Arratsaldean korrika egin zutenei eman zieten hainbat animo nola goizetik egin zutenei.
Baldin egin balute euskaraz haur horiek, nola egin duten gaztelaniaz, orain hobeto moldatuko ziratekeen.
Adibide honetan perpaus txertatuak ez du aditzik, eta beraz, bait- aurrizkia ere ez da ageri:
Arratsaldean abesten ari zirenei eman zieten hainbat aupada nola goizetik abestu zutenei.
Arratsaldean abesten ari zirenei eman zieten hainbat aupada nola eman baitzieten goizetik abestu zutenei.
Arratsaldean abesten ari zirenei eman zieten goizetik abestu zutenei adina aupada. (eredu arrunta)
[ez hainbeste…nola…]: hainbeste eta nola biak agertu arren, desberdintasunezko konparazioa bideratzen dute hemen, baino areago-ren tankerakoa.
Ez hainbeste nere forma fisikoa neurtzeko nola ondo pasatzeko, hartu nuen parte lasterketa horretan.
Perpaus hori nekez eman daiteke adina konparazio morfemarekin, bi perpausen egiatasuna konparatzen da, eta egitura berezia du: [ez hainbeste X nola Y] = [X baino areago Y]
Nere forma fisikoa neurtzeko baino gehiago, ondo pasatzeko hartu nuen parte lasterketa horretan.
Maila konparazioa
Hain…[nola…bait-/-en]: hain elementuak maila adierazten du perpaus nagusian, eta ondoren nola perpaus txertatuaren buruan joango da. Perpaus txertatuko aditza isilean ere utz daiteke, eta halakoetan, adizkiarekin batera joan ohi den bait- aurrizkia edo -en atzizkia ere isilean geratuko dira.
Martin ez zen hain aberatsa izan behin ere, nola baitzen alkate izan zen garaian.
Munduan ez dago hain gauza ederrik, nola maite duzun pertsona ondoan izatea.
Hain ziren pilotan onak esku ezkerraz, nola eskuinaz.
Halako…nola…: perpaus nagusiko kuantifikatzailea halako ere izan liteke.
Markelek ez zuen halako maitasunik jaso, nola unibertsitatean egon zen denboran.
Bezalako erabiliz ere eman liteke egitura hau:
Neskalaguna izan zuen garaian bezalako zoriontasunik ez zuen inoiz izan bere bizi osoan.
Berdin…nola: hauetan berdintasunezko konparazioa eraikitzen denez, <hain+adjektiboa> osagaiaren ordez, berdin adjektiboa ere erabil daiteke.
Alexek berdin korrika egin lezake, berdin igeri, nola profesional onenak.
Zein (eta): nolaren ordez erabil daiteke.
Liburu hori ez da hain erakargarria ikasleak motibatzeko, zein-eta aspertu eta gogaitzeko.
Ez du ezerk hainbeste animatzen Iker, zein-eta gogora ekartzeak espetxetik atera berri dela.
Modu konparazioa
…Hala..[nola…bait-/-en…]
Inork ezin du zure atsekabea hala arindu, nola zerorrek.
Gure gurasoek inoiz ez dute sakelakoa hala erabili, nola egungo gazteek!
Ez dago pertsonarik hala lan egiten duenik, nola zuk egiten baituzu.
Ø …nola
Gaztaroko urte guztiek ihes egin digute, nola haizeak esku artetik.
Hala…nola, banakaritza adierazteko: juntaduraz eratutako esamoldeen antzekoak dira korrelazio hauek eta ez da gauza handirik konparatzen. Egitura hau dute: hala X nola Y.
Eman diezadala jainkoak lasaitasuna, hala burukoa nola bihotzekoa.
Adibide hauetan esaterako, biak daude, juntadura eta hala…nola:
Gerra garaian denak egon ziren gosez, hala zaharrak nola gazteak.
Mikel beti egoten da pozik, hala kanpoan nola barnean.
Zuzen jokatzen saiatzen gara gu beti, hala lagunekin zein da lagun ez direnekin.