Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:6:3

Perpaus osagarri jokatugabeak

Perpaus osagarri jokatuetan bezala, jokatugabeetan ere konplementazio erlazioa dago, hau da, perpaus nagusian dagoen elementu gobernatzaile baten osagarri da mendekoa.

Euskararen sendabelarrak

  • Harritzekoa zen Olatz hain isilik eta pentsakor egotea (Pasaia blues, Cano, H.)
  • Han eta hemen jardun zuen apaiz lanak egiten (Euskararen sendabelarrak, Zuazo, K.)
  • Blanco urte askoan kontrabando egitetik bizi omen zen, Haiti eta Santo Domingoko mugan (New Yorkeko kronika beltza, Garate, G.)

Letra etzanez perpaus osagarri jokatugabeak azpimarratu dira; letra beltzez, berriz, perpaus horiekin konplementazioan dauden predikatuak, hau da, osagarri horien predikatu gobernatzaileak. Predikatu horiek gobernatzen dituzte osagarri jokatugabeak.

Mendeko perpaus jokatugabe gehienak esanahiaren arabera antolatzen dira: denborazkoak, helburuzkoak, moduzkoak, etab. Perpaus erlatibo jokatugabeak, berriz, funtzio gramatikalak definitzen ditu: hau da, adjektibo (izenlagun) funtzioa betetzeak.

Mendeko perpaus osagarriak, ordea, askotarikoak dira esanahiz zein funtzio gramatikalez. Perpaus osagarrien ezaugarri nagusia da perpausak bere predikatu gobernatzailearekin daukan lotura estua, predikatu horrek bere sare semantikoaren parte berezkoa duelako halako perpausa hartzea.

  • [norbait] damutu [zerbaitez]
  • [norbait] ausartu [zerbaitera]

Predikatu gobernatzailea (damutu) eta haren perpaus osagarria (zerbaitez) konplementazio-erlazioan daude. Horregatik dira askotarikoak perpaus osagarriak: predikatua nolakoa, halako forma eta halako esanahiko osagarria izango du. Hori da osagarri ez direnekin duten alde nagusia, haiek edozein predikaturekin elkar baitaitezke:

  • Ogia erosten ikusi dut / *erori da / *irtengo gara
  • Ogia erostean ikusi dut / erori da / irtengo gara

Ogia erosten perpaus osagarria hartzeko, ez du balio edozein aditzek. Perpaus-motaren arabera, halako predikatu sorta bat egongo da harekin konplementazio-erlazioan.

Perpaus osagarriak sailkatzeko, haien formari erreparatuko diegu, baina forma bakoitzean askotariko esanahiak lortzen dira, predikatu gobernatzailearen izaeraren araberakoak.

Kontrola

Perpaus osagarrien bereizgarri bat “kontrol” deritzona da. Perpaus osagarri batzuek ez dute onartzen subjektutzat predikatu gobernatzaileak markatu edo kontrolaturiko erreferente jakin bat baino. Predikatu gobernatzailearen semantikak eragozten du osagarriaren subjektua beste bat izatea:

  • *Ikerrek jende aurrean irakurtzera ausartu da Maite. Alex Txikon
  • Iker jende aurrean irakurtzera ausartu da.
  • Jende aurrean irakurtzera ausartu da Maite.
  • *Lagunek base jauzia egitera ausartu da Alex.
  • Lagunak base jauzia egitera ausartu dira.
  • Base jauzia egitera ausartu da Alex.

Perpaus osagarri jokatugabearen subjektua kontrolatua dela esaten da halakoetan. Predikatu gobernatzailearen esanahia funtsezkoa da egitura horietan, eta ausarturekin bezala gertatzen da damutu eta ahantzi aditzekin ere: osagarriaren subjektua kontrolatua da, aditzaren subjektu berbera, alegia. Halakoetan, kontrola ezartzen denean, osagarriaren subjektua markatzen duena subjektua, objektua edo datiboa izan daiteke, predikatu bakoitzaren arabera.

  • *Damutu naiz Maitek hitz egiteaz.
  • Damutu naiz hitz egiteaz.
  • *Nerea ahantzi da zuk liburua erosteaz.
  • Nerea ahantzi da liburua erosteaz.

harritu predikatuarekin, ordea, ez da hori gertatzen, ez du kontrolik ezartzen perpaus osagarriaren subjektuaren gainean eta horrenbestez, subjektua ezberdina izan daiteke:

  • Aitorrek ardoaren ordez garagardoa eskatzeaz harritu egin da Mikel.
  • Maitek lasterketa irabazteaz poztu egin da Izaro.

Zenbait aditz-predikatuk hartu ohi dituzten perpaus osagarri arruntak taula batean jasota eman ditu Euskaltzaindiak, kontrol-kasuak zehaztuta. EGLU VII liburukiaren 593. orrialdetik aurrera eskura daiteke taula hori.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Perpaus osagarri jokatugabeak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3