Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:5:4:2

Zenbatasuna

Izen Sintagmek sarri eramaten dute zenbatzaileren bat: bost, asko, nahikoa…. Kantitate hori konparazio perpausen bidez ere zehaztu daiteke.Ogia

  • Bost barra ogi erosi ditut.
  • Zuk adina barra ogi erosi ditut.
  • Zuk baino barra ogi gehiago erosi ditut.

Perpaus bietan ematen da aditzera zenbatasuna, baina lehenengoan ez bezala, bigarrengoan eta hirugarrengoan konparazioa erabili dugu: bigarren adibidean berdintasunezkoa eta azkenekoan desberdintasunezkoa. Atal honetan hain zuzen ere, desberdintasunezko konparazioaz arituko gara.

Zenbatasuna adierazteko morfema eta zenbatzaileak

Desberdintasunezko konparazioa bideratzeko baino morfema erabiltzen dugula esan dugu, bai maila adierazteko, bai zenbatasunaz ari garenean. Zenbatzaileak ere agertu behar du, ordea, eta zenbatasunaz ari garenez gehiago edo gutxiago zenbatzaile konparatiboak agertuko dira. Zubereraz haboro ere bai.

  • Zure saskian nirean baino perretxiko gehiago daude.
  • Botila honetan beste horretan baino ardo gutxiago dago.

Lanperna Desberdintasuna adierazteko adinbat, adina… eta gehiago esamoldea ere erabil daiteke, lehenengo adibideko esanahi berarekin. Ere lokailuaz indartuta ere ager daiteke.

  • Zure saskian nirean adinbat perretxiko eta gehiago daude.
  • Beste guztiek baino ere gutxiago pisatzen du zure semeak.

Beraz, desberdintasunezko kantitate-konparazioa eraikitzeko, baino…gehiago eta baino…gutxiago morfema-sailak erabiltzen ditugu. Konparazio guztietan bezala, baino-k perpaus bat gobernatzen du. Perpaus hori murriztuta agertzen da gehienetan, eta murriztuta ageri ez deneanere hutsune bat egongo da: sintagma osoaren buruaren erreferentziakidearena. Hurrenkerari dagokionez, hauxe da ohikoena: perpaus konparatiboa (baino buru dela) + IS + gutxiago/gehiago zenbatzaileak.

  • Elgoibarko igerilekuak (dituen) baino kale gehiago ditu Eibarko igerilekuak.
  • Donostiak garai batean (zituen) baino taberna gutxiago ditu orain.

Hala ere, perpaus txertatua (Elgoibarko igerilekuak (dituen) baino) lekuz alda daiteke, izenaren ezkerretara jarri ordez perpaus nagusiaren eskuinean ager daiteke.

  • Kale gehiago ditu Eibarko igerilekuak Elgoibarko igerilekuak (dituen) baino.
  • Eibarko igerilekuak kale gehiago ditu Elgoibarko igerilekuak (dituen) baino.

Arestian ere esan dugu desberdintasunezko konparazioa ere mailaka daitekeela. Beraz, gehiago edo gutxiago esateaz gain, zenbat gehiago eta zenbat gutxiago ere esan genezake: askoz, lau aldiz, mila bider…gehiago/gutxiago. Mailakatzaile horiek izenaren ezkerretara joan ohi dira, izenaren aurrean, perpaus nagusiko adjektibo edo adberbio konparatiboaren osagai direlako, ez perpaus txertatukoak: zenbat X -ago adierazten dute.

  • Bilbok askoz/mila bider/arrunt denda gehiago ditu Donostiak baino.
  • Bilbok Donostiak baino askoz/mila bider/arrunt denda gehiago ditu.
  • Mariak Anek baino askoz/lau/hiru aldiz liburu gehiago ditu.
  • Mariak askoz/lau/hiru aldiz liburu gehiago ditu Anek baino.
  • Oraingo parrandetan lehen baino lautan diru gehiago erabili ohi dute gazteek.

Egitura ezberdina izan arren, adibide honetan ere zenbat gehiago adierazten dugu:

  • Alderdi politikoek urrats bat gehiago egin zuten bakea lortzeko bidean.

Zerekin konparatzen ari garen esatea beharrezkoa ez bada, perpaus konparatiboa adierazi gabe utzi daiteke. Testuinguruak horren berri ematen badu, edo lehenago datu hori eman badugu, esaterako, ez da beharrezkoa izango.

  • Bilbok askoz denda gehiago ditu.

Egitura batzuk

Aurreko konparatiboetan bezala, perpaus txertatuan ageri diren osagaiak kontuan hartuz zenbait egitura jasoko ditugu hemen.

  • Aditz eta guztiko perpausa + baino…-ago
    • Bartzelonara bizitzera joaten zarenean ez dituzu Bilbon zenituen baino lagun gehiago izango. Guggenheim
    • Eman dizudan baino oraindik maitasun gehiago eman nahiko nizuke.
  • Aditz modalekin
    • Nahi baino diru gutxiago atera dugu jaialdiarekin.
    • Behar baino beldur gehiago izan du Maddik azterketa egiteko.
  • Uste izan/merezi… + baino…-ago
    • Uste baino jende gutxiagok eman du izena euskal dantza ikastarorako.
    • Merezi zuen baino zorion-agur gutxiago jaso zituen Enekok saria eman ziotenean.
  • (-tzeko, -rentzako) + baino…-ago
    • Jateko baino edateko gogo gehiagorekin gelditu ziren herri bazkarian.
    • Jolasteko baino ikasteko erabili beharko litzateke gehiago Internet.
  • IS ergatiboa + baino…-ago
    • Ez daukagu zuk baino motibo gutxiago haserre egoteko.
    • Gazte askok behar baino parranda gehiago egiten dute gaur egun.Sanferminak
  • IS absolutiboa + baino…-ago
    • Euskaltel-Euskadi ez da beste txirrindularitza taldeak baino gutxiago Tourrean.
    • Martin Peio baino azkarrago da halakoetarako.
    • Gurasoen esanak eta iritziak lagunenak baino gehiago kezkatzen du Aitziber.
  • IS datiboa + baino…-ago
    • Amari baino jaramon gehiago egiten dio Peruk aitari.
    • Zuri baino diru gutxiago eman didate niri lan horren truke.
    • Bero itogarri honek ez dio inori onik egiten, eta are gutxiago adinekoei.
  • Adizlaguna + baino…ago
    • Lehen baino ere arreta handiagoarekin egoten da orain eskolan haur hori.
    • Metroa eskura daukagunetik, inoiz baino gogo gehiagorekin joaten gara orain lanera.
    • Inoiz baino gutxiago hitz egin zuen Usoak bere kontuez egun hartan.
  • Osagai bat baino gehiago perpaus txertatuan
    • Nik bi egunetan gastatu dudan baino diru gehiago gastatu duzu zuk gaurko arratsaldean.
    • Euskarak ikasleak baino hiztunak behar ditu gehiago.
  • Baldintza perpausa + baino…-ago
    • Herriko dotoreena balitz baino harroago ibiltzen da kaletik.
    • Txakur bat aldamenetik igaroko balitzaio baino kaso gutxiago egiten dio ama horrek bere bizilagunari portalean elkartzen direnean.
  • Zenbatzailea + baino…-ago: ohiko bideari jarraituz, hauxe da honelako esapideen eskema nagusia: <zenbatzailea + (izena) + baino + (gehiago/gutxiago)>
    • Bi gauza baino gehiago ez da komeni egitea aldi berean.
    • Hiru lagunetik behera baldin badaude ezin dugu ikastaroa eman.
    • Bost poltsa baino gehiago ezin dira hartu denda horretan.Ukan
  • Adibide horietan bi kantitate konparatzen dira. Hurrengo adibide honetan ere zenbatasuna ari gara konparatzen, baina desberdintasuna adierazterakoan, erreferentzia puntua ez da kopuru jakin bat, beste baten kopurua baizik. Beraz, konparazioa bi eratara egin daiteke: zifra jakin bat aipatuz (honelakoek aditzik gabe joan behar dute) edo beste agente bat oinarri hartuta.
    • Zuk baino gose handiagoa dut nik.
    • Aitak baino lasterketa gehiago egin ditu honezkero Martinek.
  • Hala ere, esamolde hauek beste era batera ere eman daitezke. Oso bestelako egitura dute baina konparazioa bideratzeko modu bat erakusten dutenez hemen aipatuko ditugu:
    • Mendi honek mila metro baino gehiago ditu.
    • Mendi honek mila metro eta gehiago ditu.
    • Mendi honek mila metrotik gora ditu.
  • Horrelako perpausak ez dira erraz deklinatzen, absolutiboa ez beste kasuak ezartzerakoan:
    • Bost poltsatik gora ezin dira hartu denda horretan.
    • *Bost kafetik gora(k) erabat urdurituko zaituzte.
    • *Bost autotik gora(ri) ezarri die isuna udaltzainak.
  • Horiek zuzen emateko, ohiko bidea erabiltzea komeni da:
    • Bost poltsa baino gehiago ezin dira hartu denda horretan.
    • Bost kafek baino gehiagok erabat urdurituko zaituzte.
    • Bost autori baino gehiagori ezarri die isuna udaltzainak.
  • Bestela, sintagmako osagaien hurrenkera alda daiteke, izena azkena emanez:
    • Hogei milatik gora lagunek hartu dute parte manifestazioan.
  • Esamolde honek beste ezaugarri bat ere badu: baino-ren bi aldeetan dauden osagaiek hartzen dute kasu marka, eta normalean sintagmak kasu berean joaten dira.
    • Behin baino gehiagotan iruditu zitzaion irakasleari ikasleak adarra jotzen ari zitzaizkiola.
    • Alkate hori agintean egon zen bost urtez baino gehiagoz.
    • Lasterketa batean baino gehiagotan ikusi nuen Aner.
  • Hori da molderik ohikoena, baina bestelakoak ere badira:
    • Idazle horrek liburu bat baino gehiagotan idatzi du Euskal Herriko historiaz.
    • Lasterketa bat baino gehiagotan ikusi nuen Aner.
  • Gehiago izenaren ezkerretara ikusi dugu adibide horietan baina zenbait adibide klasikotan, eta ekialdeko euskaran bereziki, eskuinean ere ager liteke:
    • Eskual-herrian bai eta Frantziako bertze zenbeit tokitan behar baino gehiago apez badire (Zezenak errepublikan, Hiriart-Urruty, J.)
    • […]hor nituen mila baino gehiago entzuleen txalo artean[…] (Enkiridion, Azpilkueta, M. / Xarriton, P.)
    • Uste duzun baino gehiago belar bada bazter haietan.
    • Inoiz baino gehiago elur izan zuten negu hartan.
    • Duena baino gehiago diru behar izaten da egunak ongi pasatzeko.
  • Egiatasuna konparatzen: bi perpausak baieztatzen dutena ere konpara daiteke, bietan egiago zein den adieraziz. Bi galdegaiak jartzen dira kontrastean. Areago ere jar liteke honelako egituretan, gehiagoren ordez.
    • Zutaz baino gehiago, zure ahizpaz jardun genuen hizketan amak eta biok.
    • Kirolzale baino areago, kirolaria dela esango nuke.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Zenbatasuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3