Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:5:5:2

Korrelazioak

Eredu erromanikoaren barnean, modu konparazioa aztertzean erakutsi dugu Hala…nola egiturak erabil litezkeela. Bada egitura hori alderantziz ere eman daiteke, hau da, nola…hala ordenearen:

  • Martxel beti dabil pozik, nola egunean hala gauean.
  • Nik ondo pasatzeko gogoa daukat, nola mendian hala parrandan.

Aizkorri

Nola galde hitza da berez, hala, berriz, galde-hitz horren korrelatiboa. Beste elementu batzuekin ere osa daitezke horrelako korrelazioak: nolako-halako, zenbat-hainbat, non-han, nor-hura… Korrelazioetan, galde-hitz baten bidez ematen zaio sarrera perpausari eta horrekin korrelazioan jartzen da bigarrena, galde-hitzari dagokion anaforikoaren bidez. Lehen aztertu ditugun konparazio perpausetan ez bezala, korrelazio hauetan, nolak galde hitz izaten jarraitzen du, zenbatek eta nonek bezala. Lehen perpausean zehargaldera itxurako perpaus bat ematen da eta ondoren anafora batekin hasten da perpausa.

  • Nola bizi, hala hil.
  • Amak nola niri, hala erakutsi diet nik neure seme-alabei.

Korrelazioa oso baliabide orokorra da hizkuntzan eta era askotako erlatiboak sortzeko erabiltzen dugu: zer jan, hura izan… Konparaziora ekarrita, korrelazioak moduzkoak edo zenbatasunezkoak izaten dira. Moduzkoetan nola galde hitza erabiltzen dugu; zenbatasunezkoetan, berriz, zenbat. Maila konparazioa adierazteko, zenbatenaz edo zenbat aurkituko ditugu, baina normalean honelako konparazioak berdintasunezkoak izaten direnez, berdintasunezko maila konparazioaren antzeko zerbait lortzen da nolako(a)-halako(a) korrelazioan. Bestalde, konparazioa mailaka daiteke, baita korrelazioan ere: zenbat eta gehiago irabazi, hainbat eta gehiago nahi dugu… Beraz, lau korrelazio mota aztertuko ditugu atal honetan:

Modu konparaziozko korrelazioak

  • [nola…bait-…] hala…
  • Nola hitz egiten baitzidan niri amak gaztetan, hala egiten diet nik orain seme-alabei.
  • Norberak nola egiten baituen lan gaztetan, hala egiten du gero ere zahartzean.
  • Saguak nola harrapatzen baitzuen gazta, hala harrapatzen zuen katuak sagua.
  • …bezala…hala
  • Amak niri hitz egiten zidan bezala, (hala) egiten diet nik orain seme-alabei.
  • Norberak lan gaztetan egiten duen bezala, (hala) egiten du gero ere zahartzean.
  • Saguak gazta harrapatzen zuen bezala, (hala) harrapatzen zuen katuak sagua.

Zenbatasunezko konparazio korrelazioak

Zenbat buru, hainbat aburu

  • [zenbat…hainbat]: korrelazio honetan bi kantitate konparatzen dira:
  • Zenbat irakurtzen duzuen, hainbat ikasiko duzue.
  • Zenbat aldiz entrenatzen duzun, hainbat hobeto amaituko duzu lasterketa.
  • Zenbat buru, hainbat aburu.

Maila konparaziozko korrelazioak

  • [Zenbate(na)z…bait-…] hainbate(na)z…: bi adjektiboren edo aditzondoren mailak korrelazioan jartzeko, zenbatzailea erabiltzen dugu.
  • Zenbatenaz hitz egiten baitu ingelesez, hainbatenaz hartzen du hizkuntza horrekiko trebetasuna.
  • Mailaren zenbatasunezko korrelazioak: egitura hauetan -ago-ren zenbatekoak jartzen dira korrelazioan. Hau da, konparazioa ezartzen dute, baina horiei kuantifikazioa gaineratuta. A B baino -ago dela esateaz gain, -ago baten maila aldatu ahala bestearena ere aldatzen dela adierazten dugu: zenbat -ago, hainbat -ago. Desberdintasuna zenbatekoa den esaten da, eta bi zenbatekoak korrelazioan jartzen dira. Zenbat -ago adierazten duten bi perpaus parekatzen dira, bien zenbatekoak korrelazioan jarriz. Zenbatasunaz ari garenez zenbat galde-hitza esamolde guztietan agertuko da:
zenbat eta…-ago… {-en/bait-} {hainbat/orduan} -ago

Bi prozesu edo egoera konparatzen dira:

  • Zenbat eta gehiago ezagutzen dudan, orduan eta gehiago gustatzen zait.
  • Zenbat eta diru gehiago irabazi, orduan eta gehiago nahi izaten dugu.
  • Zenbat eta gehiago lagundu, okerrago.

Korrelazio hauen lehen atalean aditza osorik eman daiteke (lehen adibidean bezala), baina baita laguntzailerik gabe ere (bigarren adibidean bezala), eta inongo aditzik gabe ere (hirugarren adibidean bezala). Aditzaren aspektuari gagozkiola, adizki jokatua darabilgunean forma ez perfektuak behar dira; aditz laguntzailerik gabeko formak ematen ditugunean, berriz, partizipioa eskatzen du egiturak. Hala ere, partizipio horrek ez du perfektu baliorik aspektuaren aldetik. Gainera, aditza laguntzailearekin ematen denean, -en edo bait- menderagailua sartu behar da. Gainerako korrelazioetan bezala, zehargalderaren tankerako egituren aurrean gaudela erakusten du horrek.

  • Zenbat (eta)…-ago…hainbat…-ago
  • Zenbat eta gehiago jan, hainbat eta handiagoa izango da zure gosea.
  • Zenbat eta gutxiago saiatu, hainbat eta zailagoa izango da azterketa gainditzea.
  • Zenbat ere…bait-…hainbatenaz-…-ago
  • Zenbat ere handia baita gure ezjakintasuna gai horretan, hainbatenaz handiagoa da gure jakinmina.
  • Zenbate(na)z…-ago…hainbate(na)z…-ago
  • Zenbatenaz egarria handiago, hainbatenaz edaria gozoago.
  • Marrubiak zenbatenaz helduago, hainbatenaz dira zaporetsuago. Marrubiak
  • Ikasgaia zenbatenaz korapilatsuago, eta hainbatenaz interesgarriago. (eta juntagailua bi perpausen artean)
  • Hainbatenaz…-ago…zenbatenaz…-ago: egitura hauetan ezin da eta juntagailua erabili. Maila zenbatzen ari garenez, korrelazioaren bi zatietan -ago konparatiboaren marka agertzen da normalean, baina gerta liteke gabe ere ematea.
  • Hainbatenaz gozoago mintzo zaio emaztea senarrari, zenbatenaz maiteminduago sentitzen da gizonezkoa.
  • Hainbatenaz gorago jaurtitzen du baloia atezainak, zenbatenaz gorago egiten dute jauzi jokalariek.
  • Hainbatenaz haur gehiago elkartu, zenbatenaz aberatsago da jolasa.
  • …-ago (eta)…-ago
  • Eguzkia gorago, beroa handiago.
  • Irakasleak debekatzenago, eta ikasleek oihukatuago.
  • Gero(ago) (eta)…-ago: egitura honetan adierazten dugu denborak aurrera egin ahala zerbait X-ago dela, hau da, korrelazioan jartzen dugun lehen kontua denbora da.
  • Geroago eta hobeto hitz egingo duzu ingelesez.
  • Geroago eta ederrago dago zure alaba.

Konparazio hauek denbora adierazten dute, horregatik ez dira zuzenak denbora-joko hori ez duten gero-dun perpausak:

  • ? Gero eta barrurago, eta ilunago dago etxea.
  • Zenbat eta barrurago, orduan eta ilunago dago etxea.
  • Gero eta aberatsagoa, eta zekenagoa da gizakia.
  • Zenbat eta aberatsagoa, hainbat zekenagoa da gizakia.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Korrelazioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3