Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:6:2:2:2

Zehar-galdera zatizkoak

Galde hitza daramaten mendeko perpausak dira zehargaldera zatizkoak. Edozein galde hitzek (izenordaina, graduatzailea, aditzondoa…) mugatzen du zatizko galdera eta horien menderagailua beti da -eN. Familia-txartela

  • [ZENBAT seme-alaba dauzkazun] jakin nahi dugu, familia-txartela eman ahal izateko.
  • Etxera iritsi ginenean [NON ibili ginen] galdetu zigun amak.

Ezaugarri orokorrak

Zati galderak perpaus irekiak dira, osagai batek, galde hitzak, erreferentzia zehaztu gabe daukalako. Zuzeneko galdera denean, osagai ezezagun hori identifikatzea eskatzen da; zeharkako zehargalderetan, berriz, aditz nagusiaren arabera interpretatzen da. Gehienetan ez da ezezagun horren erreferentziaz galdetzen, esan, erabaki, ikusi egiten da.

Ea eta ote partikulak biak ager litezke zatizko galderetan (zuzenak nahiz zeharkakoak), baina ez dira beharrezkoak. Bestalde, al partikulak ez dauka lekurik zati galderetan.

  • Alkateari galdetu ziotenean (ea) nor zen bere maitalea, mutu gelditu ziren aretoko entzule guztiak.
  • Non ibili (ote) zaren galdezka jardun du zure bizilagunak.

Ea partikula oso maiz agertzen da galdegin, eztabaidatu, dudan egon, gogoetan egon, zelatan egon eta antzeko aditzekin, baina hauetan ere ez da nahitaezkoa.

  • Galdegiozu amari (ea) zaldi-lasterketa ikustera joateko baimena nori eskatu behar diozun.
  • Botoa (ea) nori emango dioten eztabaidatu dute alderdiek.

Perpausari “zalantza” kutsua ematen dioten aditzekin ote ere aurki genezake ea bezala. Are gehiago, zenbaitetan biak ere agertuko dira.

  • Etxea goitik behera arakatzen ari da, giltzak non galdu ote dituen jakiteko.
  • Tabernako zerbitzariak galdetu dizu (ea) zerbait nahi (ote) duzun edateko.
  • Denon artean pentsatzen ari gara (ea) non egingo (ote) dugun bazkaria.

Nolanahi ere, pentsatu eta antzeko aditzekin dudazkoak dira perpaus horiek. Gogoratu bai/ez zehargalderetako ea-ri buruz esandakoak, eta batez ere etorkizuneko kutsua eduki behar dutela.

Zehargalderak mendeko perpausak dira, perpaus nagusi batean txertatuta joaten dira horrenbestez. Perpaus nagusi horretan aditz bat ere izaten da baina askotan perpaus nagusirik gabe edo perpaus nagusia isilduta ere erabiltzen ditugu zehargalderak, aditz nagusirik gabe, alegia. Zatizko zehargalderetan hiru multzo bereizi litezke:

  • ea partikula buruan dutenak: aditza isilean dagoela pentsatu behar da.
  • Ea banketxean zer erantzuten dizuten. > Ikus ezazu ea banketxean zer erantzuten dizuten.
  • Ea lankideak zer esaten dizun atzoko bileraz. > Ikus ezazu ea lankideak zer esaten dizun atzoko bileraz.
  • gauzak zeren arabera diren esaten digutenak: gaztelaniaz segun edo depende hitzak jartzen dira perpaus batean baieztatutakoari muga jarri nahi zaionean. Perpaus hauek beste baten mende daude. Euskarara ere iritsi dira hauek baina ez dira forma jatorrak, euskarak zehargalderak ditu horretarako, aditz nagusirik gabeko zehargalderak:
  • (Ikasleek betetzen dute esandakoa) Segun nork agintzen duen. > Ikasleek betetzen dute esandakoa. Nork esaten duen.
  • (Bihar lagunduko dizut) Depende nora zoazen. > Bihar lagunduko dizut. Nora zoazen.

Galde hitza batetik eta zehargalderen -eN atzizkia duen adizkia bestetik joaten dira halakoetan, eta ezkutuan egon arren, atzizki horrek badu eragile bat azpian:

  • Hartuko al du parte Nahiak lasterketan?
  • Zain egon behar.
  • Zeren zain?
  • Belaunak zenbat min ematen dion.

Elkarrizketa horretan, hauxe da perpaus osoa: Belaunak zenbat min ematen dion zain egon behar. Hori da perpaus nagusia eta hori da [galde hitza… -eN] perifrasiaren atzean dagoena. Horrenbestez, gaztelaniazko “segun” eta “depende” esapideen ordain zuzena ez da belaunak zenbat min ematen dion perifrasia, oinarrian isilik dagoen perpaus nagusia baizik: Zain egon behar. Antzekoak dira beste hauek ere: ikusi egin behar, jakin egin behar, ez da berdin, alde handia da, asko esan nahi du….

  • Ez da berdin… nork hitz egiten duen.
  • Asko esan nahi du… zenbat irabazten duen.

Bestelako elkarrizketetan ere erabiltzen dira:

  • Ez omen du azterketa gaindituko… Zenbat ikasi duen.
  • Guk mendira joateko asmoa daukagu… Nolako eguraldia dagoen.
  • harridura perpausak: zehargaldera gisa ere ematen dira harridura perpausak, perpaus nagusia isilean utzita.
  • Zein ederra den Hendaia!
  • Zenbat diru irabazi duen Mikelek loterian!

Hendaia

Horiek zehargalderak dira: galde hitza dute (zein, zenbat, noiz…) eta aditzak zehargalderen marka darama, -eN, alegia. Hala ere, perpaus nagusia isilean dago horietan:

  • Ikus ezazu [zein ederra den Hendaia]!
  • Harrigarria da [zenbat diru irabazi duen Mikelek loterian]!

Zehargalderak eta perpaus erlatiboak

Badira zenbait perpaus, galde hitza edukiagatik, zehargalderak ez, erlatiboak direnak (erlatiboen atalean azaldu ditugu perpaus horiek).

  • Ez daukat amona zaintzeko laguntza nori eska diezaiodan.

Perpaus horren aditza subjuntiboa da. Dena den, halakoak tradiziozko testuetan dira ohikoagoak, egun partizipioa edo aditzoina erabiltzen da halakoetan.

  • Ez daukat amona zaintzeko laguntza nori eskatu.

Halakoak ere erlatiboak dira, eta komeni da zehargalderetatik ongi bereiztea.

  • Arkaitzi ez zioten esan [zer egin].
  • Arkaitzek badu [nork lagun(du)].

Perpaus hauek ere hiru osagai dituzte: perpaus nagusia, galdekaria eta partizipio burutua edo aditzoina. Hala ere, sakonean ez dute egitura berbera: lehenengoan esan aditzak gobernatzen du [zer egin] osagaia, aditz horren osagarria da: Zer ez zioten esan Arkaitzi? Ez zioten esan zer egin. Bigarren adibidean, ordea, ukan aditzak ez du perpausik hartzen osagarri gisa, izen sintagma arruntak baizik: badut autoa, badut indarra, etab. Horregatik gertatzen dira honelako nahasteak:

  • * Arkaitzi ez zioten esan [autoa].
  • Arkaitzek badu jaialdirako [gonbidapena].

Adibide horietan ikusten denez, esan aditzak ez du izen sintagmarik hartzen osagarritzat; ukan aditzak, berriz, bai. esanek perpausa hartzen du osagarri; ukanek, aldiz, ez.

  • Arkaitzi ez zioten esan [aurkezpena norekin egin behar zuen].
  • *Arkaitzek badu [aurkezpena norekin egin behar zuen].

Zehargalderak zenbait aditzen osagarri izan daitezke.

  • Bihar erabakiko/ikusiko dut [zer jan].
  • Bihar erabakiko/ikusiko dut [nora joan].

Zer da bihar erabakiko/ikusiko dudana? Erabakiko dudana ez da gauza bat, ekintza bat baizik. Horregatik, erabaki aditzak perpaus bat darama osagarri. Ikus beste adibide hauek:

  • Aurkituko dut [zer jan].
  • Ez daukat [nora joan].

Bi adibide horietan esaten dena da “ez daukala etxe bat adibidez” edo “aurkituko duela zerbait jateko”. Horrenbestez, eduki aditzaren osagarria ez da [nora joan], ezta aurkitu aditzarena [zer jan] ere. Bietan isilduta dagoen izen sintagma bat da osagarria, “etxea” edo “logela”, “ogia” edo “fruta”, esaterako. Horrenbestez, halako perpausen egitura erlatiboen oso antzekoa da:

  • Ez daukat [[o]i][norai joan].

Eduki aditzaren objektua isilean dagoen izen sintagma bat da eta haren erreferentziakidea, non elementua perpaus txertatuan, ere bai. Halako erreferentziakidetasunik ez dago benetako osagarrietan, ezta zehargalderetan ere:

  • Bihar erabakiko dut [zer jan].

Perpausen egitura ere ezberdina da:

  • *Ez daukat [[ø]i][zein logelatarai joan].

Horrelakoa da gorago jaso dugun perpausa ere, subjuntiboduna: Ez daukat amona zaintzeko laguntza nori eska diezaiodan.

Horrenbestez, jakin, ikusi, pentsatu, erabaki eta antzeko aditzek zehargalderak onartzen dituzte osagarri gisa, laguntzailedunak nahiz laguntzailerik gabekoak. Badira, ordea, beste aditz batzuk, izan, ukan, aurkitu, bilatu… [galde hitza+aditzoina] gisako erlatiboak onartzen dituztenak. Erlatibo horien ardatza isileko izen bat izango da, “erlatibo libre” deiturikoen parekoak dira. Esanahiaren aldetik, aditz nagusi horien objektu den izen hori zerbait zehaztugabe gisa azaltzen da. Hala ere, aditz nagusi horien objektua izen sintagma bat da, eta horregatik askotan mugatzailearekin edo partitiboan ageri dira.

  • Ez daukat norekin joanik.
  • Aurkituko dugu nork erosia.
  • Badaukagu non geratu polit askoa.

Adjektibo eta guzti ere ageri dira Izen Sintagma horiek batzuetan (hirugarren adibidean bezala: polit askoa); bestalde, baiezko perpausetan partizipio burutua forma partitiboan ere erabil daiteke:

  • Badauka kontzertura norekin joanik.
  • Ba al dago oraindik zer erosirik?

Esan dugu galde hitza eraman arren zenbait perpaus ez direla zehargalderak eta komeni da gogoratzea horrelako batzuek bitariko esanahia izaten dutela:

  • Ez daukat zer egonik beti pozik.
  • Ez geneukan zer edanik beti ura.

Perpaus horietan ageri den ZER ez da ez egon aditzaren subjektua ez jan aditzaren objektua. Lehenengo perpausean ni izango litzateke subjektua eta bigarrengoan ura da objektua. Badut zer edanek badut edatekoa esan nahi badu, ez dut zer edanek ez dut edatekorik esan nahi du. Hala ere, batzuetan beste zentzu bat ere hartzen dute halako perpausek: ez duela edateko arrazoirik, betebeharrik eta ez dut zertan/zergatik edan moldearen pareko bihurtzen da. Bigarren hori da hain zuzen ere goiko adibideon adiera, eta horregatik ematen dira okertzat hurrengo perpaus hauek, alegia, ez du zerek berez duen zentzua alferrik errepikatzen duelako beharrik hitzak:

  • *Ez du zer(tan) orduz kanpo lanean ibili beharrik.

Goiko adibideetan ikusi dugunez, obligazio zentzua areago nabarmentzen da partizipioari edo aditzoinari sintagma batzuk eransten zaizkionean, zeri osagarri zuzena edo subjektu izateko aukera kentzen diotenak.

Ez dut zer edan moldearen adiera arrunta “ez dut edatekorik” da; ez dut zer edan beti gauza bera esanez gero, ordea, ez nago beti gauza bera edatera derrigortuta. Aditz-oinari objektu zuzen berria sortu zaio eta zerek lehengo funtzioa galtzen du, eta zergatik edo zertanen pareko bihurtzen da. Hori horrela, perpaus hauen arteko aldea argia da: “arrazoia” adierazten dute bigarren moldekoek, besteek ez:

  • Ez dut zer egin.
  • Ez dut zer egin beti zuk esandakoa.
  • Ez dut zer jan.
  • Ez dut zer jan jantokian jartzen dutena.

Bigarren moldeek objektu bat dute: zuk esandakoa eta jantokian jartzen dutena; eta halakoetan arrazoiaz ari garela esan dugu.

Perpaus nagusiaren adizkia *edun/eduki eta izan/egon izan daiteke; mendeko perpausarena, berriz, iragankorra nahiz iragangaitza. Adizki hori iragangaitza denean, partizipioa zein aditzoina izan, haren osagarri zuzena ezin da izan zer, eta perpausak bigarren esanahi hori besterik ez dauka:

  • Maddik ez dauka zertan mendira bakarrik joan.
  • Zuk ez duzu zer kezkatu hark esandakoarengatik.

Idazle klasikoetan ere aurkitzen ditugu halakoak, baita adizki iragankordunak ere:

Horietan guztietan kausa balioa hartzen du zerek. Perpaus nagusia ezezkoa denean gertatzen da batez ere hori, baina baiezkoa denean ere gerta liteke:

  • Baduzu zer triste egon.

Axularren hainbat adibidetan ikus daitekeenez, partizipio burutua forma partitiboan ere ager daiteke

  • erituz geroko debozinoan ezta zer fidaturik (Axular, Guero)

Hala ere, halakoek bi balioak izan ditzakete, eta batzuetan ez da erraza zehazki zein den jakiten.

  • zeren kofesatzera heldu dena bekhatuan dago, zeren hala ezpalego, ezluke zer kofesaturik. (Axular, Guero)
  • aitortu duena damututa dago, zeren hala ez balego, ez luke zer aitortu.

Bi adierak izan ditzake adibide horrek: ez luke konfesatzeko bekaturik edo ez luke zergatik joan konfesatzera eta ez luke zer aitortu edo ez luke aitortu beharrik.

Horiek guztiak honela ere eman litezke:

  • ez da zer fida(tu)
  • ez luke zer aitor(tu)

Bestalde, adibide gehienetan zer izenordaina agertu arren, zertan ere sarri erabiltzen da egungo euskaran eta partitiboan ere eman litezke:

  • ez da zertan fida(tu)/fidaturik
  • ez luke zertan aitor(tu)/aitorturik

Galde hitzak adierazpen perpaus osagarrietan

Galde hitzen bidez osatzen diren perpausak zatizko galderak direla esan dugu arestian eta horiek zuzenekoak nahiz zeharkakoak izan daitezke. Atal honetan zehargalderez ari gara eta horien ezaugarria -eN atzizkia dela ere esan dugu. Hala ere, -eLA atzizkidun perpausetan ere ager litezke galde hitzak:

  • [Nor datorrela] esan duzu?

Galde hitzak galderazko perpausaren osagai zuzenak izan daitezke: nor, nori, nork, non, nora, nondik, zergatik, etab.. Baina perpausa baino osagai txikiagoen osagai ere izan litezke: nolako, zein, zenbat nongo eta antzekoak izen sintagma baten osagai izan daitezke: Santa eskea Elgoibarren

  • [Nolako etxea] erosi duzu?
  • [Zenbat diru] bildu duzue Santa Eskean?

Izen sintagma batean bezala, beste perpaus txertatu batean ere aurki daitezke galde hitz horiek, erlatiboetan, esaterako:

  • [Nork idatzitako] liburua gustatu zaizu gehien?
  • on egindako] pastela erosiko dugu ospakizunerako?

Perpaus horiek guztiak galde-perpausak dira: galde hitzak dituzte denek eta perpaus nagusiak galderazkoak dira. Gauza bera gerta daiteke adierazpen perpausekin ere: adierazpen perpausak izan daitezke beste perpaus baten osagarri eta adierazpenezkoak direnez -eLA atzizkia eramango dute.

  • [Azterketara aitak eramango duela] uste du Arantzak.

Adierazpen perpaus horretan, ordea, osagaietako bat galde hitza izan liteke, eta aitak sintagmaren ordez nork galde hitza erabil liteke:

  • [Azterketara nork eramango duela] uste du Arantzak?

Baina hor ere, goikoan bezala, perpaus nagusiak galderazkoa izan behar du. Azkeneko hori zuzeneko galdera da beraz, informazio eskari bat du. Hala ere, galde hitza adierazpen perpaus batean txertaturik azal liteke baina galdegaiaren araura estu mugatuta: galde hitza hartzen duen sintagma aditzaren aurrean agertuko da beti. Galde hitza perpausaren osagai zuzena bada, perpauseko aditzaren aurrean joango da; galde hitz hori izen sintagma baten osagaia bada, sintagma osoa joango da aditzaren aurrean (Nolako etxea erosi duzu?, Zenbat diru bildu duzue Santa Eskean?); eta galde hitza perpaus txertatu batean badago, perpaus osoa joango da aditz nagusiaren aurrean (Nork idatzitako liburua gustatu zaizu gehien?, Non egindako pastela erosiko dugu ospakizunerako?). Hori gertatzen da perpaus erlatibo horretan, baina baita adierazpenekoetan ere, eta horregatik du perpaus honek ordena jakin bat, eta ez bestea:

  • [Azterketara nork eramango duela] uste du Arantzak?
  • *Uste du Arantzak [azterketara nork eramango duela]?

Hala ere, halako perpaus osagarrietan zilegi da perpaus osagarri osoa aditz nagusiaren aurrera eraman beharrean galde hitza eramatea:

  • Nork uste du Arantzak eramango duela azterketara?

Aditz jokatugabeekin ere zilegi da joko hau:

  • Nora pentsatzen duzu joatea? (nora joatea pentsatzen duzu?)

Galde hitza atera eta aditz nagusiaren aurrean jartzea perpaus osagarriekin egin liteke bakarrik; ezin da halakorik egin ez izen sintagmen barruko galde hitzekin ez erlatiboetakoekin ere, azken horiek ere izen sintagma batean daudelako txertatuta. Bestalde, aditz guztiek ez dute onartzen galde hitza daraman osagarririk: uste izan, esan, pentsatu eta antzekoek bai; baina jakin, ahantzi, ikasi, ohartu eta antzekoek ez. (ikus Hurrenkera kontuak atala). Eta jakina, galde hitzik ez badago, ezin da aurreratu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Zehar-galdera zatizkoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3