Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:5:3:2

Zenbatasuna

Berdintasunezko konparazio perpaus hauetan konparatzen den elementuaren zenbatasuna da gakoa, eta zenbat? galdera dago konparazioaren oinarrian.

  • Zuk adina lan egiten du Aitorrek, baina zure erdia kobratzen du.
  • Nik ez dut zuek bezainbeste entrenatzen, baina geldirik ere ez naiz egoten.

Zenbatasuna adierazteko morfemak

Berdintasunezko kantitate-konparazioa adierazteko, hainbat morfema ditugu: adina, a(d)inbat, bezainbat eta beste dira nagusiak. Dena den, badira beste batzuk ere: bezainbeste, hainbeste, lainbeste, dina eta lain/doi.

Berdintasunezko morfemak
adina
a(d)inbat
bezainbat
beste
bezainbeste
hainbeste
lainbeste
dina
lain/doi
  • Adina:
    • Autoen zaratak adina gogaitzen nau sakelako telefonoen soinuak.
  • A(d)inbat: adinbat eta ainbat konparazio morfemak dira, eta komeni da hainbat zenbatzailearekin ez nahastea.Eskalatu
    • Patxik hainbat aldiz irabazi du eskalada txapelketa hori. (zenbatzailea)
    • Markelek adinbat: kezka izan ditu Nereak ere lana egiterakoan. (konparazio morfema)
  • Bezainbat: kantitatezko konparazioa bideratzeko zenbatzailea da.
    • Nora nekatuta dabil azkenaldian, lanak bezainbat estutzen dute etxeko kontuek.
  • Bezainbat morfemaren bitartez bi esapide sor daitezke: …-en bezainbatean eta …denaz bezainbatean.
    • Gurasoen etxean bizi diren bezainbatean, gurasoei errespetua zor diete seme-alabek.
    • Lana denaz bezainbatean, ezin kexatuko gara oraingoz gure etxean; denok baitaukagu lanpostua.
  • Mendebaldeko euskaran hauxe da denaz bezainbatean esamoldearen ordaina: nahiari dagokionez, guri dagokigunez…. Instrumentalean -az edo ablatiboan -tik eransten zaio ezkerretara.
    • Amaiaren nahiari dagokionez, uste det asmatuko dugula plan honekin.
    • Gure aldetik denaz bezainbatean, prest gaude behar den guztian laguntzeko.
  • Beste: beste hitza konparazio morfema ere izan daiteke. Bizkaieraz erabiltzen da batez ere, eta kantitatezko berdintasuna adierazten du.
    • Nik beste zuku ez du inork edaten.
  • Bezainbeste: bezainbertze, bezanbeste eta bezenbertze formak hartzen ditu euskalkiaren arabera eta egitura hau du oinarrian: bez+hainbeste edo bezain+beste.
    • Ni ez naiz zu bezainbeste apaintzen, baina txukun janztea gustatzen zait.
  • Hainbeste: hainbeste morfema zenbatzailea da, baina konparazio perpausetan ere erabiltzen da zenbaitetan. Hala ere, oso erabilera urria du.
  • Lainbeste: tradiziozko zenbait testutan ageri den arren, ez da oso erabilia.
    • Pello alkate izan den bitartean, aurreko alkateek lainbeste lan egin du.
  • Dina: Gipuzkoako eta Nafarroako testuetan ageri da forma hau.
    • Garai hartan ez nengoen Itsaso dina mobibatuta bizikletan ibiltzeko.

Bizikleta

  • Lain/doi: lain mendebaldeko hitza da, doi, berriz, ekialdekoa. lain-ek sintagma destinatiboa hartzen du osagarri gisa gehienetan, -tzeko lain esapidea sortuta.
    • Lasterketa iritsi aurretik, Maddik ondo entrenatzeko lain denbora du.
    • Etxea ordaintzeko lain irabazten du behintzat.
  • Baina lain ez da egiazko konparazio morfema bat, ezin duelako gainerako konparatiboek bezala perpaus bat osagarri gisa hartu.
    • *Albertok igo dituen lain mendi ez ditu inork igo.
  • Ekialdeko euskalkietan doia erabiltzen da.
  • Aski eta nahiko-ren baliokidetzat jo daitezke erabilera honetan. Ezkerretara doan osagaia genitiboan joan ohi da (-en edo -ko atzizkiaz hornituta) eta horregatik, doi eta lain postposizio gisa har daitezke. Bestalde, lain-ek destinatiboa eskatzen du, baina ez -entzat, -entzako baizik.
    • Mikelek beretzako lain irabazten du.
    • *Mikelek beretzat lain irabazten du.
    • Euskal Herriak bere dina aberastasun sortzen du.

Zenbait egitura

Konparazio-morfemaren ezkerretara ageri diren osagaien arabera:

  • Aditza agerian + konparazio morfema:

Elgoibar

  • Esaten duen beste ikasten du Maddik.
  • Mendarotik Elgoibarrera Debatik Mendarora dagoen adina tarte badago.
  • Markelek idatzia izango ez balitz, ez litzaioke Aneri niri iritsi zaidan beste iritsiko.
  • Perpaus txertatuko adizkia eta perpaus nagusikoa berdinak izan arren, beti ezin da ezabatu perpaus txertatukoa. Aspektuaren eta denboraren aldetik adizkia ezberdina delako funtsean, eta aditza ezabatuz gero, interpretazioa aldatu egingo litzatekeelako beraz.
    • Mendarotik Elgoibarrera Debatik Mendarora adina tarte badago.
    • Markelek idatzia izango ez balitz, ez litzaioke Aneri niri bezainbat iritsiko.
  • Aditz modalak + konparazio morfema: behar, nahi/gura, ahal eta bezain aditzak dira aditz modalak.
    • BEHAR… + konparazio morfema: aditza osorik nahiz laguntzaile gabe ager daiteke.
    • Miren ez dut behar adina ezagutzen.
    • Ez nuen izan behar den beste denbora azterketa amaitzeko.
    • NAHI… + konparazio morfema: hauetan ere, aditza osorik nahiz laguntzaile gabe ager daiteke.
    • Nahi adina denbora daukazu lan hori amaitzeko.
    • Hartu nahi duzun hainbat denbora ikasteko. Ikasten
    • AHAL… + konparazio morfema:
    • Ahal dezakegun bezainbat egingo dugu zuri laguntzeko.
    • EZIN… + aditz partizipioa + konparazio morfema:
    • Ezin esan adina maite zaitut.
    • Ezin konta ahal adina euskaldun daude atzerrian.
    • EZIN… + aditz jokatua + -eN + konparazio morfema:
    • Eman ezin duten beste diru eskatzea ez da bidezkoa.
    • Ahalerazko adizkia + -eN + konparazio morfema:
    • Bere alaba ezagutzen du, ezagutu daitekeen adina.
    • Ahal dudan guztia egingo dut daitekeen bezainbat laguntzeko zuei.
    • Eros daitezkeen beste sagar erosiko ditut zure jairako.
  • USTE IZAN, MEREZI, ON IZAN, ASKI IZAN… + konparazio morfema: uste adizkiarekin ohikoagoa omen da aditza ere sartzea: uste den beste, uste duzun adina, etab.
    • Lasterketan ez da izan zuk uste zenuen adina jende.
    • Sustrai Colinak ez zuen merezi adina puntu lortu azken bertso-saioan. Sustrai Colina
  • On den adina esapide egina da eta hemen ezin da aditza kendu:
    • Zure etxea on den adina apaindu duzula iruditzen zait.
  • Asko/aski/premia/plazer izan eta antzekoak ere izan daitezke perpaus txertatuko predikatuak. Honelakoetan, zenbat? galderari erantzuten dio perpausak.
    • Jan ezazu plazer duzun bezainbat arroz-esne, sobera daukagu eta.
    • Nik uste dut, oraindik ez duela aski den adina ikasi azterketa hori gainditu ahal izateko.
  • {-tzeko, -rentzako} + konparazio morfema: egitura hauetan aditza isilean uztea da ohikoena. Konparazio perpausa izen sintagma baten osagaia da, beste batzuetan adizlaguna osatzen dute, baina badira predikatuak ere. Euskalkien arabera, lain/doia ere erabiltzen dira.
    • Haur guztiak asetzeko adina txokolate prestatu dute irakasleek. (adizlaguna)
    • Markelek ez zuen etxea ordaintzeko beste irabazten. (adizlaguna)
    • Ez zen jotako erasoari erantzuteko beste izan, eta kikildu egin zen Martin. (predikatua)
    • Lanak emango digu bizitzeko lain.
  • Zenbatasunezko konparazio perpausetan IS mugagabea izaten da, baita perpausa ezezka ematen denean ere. Ez da oso ohikoa partitiboa erabiltzea ez delako beharrezkoa. Zenbat ur, zenbat diru… esaten dugu, eta ez *zenbat urik, *zenbat dirurik…. Hala ere, gerta liteke zenbait adibidetan partitiboa agertzea.

Dirua

  • Ez dute etxea ordaintzeko adina dirurik.
  • IS ergatiboa + konparazio morfema:
    • Nik adina diru daukazue zuek ere aurreztuta.
    • Mikelek beste erru dauka Anerrek liskar horretan.
  • IS absolutiboa + konparazio morfema: hainbat kokagune har ditzake esamolde honek.
    • Adizlagun gisa: egitura osoa da zenbatzaile-sintagma eta zenbaitetan, “zenbat?” galderari erantzunez, adizlaguna izan daiteke.
    • Izozkia ez zait pastela adinbat gustatzen.
    • Zu bezaintzat maite dut zure ahizpa.
    • ISren osagai gisa: IS + ADINA + IS. Halakoetan, zenbatzaile-sintagma IS baten osagai izan ohi da.
    • Kanta on adina txar abestu ditu gaur Iratxek.
    • IS hori subjektua nahiz objektua izan daiteke.
    • Benitoren kantaldian zahar bezainbeste gazte zegoen. (subjektua) Benito Lertxundi
    • Lana ondo egiteko, indar bezainbat abilezia behar da. (objektua)
    • Izen predikatu gisa: adibide honetan, konparazio-perpausa izen predikatua da, “izan” aditzaren laguna.
    • Zu beste banaiz lan hori egiteko.
    • Mikel beste edozein ikasle bezainbat da azterketa hori gainditzeko.
    • Perpaus osagarria + konparazio morfema: -ela eta -tzea formako perpaus osagarriak.
    • Pozik nengoela adina bider esan nien aurrera jarraitu nahi nuela.
    • Irakurtzea beste gustatzen zaio idaztea.
    • BESTE genitibo eta guzti:
    • Kolpeak txukunduz gero, nire autoa edozein autoren beste izango litzateke.
  • IS datiboa + konparazio morfema:
    • Seme bati besteari adina ematen saiatzen dira gurasoak.
    • Apaiz baten esanari beste jaramon egiten zion Maddik irakasleak esandakoari.
  • Adizlaguna + konparazio morfema:
    • Ez dago inon Euskal Herrian adina zaletasun pilotaren inguruan.
    • Antzina ez zegoen orain bezainbat gorroto eta estres.
    • -ko + BESTE: bestek ezkerretara denbora edo kantitate aditzondo bat daramanean, -ko morfema eransten zaio, nahiz eta nahitaezkoa izan ez (lehengo beste, atzoko beste).
    • Mikelek oraingo lanean ere lehengo beste ardura dauka.
    • Aste osorako asetzerako beste jan genuen ezkontza hartan. (kasu honetan -tzeko + beste izango litzateke)
  • Osagai bat baino gehiago + konparazio morfema: Konparazio-morfemaren ezkerretara doan perpausak osagai bakarra izaten du gehienetan, aditza ere lagun duela. Horrek esan nahi du, perpaus horretako gainerako osagaiak, isilean daudenak, perpaus nagusiko berberak direla. Horri esker interpreta ditzakegu perpaus hauek. Baina perpaus nagusiaren eta txertatuaren arteko kidetasuna erabatekoa ez bada, perpaus txertatuan osagai bat baino gehiago ager daiteke. Osagai horiek kontrastean egon ohi dira, korrelazio modukoa sortuz.
    • Elgoibartik Eibarrera Debatik Mendarora adina tarte badago.Deba
    • Zure anaiak liburutan beste gastatzen duzu zuk arropatan.
  • Konparazio morfemak perpaus bat darama ezkerretara, aditza ezabatua duena. Perpaus hau legoke oinarrian:
    • Elgoibartik Eibarrera Debatik Mendarora dagoen adina tarte badago.
    • Zure anaiak liburutan gastatzen duen beste gastatzen duzu zuk arropatan.
    • Itsasoan arrainak, basoan zuhaitzak eta loreak bezainbat.
  • Hau da:
    • Itsasoan zenbat arrain, basoan hainbat zuhaitz eta lore daude.
  • Beste batzuetan paralelotasunik ez da egoten, eta aditza ere ezberdina izan ohi da mendeko perpausean eta perpaus nagusian.
    • Nik etxean arropa hainbat zapata ez dago denda horretan.
  • Mendeko perpausean dut izango litzateke aditza, eta nagusian dago. Honelako korrelazio bat dago oinarrian:
    • Nik etxean zenbat arropa dudan, hainbat zapata ez dago denda horretan.
  • Beste honetan, aditza agerian dago:
    • Itsasoan ur den bezainbat negar egingo banu ere, ez lidake egindako kaltea barkatuko.
  • Hau da:
    • Itsasoan zenbat ur dagoen, hainbat negar egingo banu ere, ez lidake egindako kaltea barkatuko.
  • Baldintza perpausa + konparazio morfema:
    • Eneko berandu iritsi da azterketara, eta garaiz etorri izan balitz beste eskubide duela uste du.
    • Haurrak berehala isildu ziren, gaiztakeriaren bat egiten harrapatu izan balituzte bezainbat. Haurrak jolasten
  • Zenbatzailea + konparazio morfema: egitura hauetan zenbatzailea enfasia emateko erabiltzen dela dirudi.
    • Hamar bat lagun joan dira bilerara. Hamar adina?
  • Zenbatasunezko morfemak maila konparazioetan: zenbatasunezko konparazio morfemak zenbatasun konparazioa bideratzeko erabiltzen ditugu. Dena den, adjektiboekin ari garenean zenbatasuna baino gehiago maila konparatzen dugu. Zenbaitetan hala ere, adjektiboekin ere aurkituko ditugu zenbatasunezko konparazio morfemak.
    • Izen predikatuzko egituretan: adina eta antzekoak izen predikatu gisa erabiltzen ditugu, eskuinean izenik hartu gabe. Aditz nagusia izan, egin edo antzekoa izaten da. Adibide honetan “zenbat?” galderari baino gehiago, “zer?, nolakoa?” galderei erantzuten zaio.
    • Mattin lau hankan ibiltzeko adina egin zenean, amak ez zuen ia besoetan hartzen.
    • Ikasle horrek aski du gainerako ikasleek adina izatea, ikasturtea gainditzeko.
    • Nahi nuen ikusi, zure aita bezainbat bazinen.
    • Izen predikatuzko esamolde hauek zuzenak dira. Gainera, testuinguru honetan ezin dira erabili bezain edo hain.
    • *Mattin lau hankan ibiltzeko bezain egin zeneanLau-hankan
    • *Ikasle horrek aski du gainerako ikasleak hain izatea
    • *Nahi nuen ikusi, zure aita bezain bazinen.
    • Testuinguru honetan, adinakoa eta bestekoa ere erabil daitezke.
    • Mattin lau hankan ibiltzeko bestekoa egin zenean
    • Ikasle horrek aski du gainerako ikasleak adinakoa izatea
    • Nahi nuen ikusi, zure aita adinakoa bazinen.
    • Neurri adjektiboekin: konparazio-perpausa adjektibo sintagma baten osagai denean ere sor daitezke halako egiturak. Zenbait neurri-adjektiborekin (luze, zabal, sakon…) batez ere.
    • Elizako dorrea den beste garai diren etxeak ikusi genituen New Yorken.
    • Zuk nahi duzun bezainbat denbora luzean egon gaitezke hizketan.
    • Ate hori beste zabal da Andoni.
    • Gainerako adjektiboekin: adjektibo arrunt bat dugunean ere agertzen da zenbatasunezko konparazio morfema.
    • Argia eman nion arren, lehen beste ilun zegoen logela.
    • Aner azkarra bezainbat urduria zen eskolako kirol-probetan.
    • Arantzazu lehen eder zen bezain itsusi dago orain.
    • Baloi bat ekarri zuen Ikerrek, handi beste txiki bezainbat.
    • Jinkoak zereioan eritarzün harrigarria igorri non hantik haiñ itsusi lehen eder zen bezaiñbeste beitzen gerthü. (Filosofo huscaldunaren ekehia, Eguiateguy, J.)
    • Azken adibide horretan hain…bezainbeste ageri da baina esamolde hori erdal ereduaren araberakoa dela dirudi. Euskaraz hain…nola…bait- esamoldea daukagu horren kideko. luze eta zabal adjektiboekin horrelakoak arruntak badira ere, goiko adibide sorta horretan ez dirudi horretarako biderik dagoenik. Batzuk ondo daude, baina adjektiboaren maila baino gehiago, kantitate aditzondo gisa interpretatu behar dira. Azken adibidea da garbiena: handitasunaren neurria ematen baitu. Hala ere, adjektibo gehienekin, maila konparazioan beste, adina eta antzekoak baino egokiagoa da bezain erabiltzea euskara batuan.
  • Ez + konparazio morfema: Adibide hauek ez dira oso arruntak, kantitate berdintasuna ukatuz egiten baitira. Desberdintasuna adierazteko zeharbidea dira. Txindoki
    • Irabazi ez arren onena zara guretzat, munduan beste inor ez adina.
    • Mendia maite dut, itsasoa ez beste.
  • Halako egituretan ohikoagoa da bezala erabiltzea.
    • Irabazi ez arren onena zara guretzat, munduan beste inor ez bezala.
    • Mendia maite dut, itsasoa ez bezala.
  • Partitiboa + konparazio morfema:
    • Hark dauzka, libururik hainbat jostailu.

Adinako, adinbateko, besteko, bezainbateko

Orain arte aipatu ditugun adberbio eta zenbatzaileek -ko atzizkia har dezakete. Horrenbestez, adina, adinbat, beste, bezainbat eta antzekoen parean adinako, adinbateko, besteko, bezainbateko ditugu. Horiek izenaren ezkerretara nahiz izen-predikatu gisa ager daitezke, izan aditza bitarteko dela. Sintagma hauek nolako, zenbateko galderei erantzuten diete. Hala ere, batzuetan kantitateaz baino gehiago mailaz ari garela esan daiteke.

  • Zuk adina buruhauste daukat nik. (zenbat buruhauste?, kantitateaz ari gara)
  • Zuk adinako buruhaustea daukat nik. (nolako buruhaustea?, buruhaustearen tamainaz ari gara)

Zenbaitetan, Izen predikatua denean batez ere, -a mugatzailea hartzen du. Halakoetan ere, nolako? galderari erantzuten dio konparazio-perpausak.Otsoa

  • Haur hori oso handia da, aita adinakoa.
  • Oraindik ez duzu zure arazoa behar hainbateko zehaztasunez azaldu.
  • Genitiboarekin: zenbatzailearen ezkerretara doan sintagma absolutiboan nahiz genitiboan ager daiteke.
    • Zure lanaren adinakoa eduki nahi nuke nik ere.

Beste adibide hauetan genitiboa ez da absolutiboaren ordaina. Izatekotan, ergatiboaren ordaina izango litzateke.

  • Otsoaren adinako indarra eduki nahi nuke. (=otsoak adinako indarra)
  • Otsoarena besteko indarra eduki nahi nuke.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Zenbatasuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3