Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:5:2:1

Konparazioa bideratzeko egiturazko baldintzak

Konparazioak bi erreferentzia puntu eskatzen ditu eta biak parekoak eta paraleloak izaten dira.

  • Nik etxean X liburu ditut.

ETXE HONETAN BADIRA LIBURUAK GERO! X hori modu askotara zehaztu daiteke:

  • Nik etxean liburu asko ditut.
  • Nik etxean badut nahiko liburu.

Konparazio-egitura ere erabil dezakegu, “kanpoko” beste erreferentzia puntu bat hartuta:

  • Ahizpak adina liburu ditut etxean.
  • Mirenek baino liburu gutxiago ditut etxean.

Konparazioaren gaia maila, kantitatea edo modua izaten da. Goiko horretan zenbatasunezko konparazio bat sortu dugu, liburu kopurua konparatzen baita egitura horietan.

Egituraren aldetik, konparazio perpausa Izen Sintagmaren osagaia da:

  • IS (P (ahizpak dituen adina) liburu))

Konparazio perpausak ZENBAT galderari erantzuten dio: zenbat liburu ditut etxean?

Esan dugu bi perpausek egitura paraleloa izan behar dutela konparazioa bideratu ahal izateko.

A B aditza C
Perpaus txertatua Ahizpak X liburu ditu etxean
Perpaus nagusia Nik X liburu ditut etxean

Perpaus nagusiko osagaiak bere horretan gordetzen dira, eta perpaus txertatuko beste batzuk ezabatu egiten dira: nahitaez batzuk, eta aukeran beste batzuk. Hauxe izango litzateke perpaus elkartuaren egitura:

Perpaus elkartuaren egitura
Ahizpak (duen) adina liburu ditut etxean
Ahizpak (duen)Perpaus txertatua
Ahizpak (duen) adinaZenbatzaile sintagma
Ahizpak (duen) adina liburuIzen sintagma

Kontrastean dauden osagaiek agertu behar dute, hau da, gure adibidean nik/zuk osagaiak. Gauza bera gertatzen da maila konparazioan:

  • Aioraren ahotsa txoriaren kanta bezain alaia da.
Perpaus txertatua Txoriaren kantaX alaia da
Perpaus nagusia Aioraren ahotsa X alaiada

Konparatu nahi dugunaren arabera, egitura bat edo beste sortuko dugu. Kontrastean jartzea da konparatzea. Beraz, bi perpaus paralelo horietan zenbait osagai errepikatu egiten dira, eta, halakoetan, perpaus txertatukoak isilean uzten dira. Osagaiak errepikatzen ez badira, kontrastean jarri behar dira eta beraz, perpaus txertatukoak ere agerian egongo dira.

Goian jarritakoak baino egitura konplexuagoak ere izan daitezke, jakina:

Gasolioa bota

  • Amaiak gaur gasolio asko bota dio autoari.

Perpaus nagusiaren araberakoa da egitura osoa:

  • Amaiak gaur autoari bota dion adina gasolio bota diot nik nire furgonetari.
  • Amaiak gaur (bota dion) adina gasolio bota nion nik nire furgonetari atzo.
  • Amaiak (bota dion) adina gasolio bota nion nik nire furgonetari atzo.

Gauza bera gertatzen da adjektiboekin ere:

  • Autoa motoa bezain azkarra da.
  • Autoa garesti bezain azkarra da.

Bi esaldi horien esanahia zeharo ezberdina da, perpaus nagusia berbera izan arren bietan.

  • Autoa X azkarra da.

Gasolioaren garestitasun maila da konparazioaren gaia, alegia, gasolioa zenbateraino den garesti. Lehenengo adibidean hau ulertzen dugu:

  • Motoa X azkarra da.

Autoaren azkartasuna motoaren azkartasunarekin konparatu dugu. Bigarren adibidean, berriz, hauxe daukagu perpaus txertatuan:

  • Autoa X garestia da.

Beraz, autoaren azkartasuna garestitasunarekin alderatzen dugu. Azkartasun maila eta garestitasun maila konparatzen ditugu. Egituraz paraleloak dira bi horiek, baina esanahi ezberdina dute.

Sintagmaren buruak adierazten du konparazioa zertaz egiten den. Buru hori adjektibo bat, aditzondo bat edo izen bat izango da. Bi perpausetan adjektibo, aditzondo edo izen beraren mailaz edo kantitateaz ari bagara, perpaus txertatuan ez da elementu hori agertuko.

Furgoneta

  • * Nik furgonetari Amaiak autoari (bota dion) horrenbeste gasolio adina gasolio bota diot.
  • * Nik furgonetari Amaiak autoari (bota dion) gasolio adina gasolio bota diot.
  • Nik furgonetari Amaiak autoari (bota dion) Ø adina gasolio bota diot.

Perpaus erlatiboetan gertatzen den fenomeno bera da: horrenbeste gasolio osagaiak isilean geratu behar du, sintagmaren buruan adina gasolio ageri delako. Bietan gasolio kantitateaz ari garenez, perpaus txertatuan ezin dugu horrenbeste gasolio bezalako sintagmarik jarri agerian. Ordea, batean gasolioaz ari bagara eta bestean premia kopuruaz ari bagara, zenbatzailea isilean geratuko da, baina premia izena ez.

  • Nik furgonetari Amaiak autoarentzat premia (duen) adina gasolio bota diot.

Perpaus txertatuko gainerako osagaiak, kontrastean jarri nahi ditugunak badira, agerian utziko ditugu, aditza bera barne. Hala ere, aditza kontrasteduna izan ez arren aditzera eman daiteke.

Maila konparazioa predikatuzko perpausetan agertzen da batez ere: <A B da> modukoetan.

  • Autoa motoa bezain azkarra da.

Perpaus txertatuek ere egitura hori izaten dute. Aditzondoak daudenean, aditzaren inguruan agertzen dira: A B etorri da.

  • Iker urduri etorri da.

Erreferentziatzat hartzen den perpausak ere egitura hori izaten du.

HOR IKUSTEN DIREN ETXEAK ARIZKUNGO AINTZIALDEKOAK DIRA

  • Iker (ni Ø(etorri naizen) bezain) urduri etorri da.

Hauxe da mendeko perpausaren egitura:

  • (Ni X urduri etorri naiz).

Beste hauxe da perpaus nagusiarena:

  • Iker X urduri etorri da.

Egitura paraleloak dira beraz.

Dena den, adjektiboa ISren barnean ageri da askotan:

  • Zuhaitz handia da hura.

Hemen ere konparazioa ezar daiteke:

  • Pinu hau bezain handia da zuhaitz hura.

Hauxe da perpaus horren egitura: Etxetxoa zuhaitzean

  • (Pinu hau X handia da -eN bezain) handia da zuhaitz hura.

Sintagma absolutibo hori inesiboan ere eman daiteke.

  • Pinu hau bezain zuhaitz handi batean eraiki zuen etxetxoa Markelek.

Azpian dagoen konparazio perpausa berbera da:

  • (Pinu hau X handia da)

Hortaz hauxe da egitura:

  • (Pinu hau X handia da -eN bezain) zuhaitz handi batean eraiki zuen etxetxoa Markelek.

Bi perpausak honelakoak dira:

  • Pinu hau X handia da.
  • Zuhaitz X handi batean eraiki zuen etxetxoa Markelek.

Bigarren perpaus horretan (zuhaitza X handia (izan)) dagoela onartzen badugu, paralelotasuna egon egongo da.

Honela ere eman daiteke:

  • Pinu hau bezain handia den zuhaitz batean eraiki zuen etxetxoa Markelek.

Perpaus hori ere erabat zuzena da. Aurrekoak baino zehatzago betetzen du gainera paralelotasuna: perpaus erlatiboa hartzen badugu kontuan, hauxe da berriz ere egitura:

  • Zuhaitz hura (pinu hau X handia den bezain) handia da.

Paralelotasuna gorde arren, egitura anbiguoak gertatzen dira batzuetan:

  • Miren bezain zuhaitz handi batean eseri zen Markel.

Hauxe izango litzateke interpretazio arruntena:

  • (Miren X handia da -eN bezain) zuhaitz handi batean eseri zen Markel.
  • (Miren bezain handia den zuhaitz batean eseri zen Markel.)Lagunekin jolasean

Baina beste interpretazio hau ere zuzena da:

  • (Mirenek X zuhaitz handian eraiki du -eN bezain) zuhaitz handi batean eseri zen Markel.
  • (Biak zuhaitz handi batean eseri ziren.)

Horrek esan nahi du, honelako egiturak anbiguoak izan daitezkeela. Bestalde, zein da perpaus honen interpretazio zuzena?

  • Zu bezain lagun jatorrekin ibiltzen da mutil hori.

Ohikoena hau dela dirudi:

  • (Zu X jatorra zara -eN bezain) lagun jatorrekin ibiltzen da mutil hori.
  • (= Zu bezain jatorrak diren lagunekin ibiltzen da mutil hori.)

Baina beste hau ere izan liteke:

  • (Zu X lagun jatorreki ibiltzen zara -eN bezain) lagun jatorrekin ibiltzen da mutil hori.
  • (= Zu ibiltzen zaren bezain lagun alaiekin ibiltzen da mutil hori)

Desberdintasunezko konparazioan ere gauza bera gertatzen da:Dantzariak

  • Zu baino dantzari trebeagoak ez ditut asko ezagutu.

Perpaus horrek interpretazio bakarra du:

  • (Zu X dantzari trebea zara -eN baino) dantzari trebeagoak ez ditut asko ezagutu.

Eman dezagun perpaus txertatuko sintagma absolutibo hori beste kasu batean:

  • Zu baino dantzari trebeagoekin aritu nahiko nuke aurrerantzean.

Hori ere zuzena da, eta beste honen baliokidea izango litzateke:

  • Zu baino trebeagoak diren dantzariekin aritu nahiko nuke aurrerantzean.

Adibide horretan ez dago anbiguotasunerako lekurik konparazio perpausaren subjektua (zu) eta perpaus nagusikoa (nik) kasu desberdinean doazelako. Biak absolutiboan joanez gero gerta liteke anbiguotasuna.

  • Zu baino dantzari trebeagoekin aritzen nintzen (ni).
  • - Zu baino trebeagoak ziren dantzariekin aritzen nintzen.
  • - Zu zaren baino trebeagoak ziren dantzariekin aritzen nintzen.
  • Oraingoak baino liburu hobeak idatzi zituen gaztetan Irigoienek.
  • - Oraingoak baino hobeak ziren liburuak idatzi zituen gaztetan Irigoienek.
  • - Oraingoak diren baino liburu hobeak idatzi zituen gaztetan Irigoienek.

Hala ere, argi dago zein baldintzatan gertatzen den anbiguotasuna eta gehienetan testuinguruak emango digu anbiguotasuna hausteko bidea. Mendeko perpauseko aditza gordez gero gainera hautsi egiten da angiguotasuna.

  • Miren eseri zen bezain zuhaitz handi batean eseri zen Markel.
  • Zu ibiltzen zaren bezain lagun alaiekin ibiltzen da mutil hori.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Konparazioa bideratzeko egiturazko baldintzak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3