Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:5:4:1

Maila

Funtsean berdintasunezko konparazioan erabiltzen diren elementuak ageri dira desberdintasunezko konparazio perpausetan. Bi gauza aldatzen dira: konparazioa bideratzeko erabiltzen dugun morfema, bezainen ordez baino erabiliko baitugu; bestetik, nolakotasuna adierazten duen izenondo edo aditzondoak -ago atzizkia eramango du, hau da, adjektibo/adberbio konparatzaile bat erabiliko dugu (handiago, politago…). Horrenbestez, berdintasunezko konparazioetan bezain morfema erabiltzen genuen bezala, desberdintasunezkoaetan baino…-ago erabiliko dugu.

Konparazio morfemak

baino...-ago

Konparazioa bainok bideratzen du, elementu hori da mendeko konparazio perpausaren ardatza. Ezkerretara perpausa eraman ohi du. Zenbaitetan aditz agertzen da, -en atzizkiaz hornituta. Hala ere, gehienetan ez du aditza agerian eramaten, eta halakoetan konparaziorako erreferentziatzat hartzen dena agertzen da bakarrik perpaus horretan. Dena den, erreferentzia ematerakoan, perpauseko osagai bat baino ager daiteke.

Konparazio perpausak adjektibo baten eta aditzondo baten ezkerretara joan ohi dira. Horregatik, izen predikatuzko egiturak dira ohikoenak, edo adizlagunekoak:Ardi txakurra

  • Txakur hau hori baino azkarragoa da. (izen predikatuzkoa)
  • Gaur atzo baino epelago dago. (adizlagunezkoa)

Gerta daiteke, hala ere, adjektibo hori izen sintagma baten barnean egotea. Halakoetan, konparazio perpausa izenaren edo izen sintagmaren ezkerretara jartzen da.

  • Zu baino neska hiztunagoak ez ditut asko ikusi.
  • Gure nagusiak besteek baino auto dotoreagoak edukitzen ditu.

Hauxe da bi adibide horien egitura:

  • (Zu (Ø) zaren baino) neska hiztunagoak ez ditut asko ikusi.
  • Gure nagusiak (besteek (Ø) (edukitzen dituzten) baino) auto dotoreagoak edukitzen ditu.

Batzuetan izen sintagma barruan agertzen den konparatiboak zama handiegia eransten dio sintagmari, eta zenbaitetan adjektiboa (konparatibo eta guzti) erlatibo baten bidez eransten dugu, zuzenean izenari atxiki ordez. Bigarrena errazago moldatzen dela dirudi:

  • Izarra baino mutil ederragoa ezagutu nuen Parisen.
  • Izarra baino ederragoa den mutila ezagutu nuen Parisen.

-ko atzizkiarekin ere eman daitezke halakoak. -ko atzizkiak inguratzaile bat eransten dio izenari.

  • Izarra baino ederragoko mutila ezagutu nuen Parisen.

baino/baizen

Desberdintasunezko maila-konparazioa baino aditzondoak bideratzen duela esan dugu. Hori da morfema nagusia, baina beste aldaera hauek ere agertzen dira euskalkiaren arabera: bano, beno, bainon, beino, maño, miño, etab. Bide batez, gogoan izatekoa da aditzondo honen tankerako beste baino bat ere badela, aurkaritzako juntagailuen artean, baiziken balioa duena.

Bizkaieraz baizen ere bainoren ordaina da. Konparazioan ardatz den osagaia genitiboan ageri da lehenengo adibidean, baina absolutiboan erabiltzea da ohikoena:

  • Zeruen baxen gertuago lurra.
  • Ama izatea baizen gauza ederragorik ez dago munduan.

Egitura batzuk

Atal honetan desberdintasunezko zenbait konparazio-egitura jasoko ditugu. Perpaus txertatua murriztua ageri da adibideotan eta horren arabera egingo dugu sailkapena.

  • Aditz eta guztiko perpausa + baino + …-ago Mugarra
    • Zapata berriak uste duzun baino politagoak ziren.
    • Inon ere ez zara izango, mendian zaren baino zoriontsuago.
  • Aditz modalak + baino + …-ago
    • Behar baino gizenago zegoen zure anaia.
    • Zuk ez zenuen lana nahi baino lasterrago amaitu.
  • Uste izan + baino + …-ago
    • Nik uste baino gauza onagoak egiten dituzu zuk eskulanetan.
    • Zuk uste baino guraso jatorragoak dituzu.
  • IS absolutiboa + baino + …-ago
    • Motoa autoa baino hobea da, nire ustez.
  • IS datiboa + baino + …-ago
    • Pellori baino ederrago atera zaio eskulana Mireni.
  • Adizlaguna + baino + …-ago
    • Atzo baino giro hobea daukagu gaur.Eskulangilea
  • Nahiago, gurago, maiteago, beharrago, hobe, hobetsi… predikatu konparatiboekin: adjektibo edo aditz hauek ere konparatiboak dira eta beraz, bainodun egitura behar dute, konparazioaren erreferentzia gauzatzeko.
    • Manex zinez saiatuko da proba amaitzen, nahiago baitu erretiratu baino azken helmugaratu.
    • Zurekin joan baino, nahiago dut bakarrik joatea.
    • Nahiago baitut, zerbait erosi baino, gorde, aurreztu eta pentsatu.
  • Nahi izatearen maila konparatzen da adibide horietan. Azkenekoan, erosi dago batetik (eta hau da konparazioaren burua, erreferentzia puntua), eta gorde, aurreztu eta pentsatu bestetik. Adibide horretan esan nahi da erosi nahi duela, baina nahi izate horren maila txikiagoa da gorde, aurreztu eta pentsatu nahi izatearen maila baino. Erosi nahi du, baina nahiago du gorde, aurreztu eta pentsatu.
  • Beste perpaus honetan ere antzekoa gertatzen da, baina oraingoan nahiago nukeren osagarriak IS arrunt bat (medikuntza ikasketak) eta baldintza itxurakoa (zuzenbidea hautatuko bazenu) dira.
    • Nahiago nuke, medikuntza ikasketak baino, zuzenbidea hautatuko bazenu.
  • Beste honetan, hobetsi predikatuan dago konparatiboa (hobe). Konparazioaren bi muturrak ezarriz, bainoren bidez osatu da perpausa:
  • Gehienetan, ordea, erreferentzia-puntua ez da aipatzen, eta mendekorik gabe ematen da hobetsi. Aditz hori hitz elkartua denez, ezin zaio bere osagaiei (hoberi, esaterako) ezer erantsi.

  • Nahiago/hobe osagarriak: nahiago/gurago bezalako predikatuen osagarriak partizipioan joan ohi dira predikatu horren subjektua eta perpaus osagarriarena erreferentziakide direnean: nahiago dut…-tu baino…-tu. Hala ere, beste hauek ere zilegi dira:
    • ..-tu baino… (nahiago/hobe…)…-tzea
    • Nik neuk presaka amaitu baino, nahiago dut lana zuk hasieratik egitea.
    • ..-tzea baino… (nahiago/hobe…)…-tzea
    • Hobe da eztabaida hau bere horretan uztea, bazterrak gehiago nahastea baino.
  • Hobe predikatua erabiltzen dugunean, subjektuak -tzea forma hartzen du gehienetan.
    • Hobe da halakoetan esana betetzea.
    • Hobe duzu isilik egotea.
  • Baina konparazioaren bi muturrak ageri direnean, -tzea eta partizipioa biak agertzen dira:
    • Lagun txarrekin baino hobe da bakarrik ibili.
    • Lagun txarrekin baino hobe da bakarrik ibiltzea.
  • Osagai bat baino gehiago + baino + …-ago
    • Etxeko jana berezia ez bada ere goxoago da, tabernako edozein jateko berezi baino.
  • Adibide horretan hauek dira konparazioaren bi muturrak: Etxeko jana berezia ez bada ere eta tabernako edozein jateko berezi. Lehenbizikoa hartzen da erreferentzia-puntu gisa, eta horren arabera ezartzen da konparazioaren bigarren muturrari buruzko predikazioa.
  • …ba-…+ baino + …-ago: jainerako konparatiboetan bezala, egitura hauetan ere baldintzaren protasia ager daiteke konparazioaren buru gisa. Horrek esan nahi du apodosia ezabatu egin dela, baina testuinguruaren arabera erraz asma daiteke zein den.
    • Zinez zara hotza, zure bihotza harriz egina balitz baino gogorragoa daukazu.
    • Lanean balitz baino hobeki bizi da Iker oporretan.
  • Izan aditza + -en + baino + …-ago: perpaus txertatutik aditza da gordetzen den elementu bakarra honelakoetan.Txindoki
    • Den baino azkarragoa, zaila da joatea ume hori. ((ume hori) x azkarra da)
    • Den baino askoz ere ederragoa iruditu zitzaidan mendi inguru hori.
  • Adjektiboa + baino + adjektiboa + -ago: honelakoetan konparazioaren bi muturrak adjektiboak dira. Perpaus nagusiko adjektiboaren maila finkatzeko hartzen den erreferentzia puntua izen sintagma berari aplikatzen zaion beste adjektibo bat da, eta bi adjektiboen mailak konparatzen ditugu:
    • Eder baino handiago da Beñat.
    • Bihurri baino jostalariago da Ani.
    • Nire baino zureago da gehiago etxe hori.
  • Lehenengo bi adibideek bi esanahi eta bi egitura izan ditzakete. Bigarrenean, esaterako, hau uler daiteke: Ani bihurria da, baina bihurritasun maila erreferentziatzat hartuta, haren izaera jostalaria handiagoa da. Hori izango litzateke interpretazio ohikoena. Baina bi baieztapenen arteko konparazioa ere zilegi da, esanahi hau, alegia: ez dela bihurria, jostalaria baizik.
    • Lotsa baino beldurrago naiz, irratiko elkarrizketa hori egiteko.
    • Beldur naiz, lotsa baino areago.
  • Baino + lehen(ago): Perpaus konparatibo baten bidez maila ezar dakieke adjektibo eta adberbioei.
    • Zuk baino lehen amaitu ditut etxeko lanak.
    • Zuk uste duzun baino lehenago amaituko dut etxeko lana.Egutegia
  • Lehenago konparatiboa da baina -ago atzizkirik gabe ere balio hori izan dezake. Gainerakoetan bezala, baino lehen(ago)-ren ezkerrean perpauseko edozein osagai jar daiteke. Hainbat egitura eman daitezke:
    • Jantzita duzun jaka hori zuk baino lehen erabili zuen zure amak. (nork sintagmarekin)
    • Orain nekatuta daude gu baino lehen lasterka atera direnak. (nor sintagmarekin)
  • Aditz eta guzti ere eman daitezke perpaus hauek.
    • Jantzita duzun jaka hori zuk erabili duzun baino lehen erabili zuen zure amak.
  • Perpaus horren egitura hauxe da:
    • (zuk Ø (erabili duzun) baino) lehen erabili zuen zure amak.
  • Baina badira egitura bereziak ere:
    • Ostirala baino lehen ezin naiteke zurekin gera.
  • Adibide horretan, aditzondo konparatiboaren erreferentzia puntua ez da aurrekoan bezala “arropa NOIZ erabili duzun”, denbora erreferentzia jakina duen sintagma bat baizik: ostirala. Postposizioak ere erabili daitezke hori adierazteko: arte, orduko, aurretik, etab.
    • Ostirala (orduko, aurretik, arte…) ezin naiteke zurekin gera.
  • Halakoetan zaila da perpausa dela pentsatzea, eta zaila da aditza aurkitzea. Ostirala eta antzeko sintagmek berekin dute denbora erreferentzia. Baina bada beste egitura bat baino lehen(ago) tartean duena eta egituraren aldetik aurrekoaren antzekoa.

Espetxea

  • Denbora asko igaro baino lehen ikusi zuten elkar Maddik eta Anartzek.
  • Iker espetxetik atera baino lehen maitemindu nintzen ni.
  • Horietan laguntzailerik gabe ematen dugu mendeko adizkia, eta subjuntiboan ere joan daiteke:
    • Egizu lan hori ni etorri baino lehen.
    • Egizu lan hori ni etor nadin baino lehen.
    • Jateko guztia amaitu baino lehen itzuliko naiz
    • Jateko guztia amai dezan baino lehen itzuliko naiz.
  • Denbora erreferentzia zehatza duen sintagma bat (ostirala, hamarrak, gaur…) hartu ordez erreferentzia puntu gisa, gertaera baten noizkoa da erreferentzia puntua: ni etorri baino lehen, jateko guztia amaitu baino lehen
  • Zer konparatu nahi den, halako egitura aukeratuko dugu:
    • Mikelek baino lehen(ago) amaitu zuen lana Aitorrek.
    • Mikel haserretu baino lehen(ago) hasi zen urduritzen Aitor.
  • Lehenengoan Mikel eta Aitor noiz jaio ziren esan dugu. Aditz bera dugunez bi perpausetan (amaitu), behin adieraztea nahikoa da. Bigarren adibidean haserretzeko unea hartu dugu erreferentzia gisa. Horrelako perpausak laguntzailerik gabe ematen ditugu. Gainera, aurretik, orduko eta antzeko postposizioez baliatuz ordezkoak eman daitezke:
    • Mikel haserretu aurretik hasi zen urduritzen Aitor.
  • Aurretik postposiziotzat hartuko dugu eta aditz jokatugabeko perpaus bat gobernatuko du. Baino lehenekin ere gauza bera. Beraz, aditz jokatugabeko perpausak aztertzean berriz itzuli beharko dugu esapide hauetara. Hala ere, baino lehen(ago) formako esapide hauek Noiz galderari erantzuten diotenez, denborazko perpausetan jasotzen dira gramatiketan, nahiz eta nolabait konparatiboak izan.
    • Mirenek nahi baino lehenago egin behar izan zuen alde etxetik.
    • Eskola urteak amaitu baino lehenagotik ezagutu zuten elkar Leirek eta Eñautek.
  • Adibide gehienetan NOIZ? galderari erantzuten zaio bainao azkenekoan NOIZTIK? da azpian dagoen galdera. Noizko, noiz arte eta bestelakoak ere ager daitezke.
  • Geroago/beranduago: goiko adibideetan lehen(ago) aditzondoa erabili dugu. Horrekin konparatibo arrunta eta berezia sor daitezke:
    • Ostiralean baino lehen(ago) etorriko naiz.
    • Ama baino lehen(ago) etorriko naiz.
  • Larunbata baino lehen(ago) etorriko naiz.
  • Lana amaitu baino lehen(ago) iritsi zen irakaslea.
  • Txirrinak jo baino lehen(ago) atera ginen gelatik.
  • Ostiralean noiz etorri nintzen eta ama noiz etorriko den kontuan hartuta, ni lehenago etorriko naizela diot lehenengo bi adibideetan. Hirugarren adibidean, berriz, asteko egun bat hartu da erreferentzia gisa. Laugarren eta bosgarren adibideetan bi gertaeraren artean ezartzen da konparazioa: irakaslea iristea lana amaitzea baino lehenago gertatu da, eta gelatik ateratzea eta txirrinak jotzea ez zirela une berean gertatu.
  • Ikus ditzagun orain beste aditzondo batzuk. Lehen(ago)ren parean gero(ago) daukagu. Baina berandu eta beranduago ere badaude. Horien kontrakoak ez dira lehen eta lehenago, goiz eta goizago baizik. Aditzondoen mailari buruz ere konparazioa ezar daitekeenez (beranduago, pozago, bezain motel, bezain alferrik…), baino lehen(ago) bezala, baino geroago, baino beranduago, baino goizago ere esan daitezke. Baina simetria ez da bete-betea. Zenbait testuingurutan ongi bereiz daitezke geroago eta beranduago, konparazio bururik gabe, esaterako:
    • Aratz eta Amaiur seietan lokartu ziren. Bost minutu geroago lokartu zen Maddi.
    • Aratz eta Amaiur seietan lokartu ziren. Bost minutu beranduago lokartu zen Maddi.
  • Demagun beste adibide hau:
    • Elgoibarko hiribildua 1346an sortu zuen Alfontso XI. gaztelakoak. Mendaro geroago sortu zen herri gisa.
    • Elgoibarko hiribildua 1346an sortu zuen Alfontso XI. gaztelakoak. Mendaro beranduago sortu zen herri gisa.
  • Lehenengoak zuzenagoa dirudi bigarrenak baino. Jo dezagun orain elkarrizketa batean bi hauek ematen direla:
    • Elgoibarko hiribildua 1346an sortu zuen Alfontso XI. gaztelakoak.
    • Bai? Ba Mendaro askoz geroago sortu zen herri gisa, 1983an.
  • Geroago eta beranduago ezberdinak dira beraz. Konparazio burua adierazten dugunean, ordea, nahasiagoa da kontua. Lehenagoren ordez, geroago edo beranduago esan nahi badugu, gramatikaltasun epai hauek aurkituko ditugu:

Bazkaltzen

  • Ostiralean baino geroago etorriko naiz.
  • Zu baino geroago etorriko naiz.
  • Ostiralean baino beranduago etorriko naiz.
  • Zu baino beranduago etorriko naiz.
  • Ostirala baino geroago etorriko naiz.
  • *Bazkaldu baino geroago, jaso gela.
  • *Zu joan baino geroago iritsi nintzen.
  • Ostirala baino beranduago etorriko naiz.
  • *Bazkaldu baino beranduago, jaso gela.
  • *Zu joan baino beranduago iritsi nintzen.
  • Beraz, gure “logikarekin” bat ez datozen zenbait adibide eman ditugu. OEHren arabera, geroago oso gutxi erabiltzen da iparraldean, konparazio burua agerian duela edo zenbatzailearekin. Are gehiago, konparazio buruarekin ere oso adibide gutxi ageri dira:
    • Zuhaitz hori loratu zen, izoztea baino geroago. (Ostirala baino geroago etorriko naiz adibidearen parekoa)
    • Lan hau baino geroago hasiak (Ostiralean baino geroago etorriko naiz eta Zu baino geroago etorriko naiz adibideen parekoa)
  • Beranduagorekin ere gauza bera gertatzen da:
    • Felixi baino 2 urte beranduago hil zen Mattin.
    • Gure etxean bazkalondoa luzatzen dute, ohi den baino beranduago.
  • Bi adibide horiek konparatibo arruntak dira. Oso adibide gutxi daude bainorekin. Beraz, baino + (geroago/beranduago) esapideak horren mugatuak badira, zeintzuk erabiltzen dira?
    • Jateaz geroz lo geratzen zen ume txikia.
    • Jokatuz gero neka-neka eginda geratzen ziren jokalariak.
  • Goian txartzat eman ditugun adibideen ordez, beste hauek erabiliko genituzke:
    • Bazkaldu ondoren/eta gero, jaso gela.
    • Zu joan ondoren/eta gero/ostean, iritsi nintzen.
  • Beraz, <A B baino X-ago (etorri/joan/hil…)> moduko esamoldeetan, geroago eta beranduago biak dira zilegi. Dena den, larunbatean baino beranduago iritsi zara gaur esaten dugunean ez gara esaten ari atzo eta gaur berandu etorri zarela. Gerta liteke garaiz iristea bai larunbatean eta bai gaur, nahiz eta gaur larunbatean baino beranduago iritsi. Azkenik, ez dago <partizipioa + baino lehenago> formaren parekorik geroago eta beranduago erabiliz. <Larunbata + baino (geroago/beranduago)> modukoak, berriz, ez dira oso erabiliak.

Desberdintasunari maila ezar dakioke

Adjektibo edo adberbio baten maila adieraz daitekeen bezala (oso, handi, nahiko, pozik), konparazioan ere, zerbait beste zerbait baino X-ago dela esaten dugunean, desberdintasun hori ere mailaka daiteke. Zenbat X-ago dela adierazi daiteke, desberdintasuna zenbaterainokoa den adierazita: 3 urte gazteago, askoz politagoSutea

  • Lore horiek guztiak elkartuta baino are ederragoa da Maddi.
  • Nire etxeko leiho txikia beste etxeetakoak baino askoz lehenagokoa da.

Konparazioan mailakatzea bideratzeko askoz, are, hagitzez eta antzeko osagaiak erabiltzen dira. Bestelako adberbio eta zenbatasun sintagmak ere ager daitezke.

  • Edozein irakaslek nik baino hamaika aldiz hobeto erantzungo lioke zure kezkari.

Bestalde, denborazko aditzondo edo neurri adjektiboekin ari garela, -ago-ri ere zenbatasuna ezar dakioke:

  • Sutea 2 urte geroago gertatu zen herrian.
  • Txarteldegia partida hasi baino ordu erdi lehenago irekitzen dute.
  • Bizikleta hau zurea baino 2 kilo astunagoa da.

Baino + ere

Konparazioa are gehiago indartzeko ERE lokailua tarteka daiteke konparazio perpausaren eta adjektibo edo adberbioaren artean:

  • Nik neuk erosita baino ere poz handiagoa eman dit zuk erosi izana.
  • Lehen zen baino ere argalago itzuli zen oporretatik Martin.

Baino-dun perpausa non?

Hauxe da konparazio perpausen ordena nagusia: (konparazio perpausa + konparazio morfema + osagaia). Hala ere, baino ardatz duen perpaus konparatiboa mugi daiteke, adjektiboaren edo adberbioaren ezkerretik eskuinera, esaterako. Perpaus horrek askatasun handia du kokaguneari dagokionez.Hendaiako hondartza

  • Hondartza hori beste hau baino handiagoa da.
  • Hondartza hori handiagoa da beste hau baino.
  • Ez dago etxe ederragorik gurea baino.
  • Ez dago gurea baino etxe ederragorik.

Beste gradu adberbio batzuekin ere gauza bera gertatzen da:

  • Auto hori oso azkarra da.
  • Auto hori azkarra da oso.

Perpaus konparatiboa adjektiboaren edo adberbioaren ezkerrean joan badaiteke ere, gerta liteke bainoren eta adjektiboaren artean perpaus nagusiko beste elementuren bat sartzea, konparatzen diren bi elementuak bainoren bi aldeetan, ezker-eskuin, utzita:

  • Bi aldiz egin diguzu kale aste honetan, eta aldi bakoitzean baino hurrengoan min handiagoa egin diguzu.
  • Lana baino parranda gustukoago dugu eta horretan aritzen gara pozik.

Beste honetan, berriz, perpaus nagusiko aditza tartekatu da perpaus konparatiboaren eta adberbioaren artean:

  • Zure lankidea baino bada zoriontsuago dagoenik.

Beraz, (…baino) osagaia berez dagokion -ago konparatiboaren ondoan ez ezik, perpausaren eskuin eta ezker muturrean ere joan daiteke. Dena den, ordena aske hori zabalduago zegoen lehen, gaur egun finkoa dela dirudi: (…baino + (izena) adjektiboa/adberbioa + -ago).

  • Zure lankidea baino pertsona zoriontsuagoa naiz ni.
  • Telebista hori baino askoz berriagoa da beste hau.

Baino-dun esapideak

Festa Konparazio askotan edukia hanpatu egiten da, gehiegikeriara iristeraino, superlatiboa adierazteko. Atal honetan hiru egitura molde jasoko ditugu.

  • Galde hitzekin: zein baino zein/nor baino nor/noiz baino noiz…-ago. Molde honetako perpausetan bi nor, zein edo beste bi galde hitzen artean eraikitzen da konparazioa.
    • Nor baino nor dotoreago jantzi ziren festa horretarako.
    • Zein baino zein hobeto ari dira abesten.
  • Halakoetan beraz, beharrezkoa da -ago-dun adjektibo edo aditzondoa. Izan ere, egun sarriegi erabiltzen diren hauek ez dira erabat zuzenak.
    • ?Reala eta Athletic nor baino nor arituko dira finalean.
  • Modu superlatiboa adierazteko modu bat da.
    • Zein baino zein trebeago aritu ziren aizkoran.
    • Laboa eta Lertxundi biak aritzen ziren kantuan, nor baino nor amorratuago.

Athletic-Reala

  • X + baino + X-ago: goreneko maila adierazteko modu bat da.
    • Egia baino egiagoa da hori.
    • Ongi baino hobeki egin du azterketa.
    • Arin baino arinago egin du dantzan Maitek.
    • Lehen baino lehen amaitzen baduzu hobe. (=lehenbailehen)
  • Bainoago: baino bera konparatibo bihur daiteke, berez beharko lukeen adjektibo konparatiboari lekua hartuta. Edozein adjektiboren lekua hartzen duenez, edozein adjektiboren adiera har dezake, adjektibo hori zein den aditzera eman ez arren. Solaskideen suposizioen araberakoa izango litzateke. Hizkera jasoko esamoldeak dira.
    • Jo izan banindute bainoago mindu ninduten zure hitzek.
    • Batak maite du bestea bainoago.

-ago-rik gabe?

Tradiziozko zenbait idazlek -ago markarik gabe osatzen zituzten konparazio perpausak. Eta egun ere entzuten dira halakoak. Dena den, badirudi gorago eman ditugun azalpenak kontuan hartuz, egokiago dela esamolde hauek osorik ematea.

  • Ondo litzate datorrela ene etsera neuk baño agindu daiana. (Modo breve de aprender la lengua vizcayna, Micoleta)
  • ? Bihotzari baino buruari egin behar zaio kasu.
  • ? Kirolaria baino kirolzalea naiz ni.
  • Bihotzari baino gehiago, buruari egin behar zaio kasu.
  • Kirolaria baino gehiago, kirolzalea naiz ni.

Bi baieztapenen egiatasuna jartzen da erlazioan, bata bestea baino egiago dela adierazteko. Halakoetan, bainoren ordez barik ere jar daiteke, bizkaierako moldera emanez. Baina horietan ez dira bi baieztapenak onartzen; A barik B esaten dugunean, A ez B baizik esaten dugu, eta ez, A baino areago B.

  • Bihotzari barik, buruari egin behar zaio kasu.
  • Kirolaria barik, kirolzalea naiz ni.

-ago...ezen (ez)

Esamolde hau eredu erromanikoaren arabera eratzen omen da, eta beraz, beste egitura bat izango luke eredu arruntean.Eguzkia

  • Min handiagoa eman didazu hitzez, ezen ekintzaz.
  • Min handiagoa eman didazu hitzez, ekintzaz baino.

Hala ere, ohikoagoa da ez partikularekin osatzea esamoldea.

  • Nahiago dut isilik egotea, ezen hanka sartzea.
  • Hobe da gordetzea, ezen ez eskatzea.

Nahiago eta hoberekin ez ezik, Ekialdean lehen(ago)rekin ere badira adibideak:

  • Ixasoan hur guzia zeruietan izarra Oihanetan izalori lur guzian belharra Egunari iguzkia gau belzari ilhuna Lehen faltaturen dira ezi hura gugana Balinetan egiazki gu bagaude hargana. (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)

Ordena dela eta, baino…-ago eta …-ago…baino hurrenkerak aurki ditzakegu baina ezen ez beti -agoren ostean agertzen da.

  • Hobe da geldirik egotea, ezen ez gaizki egitea.
  • * Ezen ez gaizki egitea, hobe da geldirik egotea.

zein-eta

Zenbait testutan baino konparazio morfemaren ordez zein eta ageri da. Berdintasunezko konparazioan ere agertzen da batzuetan.

  • Zer plan hoberik zein-da lagun koadrila eder batean afari bat egitea?
  • Ez dago gogorragorik, zein-da lanera gogoz kontra joatea.

Instrumentala

Deklinabide kasuekin konparazio-esapideak osa litezke, baina oinarrian zenbait izenondo eta aditzondo bakarrik har ditzakete. Espazioarekin zerikusia dutenak hain zuzen ere: gora, behera, zabal… Gehiagotasunezko konparatiboak, esaterako, instrumentalaren bidez ere sor daitezke.

  • Haizea zela eta, belaunez gorago igotzen zitzaion gona gure amonari.
  • Alkatearen indarra herritar guztienaz gorago dago herri horretan.

Ablatiboaz ere osa liteke:

  • Nitarik goragoko norbaitekin hitz egin nahi nuke, kexa hau helarazteko.

Zenbatasunezko konparatiboetan -tik gora erabiltzen da eta esapideon taxu berekoa da.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Maila", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3