Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:6:2:3

Perpaus osagarri izenlagunak

Izen batek gobernatzen dituen perpaus osagarriak aztertuko dira atal honetan, hau da, perpaus osagarriak izen gobernatzailearen izenlagun diren perpausak. Hori horrela, izenlagunek izan ohi dituzten atzizkiak hartzen dituzte: -eN edo -KO (-eLAKO):

  • [Diruak dena lortzen duelako ustea] oso zabaldua dago.
  • Badira oraindik [lurra zapala den ustea] baztertu ez duenik. Lurra

Perpaus osagarri izenlagunen artean adierazpenezkoak dira zalantzarik sortzen ez dutenak eta adierazpenen bat dute azpian: komunikazioa (berria, zurrumurrua…), iritzia (ustea, susmoa…), balizkotasuna (hipotesia..) edo arreta (kezka): Kasu hauetan perpaus osagarriak delako berriaren, ustearen, iritziaren edo kezkaren edukia zein den argitzen digu.

Zehargaldera edo subjunktiboa duten perpaus osagarri izenlagunak zalantzagarriak dira:

  • ? Lagunek onartuko nauten kezkak urduri nauka.
  • ? Orok maita zaitzaten desirak galduko zaitu.

Bestalde, perpaus osagarri izenlagunak adjuntuak diren perpaus adberbialetatik bereizi behar dira. Ondoko adibide pareak erakusten du: lehena osagarria da (susmoa izena du gobernatzaile) eta bigarrena adbderbiala (kausala):

  • [Berandu dabiltzalako] susmoa dut.
  • [Berandu dabiltzalako] egin die errieta.

Gobernatzailea isilpena duten perpaus osagarri izanlagunak ere baditugu, -a mugatzailea edo erakuslea erantsita sortzen den -eLAKOA/-eLAKO HORI eta -AN inesiboa erantsita sortzen den -eLAKOAN. Azken horien azpian -eLAKO USTEAN izango genuke, eta beraz, osorik hartuta adberbialak izango lirateke:

  • Egia da Maite eta Koldo banatu direlakoa?
  • Zer da Ameriketara joatekoa zarelako hori?
  • Nahiko diru nuelakoan, denda hartara sartu nintzen.

Erabilera okerrak

Erabilera okerreko esaldiak dira -eN eta -eLAKO menderagailuak erabili ordez, -eLAREN, -eLAZKO, -eNAREN eta -eNEKO erabiliz sortzen ditugun perpaus osagarri izenlagunak:

  • *Galdu dutelaren seinale da hori.
  • *Irabazi dutelazko kontu hori gezurra da.
  • *Etorriko zenaren hitza ez zuen bete.
  • *Etorriko zeneko hitza ez zuen bete.

Euskaltzaindiak honetaz

Izenak gobernaturiko perpaus osagarriak direla eta, hau da Euskaltzaindiak -ELAKO eta -EN atzizkien inguruan emandako araua:

116. araua (2001eko martxoaren 21ean).

  • *Ebola sendatzeko botika asmatu dutelaren berria zabaldu da hedabideetan.
  • Ebola sendatzeko botika asmatu dutelako berria zabaldu da hedabideetan.

Literatur tradizioaren lekukotasuna ikusita, -eLAKO eta -eN dira izenak gobernaturiko perpaus osagarriek hartu ohi dituzten atzizkiak. Horrenbestez, Euskaltzaindiak ere horien alde egin du: Aitzakia, albiste, berri, damu, esperantza, froga, hitz, iritzi, irudipen, itxaropen, itxura, kezka, konfiantza, kontu, marka, promesa, seinale, sentimendu, susmo, uste, zantzu, zurrumurru… eta horrelako izenek gobernatzen dituzten perpaus osagarrietan –eLAKO eta –eN atzizkiak erabiliko dira euskara batuan. Aldiz, perpaus osagarriotan –eLAREN, –eNEKO edo –eNAREN atzizkiak erabiltzea ez da egokia, ez dutelako literatur tradizioan nahikoa lekukotasunik:

  • *Irakasleak ikaslea zigortu duelaren zurrumurrua ez da egia.
  • Irakasleak ikaslea zigortu duelako zurrumurrua ez da egia.
  • *Lana utzi eta apustuan hasi zen, diru gehiago irabaziko zueneko ustean.
  • Lana utzi eta apustuan hasi zen, diru gehiago irabaziko zuen ustean.
  • *Liburua gustatu zaienaren seinale da saldutako kopuru handia.
  • Liburua gustatu zaien seinale da saldutako kopuru handia.

EGLU-V (Mendeko perpausak-1)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Perpaus osagarri izenlagunak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3