Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:4

Hau dokumentuaren bertsio zahar bat da!


Perpaus erlatiboak

Perpaus erlatiboak euskal sintaxiaren ardatzetako bat dira. Izan ere, beste hainbat mendeko perpaus (denborazkoak, moduzkoak, etab.) osatzeko, euskarak perpaus erlatiboak baliatzen ditu.

Atal honetan, lehenengo eta behin, perpaus erlatiboak zertan dautzan azalduko dugu, gehiegi sakondu gabe. Jarraian, perpaus erlatibo motak banan-banan aztertuko ditugu:

  • -N atzizki menderagailua aditz erlatiboari atxikirik sorturikoak (Pintto izena duen txakur bat dut).
  • ZEIN izenordainaren edo NON adberbioaren bidez sorturikoak (badut txakur bat, zeinak Pintto izena duen; badut Mundakan etxe bat, zeinean uda guztiak igarotzen ditudan).
  • BAIT- aurrizkia aditz erlatiboari atxikirik sorturikoak (badut txakur bat, Pintto izena baitu)
  • korrelazioz moldatutakoak (non fida, han gal).
  • aurrekaririk gabeko izenordain edo adberbio galde-jatorridunen bidez sorturikoak (ez daukat nora joan(ik)).
  • aditza jokatu gabe osatzen diren erlatiboak (erositako/erosiriko/erosirikako/erosi lanpernak gero janen ditugu). Lanpernak

Perpaus erlatibo mota horien guztien artean, dudarik gabe, -N menderagailuaren bidez osatzen dena da erabiliena, hainbesteraino, non “perpaus erlatibo arrunt” deitu ohi zaion. Mota horrek baditu, besteak beste, bi berezitasun nagusi:

  • Lehenengoa: geroago aztertuko ditugun arrazoiengatik, kasu guztiek eta postposizio itsatsi guztiek1 ez dutela erlatibagarritasun maila bera (batzuk, hala nola aditzean markatuak direnak –absolutiboa, ergatiboa eta datiboa– beste batzuk baino aiseago eta maizago erlatibatzen dira).
  • Bigarrena: normalean, -N erlatibo mota ezkerrean (hots, dagokion izenaren ezkerrean) ageri dela, gure inguruko hizkuntza indoeuroparretan gertatzen ez den bezala, horrek, esaterako, itzulpengintzan eta interpretazioan dakartzan ondorio guztiekin.

Perpaus erlatiboen azterketa honetako adibideetarako, askotariko testu motak erabiliko ditugu: idatzizkoak (literaturazkoak, prentsakoak, etab.) zein ahozkoak.

— Egilea: Karlos Cid Abasolo

Gaian sakonduz

Rudolf de Rijk

Rudoflf de Rijk (1927-2003) hizkuntzalari holandarrak euskal erlatiboaren inguruan egin zuen bere tesia. Hemen irakur dezakezu: de_rij_studies_in_basque_sintax.pdf

Urteak geroa, haren euskal gramatika aurkeztu zenean, Leidengo Unibertsitatean irakurritako hitzak: rudolf_de_rijk_our_friend_eng.doc

Glosategia

  • Adberbio
  • Aditz
  • Aditz-izen
  • Adizki
  • Adizlagun
  • Aditzondo
  • Adjektibo
  • Argumentu
  • Aspektu
  • Atzizki
  • Erlatibo
  • Izen
  • Izenlagun
  • Izenondo
  • Korrelazio
  • Menderagailu
  • Menderatzaile
  • Morfema
  • Partizipio
  • Perpaus
  • Postposizio
  • Zenbatzaile
1 Kasuen eta postposizio itsatsien arteko aldea zertan den ez dakienak jo beza http://www.ehu.es/seg/morf/5/5 estekara

lanaren aipamena nola egin...

Karlos Cid Abasolo, "Perpaus erlatiboak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3