Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:6:2:2:1

Zehar-galdera orokorrak

Atal honetan aukera galderak eta bai/ez galderak, biak aztertuko ditugu. Bien ezaugarria da perpaus hauek ez dutela galde hitzik.

Menderagailua

Zehargaldera guztien ezaugarri nagusia da aditzari eransten zaion -eN menderagailu edo erlazio atzizkia; aukera galdera guztiek, bai/ez erakoek nahiz zatizkoek dute.

Aukera galdera batzuetan, eta bai/ez erakoetan, bi aditz ere ager litezke zenbaitetan, eta halakoetan biek eramaten dute -eN atzizkia: Altitoy 2014

  • Ez dakit mendiko eskiko lasterketan parte hartuko dudan, ala ikustera joango naizen.
  • *Ez dakit mendiko eskiko lasterketan parte hartuko dut, ala ikustera joango naizen.
  • *Ez dakit mendiko eskiko lasterketan parte hartuko dudan, ala ikustera joango naiz.

Batzuetan, -eN horri hizki txiki bat gehitzen zaio, indartzeko edo, eta bost forma sortzen dira aukeran:

  • -eNENTZ
  • -eNENZ
  • -eNETZ
  • -eNEZ
  • -eNZ

Forma indartu hori, ordea, ez da zilegi zati galderetan, hau da, bai/ez erako galderetan eta aukera galderetan baino ezin da erabili.

  • *Etxeak zenbat balio duenentz galdetu dio erosleak saltzaileari.
  • Kontzertura joango zarenentz galdetu dizut.
  • Futbola ala saskibalioa, zer duzunentz nahiago jakin nahi dute galdeketa horretan.

Forma hau oso erabilia da Iparraldean (Leizarraga, Axular, Etxepare, Oihenart…), baina bizkaierazko literatura zaharrean ere ageri da, eta XXI. mendekoan ere bai (Añibarro). Bestalde, aipatu ditugun bost aldaera horietatik -eNETZ eta -eNZ dira forma erabilienak. -eNETZ gehiago erabili izan da, egun ere forma hori erabiltzen da eta horrenbestez -eN eta -eNETZ formak hobetsi ditu Gramatika Batzordeak.

  • Data hori aukeratu dugu ezkontzeko, baina ez dakigu eliza libre egongo den/denetz.
  • Datorren asteburuan erromeria izango da Zelatunen, baina zehazteko dago larunbatean ala igandean egingo den/denetz.

Bestalde, bizkaieran, zehargaldera aukera galdera denean, -eN atzizkiaren ordez BA aurrizkia hartzen du aditzak menderagailu, ahozko hizkeran batez ere.

  • Ez dakit joango banaz biharko hitzaldira. → Ez dakit joango naizen biharko hitzaldira.
  • Pentsatu ondo egin badozu Alaia kontzertura gonbidatzen. → Pentsatu ondo egin duzun Alaia kontzertura gonbidatzen.
  • Ez dakigu alkatea inauguraziora etorriko bada. → Ez dakigu alkatea inauguraziora etorriko den.
  • Ah, eztakit elduko banas arratsera. (Añibarro, Escu-liburua)

Bai/ez zehargalderetan ez ezik, aukera galderetan ere erabiltzen da BA- aurrizkia:

  • Esaiozu Xabiri garagardoa ala ardoa hartuko badu. → Esaiozu Xabiri garagardoa ala ardoa hartuko duen.

EA partikula

-eN/-eNETZ eta BA- partikulak zehargalderen menderagailuak dira eta bata edo bestea nahi eta nahi ez erabili behar dira. Ea partikula, ordea, ez da beharrezkoa, aukerakoa da, ipini edo ez, ez da perpausaren esanahia aldatzen. Perpaus nagusiaren eta mendekoaren arteko lotura egiten du.

  • Utziozu bazkaria Andresi prestatzen, ikusteko sukaldean ea nola moldatzen den. → Utziozu bazkaria Andresi prestatzen, ikusteko sukaldean nola moldatzen den.
  • Bartzelonako bidaia ea trenez ala hegazkinez egingo dugun galdetu zigun taldeko gidariak. → Bartzelonako bidaia trenez ala hegazkinez egingo dugun galdetu zigun taldeko gidariak.

Ean eta ia aldaerak ere erabiltzen dira baina ea da erabiliena. Perpausa luzea denean eta mendeko perpausaren -eN atzizkia urrun geratzen denean, lagungarria da ea partikula, -eN horren iragarle gisa.

  • Galdetu diot ea asteburuan Pirinioetara joaten bagara, mendiko botez gain, eskiak ere eramango ditugun.

OEHn azaltzen denez, zehargalderei sarrera emateko erabiltzen da ea partikula (bai/ez erakoei nahiz zatizkoei), baita indargarri gisa ere. Aditz baten edo aditz esapide baten (agerikoa nahiz ezkutukoa) mende egoten da eta zein aditzek gobernatzen duen espresuki agertzen denean, alegia, aditz nagusia espresuki ematen denean, ez dirudi beharrezkoa denik, bestela bai.

 Grammaire Basque

  • Ea noiz egiten duzun halako eskulan eder bat zuk ere!
  • Ea ikasturte honetan ikasgai bat gainditzen dudan bederen.
  • Ea noiz ikusten dugun elkar!

Hala ere, Lafittek dio zilegi dela aditz nagusia ageri ez denean ere ea ez erabiltzea:

  • ? Ethorri zitzaikun, jan nahi ginuenetz. (Lafitte, Grammaire basque)

Bai/ez erako galderetan ez ezik, zatizkoetan ere erabiltzen da ea partikula.

  • Nahi ditu Jainkoak… ea finak eta egiazkoak direnez frogatu. (Axular, Guero)

Dena den, ea aukerakoa da:

  • (Ea) oporretara joateko asmorik daukan galdetu dio.
  • (Ea) bizikletan ibiltzera joango garen galdetu dit Martinek.

Ohikoa da ea partikula perpausen hasieran erabiltzea; bestalde, zatizko zehargalderetan, ea partikularen aurretik askotan aditza ezkutatu egiten da:

  • Ea euria egiten duen behingoz!
  • Irakaslearengana noa ea laguntzen didan.

Bigarren adibide horretan “galdetzeko, jakiteko, ikusteko” edo antzeko aditzen bat falta dela pentsa liteke. Hala ere, aditz guztiek ez dute onartzen eaz hasitako zehargalderarik. Perpaus nagusiak etorkizuna aipatu ohi du eta sarritan aginte adizki bat (esan iezadazu, begira ezazu) edo xede perpaus bat (jakiteko, ikusteko) hartzen ditu. Hala ere, galdetu aditzarekin, esaterako, edozein modutan ager liteke ea, baita nahi eta behar tartean direnean ere. Ikusi eta jakin aditzak iraganean ematen baditugu, ordea, ea erabiltzea ez da zilegi. Arrazoia semantikoa denez, ahantzi aditzarekin ere ez da oso ohikoa ea erabiltzea.

  • Irakur ezazu arretaz izena eman dutenen zerrenda, gure izena ea ageri den ikusteko.
  • Haurrak apaizari galdetu zion, ea nor zen atzeko apostolu hura.
  • Antzerkia antolatu aurretik, jakin behar dugu ea zenbat jende egongo litzatekeen prest ikusteko.
  • *Ez nuen ikusi Maddi ea horiz ala gorriz jantzita zihoan.
  • *Malenek ez zekien hegaldia ea gaur hartuko zuen ala ez.
  • *Haur horri beti ahazten zaio ea eskolako lanak noizko amaitu behar dituen.

Bestalde, kontua da, zalantza da eta halako esapideekin ere zilegi da ea erabiltzea.

  • Denok jan eta edan dugu, kontua da ea nork ordainduko duen orain hau guztia.

OTE/AL partikulak

Orain arteko gramatika gehienetan aditz multzoko osagai gisa jaso da ote elementua (bizkaieraz ete). Ote elementuak ez du galdera markatzen, zalantza edo susmo kutsua ematen dio galde-perpausari. Nork bere buruari egiten dizkion galdera erretorikoetan sarri erabiltzen da. Galdera zuzenetan ageri da batez ere baina baita zehargalderetan ere.

  • Amaitu ote du azterketa Maialenek?
  • Maialenek azterketa amaitu ote duen jakin nahi dut.
  • Nora arraio joan ote da orain idazkaria?
  • Idazkaria nora joan ote den galdezka nabil neure buruari.

Osagarritzat zehargalderak onartzen dituzten zenbait aditzek, beldur, duda, eztabaida eta kontu izenez osaturiko predikatuek, esaterako, sarri eransten diote ote zehargalderari. Ulergarria ere bada, izen horiek susmoa edo zalantza, segurtasun eta jakintasun-eza adierazten dutelako.

  • Ez dakigu zineman filma amaitu ote den jada.
  • Beldur naiz horrenbeste jende ikusi eta hizlariak atzera egingo ez ote duen.
  • Ez dakit txakurrak ez ote duen ihes egin.

Adibide horietan ikusten denez, batzuetan, ote ez da beharrezkoa zehargalderetan. Bestalde, perpaus lokabeetan otek zalantza edo susmoa adierazten du:

  • Amaitu ote da hitzaldia?
  • Nork eraman ote du nire liburua?

Koldo Mitxelena

Ote jarri edo ez, perpausaren esanahia aldatu egiten da:

  • Etorri da?
  • Etorri ote da?

Bi perpaus horiek ezberdinak dira, ote partikularengatik; zehargalderetan, ordea, ote erabili zein ez, perpausaren esanahia ez da aldatzen. Are gehiago, batzuetan ote erabil liteke ea daramaten perpausetan:

  • Galda daiteke orain ea Peruren alde ote gauden ala kontra (Mitxelena, K., Euskal idazlan guztiak II)

Hala ere, zenbaitetan beharrik gabe handitzen dira perpausak, beharrezko ez diren hitzak metatuz, partikula gehiegi metatuz, esaterako. Hala ere, ezin esan okerrak direnik, tradizioan ere badira-eta halakoak:

  • Ez dakigu ea eguraldi ona egingo duenetz.
  • ikusteko hean nehor noizbeit agertuko othe zenez (J. Barbier, Supazter chokoan)

Al partikula ere erabiltzen da bai/ez erako galderetan. Zuzeneko galderetan hiztunak erabakitzen du erabili ala ez; zehargalderetan, ordea, ez da ia erabiltzen:

  • Ureztatu (al) dituzu lorak?
  • Lorak ureztatu (al) dituzun galdetu dizut.

Perpausa galderazkoa dela interpretatzen lagun dezake al partikulak zuzeneko galderetan. Zehargalderetan, ordea, ez da halakorik behar, perpausaren amaierako -eN atzizkiak argi uzten baitu galde-perpausa dela. Hala ere, zehargalderetan ere erabiltzen da al, ez, ordea, ote adina bider.

  • Zure ahotik entzun nahi dut, emandako hitza beteko al duzun.

BA- zehargalderetan

Arestian aipatu dugun BA-, bizkaieraz -eN atzizkiaren ordez agertzen dena, baldintzazkoaren antzekotzat jo daiteke, BA- azentugabea da nolabait.

  • Ez dakit etorriko bada.

Bada, ordea, BA- azentuduna ere, perpaus bakunetan sarri erabiltzen da adizki trinkoekin perpausaren baiezkotasuna markatzeko:

  • Badator autobusa.

Zer gertatzen da, ordea, zehargalderetan? Badirudi Iparraldean gehiago erabiltzen dela BA- hegoaldean baino.

  • Ez dakit doan.
  • Ez dakit badoan.
  • Goazen galdetu digu.
  • Bagoazen galdetu digu.

Tradiziozko adibideak ere bietako adibideak daude eta horrenbestez, aditz sintetikoaren aurrean BA- ipintzea beharrezkoa ez bada ere, ezin txartzat eman hura erabiltzea.

ALA/EDO

Juntagailuen atalean jasotzen denez, ala juntagailua galde perpausetan erabiltzen da batez ere. Perpaus juntatuak aditz nagusi baten mende ditugunean ere balio du arau horrek. Galderazko ez badira, edo erabiliko dugu; galderazko badira, berriz, ala:

  • [Gorria edo berdea] erosiko dut.
  • [Gorria edo berdea] erosiko dudan zalantza daukat.

Galde-perpausak hiru motatakoak direla esan dugu:

  • Zati galderak: ez dago ez aukerarik, ez juntadura hautakaririk. Beraz, ez dago edo/ala juntagailurik.
  • Bai/ez galderak: ez dago aukerarik eta ez da juntagailurik ageri, baina ageri bada, ala erabiltzen da.
  • Aukera galderak: nahitaezkoa da juntagailua, eta ala perpaus hauetan erabiliko dugu.

Aukera galderetan, mendekoetan nahiz lokabeetan, ala juntagailua ager liteke:

  • Ez dakit norekin joango naizen dantzara, Maiderrekin ala Ionerekin.
  • Ea nora joaten den autobusa lehenago, Eibarrera ala Elgoibarrera.
  • Bakizu etorkizuna zelangoa dan, zuria ala baltza dan (Cardaberaz, Euskeraren berri onak)

Adibide horietan ala-k ez ditu perpaus osoak juntatzen, osagaiak baizik. Gerta liteke, ordea, ala-k perpaus osoak juntatzea, eta halakoetan, bi perpausetako aditzek behar dute -eN mendekotasun marka.

Bilintx

  • Ez dakit norekin joango naizen dantzara, Maiderrekin joango naizen ala Ionerekin joango naizen.
  • Ea nora joaten den autobusa lehenago, Eibarrera joaten den ala Elgoibarrera joaten den.
  • Oraindik ez dugu erabaki Aizkorrira joango garen, ala Anbotora joango garen.

Adibide horietan bi perpaus elkartu ditugu, biak dira perpaus nagusiaren osagaiak eta aditzak agerian daudenez, biek behar dute -eN atzizkia. Horrenbestez, zehargalderak bi aditz jokatu baditu, biek hartuko dute -eN. Askotan, gainera, horrelako perpausek egitura bikoitza izaten dute: zati galdera lehenengo eta aukera galdera bat, zati galdera hobeto azaltzeko. Zehargalderetan ez ezik, mendeko ez direnetan ere gertatzen da hori:

  • Zein aterki erosiko duzu? Gorria ala beltza?
  • Ez dakit zein aterki erosiko dudan, gorria ala beltza.

Zehargaldera horietan ala erabili da baina edo ere sarri agertzen da, bai osagaiak juntatzen direnean eta bai perpaus osoak juntatzen direnean.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Zehar-galdera orokorrak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3