Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:6:2:1

Adierazpen-perpaus osagarriak

Perpaus osagarrien artean adierazpen perpaus osagarriek azpimultzo bat osatzen dute. Alde batetik, perpaus osagarri diren heinean, mendeko perpausa perpaus nagusiko gobernatzaile batek eskatzen edo hautatzen du. Bestetik, haien artean adierazpenezkoak direla esaten da mendeko perpausa adierazpenezkoa delako: bertan ez da ezer galdetzen edo ezeren nahirik edo horrelakorik adierazten.

  • Aipatu du [bihar Aitor etortzeko dela].
  • Jakinarazi didate [ez dudala azterketa gainditu]. Azterketak

Zalantzarik gabe, adierazpen perpausetan erabilera zabalena duen menderagailua -(e)LA menderagailua da. Beste menderagailu batzuk -eNA, -eNIK, -eN eta Bait- dira. Hauek askoz erabilera mugatuagoa dute, testuinguru jakin batzuetan eta euskalki jakin batzuetan erabiltzen baitira soilik (ikus menderagailuak atala behean). Hona hemen zenbait adibide:

  • Harek badaki erruduna zu izan zarena.
  • Ez dut entzun marinela aurkitu dutenik.
  • Uste dut gure aldekoa den.
  • Gerthatzen da enplegatzen baitira bitartekoak onguden egiteko (Axular, Guero, 214)

Adierazpen perpaus osagarriak hautatzen dituzten elementuak (gobernatzaileak) askotarikoak dira (ikus menderagailu bakoitzaren atalean xehetasunak). Batzuk aditzak dira eta hautatzen duten proposizioaren egia balioaz ari dira (esan, adierazi, jakinarazi, uste izan, ziur egon), beste batzuk mendeko proposizioak adieraZtzen duen gertakariaren inguruko jarrera erakusten dute (espero izan, hitz eman). Aditz bakunez gain, gobernatzaileen artean predikatu konplexuak (esperantza izan) eta izenak (ustea, zurrumurrua) ere baditugu. Azken adibideak erakusten du adierazpen perpaus osagarriak hautatzen dituzten gobernatzaile isilak ere baditugula:

  • Uste dut bihar irekiko dutela jatetxea.
  • Espero zuen hurrengo egunean etorriko zela.
  • Esperantza nuen bihar etorriko zela.
  • Jon atzerrira joan den ustea zabaldu da herrian.
  • Denen aurrean jaiki zen, bera zela erruduna.

-eLA menderagailua duten Adierazpen Perpaus Osagarriak

Adierazpen Perpaus Osagarrien artean -eLA menderagailuz sortutakoak dira ohikoenak. Perpaus Osagarri izatearen ezaugarria erakusten dute, ez baitira hautazko elementuak. -eLA menderagailuz sortutako perpaus ez-osagarri edo adjuntuak ere baditugu, baina horiek ez daude hautatuta eta hautazkoak dira:

  • [Makila eskuan zuela] uste zuen.
  • *Uste zuen
  • [Makila eskuan zuela] agertu zen.
  • Agertu zen.

Adierazpenezkoak direla esaten da mendeko perpausa adierazpenezko delako, bertan ez delako ezer galdetzen edo ezeren nahirik edo horrelakorik adierazten, edo beste hitz batzuetan esanda, ez-subjuntibozkoak direlako. Hurrengo adibideek biek dute -eLA menderagailua, baina soilik lehena da adierazpenezkoa:

  • [Jon berehala etorri zela] esan zuen Lurdesek.
  • [Jon berehala etor zedila] agindu zuen Lurdesek.

Osagaien ordenari dagokionez, perpaus osagarria nagusiaren ezkerretarako kokatzeko joera dago. Hala ere, perpaus osagarria oso konplexua bada, atzean jartzeko joera dago:

  • Txarto dagoela uste dut.
  • Nik uste dut dena espero bezala ateratzen bada, partida irabazteko aukera handiak dituztela.

Bestalde, perpaus osagarriak izen sintagma ez dinenez, ezin dira deklinatu eta ez dute kasu markarik hartzen. Horien ordez, aditz izenaz edo aurrekari baten bitartez eraturiko egiturez baliatzen gara:

  • *Zuk hori esan duzulak harritu nau.
  • *Peru hasarretu delaren arrazoia nabaria da.
  • Zuk hori esateak harritu nau.
  • Zerak harritu nau, egun guztian ez dela etorri.

Oro har instrumentala onartu ez arren, instrumentala eskatzen duten zenbait aditzen osagarriek -eLA menderagailu soila onartzen dute: Erlojuari begira

  • *Berandu delaz ohartu naiz.
  • Berandu dela ohartu naiz.

-eLA menderagailua erabiliz zenbait esamolde berezi sortzen dira: alde batetik, -ka adberbiala erantsita duena (esaka edo antzekoa duen isilean) eta bestetik, eta juntagailuaz sortzen dena:

  • Pasku aldia etorri zanean, an ebiltzan etxekoak autortzera joan bear ebelaka (A. Zubikarai, Peru eta Mari, 122)
  • Tramanari atzamarra ebagi bear geuntsala ta ibili giñan, olgetan. (Aguirre, D., Kresala, 173)

Aldaerak menderagailuan

Maizena -eLA menderagailua erabiltzea bada ere, EZEN lokailua ere erabil daiteke, perpausaren hasiera markatzeko:. Menderagailu honek eze/ezi/ze aldaerak ditu. Azken aldaera maiz erabiltzen da gaur egun ahozkoan, bizkaieran batez ere. Eitb-ren eguraldi mapa

  • ETBk dio ezen bihar eguraldi ona izango dela.

Ia beti Bizkaieraz ageri zaigun beste menderagailu bat -eNA menderagailu konplexua dugu (eN+a). eNA perpausak perpaus osoaren azkenean joateko joera du. Menderagailu honen eta -eLA menderagailuaren erabilerari dagokionez, banaketa ez omen da erabat garbia, baina hona hemen eman ohi diren zenbait argibide:

-eNA zenbait aditzekin (jakin, ikusi, erakutsi, ezagutu…) eta zenbait esapide eginekin (horixe, seguru egon, agerian egon…) erabiltzen da batik bat, gehienetan hiztuaren ustez gauza ziurra dela adierazteko.

  • Alako gauzaak pekatu diriana jakin arren, jazoten isteen deutsee legeginak, eurak pekatu egin bagaril (Fray Bartolome, Olgueetac, 149)
  • Ezagun dozu askotan izan etzareana bertan (Aguirre, D., Kresala, 39)
  • Horixe joango naizena!
  • Ziur nago etorriko dena!
  • Argi dago txarto dagoena.

Gobernatzaileak

-eLA mederagailudun Adierazpen Perpaus Osagarriak eskatzen dituzten elementuak edo gobernatzaileak askotarikoak izan daitezke. Hurrengo adibideek erakusten dute gobernatzaileak izan daitezkeela predikatuak, predikatu konplexuak, isilik daudenak eta zenbait gobernatzaile berezi, besteak beste harridura perpausak sortzen dituztenak:

  • Bizikleta saldu duela esan digu Andreak.
  • Ziur naiz zuk ez duzula emandako hitza jaten.
  • Ez naizela hori egiteko gauza?
  • Bai tristea dela horrela bizitzea!
  • Horixe joango naizela!

Aditzak Gobernatzaile

Perpaus Osagarriak hainbat predikatu motarekin ager daitezke, baina ez edozeinekin. Adibidez, gogorarazi eta desegin aditzek biek behar dute osagarri edo objektua, baina desegin aditzak ez du adierazpen perpaus osgarririk onartzen.

  • Desegin du puzzlea. Puzzlea
  • Gogorarazi digu kontua.
  • *Desegin du [pelikula hori ikusi genuela].
  • Gogorarazi digu [pelikula hori ikusi genuela].

Zenbait aditzen kasuan modu metaforian erabiliz onartzen ditugu. Adibidez, irentsi aditzaren erabilera ez-ohikoaren esanahia sinistea dela ulertzen dugu hurrengo adibidean:

  • [Zorra pagatuko diola] irentsita joan da gizagaixoa.

Adierazpen perpaus osagarrien semantika ulertzeko gobernatzaileari erreparatzea komeni da. Gobernatzaile Aditza denean bi eratako gobernatzaileak ditugu: batzuek objektu gisa proposizioa bera hartzen dute eta beste batzuek, aldiz, proposizioak adierazten duen gertakaria:

Objektu gisa proposizioa bera hartzen duten predikatuak: askotan, perpaus nagusiko predikatuaren esanahian barneratuta dator proposizio bat esatea, pentsatzea, sinistea eta abar . Horrelakoetan, predikatuen objektua proposizio bat da (Jonek esan du [Miren berandu iritsiko dela]). Multzo honetakoak dira hurrengoak:

  • Ekintza komunikatibo bat adierazten duten aditz gobernatzaileak: adierazi, azaldu, idatzi, erantzun, jakinarazi… Mendeko perpausak komunikazio horren edukia ematen du:
    • [Etxe berria erosi nahi duela] jakinarazi digu Itsasok.
  • Iritzia, ustea, sinismena, zalantza eta horrelakoak adierazten dituzten aditzak: uste izan, pentsatu, iritzi, iruditu, ziur egon, aitortu, ukatu
  • Ziur nago [biharko bilerara ia inor ez dela etorriko].
  • Ezaguera, jakitea eta oharmena adierazten duten aditzak: jakin, ezagutu, konturatu, ohartu, igarri, oroitu
  • Laster igarri zion [bere asmoak okerrak zirela]. Ipuinak
  • Balizko suposizioa adierazteko baliatzen ditugun egin, eman, esan:
  • Demagun [guztia gainditu duzuela].
  • Egin ezazu [loteria tokatu zaizula].
  • Esan dezagun [krisia gaindituta dagoela].
  • Aditz batzuen ezagutza-adieran: erabaki (pentsatu) eta hitz eman (ziurtatu):
  • Erru guztiak ingelesenak zirela erabaki zuen (Aresti, G., Ipuinak, 47)
  • Medikuak hitz eman zionean ez zuela gaitzik

Objektu gisa mendeko perpausean adierazitako gertakaria duten predikatuak. Predikatu horiek gertakari horren inguruko jarrerak adierazten dituzte:(Espero zuen maratoia berak irabaziko zuela). Multzo honetan sartuko ditugu hurrengoak:

  • Proposizioak aipatzen duen gertakaria dela eta izaten diren gogo-jarrerak: proposizioak dioena espero izatea, erabakitzea, hitz ematea
  • Erabaki zuten ordutik aurrera araua urratzen zuenak ordaindu beharko zuela/ordaintzea.
  • Hitz eman zuen gaixotasuna gainditzen bazuen erretzeari utziko ziola.
  • Nolabaiteko balioztatzea dakarten adjektiboak: damurik, eskerrak
  • Eskerrak ez zen istripuan suertatu.
  • Gertakariari buruzko denbora erreferentzia ematen duten predikatuak: egunak ditu, hirugarren aldia da
  • Hamalau egun dira gizon hura desagertu zenetik.
  • Lehen aldia zen horrelako joko batean parte hartzen nuela.

Bigarren multzo honetan sartzen diren perpausak -eLA menderagailuaz gain aditz izenaz ere eman daitezke.

  • Erabaki zuten ordutik aurrera araua urratzen zuenak ordaindu beharko zuela
  • Erabaki zuten ordutik aurrera araua urratzen zuenak ordaintzea.

Bukatzeko, gogo-jarrera adierazten dutenak BAIT-ekin ere egin daitezke Iparraldeko euskalkietan:

  • Okerrena da ez baitira ezertaz konturatu. (Okerrena da ez direla ezertaz konturatu)

Predikatu Konplexuak Gobernatzaile

Batzuetan predikatu soila izan ordez, predikatu-egitura konplexuak ditugu adierazpen perpaus osagarrien gobernatzaile, eta askok -eLA menderagailudun perpaus osagarriak hautatzen dituzte. Horien artean ditugu, alaber, izan aditzarekin eratzen diren egitura atributiboak:

  • Irudipena daukat okerren bat egin duzula.
  • Jakitun nago zuk ez duzula emandako hitza jaten.
  • Badut esperantza aurtengo uda iazkoa baino hobea izango dela.
  • Susmoa dut hemen zerbait arraroa gertatzen ari dela.
  • Bistan da arrotzak direla
  • Egia da irabazi duzuela?

Gobernatzaile isilak

Perpaus osagarriek beti behar dute gobernatzaileren bat. Batzuetan, ordea, gobernatzailea osorik edo zati bat isilean dago:

Gobernatzailea osorik isilik dagoenean, esan edo antzeko aditz bat dago atzean. Zatia falta denean (egon, eduki aditzekin adibidez), ustean egon edo ustea eduki edo antzeko iritzi-predikatuak daudela ematen du.

Gobernatzaile bereziak

Perpaus osagarrien gobernatzaile ohikoenak aditzak badira ere, bestelakoak ere baditugu: harridura perpausak sortzen dituzten bai eta horixe esklamatiboak, horra aurkezlea, batez ere ekialdeko euskaran erabiltzen den baizkik eta, alegia, edota hizkunaren jarrera adierazten duten eskerrak, damurik eta antzekoak:

  • Bai tristea dela horrela bizitzea!
  • Horixe neroni joango naizela!
  • Horra datorrela zure laguna.
  • Berak beti ukatu du, baizik-eta besta-buru egunez kanpo ez zuela sekulan mokanesik. (P. Lafitte, Murtuts eta bertze, 77)
  • Eskerrak gaztea eta indartsua dela!
  • Damurik ez direla gaueko argiak oihal busti batzuek bezala! (J.M. Hiribarren, Escaraz eguia, 141)

Aurrekari anaforikoak

Aurrekari anaforikoak ondoan datorren osagairen baten abisu ematen duten elementuak dira. Perpaus osagarrien aurrekariak ere baditugu: zera, hau eta honela:

  • Zera esan zigun, itxuraz disdiratsua zen asmo horrek etorkizun iluna zuela eta bera behintzat ez zela zalantzako urratsak egiten hasteko prest.

Aurrekaria erabiltzearen baliabideak perpaus osagarriak ezin bete ditzakeen zenbait funtzio bete ditzake, adibidez subjektu ergatiboarena. Aukera hau batez ere ahozko mintzairari dagokio:

  • *Egun guztian agertu ez zarelak harritzen nau.
  • Zerak harritzen nau: egun guztian ez zarela agertu.

Ordainak

Adierazpen perpaus osagarrien lekuan zenbait ordain erabil daitezke:

  • Hori determinatzailea, hala adberbioa edo horretaz instrumentala:
  • Hori esan digu
  • Hala uste dugu
  • Horretaz ohartu naiz.
  • Baietz eta ezetz:
  • Baietz esan digute.
  • Erronka edo apusturen bat egin nahian erabiltzen diren ezetz eta baietz:
  • Ezetz asmatu zenbat diru dudan!

-eNIK menderagailua duten Adierazpen Perpaus Osagarriak

-eNIK menderagailua Hegoaldeko zenbait ezezkako perpaus osagarritan ageri zaigu. Menderagailu konplexua da -eN+IK partitibo markaz osatua.

  • Ez du ematen ezer dakienik.

Batez ere ezezkako perpausetan erabiltzen bada ere, inoiz galderazko perpausetan ere erabiltzen da, batez ere sakonean ezezkako esanahia duten galdera erretorikoetan:

  • Eta zeuk uste ete dozu hori lortuko dodanik? (J. Altuna, Ipuñak, 64)

Garrantzitsua da ohartaraztea -eNIK menderagailua ez dugula erabili behar ezezkako edo galderazko adierazpen perpaus guztietan. Izan ere, kasu batzuetan -eNIK erabili behar dugu, beste batzuetan -eLA eta beste batzuetan bata zein bestea erabil dezakegu. Azken kasuan, esanahiari dagokionez alderen bat egon daiteke. Garbi dagoena da predikatuak agintzen duela bata zein besteran erabilera. Nikolas Ormaetxea, "Orixe"

  • Ustea edo iritzia adierazten duten predikatuek (uste izan, pentsatu, iritzi, iruditu, eman, gogoak eman…) -eNIK menderagailua eskatzen dute:
  • Ez dut uste hori komeni zaizunik.
  • Ahaztu, duda egin, duda izan, egia izan erako predikatuek edo denborazko erreferentzia ematen dutenak -eLA menderagailua izaten dute:
  • Ez da dudarik garaiz helduko dela
  • Ez zait ahaztu hori egin behar dudala
  • Ez da egia lagunak zain daudela
  • Ez da aunitz urte galdua dela oitura au Euskalerrian ("Orixe", "Euskaldunak", 411)
  • Beste zenbait predikatuk (esan, entzun, ikusi, jakin…) menderagailu bat zein bestea erabil dezakete:
  • Ez dut esan Ane etxean dagoenik.
  • Ez dut esan Ane etxean dagoela.

Kasu hauetan menderagailu bata ala bestea erabili, esanahiari dagokionez desberdintasuna dugu, ezeztapenaren esparruari lotutako kontua. Ez dut esan Ane etxean dagoenik perpausean, adierazpen osoa ezeztatzen da eta horrekin batera mendeko proposizioa bera ere baliogabetua geratzen da. -eLA darabilgunean, ordea, esan predikatua da ezetatzen dena, baina mendeko predikatua ezeztapenetik kanpo geratzen da. Hemendik datorkio -eLA menderagailua duten perpausen presuposizioa kutsua: gure adibidean, gauza ziurra da Ane etxean dagoela.

-eN menderagailua duten Adierazpen Perpaus Osagarriak

Zenbait euskalkitan -eN menderagailua ageri da uste izan, beldur izan edo badaiteke bezalako aditzekin:

  • Uste dut gure aldekoa den.
  • Nik uste gibeleko atetik joana den.
  • Badaiteke Mikel ez den zuk diozun bezain gaztea.

Ahozko mintzairan eskerrak gobernatzaileak ere-eN menderagailua hartzen du maiz:

  • Eskerrak ez zaizun hori besterik gertatu!

Galde hitza…-eN egiturako adierazpen perpausak ere baditugu. Gogoratu behar da perpaus hauetako galde hitzak ez direla zehargalderetan erabiltzen direnak, mederakuntza barneko lokailuak baizik:

  • Ikusiko duzu nola ahaztuko zaion Mireni dirua ekartzea.
  • Gogoratzen zara zelan erosi zuen Mikelek auto zahar hura?

Hona, horra, hara, begira bezalako aurkezleekin eta non lokailuarekin ere -eN menderagailua ageri da:

  • Horra non aspaldi hasitako ikasketak amaiturik dituzun.
  • Begira non gutxien espero zuetan agertzen den.

BAIT- menderagailua duten Adierazpen Perpaus Osagarriak

-eLA eta -eN menderagailuez gain, BAIT- menderagailuak ere adierazpen perpaus osagarriak sortzen ditu. Erabilera hau Iparraldean agertzen da, perpaus osagarriak gertakari edo egoera bat adierazten duelarik, eta ez proposizio bat. Gertakari edo egoera baten aurreko jarrera subjektiboa adierazten duten aditzak ere aurkitzen ditugu (domaia izan, harrigarri izan, handi izan, bitxi izan, eta abar). Bukatzeko, damua, poza edo haserrea adierazten duten damurik edo beharrik bezalako predikatuekin edo harridurazko esapideetan ere erabiltzen da BAIT- menderagailua:

  • Gerthatzen da enplegatzen baitira bitartekoak onguden egiteko (Guero, Axular, 214)
  • Harrigarri(a) da ez baituzu holakorik sekula ikusi.
  • Itsuaren itsua, uste baitu dena badakiela.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adierazpen-perpaus osagarriak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3