Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:5

Konparazio perpausak

Hitz egiterakoan, sarri erabiltzen ditugu neurtu, mailakatu eta pareka daitezkeen nozioak eta kontzeptuak. Eta hain zuzen ere, horretarako, nozioak mailakatzeko eta parekatzeko, erabili ohi ditugu konparazio perpausak.

Esaterako, pertsona bat modu askotakoa izan daiteke: alaia, ona, tristea, gaiztoa, urduria…. Baina ezaugarri horiek zehaztu nahi baditugu, kualitate horiek guztiak mailakatu egin daitezke: BEREZIKI alaia, OSO ona, gaiztoEGIa, BIZIKI urduria…. Horrez gain, bi lagunen izaera ezberdina, antzekoa edo berdina izan daiteke, eta beraz, izaera mota horiek ere konparatu egin daitezke: Garoa Martin baino alaiAGOa da, Sara BEZAIN langilea da Maddi….

Konparazio perpausak adberbio, adjektibo edo izen sintagma baten osagai izaten dira. Hau da, adjektibo eta aditzondoek hartzen dituzten maila-aditzondoek (hain, oso, aski…) edo izen sintagmek hartzen dituzten zenbatzaileek (asko, zenbait, bost…) izan ohi duten zeregin edo funtzioa izaten dute konparazio perpausek. Hori dela eta, hurrengo adibideetan zeregin berbera errepikatzen da, dela maila aditzondo baten bidez (“oso”), dela konparazio perpaus osoaren bidez. Horregatik diogu perpaus konparatiboak izen sintagmaren, adjektibo sintagmaren edo adberbio sintagmaren osagaiak direla.

  • Maite OSO neska jatorra da.NESKA-MUTIL JATORRAK DIRA HAUEK
  • Iñigo Unax BEZAIN langilea da.
  • Zure alaba nirea BAINO azkarrAGOa da.

Konparazio perpausetan, maila-hitz edo zenbatzaileekin ez bezala (oso ederra), konparazio-morfemek beste perpaus bat behar dute erkaketa egiteko, adibideetan ikusten den gisan.

  • Uste zuen bezain laster iritsi zen mendira. (Adberbio sintagma)
  • Auzo hau hango hura baino txiroagoa da. (Adjektibo sintagma)
  • Nire amonak zureak (dituen) adina urte ditu. (Izen sintagma)

Horrenbestez, konparazio perpausak izen sintagmaren, adjektibo sintagmaren eta adberbio sintagmaren osagai izaten dira, eta beraz, sintagma horien barnean agertuko dira. Perpaus nagusiko osagai baten osagarriak dira (osagaia da perpausaren zatia; osagarria zati hori osatzen duen elementu bat). Baina zuzenean perpaus nagusiaren osagai ere izan daitezke. Hori gertatzen da esaterako, bezala eta adina morfemak dituzten perpausetan.

  • Nire lagunak ez daki zureak dakien ADINA.
  • Maddik txikitan BEZALA hitz egiten du.

Konparazioa

Bi adibide horietan, konparazio perpausak perpaus nagusien atalak dira zuzenean. Ohart gaitezen, atal horien ordez beste atal bat sor dezakegula inolako arazorik gabe:

  • Nire lagunak ez daki noiz etorriko den
  • Maddik leihotik hitz egiten du

Ikus ditzagun orain ondoko beste adibideok:

  • Nire lagunak ez daki zureak dakien ADINA txiste.
  • Maddik txikitan bere ahizpak hitz egiten zuen BEZALAko keinuekin hitz egiten du.

Bi adibide horietan, ordea, perpaus nagusiko osagai batean txertatuta daude konparazio perpausak: txiste eta keinu sintagmetan, alegia. Beraz, kasu honetan, konparazio perpausak sintagma horien buruaren (txiste, keinu) osagarriak dira, eta ez perpaus nagusiaren atalak. Eta sintagma horiek (burua + konparazio perpaus osagarria) perpaus nagusiaren osagaiak dira.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Konparazio perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3