARIRIK GABEKO GALDE-IZENORDAINA
%86,36 %4,54 %4,54 %2,27 %2,27

Esan gabe doa idatzizko euskaran askoz handiagoa dela perpaus erlatiboen erabilera ahozko euskaran baino. Oro har, eta jakina denez, mendeko perpausen ugaritasuna euskara jasoaren ezaugarri nagusietako bat da.

Honatx liburu horri buruzko beste datu batzuk -N erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasuen eta postposizio itsatsien portzentaje-banaketari buruz: absolutiboa %76,31; ergatiboa %13,15; inesiboa %7,89; datiboa %2,63.

Ikusten denez, idatzizko eta ahozko testuak biltzen dituzten bi liburu hauetatik antzeko ondorioak atera ditzakegu:

  1. -N da, alde handiarekin, erlatibatzaile erabiliena. Galdetzaile-jatorria duen zein eta non erlatibatzaileak ez dituzte idazle gehienek begi onez ikusten, erlatibatzeko modu horren potentzialitatea eta euskal idazle klasikoen joera baztertzen dituztelarik. Zertan datza potentzialitate hori? –N erlatibatzailearekin ez bezala, edozein kasu edo posposizio itsatsi erlatiba daiteke zein eta non erlatibatzaileekin.
  2. Absolutiboa da, alde handiarekin, maizen erlatibatzen den kasua. Alde handi hori are nabarmenagoa da perpaus erlatibo jokatugabeetan. -N erlatiboetan, ordea, beste kasu eta postposizio itsatsi batzuen portzentajea (hala nola ergatibo edo inesiboarena) ez dira nolanahikoak. Baina kasu horietatik landa, ezer gutxi.

Bi ondorio horietarako arrazoi bera aurki liteke: erlatibakuntza ahalbidetzen edo errazten duten zenbat eta faktore, zantzu edo estrategia gehiago metatu perpaus erlatibo berean, euskaldun gehiago “ausartuko dira” erlatiboa erabiltzen. “Taberna horretan ikusi dudan laguna” izen sintagma oso onargarria iruditzen zaigu denoi, honako faktore edo zantzu hauek bateratu direlako: aditz morfologia (dudan aditz laguntzailean laguna izen ardatzaren arrastoa dago), izen sintagma erlatibatua aditz erlatiboaren argumentua izatea (adibide honetan, objektua), eta kasu-paralelismoa (kasu absolutiboa erlatibatu da eta laguna kasu absolutiboan dago). Zenbat eta faktore, arrasto edo estrategia gutxiago metatu, ordea, euskaldun gutxiago “ausartuko dira” erlatiboa erabiltzen. Ikus, bestela, hurrengo adibidea:

  1. Bizitzan ikasitakoek irakatsi didate –ezen ez txikitatik joaten nintzen maristen eskolako fraideek– garaian garaiko legearen argitan epaitzen direla erruak eta errugabetasunak (Lertxundi, A., Etxeko hautsa, 2011, 19).

Adibide horretan, izen erlatibatua (eskola) aditz erlatiboaren argumentua izatea da aipatu hiru faktoreetatik erlatibakuntza errazten duen bakarra2. Eta, hori gutxi balitz bezala, erlatibatu dena ez da kasu bat, postposizio adlatiboa bazik. Ondorioa garbia da: euskaldun gutxik erakutsiko lukete Anjel Lertxundiren ausardia.
Ausardia falta bera erakutsi ohi da perpaus erlatibo mota aukeratzerakoan edo, hobeto esanda, perpaus erlatibo motaren bat baztertzerakoan: euskal idazle klasikoek aurreiritzirik gabe erabiltzen zituzten jatorri galdetzailedun erlatiboez ari gara, jakina. “Zeiñismoa” gaitzesten zuen (eta duen) garbizalekeria hau dela kausa, oso tresna eraginkor bat baztertu dute euskaldun askok, neurriz badarik ere berreskuratu beharko genukeena. Aholku egoki hori eman zuen aspaldi aita Villasante zenak.

Eta, bukatzeko, bigarren aholkua, galdera erretoriko baten bidez adierazia: ez ote diogu –N menderagailuaren bidezko perpaus erlatiboari ahal genukeen baino potentzialitate txikiagoa ateratzen? Oro har, ez ote diogu euskarari ahal genukeen baino potentzialitate txikiagoa ateratzen?

— Egilea: Karlos Cid Abasolo

1 Honako hauek, hain zuzen ere: “Gauaz parke batean” (Mirande), “Margarete, Heinrich” (Atxaga), “Estazioko begiradak” (Sarrionandia), “Kapitaina” (Saizarbitoria), “Samuel” (Lertxundi), “Pernixio” (Garzia Garmendia), “Itoak ur azalera bezala” (Mujika Iraola).
2 Dena den, faktore horri beste bat erantsi behar zaio: eskola hitzaren lekuzko esangura bat etortzea postposizio itsatsi erlatibatuaren lekuzko esanahiarekin

lanaren aipamena nola egin...

Karlos Cid Abasolo, "Estatistika txiki bat", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3