Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:6:2:4

Subjuntiboko perpaus osagarriak

Atal honetan aditza [+subjuntiboa] duten perpaus osagarriak aztertuko ditugu: aspektu eta -KE gabeak, eta -eN edo -eLA menderagailuak eraman behar dituztenak.

Bi modutan gerta daiteke perpaus osagarriak [+subjuntiboak] izatea: aditz nagusiarengatik izaten da batzuetan, nahia, eskaria, agindua eta antzekoak adierazten dituzten gobernatzaileek osagarri subjuntiboa eskatzen dutelako. Horien osagarriak ez dira inoiz adierazpenezkoak:

  • Idazlana azkar egin dezazun eskatzen dizut.
  • *Idazlana azkar egin duzula eskatzen dizut.
  • Eguraldi ona egin dezan desio dut.
  • *Eguraldi ona egin duela desio dut.

Aipamen lokabe bati sarrera ematen diotenean ere, aipamen hori aginterazkoa izaten da, ez adierazpenezkoa:

  • Apaizak hauxe agindu zien haurrei: “Lagun egiozue elkarri”.
  • *Apaizak hauxe agindu zien haurrei: “Elkarri laguntzen diozue”.

Sri Lanka bizikletan

Beste predikatu batzuk orokorragoak dira eta ez dute subjuntiboko osagarririk eskatzen. Esan aditzak, esaterako, era guztietako osagarriak onartzen ditu eta era guztietako aipamenei ematen die sarrera: adierazpenei, galderei zein aginterei. Hain zuzen ere, aginterek subjuntiboa eskatzen dute mendeko bihurtzen direnean. Ez esan aditzak horrelako osagarria eskatzen duelako, osagarri eginiko perpausa horrelakoa delako baizik. Izan ere, aginterak, mendeko bihurtzen denean, subjuntiboko ezaugarria hartzen du.

  • Hauxe esan dizu sendagileak: “ibil zaitez bizikletan”.
  • Bizikletan ibil zaitezela esan dizu sendagileak.

Bestalde, subjuntiboko perpaus batzuek ez dute onartzen aditz nagusiko subjektu bera izatea. Aditz nagusiak eta subjuntiboko perpausak subjektu ezberdina dute:

  • Leihoak itxi ditzagula esan digute Gurutze Gorrikoek. (haiek-gu)
  • *Atseden har dezadan nahi dut. (nik-ni)
  • *Aurkezpena berak egin dezan nahi du Antxonek. (Antxonek nahi du Antxonek egin)

Bi aditzen subjektua bera denean, jokatu gabeko perpaus jakin batzuk erabiltzen dira: atseden hartu nahi dut, aurkezpena berak egin nahi du…

On degizula!, Egun on dizula Jainkoak! eta halakoetan izan ezik, subjuntiboko perpaus hauek ez dira aditz trinkoarekin ematen aditz perifrastikoarekin baizik.

  • Ez dut nahi berarekin joan zaitezen.
  • (?)Ez dut nahi berarekin zoazen.
  • Amonari lagun egin diezaiogula eskatu digu.
  • (?)Amonari lagun diogula eskatu digu.

Bestalde, perpaus jokatu gabeak subjuntiboko perpausen parekoak izan daitezke askotan. -TZEA edo -TZEKO atzizkia dutenak subjuntiboko perpausen pareko izan daitezke:

  • Komeni da aretoan denak sartzea. (= sar daitezen)
  • Idazlana egiten laguntzeko eskatu dit ahizpak. (=lagun diezaiodala)
  • Hobe da denok elkarrekin aritzea, nor bere kabuz baino. (=aritu gaitezen)

Hegoaldeko euskalkietan maila jasokotzat jotzen da subjuntiboa eta hortaz, ohikoagoa izaten da -tzeko eta -tzea atzizkidun formak erabiltzea.

Subjuntiboko perpaus osagarrien ezaugarri batzuk

[-subjuntibo] diren perpaus osagarrien zenbait ezaugarri errepikatu egiten dira [+subjuntibo] diren perpausetan:

  • Predikatu konplexuak gobernatzaile: Erreguka ari zait ezkon gaitezela.
  • Isilpekoak: Oihu egin zigun, amai genezala egiten ari ginen marrazkia.
  • Galde hitza aurreratzea: Nork nahi duzu irabaz dezan?.
  • -eN osagarriaren eta -eN adberbialaren arteko aldea: Mezuak poliki irakur ditzazun komeni zaizu - mezuak poliki irakur ditzazun, behar adina denbora hartzea komeni zaizu.
  • Ezen lokailua perpausaren buruan: Nahi duzu zuk ezen egin behar zenduen deskargua eta egin eztuzuna zure ondokoak egin dezan (Guero, Axular)
  • Perpaus nagusian aurrekari bat izatea: Hauxe eskatzen dizut, saia zaitezela lehiaketa irabazten.

Dena den, horiek guztiak [-subjuntiboko] perpaus osagarrien atalean azaldu ditugu sakonago.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Subjuntiboko perpaus osagarriak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3