Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:5:3:3

Modua

Arestian esan dugu, konparazioa zenbatasunari, mailari eta moduari buruz egin daitekeela. Moduzko konparazio perpausen oinarrian nola? galdera dago oinarrian.

  • Ama bezain pozik zegoen aita, alabatxoa jaio zenean.

Modu aditzondoei maila ezar dakieke.Parkean

  • Zu bezain triste nago ni hartu dugun erabaki horren ondorioz.

Baina horrelako aditzondo zehatzen ordez, deiktikoak ere erabil ditzakegu modua adierazteko, hau da, anaforiko gisa: honela, horrela… Dena den, aditzondo horrek adierazten duen moduaren xehetasunak jakin nahi baditugu, aditzondo horren edukia finkatzeko, aurrekari bat behar dugu. Horregatik da aditzondo anaforikoa.

  • Danel saltoka ibiltzen da parkean. Martxel ere hala ibiltzen da batzuetan.

Saltoka aurrekaria da, eta hala anaforikoa. Saltoka aditzondoak adiera zehatza du, eta ezinbestekoa da bigarren perpauseko hala modua adierazten duen aditzondo anaforikoaren adiera ulertzeko. Bigarren perpausa ulertzeko testuingurura jo behar da, eta hori lehen perpausa da. Bezala eta legez modu-aditzondoekin ere bi perpaus jartzen ditugu erlazioan, baina ez gaituzte moduaren zehaztasunak ematera behartzen.

  • Danel parkean ibiltzen den bezala ibiltzen da Martxel ere batzuetan.

Adibide honetan ez da esaten zehazki nola ibiltzen den Danel, baina bi ibiltzeko moduak konparatzen dira, berdinak direla esaten da.

Modua adierazteko morfemak

Modu konparaziorako hiru morfema nagusi ditugu:

  • Bezala/legez: berdintasunezko konparazioa adierazteko erabiltzen ditugu. Legez forma mendebaldean erabiltzen da, eta lez ere ahoskatzen da. Moduan sintagma ere baliokidea da, baina ez da konparazio morfema bat, modu izenaren gainean eraikitako adizlaguna da.
    • Mirenek (irakurtzen duen) bezala/legez/moduan irakurtzen du Arratek ere.
  • Hirurak baliokideak direla iruditu arren, sintaxiaren aldetik ez dira erabat parekoak. Bezala morfemak perpaus bat eskatzen du ezkerretara, osoa edo murriztua. Baina perpaus horretan agerian segitu behar du konparazioaren erreferentzia puntutzat hartu dugun elementuak. Gauza bera gertatzen da legez morfemarekin ere. Moduan ere erabiltzen da, baina erabilera horretan ez du tradiziorik.
    • Azeria bezala/legez/moduan sartu da sukaldean.
  • Moduan modu izenaren gainean eraikitako osagaia da eta ezkerreko osagaia genitiboan eraman ohi du.
    • Lagun handien moduan ibili ziren hizketan.
  • Genitibo honek absolutiboa edo ergatiboa izan ditzake azpian. Denborazko aditzondo bat baldin badugu, berriz, -ko atzizkia hartuko du.
    • Bertsotan ahalik eta ondoen egiten saiatu da Izaro, betiko moduan.
  • Analogiaz, zenbaitek legez morfemari ere aplikatzen diote arau hori: nire legez, atzoko legez… baina jokabide hori ez da ageri tradiziozko literaturan.
  • Beraz, bezala eta legez parekoak dira, baina moduan ez da konparazio morfema bat. Modu izenaren gainean eraikitako adizlaguna da eta zenbaitetan modu izen horrek adjektibo bat ere eraman lezake.
    • Bertsotan aritu da Oihane, betiko modu alaian. Andoni Egaña
  • Horregatik, moduan sintagmak ezkerretara eraman dezakeen perpausa erlatibo arrunt bat baino ez da.
    • Patata-tortila amak zioen moduan egin izan ez bagenu, ez genuen amaituko.
  • Bezala eta legez morfemekin ere eman daitezke halako egiturak, baina horrek ez du esan nahi hiru elementuok kategoria berekoak direnik. Adibide honetan ere ikusten da moduan ez dela konparazio morfema bat.
    • Denok ulertzeko moduan hitz egin zuen Ainarak.}
  • Bezalaxe/legetxe: bezala eta legez konparazio morfemei -txe atzizkia erantsiz, aditzondoa indartu egin daiteke: “horrela eta ez bestela” adierazteko.
    • Joan nintzen bezalaxe itzuli naiz Ameriketatik.
    • Zeuk legetxe maite dogu Peru guk.
  • Honelako aditzondo eta erakusle indartuak galdegaiaren lekuan agertu ohi dira, baina mintzagai ere litezke zenbaitetan.
    • Ezer gertatu izan ez balitz bezalaxe jarraitu du hizketan parlamentariak. Legebiltzarra
    • Gu beti gaude parrandarako prest, udan legetxe neguan.
  • Bezal-bezala/bezalatsu: bezal-bezala forma indartua da eta konparatzen den antzekotasuna erabatekoa dela adierazteko erabiltzen dugu; bezalatsu, berriz, konparatzen den antzekotasuna gutxi gorabeherakoa dela adierazteko erabiltzen dugu.
    • Frantsesek bezal-bezala egiten du frantsesez Mattinek.
    • Frantsesek bezalatsu egiten du frantsesez Mattinek.

Egitura

Egiturari dagokionez, gainerako perpaus konparatiboena izaten da funtsean, eta bezala izaten da sintagmaren ardatza. Ezkerrean perpaus txertatua eramaten du, osoa edo murriztua. Baino eta bezainek gradu-sintagma osatzen dute; bezalak, berriz, moduzko adberbio sintagma. Nola? galderari erantzuten dion osagaia da adberbio sintagma, eta modua adierazten du.

  • Aitorrek oso ondo hitz egiten du beti.
  • Aitorrek hizlari handiek hitz egin ohi duten bezala hitz egiten du beti.

Bi adibide horietan nola? galderari erantzuten dio adberbio sintagmak, modua adierazten du. Baina bigarren adibidean konparazio bat dago, eta bezalaren ezkerretara perpaus txertatu bat dago. Perpaus erlatiboen antzeko egitura du: perpaus txertatuan hutsune bat dago, sintagmaren ardatzarekin, hau da, bezalarekin, lotuta. Hizlari handiek hitz egin ohi duten bezala atala nola? adberbioari erantzuten dion adberbio sintagma da.

Hizlari

  • Nola hitz egiten du Aitorrek? Hizlari handiek hitz egin ohi duten bezala.

Osagai horretan perpaus bat dago:

  • Hizlari handiek hitz egiten dute.

Baina perpaus honetan zerbait falta da, ez da zehazten hizlari handiek nola hitz egiten duten. Hauxe esaten dugu egiazki:

  • Hizlari handiek modu jakin batean hitz egiten dute.

Baina modu jakin batean osagaiaren ordez isilune bat dugu, hutsune bat. Hutsune hori bezalarekin lotuta dagoenez, perpausa ongi interpretatzen dugu. Alegia, hizlari handiek nola hitz egiten duten baldin badakigu, badakigu halaber Aitorrek nola hitz egiten duen: hizlari handiek bezala, alegia. Horrenbestez, bezalak aurrekari bat eskatzen du mendeko perpausean, isilean joan behar duen aurrekari bat.

Zenbait adibide

Bezala/legez morfemen ezkerretara perpaus bat joan ohi da, baina gehienetan, perpaus hori oso murriztua agertuko da. Gehienetan, perpaus horretako osagai bakarra agertuko zaigu. Konparazio morfemaren ezkerretara perpaus txertatuko zein osagai ageri den kontuan hartuz, egitura hauek osa daitezke:

  • Perpaus osoa + bezala/legez: Konparazio perpausean perpaus osagarriakeskatzen dituzten aditzak ditugunean (uste izan, nahi izan, esan…) mendeko perpausean beharrezkoa den aurrekari isila oso sakonean txertatua ageri da.
    • Mindu bazaitut eskubide ez dudan bezala, damu naiz.
  • Perpaus horretan hauxe ulertu behar dugu:
    • Nik ez dut zu HALA mintzeko eskubiderik.
  • Zenbaitetan, bezala-dun perpausaren edukia jasoz edo, perpaus nagusian hala aditzondoa ere agertzen da.
    • Eguzkiak gure etxea argitzen duen bezala, hala argitzen du amaren aurpegia Aratzen irribarreak.
  • Partizipioa + bezala/legez: bezala ezkerretara eramaten duen perpausa oso murriztua izaten da, eta zenbaitetan aditza bera ere ez da ageri. Laguntzailea bera ere desager daiteke, partizipioa utzita.
    • Nik esan bezala egiten baduzu, ez zara damutuko.
  • Laguntzailea ezabatzen badugu, adizkia partizipioan emango dugu normalean. Partizipio honek aspektu burutuaren balioa izaten du gehienetan, baina burutugabea eta etorkizunekoa ere izan ditzake. Testuinguruak agintzen du zein interpretazio eman.
    • Oheratu bezalaxe jaikitzen zen hurrengo egunean Mikel, gaztetan. (oheratzen zen bezalaxe, burutugabea) Esnatu
    • Etorri bezala joango dira. ((etorri(ko) diren bezala, burutugabea, etorkizuneakoa)
  • Dena den, laguntzailea ezabatuz partizipioa agertzea bada ohikoena, zilegi da bestelako aspektu marka duten adizkiak agertzea ere. Ekialdeko euskalkietan batez ere.
    • Jinen bezala joanen dira.
  • Dena den, aditzaren aspektua edozein dela ere, partizipioaz baliatzea da ohikoena:
    • -TZEN/-TU/-TUKO + -eN bezala > -TU bezala
    • Baina beste formula hauek ere aurki daitezke:
    • -TZEN + -eN bezala > -TZEN bezala
    • -KO/-EN + -eN bezala > -KO/-EN bezala
    • Halakoak nahiko mugatuak dira egun, eta esanahiaren aldetik markatuak, ez diotelako moduari erreferentzia egiten, esaldiaren egiatasunari baizik.
    • Irribarrez bezala negarrez ari da Mattin. (nola? galderari erantzuten dio)
    • Bere liburuak saltzen bezala oparitzen ditu eskale horrek. (biak egiten ditu, erosi eta oparitu)
  • Aditz modalak + bezala/legez:
    • Ainarak ahal bezala egin du azterketa.
    • Zuk nahi bezala kantatzen saiatuko gara.
  • Aditzak osorik ere eman daitezke:
    • Ainarak ahal duen bezala egin du azterketa.
    • Zuk nahi duzun bezala kantatzen saiatuko gara.
  • Aditz laguntzailerik gabeko egiturak oso ohikoak dira bezalarekin, baina ez legezekin: behar den moduan ohikoagoa da behar moduan baino.
  • USTE IZAN + bezala/legez:
    • Ongi bizitzeko, ez dago askok uste duten bezala, aberatsa izan beharrik.
    • Ez zitzaion azterketa berak uste zuen legez atera.
  • Hemen ere legezekin aditza osorik ematea da arruntena: nik uste legez arraroa da, ez, ordea nik uste bezala.
  • -TZEKO, -RENTZAKO, -RENDAKO… + bezala/legez:
    • Haur guztiak zurbil zeuden Afrikako herri hartan, edonor errukitzeko legez. Afrikako haurrak
    • Euria da txirrindularientzat korrikalarientzat bezala etsairik handiena.
  • IS ergatiboa + bezala/legez:
    • Jarraitu dezagun lanean, gure ikaskideek bezala.
    • Amak bezala begi urdin-urdinak ditu Ianirek.
  • IS absolutiboa + bezala/legez:
    • Harroputz bat bezala ibiltzen da beti Eñaut.
    • Argi dago bai zu ez zarela ni bezala kezkatzen gure arteko harremanaz.
  • IS datiboa + bezala/legez:
    • Zure seme-alabei nireei bezala egiten diet kasu nik.
    • Edonori legez, niri ere asko gustatzen zait jatea.
  • Adizlaguna + bezala/legez:
    • Orain nola joango gara Mikelen etxera lehen legez pozik eta lasai?
    • Ni mendira joaten naiz, udan legetxe neguan.
    • Gure herrian, beste nonahi bezala, makina bat arazo dago.
  • Osagai bat baino gehiago + bezala/legez: Nork, nor eta noiz ageri dira.
    • Eguzkiak udan lurra bezala berotzen du su horrek gure sukaldea.
  • Beste batzuetan beste sintagma batzuk ageri dira, konstrastea egiteko:
    • Zuhaitzak lurrari bere sustraiekin bezala, tinko eusten zion Anek makilari.
  • …BA-… + bezala/legez: baldintza perpausa beste perpaus-osagaiak bezalakoa da eta horregatik bezalaren ezkerrean ager daiteke.
    • Jokalari onenak bagina bezala aritzen gara beti partiduetan.
    • Entzun ez balute legez isilik gelditu ziren.
  • Baldintza perpausa perpaus nagusiago baten osagai da. Beraz, adibide horiek gainerakoak bezalakoak dira. Besteetan IS edo adizlagun bat gordetzen da, eta hauetan baldintza perpausa.
    • Jokalari onenak bagina bezala
  • Baldintza perpausaren lehen partea izango litzateke, protasia, alegia. Apodosia ondorioztatzeko arazorik ez genuke izan behar, beraz, hau ulertuko dugu adibide horretan:
    • Jokalari onenak izango bagina arituko ginen bezala aritzen gara beti partiduetan.
  • Hau da, jokalari onenak izango bagina, modu jakin batean arituko ginateke. Bada, hala aritzen gara partiduetan. Hortaz, kasu hau gainerakoen antzekoa da. Adierazgarria da ba-…bezala esapideetan adizkiak alegizkoak direla ia beti.
    • Bailitzan, bailuen: zenbaitetan baldintzako ba- aurrizkiaren ordez, bait- agertzen zaigu (baikiña bezala, bailitzan legetxe). Gaur, ordea, ba-…bezala esamoldearen ordez bai-…-en ikusten da, bezalarik gabe (hegazti bihurtu gura bailirean). Bi menderagailu batera joatea ez da oso ohikoa (bait-…-en).
  • Ba-… bezala esamoldearen erabilera oker bat:
    • *Euria ari du, eta, hori gutxi balitz, haizeak ere gogotik jotzen du. Euria
  • Hori gutxi balitz baldintza perpausa da eta beraz, ondorioa eskatzen du. Gainera, baldintzaren eta ondorioaren artean dagoen lotura bereziari esker, bi adizkien artean adostasun premia bat dago:
    • Kafe hori gutxi balitz, gehiago egingo nuke.
    • *Kafe hori gutxi balitz, gehiago egin zuen amak.
  • Bezalaren ezkerretara, ordea, zuzenak dira horrelakoak. Baldintza perpausa isilean dagoelako:
    • Kafe hori gutxi balitz bezala, gehiago egin zuen amak.
    • Euria ari du, eta, hori gutxi ez dela, haizea ere gogotik jotzen du.
  • EZ + bezala/legez: berdintasuna ukatuz, desberdintasuna adierazten da esamolde honekin. Ez elementua perpaus konparatiboko elementua da. Mendeko perpausa aditz eta guzti ematen denean, ez aditzarekin batera doa, eta ez bezalarekin.
    • Mikelek pozik agurtu gaitu, beste inork agurtu ez gaituen bezala.
  • Perpaus hau aditzik gabe ematen badugu, ez bezala segida gertatuko litzateke:
    • Mikelek pozik agurtu gaitu, beste inork ez bezala.
  • Bezalako adjektiboarekin, ez bezalako segida lexikalduta dago.
    • Ikasi izan bagenu, orain gauden ez bezalakoak egongo ginateke.

Bezala-ren beste erabilera batzuk

Modu konparazio garbiaz gain, bestelako esamoldeak ere bideratzen ditu bezalak:

  • “X bezala Y ere”: bi osagai konparatzen dira honelakoetan, korrelazioetan bezala.
    • Arraina bezala haragia ere oso osasuntsua da. Berdela
    • Aitzol ere, bere anaia bezala, urduri zegoen bazkaria hasi aurretik.
  • Juntaduratik oso gertu daude, eta juntadura arruntaren bidez ere eman daitezke:
    • Arraina eta aroa oso osasuntsuak dira.
    • Aitzol eta bere anaia urduri zeuden bazkaria hasi aurretik.
  • Genitiboan dauden sintagmekin ere osa daiteke egitura:
    • Lanaren bezala, gure etxearen jaun eta gabe bagina bezala
  • Bezala/legez, postposizio: [IS+bezala/legez] predikatu osagarri gisako zerbait izan daiteke, subjektuari, objektu zuzenari edo zehar objektuari dagokiona. Gisa, modura eta antzekoekin ordezka daiteke, eta -tzat atzizkiarekin duen lehia ere kontuan hartu behar da.
    • Eskolan beti ipintzen ziguten adibidetzat eta eredu bezala Mirenen koadernoa.
  • Bezala/legezen ezkerretara doan sintagma mugagabean joan ohi da.
    • Gaizkile bezala epaitu dute Iker, baina bera ez da errudun.
    • Nere alaba legez, zuri kontuak eskatzeko eskubidea dut.
  • Hitz elkarketaren antzeko prozesu bat izango litzateke, eta hitzak berezkoa badu azken -a bokala, anbiguotasuna gerta daiteke.
    • Seme bezala hitz egin dizut.
    • Aita bezala hitz egin dizut.
  • Lehenengoan ez dago zalantzarik, seme bati dagokion bezala esan nahi du. Bigarren adibidean, ordea, perpaus konparatiboa ere izan liteke: aitak hitz egiten zuen bezala nahiz aita bati dagokion bezala. Halakoetan ezin denez bezalaren ezkerretara perpaus osorik jarri, aditza ezin delako ezarri, postposiziotzat hartu beharko lirateke bezala, legez eta antzekoak.
  • Bezala/legez, hurbiltze balioarekin: modua adierazten duten adberbio sintagmekin, izen predikatuekin eta erabat zehatzak ez izatea zilegi denean aritzen gara gutxi gorabeheraka, zenbatzaileak tartean daudenean esaterako.
    • Izoztuta legez geratu zen Maddi, ez atzera eta ez aurrera istripuari begira. Istripua
    • Gogo gabe bezala etortzen zara eskolara!
    • Gugandik ehun metrora bezala zegoen zezena.
  • Halakoak balitz bezala perifrasiaren parekoak dira zenbaitetan:
    • Izoztuta egongo balitz bezala geratu zen Maddi, ez atzera eta ez aurrera istripuari begira.
    • Gogo gabe etorriko bazina bezala etortzen zara eskolara!
  • Bezala, legez-dun perpausa, mintzagai: esaldiaren hasieran edo esaldi barnean koma artean joaten direnean izaten dira mintzagai. -enez edo -enaz-ekin ordezka daitezke.
  • Amak esan zizun bezala, hobe zenuen ikasketak oso-osorik egitea. (esan zizunez)
  • Eta orain erakutsiko dugun legez, mendia ez zegoen hondatua, makinak igaro aurretik. (erakutsiko dugunez)
  • Horrelako perpausetan ez da erraza bezalarentzat isileko aurrekari bat bilatzea ezkerreko perpausean. Modua adierazteko osagairik ez da ondorioztatzen, arrazoia emateko erabiltzen dira. Horregatik, esan, aipatu, irakurri eta -ela konpletiboa onartzen duten aditzak ageri ohi dira honelako egituretan. Mintzagai direla esan dugu, eta hauxe da modu konparazioarekin duten aldea:
    • Amak esan zuen bezala garbituko dut etxea. Etxea garbitu
    • Amak esan zuen bezala, goitik behera garbituko dut etxea.
  • Lehenengo adibidean, bezalaren aurrekaria moduzkoa da: amak esan zuen modu berean. Bigarren adibidean, berriz, aurrekari hori esan-en objektua izango litzateke, bezala-dun perpausa mintzagai da, eta eskuineko perpaus osoari dagokio: etxea goitik behera garbitu behar dela esan zuen amak.
  • Bezala = -en neurrian: perpaus osagarria onartzen duen aditz baten ordez bestelakoren bat agertzen bada, zailagoa da aurrekari egokia bilatzea.
    • Gazteak goraka doazen bezala, helduak beheraka doaz.
    • Gazteak goraka doazen bezala doaz helduak beheraka.
  • Bigarren adibidean aurrekaria modu adberbio bat da: gazteak modu jakin batean doaz goraka eta halaxe doaz helduak beheraka. Lehenengo adibidean, berriz, ez dago modu adberbiorik, kontrakotasun bat jasotzen ari gara: gazteak goraka doaz, helduak, berriz, beheraka. Lehenengo adibide horretan ezkerretara daraman perpausa izango da bezalaren aurrekaria. neurrian eta ahala ere erabil daitezke halako perpausetan.
    • Gazteak goraka doazen neurrian, helduak beheraka doaz.
    • Gazteak goraka joan ahala helduak beheraka doaz.
  • Adibide guztietan joan aditza ageri da perpaus txertatuan.
  • Bezala denbora balioarekin: honelakoak bezain laster eta -enean-en bidez ere eman daitezke.
    • Aitor ikusi zuen bezala, aurpegia alaitu zitzaion Arantxari.
    • Aitor ikusi zuenean, aurpegia alaitu zitzaion Arantxari.
    • Aitor ikusi bezain laster, aurpegia alaitu zitzaion Arantxari.
  • Esaten dena egia dela azpimarratzeko: perpaus txertatuko aditza izan bada ere, perpaus nagusikoa beste bat da.
    • Txirrindularia naizen bezala diot, aurrean duzun hori bizikleta ona dela.Amets Txurruka
    • Elgoibartarra naizen bezala diotsut, azken urteetan aldaketa asko izan direla gure herrian.
  • Aposiziozkoak:
    • Irakasleari, gure arduradun nagusiari bezala, zor diogun errespetua beti betetzen dugu.
  • Halakoetan hauxe da egitura: IS kasu markarekin eta koma artean beste IS bat, aurreko IS horren kasu berean, eta ondoren bezala.
  • Kausa adierazteko:
    • Hain burugogorra zen legez, inork ezin zuen iritziz aldarazi.
    • Haren alaba zaren bezala, aukeratu zaitut lan horretarako.
  • Legez asko erabiltzen da halako egituretan bizkaieraz. Bizkaieratik kanpo, -enez edo nola…-en erabiltzen dira.
    • Baina jakin ezin leikeana legez ondo ala gaizki egin duen lana, zain egon beharko dugu. (-en atzizkiaren ordez -ena atzizkia ageri da).
    • Baina nola ezin jakin daitekeen ondo ala gaizki egin duen lana, zain egon beharko dugu.
    • Baina ezin jakin daitekeenez ondo ala gaizki egin duen lana, zain egon beharko dugu.

Bezalako

bezalako/legezko, izenlagun sortzaile

Gitarra -en + [bezala/legez] morfemaz osaturiko egitura adberbio edo postposizio sintagma bat da. -en bezalako egiturak IS barnean agertzen dira, izenlagun gisa edo izen predikatuan. Nolabaiteko adjektibo sintagmak izango dira, bezalako/legezko ardatz hartuta.

  • Zuk erosi duzun bezalako gitarra erosiko dut nik ere.
  • Zuk erosi duzun bezalako (AS)
  • Zuk erosi duzun bezalako gitarra (IS)

Sintagma hauek adjektibo sintagma ere badirenez, maila-atzizkiak ere ager daitezke:

  • Aitor lanean ari zen, besteak bezalakoegi.

bezala ala bezalako, izen predikatuetan?

Gaztelaniaren eraginez, hainbat buruhauste sortzen dira.

  • Miren den bezala da.
  • Miren bere ama bezala da.

Bezaladun perpausak izen predikatuak dira. Izan aditza loturazko elementua da eta halakoetan Nolako? galderari erantzuten diogula dirudi. Nolakoa da Miren? Nolakoa da Mirenen ama? Horregatik eman ditzakegu bezalakorekin ere:

  • Miren den bezalakoa da.
  • Miren bere ama bezalakoa da.

Hala ere, nolako eta nola bereiz daitezke zenbaitetan. Perpausa mintzagai gisa erabiltzen dugunean, hau da, eskuineko perpausari marko bat ezartzeko, adibidez, bezala erabili beharko dugu, eta ez bezalakoa.

Kazetaria

  • Ama bezala Miren ere kazetaria da.
  • *Ama bezalakoa Miren ere kazetaria da.
  • Miren kazetaria da, ama bezala.
  • Miren kazetaria da, ama bezalakoa.

Lehenengo adibidean ezin da bezalakoa erabili. Bigarren adibidean, berriz, bezalakoa erabil daiteke baina beste esanahi batekin. Ama bezalakoa kazetariren aposizio moduko bat da. Ama bezala, berriz, perpaus osoari dagokio. Bigarren kasuan esan nahi da, Miren kazetaria dela, ama den modu berean. Horrenbestez, nola eta nolakoa bereiz daitezke bigarren adibide horretan.

  • Amaiarekin hitz egitea hormari hitz egitea bezalakoa da.

Zer galdera dago adibide horren azpian? Nolakoa da Amaiarekin hitz egitea ala zer da Amaiarekin hitz egitea?. Amaiarekin hitz egitea hormari hitz egitearen antzekoa dela esaten da, ezin dugulako esan Amaiari hitz egitea hormari hitz egitea denik. Bezala morfemak ematen duen hurbiltze-kutsua du perpausak, hortaz, esan liteke, nola galderari erantzuten zaiola, eta ez nolako galderari. Hortaz, egokiagoa da honela ematea:

  • Amaiarekin hitz egitea hormari hitz egitea bezala da.

-TZEA perpausei buruz badirudi ezin dela beraz kalitaterik predikatu, eta perpaus izateak eragina du horretan. Txoriaren kanta nolakoa den galde dezakegu, baina txoriak kanta egitea nolakoa den esateak ez du zentzu handirik. -tzea gisako perpausetan predikatua ez da bezalakoa izango, bezala baizik.

  • Nolakoa da bizikleta?
  • *Nolakoa da bizikletan ibiltzea?
  • Zer da bizikletan ibiltzea?
  • Zer da bizikleta?

Dantzariak

Beste hauetan ez dago arazo handirik:

  • Dantzaria naizen bezala, abeslaria banintz, are gehiago poztuko nintzateke.

Adibide horretan moduaz ari gara eta honela ere eman daiteke:

  • Dantzaria naizen moduan, abeslaria banintz, are gehiago poztuko nintzateke.

bezalako = bezain

Herri hizkeran bezainen ordez bezalako erabiltzen da askotan:

  • ? Maddi bezalako gaiztoa da Aner.
  • Maddi bezain gaiztoa da Aner.

Motoa

Horrelakoak ez dira egokiak. Bezalakok Izen Sintagma bat eramaten du eskuinean, eta ez adjektibo bat. Dena den, sintagma horrek izan dezake adjektiboa bere barnean, eta halakoetan biak erabil daitezke, nahiz eta esanahia ezberdina izan.

  • Maddi bezalako ume gaiztoak gutxi egon dira ikasgela horretan.
  • Maddi bezain ume gaiztoak gutxi egon dira ikasgela horretan.

Biak dira zuzenak baina ezberdinak dira: lehenengoan ume gaizoak hartzen da kontuan eta bigarrengoan gaiztoak bakarrik.

  • Zurea bezalako moto azkarra.
  • Zurea bezain moto azkarra.

Bi adibide horietan bi auto konparatzen ditugu: lehenengoan bi autoak nolakoak diren esaten dugu, antzekoak, azkarrak direla; bigarren adibidean, berriz, azkartasuna konparatzen dugu. Agian ez dira berdinak izango, baina bata bestea bezain azkarra dela esaten ari gara.

Horrenbestez, bezalako izenlaguna denez izen bati dagokio, izen horrek adjektibo bat eraman dezakeen arren. Bezainek, berriz, adjektibo baten gradua adierazten du, eta beraz, adjektibo edo adberbioekin joan daiteke bakarrik. Beraz, ez da zuzena bata bestearen ordez erabiltzea.

bezalako(t)xe, bezalaxeko

-txe atzizkia indargarria da.Aita-semeak

  • Aita bezalakoxea da Aner, urduria eta ipurterrea.

lako/lango = bezalako

Bizkaieraz lako/lango erabiltzen dira bezalakoren ordez. Lasoko ere ageri da, Mungia inguruan.

  • Ez det inoiz ezagutu, zu lango lagunik.
  • Zu lasoko mutil bat ikusi nuen kalean, baina ez zinen zu.

Lakoren ezkerretara absolutiboa joan ohi da baina bestelakoak ere ager daitezke.

  • Nik lako etxe dotorerik ez dauka inork munduan.

ez bezalako

Ez bezala esamoldearen parean ez bezalako ere badago. Konparazioan desberdintasuna adierazten du. Inoiz, inor eta antzeko elementuekin agertzen da.Gatibu kontzertuan

  • Inoiz ez bezalako kontzertu hunkigarria eman zuen Mallabin, Gatibu taldeak.
  • Gainerakoek ez bezalako trebezia zuen Pellok hitz egiteko.

Ez partikula mendeko perpausen elementua da. Beraz, aditza agerian egonez gero, aditzarekin bat eginda joan beharko luke. Hala ere, ez+bezalako osagai bakartzat har liteke, lexikalizatuta dagoela esan liteke:

  • Aita izan zenetik oso alaia da Martin, lehen zen ez bezalakoa.
  • Lanean hasi zenetik oso neska arduratsua da Nerea, lehen zen ez bezalakoa.

Alde horretatik, bestelakoren parekoa izango litzateke: ni ez bezalakoa = nitaz bestelakoa. Perpausa aditz eta guzti eman nahi denean, ez aditzaren aurrean kokatu ohi da.

  • Aita izan zenetik oso alaia da Martin, lehen ez zen bezalakoa.
  • Lanean hasi zenetik oso neska arduratsua da Nerea, lehen ez zen bezalakoa.

Hala ere, atal honen hasieran azaldu dugun bezala, aditzik gabe ematea da arruntena.

  • Aita izan zenetik oso alaia da Martin, lehen ez bezalakoa.
  • Lanean hasi zenetik oso neska arduratsua da Nerea, lehen ez bezalakoa.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Modua", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3