Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:5:3:1

Maila

Berdintasunezko konparazio perpaus hauetan konparatzen den elementuaren maila da gakoa, eta nolakoa? galdera dago konparazioaren oinarrian.

  • Maddi Ainara bezain lotsatia da.

Haurra lotanMaila konparazioa adjektiboen (eder, garesti, polit… ) eta zenbait adberbioren (urrun, berandu, azkar…) gainean eraikitzen da. Eta maila hori zehazteko, beste erreferentzia puntu bat hartzen da kontuan. Azken batean, konparazioa egitean pertsona beraren bi ikuspuntu, edo pertsona desberdinen ikuspuntuak erkatzen ditugu elkarren artean.

  • Ni zu bezain lotia naiz.
  • Maddi Sara bezain berandu iritsi da gaur.

Lehenengo adibidean adjektibo baten maila hartu da erreferentzia gisa; bigarrengoan, berriz, adberbio batena.

Berdintasunezko maila konparazioa adierazteko, bezain da erabiltzen dugun morfema nagusia. Ezkerretara perpaus bat izan ohi du, konparazioa eta kontrastea osatzeko beharrezko osagaiak dituena. Adjektiboaren maila konparatzen dugunean, adjektiboa mugatzailerik gabe jarri ohi dugu, baina artikuluarekin ere erabiltzen ahal da, jakina.

  • Iker eder bezain azkar da.
  • Iker ederra bezain azkarra da.

Egitura berezi batzuk

Bezain morfemarekin beste egitura batzuk ere eraiki litezke, hauek dira horietako batzuk:

Egiturak
aditz modalak + bezain
uste izan + bezain
-tzeko + bezain
IS ergatiboa + bezain
IS absolutiboa + bezain
perpaus osagarria + bezain
IS datiboa + bezain
adizlaguna + bezain
osagai bat baino gehiago + bezain
baldintza perpausa + bezain
adjektiboa + bezain + adjektiboa/adberbioa
izan aditza + -en + bezain + adjektiboa/adberbioa
… + bezain + laster
ez bezain

Planetak konparatzen

  • Aditz “modalak” + bezain: maila konparazioa aditz modalekin egiten dugunean, osagarriak agertzen ez badira, jakintzat eman behar dira. Modaltasuna, euskaraz, ahal eta ezin bezalako partikulekin adierazten da. Modalen sailekoak dira, ahalaber, behar izan, edo nahi izan eta horien eratorriak (nahiago, gurago), autore batzuek “semimodal” deitzen badituzte ere. Egitura horietan, aditza perpaus nagusian ageri den bera izan ohi da. Hona hemen adibide batzuk:
    • Mikel ez da nahi bezain goiz iritsi. (ez da iristea nahi zukeen bezain goiz iritsi)
    • Ahal bezain azkar joango naiz. (joan ahal dudan bezain azkar joango naiz)
  • uste izan + bezain: bezain morfema uste izan aditzarekin doanean, laguntzailearekin eta laguntzailerik gabe ager daiteke aditza. Laguntzailea daramanean denbora, aspektu eta pertsona xehetasunak agerian egoten dira. Hala ere, laguntzailerik gabeko egituretan, perpaus nagusiko adizkiaren denbora ulertu ohi da.
    • Langile horien lana ez da zuk uste bezain zaila. (zuk uste duzun, eta ez zuk uste zenuen)
    • Azterketa ez zen nik uste bezain erraza. (nik uste nuen, eta ez nik uste dudan)
  • -tzeko + bezain:
    • Hari hori eskumuturrekoak egiteko bezain ona da josteko.
  • IS ergatiboa + bezain:
    • Gure aitonek bezain maite balute oraingo gazteek euskara, ez litzateke horren ahul egongo.
  • IS absolutiboa + bezain: IS absolutibo hori bezain morfemaren ezkerretara joan ohi da, eta mendeko perpausaren subjektua izan ohi da.
    • Ez dut ezagutzen zu bezain gizon xelebrerik.
  • Baina gerta liteke ordena aldatzea ere, perpaus konparatiboak eta adjektiboak osatzen duten egitura osorik izenaren ezkerretara jarriz. Halakoetan -ko atzizkia hartzen du ajektiboak lotura egiteko.

Berdintasuna

  • Hiztegia bezain lodiko koadernoa zeukan Peruk.
  • Posible da halaber, konparatiboa erlatibo baten barnean txertatzea.
    • Hiztegia bezain lodia den koadernoa zeukan Peruk.
    • Baloia bezain biribila den poltsa eramaten zuen andereñoak.
  • Absolutibozko izen sintagmaz gain, aditza ere ager daiteke.
    • Hiztegia den bezain lodia den koadernoa zeukan Peruk.
    • Tximista den bezain azkarra den txakurra erosi zuen ehiztariak.
  • Perpaus osagarria + bezain: konparazio burua perpauseko edozein osagai izan daiteke, baita -ela-dun perpaus konpletibo bat ere, perpaus osagarria, alegia. Zenbait predikatu sartzen direnean konparazioan (seguru esan…) -ela atzizkidun osagarria agertuko da. Bestelako predikatuekin -tzea formako osagarriak agertu ohi dira.
    • Hodei horiek euria dakartela bezain seguru diotsut nik ez nuela zutaz ezer ere esan lagunartean.
    • Esatea bezain erraza balitz egitea, denok izango genuen amaituta lana.
  • IS datiboa + bezain:
    • Kirolean, lehiatzen direnek lehenengo sailkatuari bezain zorrotz begiratzen diote bigarrenari ere.
  • Adizlaguna + bezain:
    • Asteburuan bezain berandu jaikitzen da Lierni astegunetan ere.

Basoa

  • Osagai bat baino gehiago + bezain: konparazioan hainbat osagai jar daitezke kontrastean eta orduan horiek denak agertuko dira perpaus txertatuan.
    • Haizeak zuhaitzetako hostoak bezain arin mugitu dituzu zuk oinak dantzan.
  • Baldintza perpausa + bezain:
    • Ezustean harrapatu izan balu bezain urduri jarri zen Zaloa.
  • Adjektiboa + bezain + adjektiboa/adberbioa: adjektiboen maila finkatzeko, beste adjektibo baten maila hartzen dugu erreferentzia puntutzat eta beraz, hemen ez ditugu bi IS eta adjektibo bat (A B bezain handia da); IS bakarra eta bi adjektibo baizik (A eder bezain handia da). Lehenengo adjektiboa mugagabea izan daiteke, baina azkenaldian sarri agertzen dira bi adjektiboak mugatuta.
    • Mikelen ahotsa goxoa bezain alaia da.
  • izan aditza + -en + bezain + adjektiboa/adberbioa:
    • Gure herriko apaiza, zen bezain gizon apala izan arren, biziki haserretu zen egun hartan.
    • Zuen alaba, den bezain luze, tente-tente ibiltzen da kalean.
  • Konparazioaren erreferentzia puntua ezkerreko perpausak ematen digu. Adibideotan ez dago aditzaz aparte beste elementurik eta beraz, izen predikatuzko egitura bat dago. Lehenengo adibidean superlatibo moduko esamolde bat darama: zen bezain apala esaterakoan, oso apala, erabat apala esan nahi dugu. Bigarren adibidean, berriz, perpaus nagusiko adjektiboaren maila mendeko perpauseko X tente horren arabera finkatzen dugu.
  • … + bezain + laster: denborazko aditzondoak erabiliz, denbora konpara daiteke: laster, fite, sarri, agudo, prest…
    • Iker Ainhoa bezain laster egongo da kalean.
    • Entzun bezain agudo erantzun zion Amaiurrek irakasleari.
  • Bi gertaeraren denbora ere konpara daiteke. Hain zuzen ere, konparazio egitura honetatik sortzen da […aditza (laguntzailea) + bezain + laster] esapidea. Halakoetan bi gertaera aldi berean gertatzen direla markatzen da.
    • Ikusi bezain laster ezagutu nuen Iker.
    • Bere izena entzun bezain fite altxatu zen eserlekutik.
  • Normalean, bezain-en aurretik, partizipioa izaten dugu, baina aditza osorik ere ager daiteke.

Trena

  • Trena iritsi zen bezain laster barrura sartu ziren gazteak.
  • Adibide hauetan guztietan, denborazko perpaus txertatuak ditugu. Konparaziozko egiturak sortu ditugu baina konparazioa erabili gabe ere eman daitezke.
    • Trena iritsi zenean barrura sartu ziren gazteak.
    • Bere izena entzun eta berehala altxatu zen Iker.
  • ez bezain: egitura honetan ez partikula mendeko perpausari dagokio. Perpaus horretako aditza ezaba daiteke baina ezeztapena markatzen duen elementuak agerian jarraitu behar du. Bestela perpausa baizka geratuko da.
    • Inoiz ez bezain zoriontsu izango nintzela, nork pentsa zezakeen?
    • Mirenek animaliak ez bezain maitekiro zaintzen ditu amonak landareak.
  • Halako egituren esanahia baino-ago egituraren bidez ere eman daiteke.
    • Inoiz baino zoriontsuago izango nintzela, nork pentsa zezakeen?
    • Mirenek animaliak baino maitekiroago zaintzen ditu amonak landareak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Maila", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3