Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:5:2:2

Egitura orokorra

Hauxe da konparazio perpausen itxura orokorra, berdintasunezko eta desberdintasunezko konparazioa den bereizita:

  • Berdintasuna:
    • Maila:
      • AdjS/AdbS […(aditza + -en) + bezain + adjektiboa/adberbioa)]
        • Martin bezain lotia da Klara.
        • Martin bezain pozik etortzen da Klara.
      • IS […(aditza + -en) + bezain + izena + adjektiboa (…)]
        • Eskolan gutxi dira Auritz den bezain mutiko azkarra.
    • Zenbatasuna: (bezain gutxi ere izan daiteke, gutxitasun maila konparatzeko. Ez, ordea, asko: *oso asko, *hain asko)
      • IS […(aditza + -en) + adina/adinbat/beste/bezainbat + izena]
        • Sarak beste marrazki ekarri ditu Anerrek.
      • Adbs […(aditza + -en) + adina/adinbat/beste/bezainbat]
        • Amona zahar batek beste hitz egiten du Garazik.
      • AdjS […(aditza + -en + adinako/adinbateko/besteko/bezainbateko (izena)]
        • Harriak adinako elur-malutak erori ziren.
    • Modua: (Moduzko konparazioa beti da berdintasunezkoa. Desberdintasuna adierazteko, maila konparaziora jo behar da, edo ezeztapenera (ez bezala)
      • AdbS […(aditza + -en + bezala]
        • Azkenean nik espero nuen bezala joan dira oporrak.
      • AdjS […(aditza + -en) bezalako] (izena)…
        • Ikerren irribarrea bezalakoa da bere semearena.
  • Desberdintasuna:
    • Maila:
      • AdjS […(aditza + -en) + baino + adjektiboa + ago(a)]
        • Atzo baino alaiago zaude gaur.
      • AdbS […(aditza + -en) + baino + adberbioa + ago]
        • Zu (iritsi zinen) baino beranduago iritsi zen Martin.
      • IS […(aditza + -en) + baino + izena + adjektiboa + -agoa]
        • Markel baino mutil azkarragoa da Eneko.
        • Maiderrek baino arropa politagoa dauka Araitzek.
    • Zenbatasuna:
      • IS […(aditza + -en) + baino + izena + (gehi-/gutxi-)ago]
        • Guk espero genuen baino auto gehiago pilatu dira aparkalekuan.
      • AdbS […(aditza + -en) + baino + (gehi-/gutxi-)ago]
        • Uste genuen baino gutxiago balio du etxe horrek.

Konparazio morfemen gramatika kategoria

Kantitatezko konparazio perpausetan agertzen diren morfemak (adina, bezainbat…) zenbatzaileak (zenbait, hamaika) dira. Zenbatzaile hauek, ordea, osagarri gisa perpaus bat eramaten dute ezkerretara. Maila konparatiboak, berriz, (hain, aski) maila-hitzak dira (bezain, baino…-ago). Batean hitz bakarra da, bestea morfema “hautsia” da. Maila-hitz horiek ere perpaus bat eramaten dute ezkerrean. Modu konparazioetan bezala erabiltzen da, modu aditzondoa, honela, horrela eta antzekoen parekoa. Bezala morfemak ere perpaus bat eramaten du, honela, horrela eta antzekoek ez.

Beraz, zenbatzaile, maila-hitz eta modu aditzondoetan bi multzo daude: postpositiboak eta burujabeak. Bi multzo horien arteko aldea da konparazio morfemek osagarri bat gobernatzen dutela eta zenbatzaile eta maila-adberbioek ez dutela osagarririk behar.

Postpositiboak Burujabeak
Zenbatzaileak adina, adinbat, bezainbat, bezainbeste, beste asko, hainbeste, zenbait, bost
Maila-hitzak bezain, baino…-ago hain, aski, oso
Modu aditzondoak bezala, legez honela, horrela, hala, ongi

Hau da, adina, bezain, bezala eta antzeko konparazio morfemak postpositiboak dira, perpaus bat behar dute ondoan; zenbait, hainbat, oso eta antzekoak, berriz, burujabeak dira, ez dute perpausik gobernatzen.Txotx egin

  • Eskatzen didazun adina sagardo ezin dizut eman.
  • * Adina sagardo ezin dizut eman.
  • Liburu hori ez da nik uste bezain polita.
  • * Liburu hori ez da bezain polita.

Bezala aditzondoa da, honela bezala. Baina honelak ez du perpausik onartzen ezkerretara, eta bezalak nahitaezkoa du:

  • Amak bezala sukaldatzen duzu.
  • * Bezala sukaldatzen du duzu.

Beste morfema batzuek bietara joka dezakete: hainbatek, esaterako. Ez bada hainbat zenbatzaile soiltzat eta a(d)inbat konparazio-zenbatzailetzat hartzen dela, lan honetan bezala.

  • Hainbat ikasi beharko zenik ez nuen uste.
  • * Zuk behar duzun adinbat ez du beste inork ikasten.

Konparazio perpausaren ardatza konparazio morfema bera da. Baina desberdintasunezko konparazioan izan ezik, konparazio morfema horrek barnean darama maila-hitza, zenbatzailea edo modu-adberbioa. Horrenbestez, konparazio egitura osoa zenbatzaile kategoriakoa, maila adberbio kategoriakoa eta modu adberbio kategoriakoa (bezalarekin esaterako) izan daiteke batzuetan. Izan ere, perpausaren burua konparazio morfema bada, egitura osoa morfema horren kategoria berekoa izango da.

  • Ez dugu (uste genuen adina) lan izan azkenean. (zenbatzailea)
  • Gure autoa ez da (nahi bezain) azkar iritsi. (maila adberbioa)
  • Gure seme-alabak ez dira (gu bizi ginen bezala) bizi. (modu adberbioa)
  • (Euskal Herrian bezainbat) mendi ez du beste inon ikusi. (zenbatzailea)

Konparazio perpausa eta mugatzailea

  • Zenbatasunezko konparatiboa izen sintagma mugagabe batean joaten da txertatuta. Horrenbestez, konparazio egitura osoa zenbatzaile zehaztugabeen multzokoa izango da.

Goxokiak

  • Nik adina goxoki dituzue zuek poltsa horretan.
  • Aurreikusi baino ikus-entzule gehiago izan dira emanaldian.
  • Maila konparatiboek adjektiboen jokabide orokorra dute mugatzaileari dagokionez.
    • Ander zu bezain kirolaria da.
    • Lasterketa irabaztea bezain zail(a) da amaitzea.

Hala ere, -ago morfema daramaten konparatiboek mugagabea ere onartzen dute, izen predikatu gisa doazenean:

  • Maite zu baino lirainago da.
  • Maite zu baino lirainagoa da.

-eN/-eNA + konparazio morfema

Konparazio morfemaren ezkerretara ageri den perpauseko aditzak, agerian badago, -en atzizkia eskatzen du, ez du -a mugatzailea behar. Beraz -a atzizkirik gabekoa da forma jatorra: …-en baino…, …-en adina…, …-en bezala…, …-en bezain… Hizkera arruntean …-ena baino… eta antzekoak zabaltzen ari dira baina forma hori ez da egokia. Hala ere, bizkaiera zaharreko testuetan …-ena legez erabat arrunta da eta egungo zenbaitetan ere ageri da.

  • Guk geure zordunai parketan deutsaguna legez. (Doctrina Christiana, Betolaza)
  • Gehiago dio dakiena baino.

Perpaus horiek -a gabe emango lituzkete idazle gehienek: parketan deutsagun legez, dakien baino… Dena den, -ena forma erabat zuzena da konparatiboaren barnean erlatibodun izen sintagma absolutiboa baldin badugu:Sagarrak

  • Nik oparitu nizuna baino hobea da telebista hau.
  • (Nik oparitu nizun (telebista den) baino hobea da telebista hau.

Horregatik, bi hauek esanahi erabat ezberdina dute:

  • Sagar hau ez da nahi nuen bezain freskoa baina erosi egingo dut.
  • Sagar hau ez da nahi nuena bezain freskoa baina erosi egingo dut.

Lehenengo adibidean sagar freskoagoa nahi izan arren, erosi egingo dudala esaten dut; bigarrengoan, berriz, beste sagar bat nahi nuen, freskoagoa zena, baina azkenean horixe bera hartuko dut. Lehenbizikoan sagar bakarraz ari gara; bigarrengoan, berriz, bi sagar dira. Horregatik ez dira nahasi behar bi egiturak.

Zenbait esapidetan -ena + baino jarri behar da, erlatibo argia dutelako azpian:

  • Askotan, lanean ikasten dena hobea da, eskolan ikasten dena baino.

Baina gehiago ageri denean, ez dago horren argi:

  • Irakasleak bere hitza bete du, eta ikasleei agindu ziena baino gehiago eman die azkenean.

Agindu zien hura baino gehiago interpreta daiteke adibide horretan, baina -en + baino egitura ere erabil daiteke.

  • Irakasleak bere hitza bete du, eta ikasleei agindu zien baino gehiago eman die azkenean.

Zenbaitetan egiturak nahasi egiten dira, eta nahaste hori zilegi da baino gehiago/gutxiago, egitura desberdina izan arren, esanahi bera izaten baitute askotan:

  • Behar duena baino gehiago jaten du zure umeak.
  • Behar duen baino gehiago jaten du zure umeak.

Bi egitura ezberdin dira:

  • (X behar du)en baino gehiago jaten du zure umeak.
  • (Behar duena X da)en baino gehiago jaten du zure umeak.

Esanahia berbera da, eta zenbatasunaz aritzeko biak dira zilegi, gehiago tartean denean. Bestelako adjektibo batzuekin ere, erlatibo gisa interpreta badaitezke, zilegi izango dira. Aditzondoekin ez da horren egokia.

  • Garai batean egingo nukeena baino hobeto egingo nuke orain.

Adibide horretan ezin da erlatibo gisa ulertu.

Aipatu dugun nahastearen harira, gaur egun zenbait esamolde ere bide beretik datozela pentsa liteke. Arauaren arabera, baino-k aditz jokatuzko perpausa behar badu, barnean erlatibo jokatugabea dutela ulertu behar dira:
Bigarren perpausean ez dago arazorik bi moldeak ulertzeko. Lehenengoan, ordea, ez da horren erraza. Horrelako esamoldeak ez dira oso jatorrak, eta hauek dira forma egokienak:

Konparazio perpausa eta zenbatzailea

Adjektiboak izen sintagmaren barnean joan ohi dira, eta adjektibodun izen sintagmek zenbatzaileak har ditzakete.Panpina

  • Bi panpin txiki erosi ditut.
  • Bertso hunkigarri bat idatzi zidan Ikerrek.

Adjektibo horiek maila-hitzak ere har ditzakete.

  • Panpin handiagoak erosi behar zenituen.
  • Bertso hunkigarriago bat idatzi behar zidan Ikerrek.

Hala ere, maila-hitza eta zenbatzailea ezin dira sintagma berean joan.

  • * Hain bertso hunkigarri bat idatziko zidanik ez nuen uste.
  • * Oso bertso hunkigarri bat idatzi zidan Ikerrek.

Sintagma horiek aposizio gisa, bi sintagmatan zatituz eman litezke:

  • Hain bertso hunkigarria idatziko zidanik ez nuen uste.
  • Bertso bat oso hunkigarria idatzi zidan.
  • Bertso bat idatzi zidan, oso hunkigarria.

Bertsoa Arazo hori are nabarmenagoa da maila-hitz soilaren ordez konparazio perpaus osoa daukagunean:

  • Zureak bezain panpin txikiak erosiko ditut.
  • Zureak baino panpin handiagoak erosiko ditut.
  • * Zureak bezain bi panpin txiki erosiko ditut.
  • * Zureak baino bi panpin handiago erosiko ditut.

Ordena aldatuz, honela eman ditzakegu:

  • Bi panpin erosiko ditut, zureak bezain txikiak.
  • Bi panpin erosiko ditut, zureak baino handiagoak.

Konparazio perpausa erlatibo baten barnean ere eman daiteke:

  • Zureak bezain txikiak diren bi panpin erosiko ditut.
  • Zureak baino handiagoak diren bi panpin erosiko ditut.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Egitura orokorra", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3