Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:5:2:3

Konparazio morfemaren ezkerretara ager daitezkeen osagaiak

Konparazio perpausa perpaus txertatua dela esan dugu. Sarritan, ordea, perpaus horren arrasto batzuk ez dira azaleratzen, erabat laburtua agertzen delako. Perpaus nagusiak eta txertatuak egitura paraleloa dutenez, kontrastean jarri behar diren osagaiak gordetzen dira perpaus txertatuan. Hortaz, konparazio morfemaren ezkerretara perpaus txertatuaren osagai bat edo gehiago ager daitezke, dagokion kasu marka edo postposizioa hartuta. Aditz eta guztiko perpaus bat ere ager daiteke inoiz.

Aditz eta guztiko perpausa

  • Nik uste nuen baino errazagoa izan zen azterketa.EGA azterketa
  • Nahi genuen bezainbat jan genuen afari hartan.

Uste izan, nahi izan eta antzekoekin aditzaren bigarren osagaia (izan) ezabatu egiten da.

  • Nik uste baino errazagoa izan zen azterketa.
  • Nahi bezainbat jan genuen afari hartan.

Adizki perifrastikoaren laguntzailea ere ezaba daiteke batzuetan. Adibide honetan, esaterako, mendeko perpauseko aditz laguntzailea ezabatuta dago:

  • Irabazten (duen) bezainbat diru gastatzen du.

Aditz nagusia partizipio eran ere ager daiteke, bezalarekin, nahiz baino lehen eta bezain lasterekin:

  • Amak esan bezala garbitzen baduzu, txukun geratuko zaizu alkandora.
  • Lana gutxitu adina poza handitzen zitzaion langileari.
  • Irakasleak esan baino lehen erantzun zuen Maitek.
  • Irakasleak esan bezain laster erantzun zuen Maitek.
  • Atera bezainbat diru sartu du kontuan.

Perpaus murriztua

Konparazio morfemaren osagarria perpausa dela onartu arren, perpaus hori erabat murriztuta ageri ohi da: aditza ezabatuta eta perpaus nagusiko osagaien kide diren gainerako osagaiak ere ez dira agerian egongo. Horregatik, adina, bezain eta halakoen ezkerretara oso elementu gutxi agertzen dira.

  • Herri horretan ez dago inor ALKATEAK adina diru duenik.
  • ZU bezain zoriontsua naiz ni.
  • Krisian gaude eta ez dago LEHEN adina gogo parrandarako.

Perpaus horiek murriztuta daude, eta bi arrazoi nagusi daude hori ondorioztatzeko: batetik, aditza sartuz ez perpausek ez dute gramatikaltasunik galtzen.

  • Herri honetan ez dago inor ALKATEAK duen adina diru duenik.
  • ZU zaren bezain zoriontsua naiz ni.
  • Krisian gaude eta ez dago LEHEN izaten zen adina gogo parrandarako.

Bestetik, perpaus murriztu horretatik agerian gelditzen diren osagai horien morfologia da: “azpiko” perpausean lekokiekeen kasu marka gordetzen baitute:

  • Alkateak adina diru (Alkateak ergatiboan)
  • Mendian adina elur (mendian inesiboan)

Osagai bat baino gehiago ere ager daiteke, zein bere kasu markarekin. Perpaus honetan, esaterako, nork eta zer ageri dira:

  • Inork ez du behin ere bere etxea maite izan guk gure borda txikia adina. (guk, gure borda txikia)
  • Nik bihotzean maitasun adinbat ez dago mundu osoan. (nik, maitasun)

Hala ere, bigarren perpaus horretan arau bat urratu da: mendeko perpauseko aditza gehienetan ezkutuan egoten dela esan dugu, baina adibide horretan bi perpausetako aditzak ezberdinak direla dirudi eta beraz ez litzateke mendeko aditza isilarazi behar. Hala ere horixe gertatu da. Aditza isildu gabe honela behar luke:

  • Nik bihotzean dudan maitasun adinbat ez dago mundu osoan.
Zenbait arau orokor
-Morfema hauek perpausa eskatzen dute ezkerretara
-Perpaus nagusiak eta mendekoak egitura paraleloa izaten dute
-Perpaus hauetan hutsune bat nahitaezkoa da: zenbatzaileari edo maila-hitzari eta hori kokatuta dagoen sintagmari dagokiona
-Gainerako osagaiak agertzea aukerakoa da gehienetan. Oso gutxi agertzen dira normalean, kontrastean daudenak bakarrik
-Aditza ageri bada, -en morfema eramango du

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Konparazio morfemaren ezkerretara ager daitezkeen osagaiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3