Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:6

Perpaus osagarriak

Perpaus osagarriak ere mendeko perpausak dira. Hain zuzen ere, perpaus nagusian dagoen elementu baten (gobernatzailea) osagarri dira perpaus hauek. “ Perpaus Konpletibo” ere esan izan zaie.

Hauek guztiak ikusiko ditugu atal honetan:

Gobernatzailea

Perpaus osagarriek azpimultzo bat osatzen dute menderakuntza bidez sortutako perpaus elkartuen artean. Azpimultzo honen ezaugarri bereizgarria hau da: perpaus nagusian dagoen elementu batek (“gobernatzaileak”) mendeko perpausa hautatzen duela. Hona hemen zenbait adibide:

  • Bihar liburu bat ekarriko duela esan du
  • Etxeko lanak egin behar diren galdetu du
  • Lan gehiago egitea nahi dute ugazabek

Perpaus nagusia eta mendekoa bereizten ditugunean, erraz antzeman daiteke gobernatzailea zein den kasu bakoitzean. Gobernatzailea azpimarratuta adierazi dugu esaldiotan eta mendeko perpausa parentesi artean sartu dugu:

  • [Bihar liburu bat ekarriko duela] esan du
  • [Etxeko lanak egin behar diren] galdetu du
  • [Lan gehiago egitea] nahi dute ugazabek/[Lan gehiago egin dezagun] nahi dute ugazabek

Behean ikus daitekeenez, esan aditzak -eLA menderagailudun perpausa eskatzen du eta ezin du -TZEA perpaus jokatugaberik onartu. Aldiz, galdetu aditzak -N menderagailua duen mendeko perpausa onartzen du soilik. Nahi aditzak -TZEA perpaus jokatugabea edo subjuntibozkoa onartzen ditu, baina ez -eLA menderagailuaz sortutakorik:

  • *[Bihar liburu bat ekartzea] esan du
  • *[Etxeko lanak egin dituela] galdetu du
  • *[Lan gehiago egingo dugula] nahi dute ugazabek

Perpaus Osagarriak konplementazio-erlazioan daudela esan ohi da, guztiak baitira perpaus nagusian dagoen elementu gobernatzaile baten osagarri. Informazio mota hau hiztegitik datorkio hiztunari, gobernatzaile bakoitzak dituen murriztapenak ezagutzen baititu.

Konplementazio-erlazio hau ez da aurkitzen beste mendeko perpausetan, soilik osagarrietan. Adibidez, hurrengo perpaus bietan -TZEKO menderagailua ageri da, baina konplementazio-erlazioa soilik lehenengo adibidean dugu: esan aditzak nahitaez eskatzen du objektuaren hutsunea betetzea, eta kasu honetan mendeko perpausak betetzen du. Bigarrenean, mendeko helburuzko perpausak ez du perpaus nagusiko elementuen beharrik asetzen, gehigarria da, hautazkoa.

  • [Bihar ez etortzeko] esan didate
  • Aitorrek opari bat eman dit, [haserrea pasatzeko]

Goiko adibide guztietan gobernatzailea aditza izan da, baina hainbat eratako gobernatzaileak daude, hala nola izenak ([aldegingo dueN] susmoa), adjektiboak (garestiegia da [oparitzeko]), eta abar (ikus gobernatzea zer den atala). Perpaus osagarriak ere hainbat eratakoak izan daitezke. Hona hemen zenbait parametro eta adibide:

Perpaus osagarriak
Jokatutasuna
Jokatua Jokatugabea
Modua
Indikatiboa Subjuntiboa
Semantika
Adierazpena Nahia Galdera
Funtzioa
Subjektua Objektua Izenlaguna
  • Jokatutasunaren arabera: Jokatua (Bihar kalera joango dela esan du) edo jokatugabea (Bihar klaera joateko eskatu digu).
  • Moduaren arabera: Indikatiboa (Baratzeko piperrak ureztatzeke daudela gogorarazi dit) edo subjuntiboa: (Zoriontsu izan zaitezen nahi dut).
  • Semantikaren arabera: Adierazpena (Esan du bihar etorriko dela), nahia (Bihar etortzea espero dut) edo galdera (Ez dakit katua non sartu den).
  • Funtzioaren arabera: Subjektua (Horren berandu kalean ibitzeak beldurtzen nau), objektua (On dagizula! (opa dizut)), izenlaguna (Barkatuko didazulako ustea).

Perpaus osagarriak eta menderakuntza

Perpaus bakunak konbinatu egin daitezke eta horrela perpaus elkartuak sortzen ditugu. Honetarako bi bide ditugu: juntadura (koordinazioa) eta menderakuntza (subordinazioa). Perpaus osagarriak menderakuntza bidez sortzen dira eta hortaz, menderakuntzari sor zaizkion ezaugarriak erakusten dituzte:

  1. Menderakuntza perpaus bat beste batean txertatzean datza eta ondorioz, perpausak ez daude maila berean, erlazio hierarkikoan daude: bata perpaus nagusia da eta bestea mendekoa. Mendekoa perpaus nagusiaren osagai bihurtzen da eta bestelako sintagma/osagai txikiagoek betetzen dituzten funtzioak betetzen dituzte. Adibidez, beheko adibidean, mendeko perpausak kontatu predikatuaren osagarri funtzioa betetzen du:
    • [Mireiak kontatu dit [istorio harrigarri hura]].
    • [Mireiak kontatu dit [amak haserre egin diola]].
  • Juntaduraren antzera, menderakuntza errekurtsiboa da: perpaus bat beste baten barruan txertatzearen operazioa nahi haina aldiz egin daiteke. Noski, ulergarritasunaren mesedetan eta memoria kontuak direla eta, ez dugu behar baino gehiegi ustiatzen balibide hau.

  1. Perpausen elkartzea gehienetan menderagailu hizkien bidez gauzaten da (-(e)n, -(e)la,…), eta ez juntaduran aurkitzen ditugun hitz solteen bidez. Menderagailu atzizkiak mendeko perpausaren bukaeran doan aditzari eransten zaizkio, bai aditza joatua ala jokatugabea denean:
    • [Noiz joango naizen] ez dizut esango.
    • [Etxera ez joatea] erabaki dut.
  • Euskara Batuan mendeko aditzak menderagailu atzizkia hartzen duenean egokitze jakin batzuk jasaten ditu. Adibidez dakit + (e)la –> dakidala sortuko dugu. Ikus Konplementazioak dakartzan aldaketak atala behean azalpen zabal bat nahi izanez gero.
  1. Aditza menderagailuren batekin agertzea mendekotasuna dagoen seinale da, nahiz eta perpaus nagusia ezabatuta edo ezkutuan egon. Hau da, adibidez, Berak egin dezala! edo On degizula! bezalako esapideen oinarrian egongo litzatekeen eskema.
  1. Juntaduran ez bezala, menderakuntzan ez da garrantzitsua elkartzen diren perpausen ordena. Esanahi bera dute Ondo iruditzen zait atzerrira joatea edo Atzerrira joatea ongi iruditzen zait perpausek. Aldiz, garrantzitsua da ordena juntaduraren bidez elkartzen diren perpausetan:
    • Opari bat erosi nion eta haserretu egin zen.
    • Haserretu egin zen eta opari bat erosi nion.
  1. Ezaugarri morfosintaktikoei dagokienez, Juntaduran elkartutako perpausek ez dute eragozpenik erakusten alokutiboaren erabileran. Menderakuntzan, aldiz, mendeko aditza jokatua denean ez da tratamendu alokutiborik onartzen:
    • Ez nioan inori laguntzarik eskatu eta, azkenean, neronek atera behar izan nian autoa.
    • *Inori ez zioadala esango uste diat (Cf. Ez zioat inori esango).
  1. Perpaus osagarri jokatuak ez dira Determinatzaile Sintagma eta beraz, ezin dute kasu markarik jaso. Hala ere, instrumentala eskatzen duten zenbait aditzek (oroitu, ahaztu, konturatu…) har dezakete -(e)la menderagailua:
    • *[Jon etxetik alde duelak] pena handia eman dit.
    • [Jon etxetik alde egiteak] pena handia eman dit.
    • Joneren etxetik pasatu behar naizela oroitu naiz.

Osagarri-erlazioa edo konplementazioa

Gobernatzea zer den

Gorago aipatu legez, perpaus osagarriak perpaus nagusiko elementu baten hautaketaren bidez sortzen ditugu. Elementu hautatzailari gobernatzailea deitzen zaio. Perpaus osagarriak konplementazio-erlazioan daude gobernatzailarekin, elementu horren osagarri bihurtzen baitira. Erlazio honen ondorioz perpaus osagarria beharrezko elementu bihurtzen da, ez da hautazkoa. Beheko adibideetan soilik lehenengoan dugu perpaus osagarria: esan gobernatzaileak eskatzen duen osagarri funtzioa betetzen du. Beste adibideetan ikusten den legez, helburuzko perpausetan eta erlatibozkoetan dugun informazioa gehigarria da, ez da ezinbestekoa.

  • [Bihar ez etortzeko] esan didate
  • Aitorrek opari bat eman dit, [haserrea pasatzeko]/Aitorrek opari bat eman dit
  • [Atzo adierazi zenidan] susmoak ez zuen funtsik/Susmoak ez zuen funtsik.

Oparia Atal honetan zehaztuko ditugu perpaus osagarrietan ematen diren hautaketak nolakoak izan daitezkeen, zerk zer hauta dezakeen eta hautatzaileak nolakoak izan ohi diren.

Gobernatzaileak

Perpaus osagarrien ezaugarri nabarmenena da mendeko perpaus horiek gobernatzaile batek hautatuak direla. Maiz, gobernatzailea perpaus nagusiko aditza da eta aditzak hiztegitik dakarren informazioaren arabera baldintzatzen du mendeko perpaus osagarriaren itxura morfologikoa eta bere semantika (ikus behean Menderagailuen hautaketa eta Osagarri moten hautaketa atalak). Hona hemen zenbait adibide:

  • [Dendariak eguraldi ederra dagoela] esan du.
  • Ez dut entzun [hori gertatu denik].
  • [Mikel etorri den] galdetu dizut.
  • Rubenek eskatu dit [bere bila joateko].
  • [Mirenek alde egin dezan] nahi dute.

Aditzez gain, zenbait predikatu (ona izan) eta adjektibo (garestiegia izan) ere gobernatzaileak izan daitezke.

  • [Noizbehinka lagunekin gelditzea] oso ona da.
  • Garestiegia da [erosteko].
  • Okerrena da [ez direla ezertaz konturatu].
  • Ez dago garbi [etxe salduko ote duten].

Aditzen pare, izenak eta izen sintagmak ere gobernatzaileak dira. Ohartu, izen sintagmaren barnean ere hautatzen dituztela osagaiak batzuetan ([[Heriotzaren] beldurrik] ez dute ezagutzen). Izenlagunak ez ezik, perpausak ere hautatzen dituzte izenek, beheko adibideek erakusten dutenez. Horrelakoetan, perpaus osagarria izenlaguna da, izen sintagmetan izenlagunen ohiko marka den –ko atzikiaren agerpenak salatzen duenez (jokatuetan –elako eta ezjokatuetan –tzeko). Ohartu izena bere soilean (susmoa) ez dela gobernatzailea, baizik eta egitura osoa (susmoa izan): Benidorm

  • [Lurdesen gurasoak Benidorrera joan diren/direlako] susmoa dut.
  • [Zergatik ote daukate egia entzuteko] beldur hori?

Harridurazko perpausak sortzen dituzten eskerrak, horixe, baietz eta horra bezalakoak ere gobernatzaileak dira:

  • Eskerrak [ez den gehiegi hurbildu!]
  • Horixe [joango naizela]!
  • Baietz [apostua irabazi]!
  • Horra [nor etorri den]!

Bukatzeko, gobernatzaileek ez dute nahitaez fonetikoki agerian egon behar, gobernatzaile isilak ere badaude. Adibidez, on degizula! perpausaren azpian opa dizut bezalako aditz bat dugula ez dago zalantzarik. Bigarren esaldian, aitak esan dit zuri esateko…-ela bezalako egitura ezkutatzen da.

  • [On degizula!] (opa dizut)
  • Aitaren partez [bihar etorriko dela]. (esan du)

Menderagailuen hautaketa

Gobernatzaile bakoitzak bere perpaus osagarriaren mendekotasuna adierazten duen erlazio marka edo menderagailua aukeratzen du. Galdetu aditzak –(e)n menderagailua eskatzen du eta adierazpenezko uste aditzak –ela. Ezin dira trukatu menderagailuak. Gobernatzaileei dagokien informazio hau hiztegitik datorkio hiztunari.

  • Mireiak [afaltzera joateko berandu dela/*den] uste du.
  • Mireiak [afaltzera joateko berandu ote *dela/den] galdetu du.

Perpaus mailan ez ezik, erlazio marken hautapena sintagma mailan ere ematen da. Adibidez, saldu aditzaren osagarriak NOR kasuan edo Absolutiboan ageri behar du euskaraz, edo beldur izan predikatuak ZEREN kasua eskatzen du eta ez ZEREKIN:

  • Mirenek autoa/autoaren saldu du.
  • Etsaiaren/*etsaiarekin beldur dira gureak.

Aditz bakoitzak mendeko perpausarekin lotura egiteko aukeratzen duen menderagailua ondo finkatuta dago hizkuntzan. Hala ere, predikatu batzuek menderagailu bat baino gehiago onartzen dute. Adibidez, nahi aditzak subjuntibozko perpaus osagarri jokatuari eransten zaion –n menderagailua onartzeaz gain, perpaus osagarri jokatugabea sortzeko darabilgun –tze menderagailua ere onartzen du. Beste adibide bat jakin aditzean aurki dezakegu, –en ala –ela onartzen baititu:

  • Nik [Miren joan dadin] nahi dut.
  • Nik [Miren joatea] nahi dut.
  • Badakit noiz izango den.
  • Badakit Jon etorri dela.

Menderagailuak mendeko adizkiari lotzen zaizkio. Perpaus osagarri jokatuetako menderagailu ohikoenak –en eta –ela dira, eta jokatugabeetakoak –tze atzizkiaren bidez sortzen dira (-tzea, -tzeak, e.a.). Beste menderagailu batzuk -ba eta partizipioa bera ditugu. Hona zenbait adibide: Drogak

  • Ba al dakizu Jon bilerara datorren?
  • Bihar kirola egitea arriskutsua izan daitekeela uste dugu.
  • Drogak hartzeak ez dizu arazoa konponduko.
  • Ez dakit etorriko bada.
  • Zu hona etorriak asko poztu gaitu.

Menderagailu atzizkiak batzuetan soilik agertzen dira eta beste batzuetan beste atzizki baten ondoan, morfologikoki atzizki konplexuagoak sortuz. Adibidez, -en menderagailua oinarri hartuta sortzen ditugu –enik eta –enetz, eta –ela oinarrian dutela –elarik, -elako, e.a. Ohartu oinarri bera izateak ez duela esan nahi bata zein bestea erabil daitezkeenik menderagailu gisa, gobernatzaileek agintzen baitute zein menderagailu behar dugun kasu bakoitzean. Adibidez, aditzek hautatzen dute –ela eta –elako, berriz, izenek:

  • Ikerrek badaki argia izatea ez dela nahikoa eta lan gogor egin behar dela.
  • Uxue Lekeitiora ezkondu delako zurrumurrua egia omen da. Lekeitio

Gobernatzaileaz gain, kasu bakoitzean behar dugun menderagailua zuzen aukeratzeko mendeko perpausaren semantikari ere begiratu behar zaio. Adibidez, -ela eta –en atzizkien gobernatzaileak aditzak dira, baina lehenengoa adierazpen perpausetan darabilgu eta –en zehargalderetan batez ere:

  • Irlara joateko gogoa duela esan digu Mikelek.
  • Iruditzen zait ez dela etorriko.
  • Etxea saldu duen galdetuko diot Josebari.
  • Inork ez daki bihar bilerara etorriko ote den.

Hala ere, badaude salbuespenak, batez ere subjuntibozko perpaus osagarrien alorrean, -en eta –ela biak erabil baitaitezke banaketa semantiko horretatik at:

  • Berehala etor zaitezen nahi dut.
  • Eskatzen dizut berehala etor zaitezela.

Osagarri moten hautaketa

Perpaus osagarrien bereizgarria da perpaus nagusiko gobernatzaile batek hautatuak izatea. Hau da, hai zuzen ere, mendeko perpaus moten artean talde bat proposatzeko arrazoi sintaktiko nagusi eta apurretakoa. Izan ere, perpaus osagarriek talde heterogeneoa osatzen dute begiratzen zaien alderdia edozein delarik, atal honetan ikusiko dugunez.

Perpaus osagarriaren komunikazio-funtzioaren arabera: Perpaus osagarriek hainbat funtzio bete ditzakete hizkuntzan. Besteak beste, adieraz ditzakete iritziak, ezaguerak, jarrerak, suposizioak, gurariak… zehar estiloan norbaitek esan duena aipatzeko ere erabiltzen ditugu:

  • Ez dut uste Ruben bazkaltzera etorriko denik.
  • Ezagun da egin beharrekoak egin ez dituela (ni)
  • Eskerrak azkenean euria egiteari utzi diola.
  • Demagun loteria tokatzen zaizula.
  • Zu gurekin bizitzera etortzea nahi genuke.
  • Junek baserrian pozik bizi dela esan digu.
  • Oporretan nora goazen galdetu digute.

Perpaus osagarriak betetzen duen funtzio sintaktikoaren arabera: Perpaus osagarriak perpaus nagusiaren barnean txertatzen dira eta gehienetan perpaus nagusiko objektu guneak betetzen dituzte:

  • [Bihar liburu berri bat aterako duela] uste dugu.
  • Ikusiko duzu [nola ahaztuko zaion hori egitea].
  • Badakit [nork irabaziko duen lehiaketa].
  • [Bihar ez etortzeko] eskatu digute.

Talde honetan sartuko genituzke hurrengoak ere, objektu funtzioa betetzen dute eta:

- Gobernatzailea isilik duten zenbait perpaus osagarri, horien azpian opa dizut edo antzeko gobernatzaileren bat dagoela proposatu baitaiteke.

  • On dagizula!

- Susmoa izan, erabakia hartu…eta antzeko predikatu-egituren mende dauden perpaus osagarriak, horien azpian susmatu edo erabaki aditzak daude eta:

  • Susmoa daukat nire atzetik dabiltzala.
  • Erabakia hartu dute aurten oporretan Frantziara joango direla.

Perpaus osagarriek subjektu funtzioa posizioa ere bete dezakete: Hemen sailkatuko genituzke izan aditzarekin eratutako egitura atributiboak:

  • [Zu hona etorriak] asko poztu gaitu. Octoberfest, garagardoaren festa
  • [Horrenbeste garagardo edateak] ez dizu onik egingo.
  • Ez dago garbi [nor den hiltzailea].
  • Egia da Miren atera zela garaile borroka hartatik.
  • Begi bistakoa da ez dituela etxeko lanak egin.
  • Lehen aldia da horrela hitz egiten didala.

Subjektu eta objektu funtzioez gain, zeren/zertaz edota zertara kasu-guneak betetzen dituzten perpaus osagarriak ere baditugu:

  • Beldur naiz ez dutela ezer egingo.
  • Bere emazte ohia noiz agertuko den zain dago.
  • Baldintza txarretan lan gogor egitera behartu zuten.

Bukatzeko, perpaus osagarriaren gobernatzailea izena den kasuetan mendeko perpausak izenlagun funtzioa betetzen du. Hain zuzen ere, izenlagun soilak sortzen dituen –ko atzizkia azaleratzen da horrelako perpaus osagarri askotan (-(e)lako/-tzeko). Besteetan erlatiboak sortzeko dugun –(e)n menderagailua ageri da.

  • [Berriz ezkonduko zarelako] kontua zabaldu da herrian.
  • [Etxetik alde egingo duen] kezkak urduri dauka.

Perpaus osagarriaren jokatutasunaren arabera: Perpaus osagarrien itxura morfologikoari so egiten badiogu, batzuek aditza jokatua erakusten dute eta beste batzuek jokatugabea. Zenbait aditzek bietarikoak hauta ditzakete (esan aditza kasu) baina ez beste batzuek, adibidez gustatu aditzak:

  • Liburu hori itzul dezadala esan dit Jonek.
  • Liburu hori itzultzeko esan dit Jonek.
  • Hondartzara joatea gustatzen zait.
  • *Hondartzara joaten naizela/joan nadin gustatzen zait.

Perpaus jokatuetan adizkiek pertsona/numero komunztadura eta denbora markak erakusten dituzte. Perpaus jokatugabeek, ordea, ez, eta informazio hori azaldu nahi bada, osagaiak esplizituko adieraziz egin behar da:

  • Ez dute nahi (zuek) horrela ibiltzea.

Jokatutasunaren araberako adizkiaren itxura eta horietan darabilgun menderagailuaren artean korrelazioa dago: jokatuetan –eLA eta –eN ditugu eta jokatugabeetan –tze nominalizazio atzizkia eta partizipioa batik bat.

Perpaus osagarriaren moduaren arabera: Aditz jokatuen eremuan, beste hizkuntzen parean euskarak ere indikatibo-subjuntibo oposizioa adierazten du. Gobernatzaile batzuek indikatibozko perpaus osagarria onartzen dute (aipatu, susmatu) soilik eta beste batzuek subjuntibozkoa (nahi).

  • Aipatu du bihar ez dela etorriko.
  • Etor zaitezen nahi dugu lagunok.

Subjuntibozko perpaus osagarriak zehar aginduak eta beste hainbat jarrera adierazpen egiteko erabiltzen dira. Bestalde, mendeko perpaus jokatugabea subjuntibozko perpaus jokatuen parekoa da eta biak trukagarriak izan ohi dira. Izan ere, indikatiboarekin alderatuz, biak dira beti mendeko eta biak dira aspektugabeak. Hala ere, horrelakoetan maizago erabiltzen da jokatugabea subjuntibozkoa baino:

  • Buka ditzagun eskatu du.
  • Bukatzeko eskatu du.
  • Poliki ibiltzeko esan diote.
  • Poliki ibil dadila esan diote.

Konplementazioak dakartzan aldaketak

Zehar estiloa: birformulazioa deiktikoa

Hainbat perpaus osagarri norbaitek aditzera eman duena aipatzeko erabiltzen ditugu, aipamena komunikazio-aditz baten mende jarriz. Horrelakoek konplementazio-egitura erakusten dute, jatorrizko perpausa (lokabea) mendeko bihurtuz. Zehar estiloa erabiltzeak birformulazio deiktiko bat burutzea eskatzen dio hiztunari, ikuspegi deiktiko berrira egokitzea, alegia. Maiz honek eskatzen du aditzaren pertsona eta denborari markak ez ezik erakusleak ere aldatzea (horko–> hango, etorri–>joan, zaitez–>zedin, agindu dio–>agindu zion).

  • Horko hondartzara etor zaitez, agindu dio Jonek Mireni
  • Hango hondartzara joan zedila agindu zion Jonek Mireni.
Denbora komunztadura

Zehar estiloa erakusten duten perpaus osagarrietan kontutan hartu behar dugu perpaus nagusiaren eta mendekoaren artean lotura dagoela eta mendekoak erakuts dezakeen denbora ez dela erabat librea. Zehatzago, denbora hori perpaus osagarria gobernatzen duen aditz nagusiaren erreferentziak gobernatzen du.

  • [Atzo pozik ibili zela] esan zuen (atzo).
  • [Atzo pozik zebilela] esan zuen (atzo).
  • [Gaur pozik ibiliko zela] esan zuen (atzo).
  • *[Gaur pozik dabilela] esan zuen (atzo).

Ikusten denez, arazoa sortzen da aditz nagusia iraganean dagoenean eta mendekoa aditz nagusiaren ondokoa denean. Horrelakoetan, zeinahi dela hizketa unearekiko erreferentzia, “-ko+ iraganeko laguntzailea” erabiltzen da.

Antzeratsu, horrelako komunztadura berezia azaleratzen da orainaldi burutuekin ere, denborari dagokionez iraganekotzat har baitaitezke.

  • Belarra moztuko zuela esan zidan.
  • Belarra moztuko duela esan zidan.

Lehenengo adibidea anbiguoa da, esaldi horren bi jarraipenek erakusten dutenez. Bigarrenak, ordea, esanahi bakarra du, etorkizunekoa:

  • Belarra moztuko zuela esan zidan… eta egin zuen/…eta egingo du.
  • Belarra moztuko duela esan zidan… *eta egin zuen/…eta egingo du.

Salbuespen gisa, mendeko perpausa denbora-aspektu orokorra edo mugagabea duenean orainaldia ere erabil daiteke:

  • Bosniakoa ikusi baino lehen ere esana nuen nik [gerra guztiak txarrak zirela].

Bosniakoa ikusi baino lehen ere esana nuen nik [gerra guztiak txarrak direla].

Bukatzeko, subjuntibozko perpaus osagarrien kasuan ere mendeko aditzaren denbora aditz nagusiaren araberakoa izaten da: orainaldikoa hura orainaldikoa denean eta iragana hura iragana denean:

  • Jonek nahi du Miren itzul dadin.
  • Jonek nahi zuen Miren itzul zedin.
Adizkien formen aldaketak menderagailuari lotzean

Menderagailuak hartzen adizkien formak aldatu egiten dira. EGLUk horrela deskribatzen ditu –eN, –eLA eta bait- menderagailuak hartzean adizkiek jasaten dituzten aldaketak:

  • Adizkerak bukaeran pertsona indizea duenean:

1._taula_aldaketak_adizkietan_a.jpg

  • Adizkerak bukaeran absolutiboaren pluraleko indizea duenean: -ela ena -en aurkitzen dugu; salbuespena da -tza pluralgilea.

550

  • Adizkerak bukaeran -ke duenean: -keela, -keen egiten da.

  • Adizkerak bukaeran aditz erroa duenean: -ela, -en egiten da. Salbuespenak: erroaren amaieran -a dutenak eta *edin laguntzailea.

  • Adizkerak bukaeran -n iraganaldiaren marka duenean:

  • Bait- menderagailuari lotzean hurrengo aldaketan jasaten ditu adizkiak:

  • Bizkaieraz zehargalderetan erabiltzen den ba- menderagailua: menderagailu honek ez du aldaketarik sortzen (bada, bagara, bazen…).

Perpaus osagarri ez-kanonikoak

Perpaus osagarrien ezaugarri nabarmenena da mendeko perpausa gobernatzaile batek hautatzen duela, gobernatzaileak osagai gisa perpausa eskatzen duelako. Osagai tipikoenak dira aditzari estuki lotutako eta nahitaezko osagaiak: subjektua, objektua eta zehar-objektua. Beste muturrean adjuntuak ditugu, hautetsiak ez diren mendeko perpausak, adibidez helburuzkoak.

  • [Liburu hau erosteko] esan/eskatu dit.
  • [Liburu hau erosteko] eman dit dirua aitak.

Hala ere, badaude subjektu, objektu eta zehar ojektuak ez diren bestelako perpaus osagarriak ere. Hurrengo adibideek erakusten dute perpaus berak (liburu hau erostera) funtzio desberdina duela gobernatzailaren arabera: alde batetik, behartu predikatuaren osagarri da, zalantzarik gabe. Iritsi predikatuaren nahiatezko osagarri ere izan daiteke. Alabaina, mugimendua adierazten duen beste predikatu batek, etorri predikatuak, ez du eskatzen nahitaez mendeko perpausa iritsi-k eskatzen duen mailan. Hala ere, nahitaezko osagaia izan ez arren, badakigu etorri aditzak normalean eraman ohi duen elementua dela nora kasudun perpaus osagarria. Horrelakoak, perpaus osagarri ez-kanonikoak dira, baina benetako adjuntuetatik bereizi bihar direnak.

  • [Liburu hau erostera] behartu naute.
  • #Behartu naute.
  • [Liburu hau erostera] iritsi naiz (erosi nahi ez nuen arren).
  • #Iritsi naiz.
  • [Liburu hau erostera] etorri naiz.
  • #Etorri naiz.
  • Aitak dirua eman dit [liburu hau erosteko].
  • Aitak dirua eman dit.

Hurrenkera kontuak

Mendeko perpausen hitz hurrenkera kontuei buruz ari garenean, bi eremutako hitz ordenak aztertu behar ditugu. Alde batetik, mendeko perpausak berak perpaus osoan duen kokapenari buruz, eta bestetik, perpaus osagarriko barneko osagaien ordenari buruz.

Perpaus osagarri jokatuen kokapena perpaus nagusiaren barnean

Atal honetan perpaus osagarri jokatuek perpaus osoan duten kokapena nolakoa den deskribatuko da.

Gonernatzailea izen bat denean, perpaus osagarriek izenaren ezkerrean kokatzeko joera erakusten dute, izenlagunek izenarekiko egiten duten antzera. Hala ere, hizkuntzak onartzen du perpausok izenaren eskuinean kokatzea ere.

  • Nire susmoa
  • Atzo sortu zitzaidan susmoa
  • Bere semea atxilotu zutelako susmoa

Gonernatzailea aditz bat edo predikatu egitura bat denean, oro har perpaus osagarria haren ezkerrean zein eskuinean koka daiteke, esanahiaren aldetik inongo inplikaziorik gabe.

  • Ruben bihar bazkaltzera etorriko dela esan didate.
  • Esan didate Ruben bihar bazkaltzera etorriko dela.

Horrela, maiz Izen Sintagmek bete ohi dituzten posizioak bete arren, perpaus osagarriek ez dituzte izen sintagmek erakusten dituzten ñabardurak hitz ordena ezmarkatutik aldentzen garenean, aditza perpaus hasieran jarriaz.

  • Porruak jorratu ditut.
  • Jorratu ditut porruak.

Izan ere, perpaus osagarrien kasuan maiz hobesten da aditza aurreratzeko joera, perpausaren prozesamenduaren mesederako, perpaus osagarria konplexua denean edota predikatu nagusia bera luzea delako:

  • Ikerrek esan dit [Pintxok hezurrak izkutatzen dizkiola baratzean eta mota barren guztietan].
  • [Pintxok hezurrak izkutatzen dizkiola baratzean eta mota barren guztietan] esan dit Ikerrek.
  • Uxuek atzo jakinarazi zidan aurten ez duela aukerarik izango gurera etortzeko.
  • Aurten ez duela aukerarik izango gurera etortzeko jakinarazi zidan Uxuek.

Predikatuak egitura etena duen kasuan ikusten da garbien batzuetan ordenarik naturalena predikatua aurerratzetik datorrela:

  • Niri esan didatena da [Lurdesek ume zoragarri bat izan duela].
  • [Lurdesek ume zoragarri bat izan duela] da niri esan didatena.
  • Niri esan didatena [Lurdesek ume zoragarri bat izan duela] da.

Kasu hauekin kontrastatzen dute murriztapenak erakusten dituzten zenbait predikatuk. Adibidez, beti eskuinean kokatu behar dira:

  • Zenbait predikaturen perpaus osagarriak, besteak beste, eskerrak, baizik eta:
    • Eskerrak azkenean etorri zaren!
    • *Azkenean etorri zaren eskerrak!
  • Ezen lokailua daramatenak:
    • Esan du, ezen bihar lanik ez duela.
    • *Ezen bihar lanik ez duela esan du.
  • Bait- menderagailua dutenak:
    • Harrigarria da ez baituzu horrelakorik sekula ikusi.
    • Ez baituzu horrelakorik sekula ikusi harrigarria da.

Aldiz, aditzaren ezkerrean kokatu behar dira barnean galde hitza daramaten adierazpen-perpaus osagarriak. Honen arrazoia hau da: horrelako perpausak berez adierazpen perpausak dira izan, baina perpaus osagarriko galde hitza izateak perpaus nagusia galderazkoa bihurtzen du, galde hitza perpaus osoaren galdegai bihurtzen delako.

  • [Nork irabaziko duela] uste duzu zuk?
  • *Zuk uste duzu [nork irabaziko duela]? (oharra: ohiartzun galdera gisa onar daitezke soilik)

Horrelako perpausek soilik mendeko perpauseko galdegaia eta baita mintzagaia perpaus nagusiaren hasierara pasatzea uzten dute, aditz nagusiaren aurrean kokatuz:

  • Nork uste duzu zuk irabaziko duela?
  • Ikerrek uste dut esan duela hori.
  • Bihar uste dut etorriko dela.
  • Horiek uste dut alemanak direla.
  • Mirenekin uste dut ez dugula ezer lortuko.

Haatik, aditz nagusiak agintzen du zer ordena den zilegi. Adibidez, jakin, ohartu edo ahaztu aditzek ez dute onartzen perpaus osagarria aditz nagusiaren ezkerrean kokatzea, ezta galdegaia perpaus hasierara mugitzekerik. Mintzagaia aurreratzea, ordea, zilegi da:

  • *[Nor etorri dela] dakizu?
  • *[Nora joan direla] ahaztu zaizu?
  • *Nor dakizu etorri dela?
  • *Nora dakizu joan direla?
  • Horrek badakigu lanak ondo egin dituela.

Zenbait adierazpenezko perpaus osagarriz gain, subjuntibozkoek ere onartzen dute galdegaia eta mintzagaia aurreratzea, baina ez zehar-galderetan, soilik mintzagaia aurreratu baitezakegu:

  • Nork nahi duzue [irabaz dezan partidua]?
  • Esan al dizute noiz etorriko diren?
  • *Noiz esan al dizute etorriko diren?
  • Gaztea nork ez daki ausarta dela?

Perpaus osagarrien barneko ordena

Idatzizko euskaran joera dago menderagailua daraman aditza mendeko perpausaren azkenean kokatzeko:

  • Badakit [nota txarrak atera dituzula].
  • [Nota txarrak atera dituzula]badakit.

Hala ere, aukera dago, batez ere ahozko erregistro informaletan elementuren bat aditzaren eskuinean kokatzeko:

  • Jakin nahi dute zer aurkeztu behar den lehiatilan.

Ezezko perpaus osagarrietan, ezezko perpaus bakunen joerari jarriki, adizki jokatua ezkerretara mugitzen da: Orio

  • Tren hau ez da Orion gelditzen.
  • Entzun dut tren hau ez dela Orion gelditzen.

Aditza perpausaren bukaeran kokatzea ere onargarria da, batez ere egitura konplexuagoetan txertatzen badugu:

  • [Tren hau Orion gelditzen ez dela] esaten duena oker ari da.

Ordezkapenak

Perpaus osagarrien ezaugarria da gobernatzaile batek eskatuak direla. Perpaus osagarrien ordez hauen ordezko erakusleak ere onartzen ditruzte gobernatzaileek maiz. Adibidez, adierazpen-perpausen ordez hori erakuslea, hala adbderbio eta baietz/ezetz esapideak erabil daitezke:

  • Hori ez dizu esan, ez ezazu asmatu.
  • Hala uste dut.
  • Hala esan dute.
  • Baietz esango du.
  • Ezetz uste dugu.

Hori erakusleak zehargalderen eta izenek hautatuko perpaus izenlagunen tokia ere bete dezake:

  • Hori galdetu dute
  • Horren beldur da.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Perpaus osagarriak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3