Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:6:2:2

Galde-perpaus osagarriak (zehar-galderak)

Galde-perpaus osagarriez ariko gara atal honetan, hots, zehar-galdera deiturikoez.

Ezaugarri orokorrak

Zehargalderek antzeko jokabidea dute euskalki guztietan eta ia beti -eN menderagailua hartzen dute. Adierazpen perpaus ogarriek ere hartzen dute menderagailu hori, baina erraz bereizten dira bi perpausak: Galdera ikurra

  • Ez dut uste lana gaur amaituko dudanik.
  • Ez dut uste lana gaur amaituko dudan.

Perpaus osagarrien oinarrian adierazpen perpausa dago baina zehar galderen oinarrian galde-perpausa. Gainera, zehar galdera askotan galdetzaile hitzak ere egon ohi dira eta horiek argi uzten dute perpausa zehar galdera dela.

  • [Lana Ainarak amaituko duela] esan dit irakasleak.
  • [Lana Ainarak amaituko duen] esan dit irakasleak.

Lehenengoaren azpian adierazpen perpausa dago; bigarrengoaren azpian, berriz, galderazko perpausa.

  • Lana Ainarak amaituko du (-eLA) + hori esan dit irakasleak.
  • Lana Ainarak amaituko du (-eN) + hori esan dit irakasleak.

Lehenengoa adierazpen soila da eta -eLA erakusten du; bigarrena, berriz, galderazkoa da eta -eN atzizkia eraman behar du. Atzizki horrek bereizten ditu adierazpeneko osagarriak eta zehargalderak, -eN atzizkia, zehargalderek nahitaezko dutela. Kontuan hartu behar da halaber, galdera horiek bi modutara eman daitezkeela: zuzenean edo zeharka.

  • Nora zoaz?
  • Nora zoazen galdetu dizut.

Lehenengo adibidean galdera zuzenean eginda dago eta perpausa lokabea da, ez dago beste baten menpe. Bigarren adibidean, berriz, galdera bat dago, baina beste perpaus batean mende egina, zehar estiloan, alegia. Zehargaldera da eta [nora zoazen] galdera da egiazki, galdetu aditzaren objektua. Zehar galdera hori, honela ere eman daiteke:

  • Hau galdetu dizut: nora zoaz?

Gauza bera gertatzen da adibide hauetan ere:

  • [Oinetako berriak non erosi nituen] galdetu zidan Enekok.
  • [Zergatik haserretu zen] galdetu nion amari.

Kortxete artekoa galdera da adibide horietan, galdetu/galdegin/itaundu aditzen objektua galdera izan ohi da eta. Dena den, gramatiketan zehargaldera gisa ematen direnak ez dira halako galderak izaten, ez dira informazioa eskatzeko izaten.

  • Sendagileak ez digu esan [ebakuntza noiz amaituko den].
  • Epaimahaiak ez du erabaki [saria nori emango dion].

Adibide horietan mendeko perpausek galderazko forma dute baina ez da ezer galdetzen, perpaus txertatuan ez da informaziorik eskatzen. Galdera zuzenetan informazioa eskatzen da, baina adibide horietan ikusten denez, zehargalderetan ez da beti hala izaten. “Galdera” kontzeptua zabalago ulertu behar da horietan, ez informazioa eskatzeko bide soil gisa. Zuzeneko galderetan “ezezagun” gisa ageri den atal bat identifikatzeko eskatzen da. Halako perpausak txertaturik ageri direnean, aditz nagusiaren arabera interpretatzen dira. Aditz nagusia galdegin bada, aditz horren objektua, zehargaldera, zuzeneko galdera moduan interpretatuko da:

  • Aizkorrira [nondik igoko zaren] galdegin dizut. Aizkorri

Hona perpausa parafraseatuta:

  • Zu X-tik zoaz. X hori identifikatzeko eskatu dizut.

X horren erreferentzia zehazteko eskatu dizut, informazioa eskatu dizut. Baina aditz nagusia beste edozein bada, jakin edo esan, esaterako, perpaus txertatuaren oinarria ez da aldatuko, oraingoan inolako informaziorik eskatzen ez bada ere.

  • Badakit Aizkorrira [nondik igoko zaren].
  • Nereari esan diot eskiak [nola jarri behar dituen].

Bi perpaus horien parafrasiak hauek izango lirateke:

  • Zu Aizkorrira X-tik igoko zara. Badakit X horren erreferentzia.
  • Nereak X eran jarri behar ditu eskiak. Esan diot X era horren erreferentzia.

Badirudi, zehargalderak eta zuzeneko galderak funtsean gauza bera direla. Bestalde, perpaus nagusia ezezkoa nahiz galderazkoa izan daiteke, horrek ez baitu ezer aldatzen:

  • Josebak ez dit esan [prakak zenbatean erosi dituen].
  • Zuk ba al dakizu [Josebak prakak non erosi dituen]?

Harridura adierazteko ere erabil daitezke zehargalderak. Galde hitzak eraman arren, ez dute ezer galdetzen, harridura azaltzen dute besterik ez, baina zentzu zabalean zehargalderak dira hauek ere.

  • Ikusgarria izan da Labakak nolako gola egin duen!
  • Ez dut ulertzen nola hitz egiten duzun horren erraz halako gai serio baten inguruan!

Aditz nagusirik ez duten harridurazko zehargalderak ere badaude, -eta hala ere -eN hartzen dute (gainerako osagarrietan ere gertatzen den bezala).

  • Nolako haizea dabilen!
  • A ze gola egin duen!

Horiek guztiak zehargalderak direla esango dugu beraz.

Zehargaldera motak

Galderak, zuzenekoak nahiz zeharkakoak, hiru motatakoak izan daitezke:

  • bai/ez erakoak
  • aukerak galderak
  • zati galderak.

BAI/EZ erakoak

Galdera hauek bai edo ez erantzutea eskatzen dute eta horrenbestez aukera galderen azpimultzo ere izan zitezkeen.

  • Ez dakit [mendi-lasterketan parte hartuko dudan].
  • Parte hartuko (al) dut?

Biak dira bai/ez erako galderak: lehenengoa zehargaldera, eta bigarrengoa galdera zuzena.

Aukera galderak

Aukera galderak dira perpauseko osagai bat ala juntagailuaz elkartutako bi juntagaiz eraturik duten galderak.

  • Mendia ala hondartza, zer duzu nahiago?
  • Kopa handian ala txikian, non edango duzu ardoa?

Horietan perpaus lokabeak daude, galderazko perpaus bakunak, zuzeneko galderak. Bi adibide horietan elkartutako osagai bana dago: mendia ala hondartza eta kopa handian ala txikian. Horien inguruan egiten da galdera eta bi adibideetan galdetzeak hautatzea esan nahi du, horregatik dira aukera galderak. Aukera galderetan bi perpaus juntatu ere izan daitezke:

  • Kontzertura anaiarekin (joango zara) ala arrebarekin joango zara?
  • Maddik onartu du lana ala oraindik bueltaka ari da?

Adibide horietan ere bi aukera eskaintzen dira eta galdera egiterakoan bat aukeratzeko eskatzen da. Bai/ez erako galderak aukera galderak dira funtsean. Aurreko adibideetan anaiarekin ala arrebarekin edo kopa handian ala txikian aukeratzea zen auzia; orain, berriz, bai ala ez aukeratu behar da. Hiru perpaus hauek baliokideak dira alde horretatik: Realaren ezkutua

  • Realak irabaziko du, bai ala ez?
  • Realak irabaziko (al) du?
  • Realak irabaziko du ala ez (du irabaziko)?

Horiek zehargaldera gisa eman litezk, aditz nagusi baten mende jarrita. Horretarako, -eN atzizkia erantsi behar zaio aditzari:

  • Esaidazu Realak irabaziko duen, bai ala ez.
  • Realak irabaziko duen jakin nahi dut.
  • Ez dakigu Realak irabaziko duen ala ez (duen irabaziko).

Zati galderak

Zati galderetan galde-hitz bat behar dugu perpausean eta hauetan ere -eN atzizkia ezinbestekoa da:

  • Aitorrek ez daki [nora joango den oporretan].
  • Nora joango da Aitor oporretan?

Gobernatzaileak

Aditz guztiek ez dute perpaus osagarria (adierazpenezkoa nahiz zehargaldera) eskatzen ez onartzen, eta aditz guztiek ezin dute galdera bat edo adierazpen bat hartu. Uste izan edo sinetsi aditzak, esaterako, adierazpen perpausen buruan ager daitezke, galderazkoenean ez. Galdegin, berriz, galderazkoenean bakarrik:

  • Filma amaitu dela uste dut.
  • *Uste dut filma amaitu den.
  • Sinesten dut lasterketa hori egin duzula.
  • *Sinesten dut lasterketa hori egin duzun.
  • *Dantzatu nahi duela galdegin diot.
  • Dantzatu nahi duen galdegin diot.

Esan, jakin, erabaki, ikusi eta igarri-antzeman (iparraldean sumatu) aditzak bi eratako osagarrientzat dira egokiak: Momotxorroak, Altsasuko inauterietan

  • Irakasleak esan du inauterietan mozorrotu egingo garela. [-galdera]
  • Non mozorrotuko diren esan diote ikasleek irakasleari. [+galdera]
  • Lehendakariak badaki krisia ez dela amaitu oraindik. [-galdera]
  • Lehendakariak badaki krisia noiz amaituko den. [+galdera]
  • Aitak ikusi du semea asko saiatu dela azterketetan. [-galdera]
  • Aitak ikusi du semea nola saiatu den azterketetan. [+galdera]
  • Ateko gizon korbatadunari berehala igarri nion atentzioa ematera zetorrela. [-galdera]
  • Ateko gizon korbatadunari berehala igarri nion zertara zetorren. [+galdera]
  • Saltzaileari azkar sumatu diot haserre zegoela. [-galdera]
  • Saltzaileari azkar sumatu diot nolako haserrea zeukan. [+galdera]
  • Antzeman diot jenio txarra daukala. [-galdera]
  • Antzeman diot jenio txarra nondik datorkion. [+galdera]

Aldiz, begiratu eta antzeko aditzek galderazkoak onartzen dituzte, adierazpenezkoak ez:

  • Begira uholdeek nolako kalteak eragin dituzten ibai inguruetan.
  • *Begira uholdeek kalteak eragin dituztela ibai inguruetan.

Horrenbestez, esan, jakin, ikusi, igerri, aztertu, begiratu, beldur izan, dudatan jarri, eztabaidan egon, gogoratu, gomutatu, kontuak atera eta halako aditzek zehargalderak onartzen dituzte osagarri gisa. Hiztegiek esango digute zein aditzek onartzen dituzten zehargalderak eta zeintzuek ez.

Zehargaldera gobernatzen duen aditz nagusia isilean ere egon liteke zenbaitetan.

  • Mikel eta Ainara etengabe zebiltzan, elkarri nola sartu ziria.
  • Mikel eta Ainara gogotik saiatu dira lanean, saria nork eramango duen.

Lehenengo perpausean badirudi “zebiltzan” adizkiak gobernatzen duela mendeko perpausa baina sakonean argi dago mendeko perpausaren eta perpaus nagusiaren artean “pentsatzen” edo antzeko beste aditz bat behar dela. Bigarrengoan ere “erabakitzeko” edo antzekoren bat falta da.

  • Mikel eta Ainara etengabe zebiltzan pentsatzen, elkarri nola sartu ziria.
  • Mikel eta Ainara gogotik saiatu dira lanean, saria nork eramango duen erabakitzeko.

Batzuetan erraza da asmatzea zer aditz dagoen isilean, beheko adibideotan “begira” edo “zelatan”. Halakoetan jakintzat ematen da perpaus osagarria zein aditzen objektu edo subjektu den.

  • Pareko amona egunero egoten da behatxulotik adi, gu etxetik noiz irten eta etxera noiz sartuko.
  • Pareko amona egunero egoten da behatxulotik adi, gu etxetik noiz irten eta etxera noiz sartuko begira/zelatan.

Funtzio sintaktikoak

Aditzak gobernatzen dituen elementuen araberakoa izaten da zehargalderen funtzioa, baina gainerako perpaus osagarriek bezala, objektu zuzenaren edo subjektuaren lekua betetzen dute gehienetan.

  • Gitarra nola jo behar duen erakutsi dio musika irakasleak Anttoni. (osagarri zuzena)
  • Esaidazu zer jan nahi duzun. (osagarri zuzena)

Perpaus horietan osagarri sinplea jaso da, zehargaldera bakar batek osatua. Beste hauetan, ordea, osagarri zuzena konplexua da:

  • Mirenek bazekien [non ibili naizen eta norekin]. (bi zehargalderadun osagarria)
  • Mirenek bazekien [nitaz eta non ibili naizen]. (izen sintagma eta zehargalderadun osagarria)

Mendeko bi perpaus ere eman litezke, osagarri zuzenaren funtzioa daukan zehargalderan: zehargaldera eta adierazpen perpausa, esaterako, eta juntagailuaz loturik. Horretarako baina, perpaus nagusiko aditzak biak onartu behar ditu, zehargalderak eta adierazpen perpausak:

  • Maddik azaldu du [istripua izan duela eta zergatik etorri den berandu].

Perpaus nagusiko aditza NOR baldin bada, ordea, gogoratu, garbi egon, ahaztu, etab., haren mendeko zehargalderak subjektu funtzioa beteko du: Olatu ikaragarriak Donostian

  • Liburu horretan ez dago argi [protagonistaren maitalea nork hil duen].
  • Maddiri ahaztu egin zaio [liburua nork utzi zion].
  • Harrigarria da [olatuek nolako indarrez jo duten kostaldea].

Horiek guztiek ZER galderari erantzuten diote baina gerta liteke ZERTAZ edo ZEREN galderei ere erantzutea mendeko perpausak. Hori gertatzen da, esaterako, oroitu, gogoratu, ohartu, konturatu eta antzeko aditzen osagarriekin eta egon-en beste zenbait aditz esapidek (zain egon, miraz egon, erne egon) gobernatzen dituztenekin:

  • Gogoratzen duzu zer esan dizun irakasleak?
  • Zuk ospakizun-afarira gonbidatzeko zain dago Joseba.

Horrenbestez, aditzak gobernatzen dituen elementuen araberako funtzioa izango dute zehargalderek. Gehienetan, gainerako perpaus osagarriek bezala, objektu zuzenaren lekua hartuko dute, baina subjektuarena ere hartzen dute zenbaitetan.

Bestalde, kontuan hartu behar da zehargalderak ezin direla deklinatu. Kasu markak izen sintagmei eransten zaizkie. Zehargalderak ezin dira izen sintagmetan agertu, ezta izen baten osagarri gisa ere, eta horrenbestez, ezin dira deklinatu. Hori horrela, honelako perpausak ezin dira zuzentzat eman:

  • *Helmugara iritsi ote direnik begiratu gabe sartu ditugu sailkapenean.

Halako okerrak oso maiz ageri dira erdal itzulpenetan. Mendeko perpausaren aditza mugaturik ere ematen da batzuetan:

  • *Saria nork jasoko duenik ezin dizut esan oraindik.
  • *Zer irakurri zuenari ez zion arretarik jarri ikasleak.
  • *Gutuna nork irakurriko zuenaz oso kezkatuta zegoen postaria.
  • *Ez nekien noiz etorriko zinenik.

Perpaus horiek guztiak ez dira zuzenak, esan bezala, zehargalderak ezin direlako deklinatu. Perpaus horiek bi eratara konpon litezke: galde hitzari eutsi eta perpaus nagusiko aditza aldatuz; edo galde hitza kendu eta “non” edo bestelako galderaren bati dagokion hitzen bat sartuz.

  • Galde hitzari eutsiz:
  • Saria nork jasoko duen ezin dizut esan oraindik.
  • Zer irakurri zuen, ez zion arretarik jarri ikasleak.
  • Gutuna nork irakurriko zuen oso kezkatuta zegoen postaria.
  • Ez nekien noiz etorriko zinen.
  • Galde hitza kenduz:
  • Saria Mikelek jasoko duenik ezin dizut esan oraindik.
  • Irakurri zuenari ez zion arretarik jarri ikasleak.
  • Gutuna irakurriko zuen pertsonaz oso kezkatuta zegoen postaria.
  • Ez nekien etorriko zinen.

Elementuen ordena

Zehargalderak perpaus nagusiaren aurretik nahiz ondoren ager litezke, perpausaren esanahia aldatu gabe:

  • Geroxeago ziurtatuko dit nor etorriko den bilerara.
  • Nor etorriko den bilerara geroxeago ziurtatuko dit.

Bi perpaus horiek zuzenak dira eta esanahi bera dute, galdegaia baino ez da aldatu. Besterik da, ordea, zehargalderen barneko elementuen ordena: aukera galderetan, bai/ez erakoak barne, gainerako perpausetako ordenari eusten zaio; zati galderetan, berriz, galde hitza aditzaren aurre-aurrean jartzen da, hori delako galdegaia (hala ere, batzuetan beste segida batzuk ere onartzen dira):

  • [Etxea nori erosi diodan] galdetu didate banketxean.
  • *[Nori etxea erosi diodan] galdetu didate banketxean.

Hala ere, zenbait adibide klasiko badaude ordenari dagokion arau hori betetzen ez dutenak:

Itun berria

Axularrek, bestalde, “zer” eta “zenbat” sarri erabiltzen zituen, eta beti mendeko aditzak osatzen duen multzoari lotuta:

Hori da arau orokorra baina EGLU III liburukian jasotzen denez, nola, zergatik eta zertako galde hitzek, eta oro har, adizlagunei dagokien kasu-marka hartzen dutenek (norekin, norentzat…), ez dute aditzaren aurre-aurrean joan behar.

  • Ez dakit zergatik Ertzainaren agindua ez duzun bete.

Bestalde, “nola” galde hitzak bi balio izan ditzake: galde hitza izan daiteke, baina baita adierazpen perpaus osagarrien barneko lokailua ere.

  • Badakit nola lortu dituen Uxuek eskiak merkeago.
  • Egon zain pixka batean, eta ikusiko duzu nola txoria habiatik ateratzen den.

Lehenengo adibidean nola galde hitza da; bigarren adibidean, berriz, adierazpenezkoa. Axularren lanetan bigarren balioa hartzen du gehienetan nolak eta halakoetan ia beti aditzetik urrun agertzen da galde hitza, tartean beste elementu batzuk tartekatuta.

  • emaiten da aditzera, nola luzamendutan gerotik gerora ibiltzeaz, hartzen den usantza gaixtoa. (Axular, Guero)

Kapitulu askoren izenburuak hasi zituen “nola” adierazpenekoarekin Axularrek, eta aditza lauzpabost hitzen ondoren agertzen da gehienetan. Horietan, ordea, “nola”k adierazpen osagarri bati ematen dio hasiera, eta horrenbestez, ez dira zehargalderak. Idazleak oso gutxitan erabili zuen “nola” galde hitz gisa, baina horietan aditzaren ondo-ondoan ageri da beti:

  • Erakusten dio batbederari nola eta zer moldez behar duen mantenatu (…) (Axular, Guero)

Etxeparek ere ongi bereizi zituen bi nolak: galde hitza darabilenean baiezko adierazpen perpausean bezala uzten ditu partizipioa eta adizki laguntzailea, trukatu gabe, hemistikio erdiko eten txikia apurtu behar badu ere; nola lokailua darabilenean, aldiz, adizkiak trukatu egiten ditu.

Lehenengo perpausean nola galde hitza da; bigarrengoan, berriz, lokailua. Non eta nondik nora galde hitzak ere erabil daitezke lokailuen pare, horra, begira eta antzeko aurkezleekin eraturiko adierazpen esapideetaN: horra non guztia galdu duen…. Horietan ere, aditza galde hitzetik urrun ager liteke. Benetako galdera egiten dutenean, ordea, nola eta beste galde hitzek ondoan eramaten dute aditza.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Galde-perpaus osagarriak (zehar-galderak)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3