Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:6:3:1

-tzen

Formaz nahiko bereziak dira -TZEN perpausak, -TZE atzizkia daramaten gainerako perpausetan ez bezala, hauetan, inesiboaren -N marka zuzenean lotzen zaiolako aditz-izenari, mugatzailerik gabe. Gainerakoan, ekintza edo prozesu bat amaitu gabe dagoela adierazten du -TZEN perpausak. Zertan? galderari erantzuten dio eta prozesu edo egoera bat adierazten du, burutu edo amaitu gabe dagoena: dantzan, jolasean…

Oinarrian dagoena aditz-izena bada, mugatzailerik gabeko inesibozkoak dira forma ohikoenak zertan-horretan adieran: dantza egiten, josten…

Prozesuak egile bat baldin badauka, -TZEN perpausen ohiko adieretako bat izango dugu: jarduera.

Euskalkien arteko bereizketa dela eta, bizkaieran -TZEN erabiltzen da gainerako euskalkietan -TZERA erabiltzen denean:

  • Haurrari hoska egitera joan zen zakurra. (orokorra) Zakurra
  • Haurrari hoska egiten joan zen zakurra. (bizkaierakoa)

Bestetik, perpaus osagarri askotan mendebaldean -TZEN eta ekialdean -TZERA bereizten dira.

  • Medikuak agindutako ariketak bere kabuz egiten saiatu da Maddi. (mendebaldekoa)
  • Medikuak agindutako ariketak bere kabuz egitera saiatu da Maddi. (ekialdekoa)

Predikatu motak, esanahiaren arabera

Predikatu gobernatzaile gehienak hiru sailetan biltzen dira (geroago jasoko dira aspektu-perifrasiak osatzen dituztenak: hasi, jarraitu):

  • Jarduera-predikatuak: jardun, aritu, ibili…
  • Jardueren kudeaketari dagozkienak: jakin, trebatu, ikasi, saiatu, moldatu, asmatu, oldartu, tematu, trebe izan…
  • Prozesuak eta jarduerak hautemateari dagozkienak: ikusi, entzun, hauteman, aurkitu…. Sail honetakoak beti dira du moldeko aditzak. Subjektua da hautemailea eta objektua osagarriaren kontrolatzailea, hau da, perpaus nagusiko objektua da perpaus osagarriaren aditzaren subjektu aipatugabea.
    • Mikel ikusi genuen neskalagunarengana joaten. Mikel (joan)
    • Mikel ikusi genuen neska besarkatzen. Mikelek (besarkatu)

Pertzepzioa ere, hau da, zerbait gertzen dela hautematea, jarduera bat da, zentzumen-jarduera bat. Jarduerak kudeatzeak jarduerok inplikatzen ditu. Horrenbestez, beti izango genuke nolabaiteko jarduera bat, burutugabetasunak adierazten duen iraute horri lotua. Molde horretako aditzak du laguntzailedunak dira: subjektua hautemailea da; objektua, berriz, osagarriaren kontrolatzailea. Perpaus nagusiko objektua perpaus osagarriaren aditzaren subjektu aipatugabea da:

  • Entzun zintudan guri oihu egiten.
  • Ikusi nuen gure begira.

Zuk (oihu egin) edo hark (begiratu) dira adierazten diren ideiak, zu (entzun) eta hura (ikusi) objektuek kontrolatzen baitituzte subjektuok. Irudikapenezko predikatuak ere hautematezkoen sailekoak dira: irudi, marraztu, margotu, grabatu, gogoratu… Baita aurkikuntzazko predikatuak ere: aurkitu, harrapatu…. Atzemateari dagozkion predikatuak dira:

  • norbaitek zerbait/norbait prozesu/jarduera batean atzeman.
  • norbaitek zerbait/norbait prozesu/jarduera batean ikusi/entzun (begiz/belarriz atzeman).
  • norbaitek zerbait/norbait prozesu/jarduera batean irudikatu (euskarri batean atzeman).

Existentzia-predikatua ere hurbil dago aurkikuntzazkoetatik eta ageri izan eta antzekoak ere sail berekoak dira, baita ergatiborik gabeko egiturak direnean ere: Eskuorriak banatzen

  • Emakume talde bat ikusi dugu, kalean eskuorriak banatzen.

Beste saileko predikatuetan ere, perpaus osagarriaren subjektua kontrolatua da. Perpaus nagusiaren subjektua da horietan kontrolatzailea (aditza da zein du izan):

  • Gaur ikasi dugu hiztegia erabiltzen.
  • Atzo aritu ginen hiztegia erabiltzen.

Horietan, ordea, (ari izan aditzaren esanahia aspektual hutsa denean ez bezala) osagarriaren subjektuak egile bat eskatzen du. Adi hala ere, egiletasuna eta subjektua erlatibozkoa izatea ez baitira gauza bera: tasun semantiko hori, egiletasuna, alegia, da hor erabakigarria, eta ez funtzio gramatikala:

  • Atzo ikasi zuen haurrak txakurrarengana hurbiltzen.
  • *Atzo ikasi zuen zoratzen.
  • Bihar trebatuko gara mendian sokak jartzen.
  • Bihar trebatuko gara hondoa jotzen.

Osagarriaren subjektu kontrolatuari eskatzen zaion egiletasuna (zerbait egiten jardun/ikasi/trebatu…) predikatu gobernatzailearen izaera semantikoan datza. Predikatu gehienek jarduerazko zertan osagarriak hartzen dituzte soilik, baina zenbaitek badu beste joskera eta adierarik:

  • jakin/ikasi komeni zaiguna egiten
  • jakin/ikasi zer komeni zaigun/komeni zaigula

Hautematezko predikatu batzuetan ere aurkitzen dugu bitasun hori:

  • ikusi/entzun sartzen
  • ikusi/entzun sartu den/sartu dela

Kontrolatzailea subjektua den bi sail horien arteko muga semantikoa ez da garbi-garbia. Jardun eta ikasi bi sail horretakoak dira, ez dago zalantzarik; saiatu eta tematu aditzek, ordea, jarduerari buruzko eta psikologiari dagokion jarrera-esanahi nabarmena dute. Jakinen ingurukoak ezagutzazkoak dira, baina asmatu eta trebe izan sailkatzea ez da horren erraza. Predikatu aspektualak (hasi, jardun, jarraitu…) eta inplikatiboak (jarduera/prozesua adierazten dutenak) ere bereizi litezke, baina aspektu-predikatuen muga ere ez da argi-argia: ari izan vs aritu=jardun

Sailkapen semantiko hori gorabehera, sintaxiaren arabera bi predikatu sail bereizi ditugu orain arte:

  • Hautematezkoak: perpaus nagusiko objektua kontrolatzaile gisa darabiltenak.
  • Gainerakoak: perpaus nagusiko subjektua kontrolatzaile gisa darabiltenak.

Txitxirioak beratzen Horiez gain, egilerik ez duten prozesuen eragileek ere har dezakete subjektuaren lekua:

  • Beratzen jarri/utzi ditu txitxirioak. [hark jarri/utzi, dilistak beratu]

Bestalde, eragileari dagokion ergatibozko subjektu horrek jarduerazko osagarria ere har dezake:

  • Liburua irakurtzen jarri/utzi ditut haurrak. [nik jarri/utzi, haurrek (liburua) irakurri]

Horrenbestez, jarri/utzi (du) erako predikatuek osatzen dituzten egituretan objektua da kontrolatzailea; eta prozesuak zein jarduerak adierazten dituzten perpausak ere hartzen dituzte osagarritzat. Hautematezkoen egitura berbera dute alde horretatik; ergatibozko subjektuan dago aldea: hautemailea da batean eta eragilea bestean.

  • Soinu-probak egiten entzun ditut Betagarrikoak.
  • Soinu-probak egiten utzi ditu Betagarriko abeslariak taldekideak.

Betagarri taldearen kontzertua

Datiboa tartean

Beste predikatu batzuek, aditz arazleek (entzunarazi, ohartarazi, irakatsi…) esaterako, datiboari ematen diote kontrola:

  • Patata-tortila prestatzen ikasi du. [kontrolatzailea = subjektua]
  • Patata-tortila prestatzen irakatsi dio aitak. [kontrolatzailea = datiboa]

Utzi (du)/(dio) eta lagundu (du)/(dio)

Bestalde, utzi predikatua bi eratakoa izan daiteke: jarri (du) predikatuaren moldekoa da joskera eta adiera batean:

  • Beratzen jarri/utzi ditu txitxirioak.

Egiletasuna garbi markatuta dagoenean, ordea, ez da joskera hori erabiltzen:

  • Gaixotzen utziko zaitu. [marraztu: subjektu jasailea]
  • *Marrazten utziko zaitu. [marraztu: subjektu egilea]

Halakoetan, utzi predikatuaren dio jokoa erabiltzen da eta datiboak hartzen du kontrola:

  • Marrazten utziko dizu.

Halakoetan, utzi predikatuaren esanahia ezberdina da, baimendu edo ez galarazi esan nahi du. Zentzua ere ezberdina da egosten utzi du eta perpaus osagarririk ez duen botila (erortzen) utzi du egitura oinarrizkoaren artean. Horrenbestez, bi utzi bereizi ditzakegu:

  • utzi (du) oinarrizko zentzua daukana
  • utzi (dio) “ez galarazi” zentzua daukana

Bigarren adiera hori -TZEN perpausa inplizitua den esamoldeetan ere aurkitzen dugu:

  • Maindireen kolorea aukeratzen utzi digu.
  • Utziko didazu bakean? [=nahi dudana egiten].
  • Utzi hari.

Sagar ustela

utziren bigarren adiera hori egiletasunik ez duten perpausekin konbinatuz gero egitura ez-zuzenak sortzen dira:

  • ???Usteltzen utzi zien.

Perpaus hori zuzena, gramatika arauetara egokitua, izan dadin, usteldu aditzaren jasailetasuna ezabatu eta egiletasuna egotzi beharko litzaioke:

  • (zerbait) usteldu > (norbaitek zerbait) usteldu (=ustelarazi)
  • (zerbait) zimeldu > (norbaitek zerbait) zimeldu (=zimelarazi)

Bestalde, utzi (dio) moldea bat dator irakatsi (dio) moldearekin, antolamenduari dagokionez, biek ala biek hartzen baitituzte -TZEN osagarriak:

  • Markelek utziko dizu bere autoa erabiltzen.
  • *Mirenek ez dizu utziko gaixotzen.
  • Ionek erakutsiko dizu eskolak prestatzen.
  • *Peruk erakutsiko dizu haserretzen.

Berezko egiletasunik ez daukan aditzen bat ezartzen badugu egiletasunarekin lotutako osagarri-antolaera horretan, egiletasuna hartuko luke, neurri batean joko semantikoak moldatu daitezkeelako. Adibide horietan, esaterako, gaixotu eta haserretu egokiak izan litezke egile baten trebetasun gisa hartzen badira:

  • Erizainak emandako botikak ez dizu utziko gaixotzen.
  • Psikologoak erakutsiko dizu sentimenduak kontrolatu eta neurrian haserretzen.

Adibide horietan, gaixotzea eta haserretzea ez dira gertatzen zaizun zerbait, egiten duzun zerbait baizik. Kontuan hartzekoa da, beraz, semantika moldatu egin litekeela. Osagarriari egiletasuna eskatzen zaio egitura horietan, eta ondorioz, berez ez duten egiletasun-adiera hartzen dute gaixotu/haserretu aditzek.

Lagundu eta lagun egin predikatuak ere egitura bertsuan erabiltzen dira Mendebaldean, hau da, egiletasunarekin [+egiletasuna]: Erosketak egiten lagundu

  • Lagunduko diot erosketak egiten.

Halakoetan, -TZEN osagarria inplizitua ere izan daiteke.

  • Lagunduko diot (erosketak egiten).

Lagundu aditzak badauka, ordea, beste adiera bat, konpainia egin, alegia. Adiera horretan antolaketa beste bat da, eta osagarria ez da -TZEN izaten:

  • Lagunduko dut/diot eskolaraino. [konpainia]
  • Lagunduko dizut etxea garbitzen. [laguntza]

Ari izan/aritu, hasi eta jarraitu

Hona hemen itxura bertsuko bi esaldi: Zuhaitza erortzen

  • Zuhaitza erortzen ari da. (*norbait > berez ari da erortzen)
  • Zuhaitza ureztatzen ari da. (norbait > norbait ari zaio ura botatzen)

Bi esaldi horietan aldea nabaria da esanahian: berezko prozesu bat dago lehenengoan; norbaiten edo zerbaiten jarduera bigarrengoan. Horrenbestez, bigarrenak subjektu egile bat dauka.

Morfosintaxian ere ezberdinak dira: bigarren adibideak joko osoa du aspektuan; ez, ordea, lehenengoak:

  • Zuhaitza erortzen ari/*aritzen/*aritu da.
  • Zuhaitza ureztatzen ari/aritzen/aritu da.

Horrenbestez, ari(tu) aditza jarduerazkoa da, jardunen sinonimoa, -TZEN perpaus osagarriak hartzen dituena; eta bestetik, ari (izan) dago, aspektu-perifrasi bat osatzen duena.

  • Zuhaitza erortzen ari da. [Eroriz doa zuhaitza/*Erortzen dihardu zuhaitzak]
  • Zuhaitza ureztatzen ari da. [Zuhaitza ureztatzen dihardu (norbaitek)]

Adierak oso dira ezberdinak eta itxuraz berdina den aditz gobernatzailea ere (ari izan) ez da guztiz berdina, ez adieraz, ez joskeraz:

Botoi bat josten -Adiera:

  • josten ari da = josten dihardu
  • iristen ari da /*iristen dihardu

-Joskera:

  • josten aritu (ari izan) da
  • *iristen aritu (ari izan) da

Paradoxa hori uxatzeko modurik onena jarduera adierazten ez duen ari (izan) predikatuak osatzen duena aspektu-perifrasi hutsa dela onartzea da, hau da, erori/erortzen/eroriko da bezain unitate bereizgaitza dela erortzen ari da/zen. Hala, osagarrien gobernatzaile bakarra jardun aditzaren sinonimo den “beste” ari(tu) hori izango da (aritzen eta aritu onartzen dituena).

Hori horrela, ari aspektu-marka ohi aspektu-markaren antzekoa da, forma burutugabe arruntaren aspektu-interpretazioetako bat zehazteko erabiltzen baitira biak:

  • jaikitzen da/du [puntukaria/burutugabea/irautezkoa]
  • jaiki/jaikitzen ohi da/du [ohiturazkoa]
  • jaikitzen ari da [irautezkoa]

Testuinguruak zalantzarako biderik uzten ez duenean ari aspektu-marka erredundantea da, -TZEN soilak markatzen duelako. Ezaugarri horiek erakusten dute hasi eta jarraitu hartzen dituzten egiturak baino gramatikalizatuago dagoela ari (izan) moldekoa:

  • dakar [puntukaria]
  • ekartzen du [burutugabea]/ekartzen ari da [irautezkoa]/ekarri du [burutua]

-TZEN hasi/jarraitu aspektu-perifrasiak

Hasi eta jarraitu predikatuek ere sortzen dituzte aspektu-perifrasiak, joskeraz ari izan baino beregainagoak izan arren:

Horma-irudia egiten

  • Usteltzen ari (*izaten, *izan) dira gaztainak.
  • Usteltzen hasi/hasten dira gaztainak.
  • Usteltzen jarraitzen/jarraitu dute gaztainek.

Eduki lexikoa ere, ari izanena baino bereizgarriagoa da:

  • Hasi baino ez da (egin) horma-irudia marrazten.
  • Jarraitu du irakurtzen, baina gogorik gabe.

Bestalde, aspektu-perifrasiek berdin tratatzen dituzte egiletasunezkoak zein besteak:

  • Marrazten/irakurtzen hasi da.
  • Marrazten/irakurtzen jarraitzen du.

Beste predikatu batzuek ere badute aspektu-eduki nabarmena, oldartu (hasiren kidekoa) eta tematu (jarraituren kidegoa) aditzek, esaterako. Horiek, ordea, beregainagoak dira eta ez dute onartzen egiletasun gabekorik:

  • Erosten tematu da.
  • *Erortzen tematu da.

Horrenbestez, aspektu-alderdi hori eduki arren, halakoak ezin dira perifrasitzat hartu, beren eduki lexikoari eusten diotelako.

"Zertan" eta "zer" perpausak, predikatu berekin

-TZEN perpausak ez du uzten zenbaitetan perpausa ordezkatzen duen zer galde-hitza edo hori agertzea:

  • Politikariek ez dakite (???zer-hori:) askotan porrota onartzen. Joseba Egibar, politikaria
  • Nola erakutsiko diot amari (???zer-hori:) horrela dantzatzen?

-TZEN perpausak zer sintagmaren lekua hartzen du halakoetan, zer-hori perpausak ez izan arren. Gainera, zertan edo horretan ez dira erabat naturalak adibide horietan, jarduera formalagoetarako erabiliko genituzkeelako:

  • Politikariek ez dakite (???zertan-horretan:) askotan porrota onartzen.
  • Nola erakutsiko diot amari (???zertan-horretan:) horrela dantzatzen?

Horrenbestez, hori eta horretan uztartzen dituena da aukera naturalena: zer egiten, horrela jokatzen.

  • Politikariek ez dakite (hori egiten/horrela jokatzen) askotan porrota onartzen.
  • Nola erakutsiko diot amari (hori egiten/horrela mugitzen) horrela dantzatzen?

Hori egin eta horrela jokatu predikatuetan egiletasuna nabarmentzen da berriro. Nolanahi ere, esaldi berean predikatuak aukeratu egin behar du, ez baitago lekurik osagarriaz gainera beste zer sintagma baterako: Asis-co loria

  • Ikasiko du poliki idazten. [zertan-horretan, zer-hori egiten]
  • Ikasiko du poliki idaztea komeni dela. [zer-hori]

Gauza bera gertatzen da hautematezko predikatuekin: zentzumenezko hautematetik (-TZEN perpaus jokatugabeekin) hautemate intelektual abstraktuagora (-LA perpaus jokatuekin) alda daiteke predikatuaren adiera eta joskera ere aldatzen da:

  • Entzun nien/nituen abesten. (neure belarriz)
  • Entzun nuen abestu zutela/abesten zutela. (entzun=jabetu, jakin)

Jokatugabeen artean ere antzeko bitasuna sortzen da tarteka:

  • Erraza da okertzen/okertzea.
  • Ahaztu zaio kantatzen/kantatzea.

Horrenbestez, azaleko antzekotasunak egonagatik, -TZEN perpausekin eta bestelako osagarriekin antolatutako esaldi hauen artean ez dago sinonimiarik. Subjuntibozko batzuk daude hurbilen sinonimiatik, baina horietan ere badira aldeak:

  • Utzi dio ateratzen.
  • Utzi du atera dadin/zezan.

Subjuntibozko predikatuak -TZEA eta -TZEKO osagarri batzuekin egoten dira sinonimian, eta ez -TZEN perpausekin. Osagarriaren esanahi ohikoena, jarduera, alegia, daukaten izenekin dute beraz, sinonimia bakarra:

  • Irakatsi diogu dantzatzen (=dantza egiten).
  • Ez zuen ikasi bizikletan/oinez/igeri (=bizikletan ibiltzen/oinez ibiltzen/igeri egiten).
  • Utziozute nere aizpari nerekin. (=nirekin egoten) (Beovide, Asis-co loria, 95)

Sail honetakoa da gorago aipatu dugun Mendebaldeko erabilera hau ere (izenaren adiera sinonimoa delako kontua, ez osagarriaren laburtze zehatza):

  • Utzi dio, behingoz, bakean. (=bakean egoten, lasai bere bidea egiten…)

OHARRA: Ikus -TZEA eta -TZEN predikatu berarekin atala.

"Joan" predikatuaren erabilera berezi zenbait

Progresioa adierazteko, bi aditz-perifrasi erabiltzen dira euskarazko tradizioan:

  • Dieta eginez argaltzen ari da.
  • Dieta eginez argalduz doa.

Biak nahasten dituen bidea ere zabaltzen ari da azkenaldian:

  • Dieta eginez argaltzen doa.

-TZEN joan perifrasiak (eta geroago ikusiko dugunez, -TZERA joan ere bai) kalko berri samarra dirudi, baina egungo adibideetan ez ezik lehenagokoetan ere aurkitzen dugu:

Oso ohikoa da kirol-partiden emaitzen inguruko testuinguruetan ere:

  • Reala bi eta bat galtzen doa.

Kasu horretan, perpaus menderatua dago oinarrian:

  • Nola doaz Kaikukoak? Ozta-ozta galtzen/irabazten (doaz).

Aspektu-perifrasietan ez da erabiltzen, joan aditza ez delako beregaina halakoetan:

  • *Nola doa ekaineko ekitaldirako asmo hori? Indartuz/indartzen?

Irabazten/galtzen doa formak nola? galderari erantzuten diola onartzen badugu, -TZEN perpausa moduzkoa da hor. Hala ere, agerikoa da prozesua amaitu gabe adierazten dela, partidaren emaitzaren progresioaz ari dela. Nola?ren ordez zertan? galdera ere eman daiteke:

  • Zertan da partida? Irabazten doaz.

Horrenbestez, erabilera berezi eta mugatua izanik, ez dirudi moduzko perpausa denik, progresio egoera bat adierazten duen egitura baizik.

-TZEN EGON

Egoerak adierazteko predikatu prototipikoa da egon, baina amaitu gabe dauden prozesuez ari garenean ere ager liteke, jarduera adiera aktiboagoa ez bada nagusitzen:

  • Ana lanean dago/ari da. E. Azcue

Egon eta ari izanen arteko muga ez da, beraz, erabatekoa. Bizkaierazko zenbait hizkeratan, esaterako, egon eta ibili erabiltzen dira halako egoerak eta jarduerak adierazteko:

  • Irakasleak agindutakoa idazten dago/dabil.

Beste hizkera batzuetan, berriz, egon finkaturik dagoen esapideetan ere zabaltzen ari da ari izan. Subjektuaren jasailetasuna egiletasun bihurtzen da horietan:

  • Oihuka/barrezka/negarrez/deika/galdezka dago > ari da.

Barrez/negarrez dagoenari zerbait gertatzen zaio, hau da, amaitu gabe dagoen egoera batez ari gara; barrez/negarrez ari da diogunean, berriz, subjektuak zerbait egiten duela diogu. Tradiziozko literaturan “egoera” ikuspegi hori da nagusi.

-TZEN perpausekin ari izan adiera nagusitzen da, baina “egoera” ikuspegia ere ezin da baztertu.

  • Futbolean jolasten aritu gara.
  • Futbolean jolasten egon gara.

-TZEKO desiratzen egon lokuzioan ere bai, irrikan egon lokuzioaren sinonimoa baita.

Egon aditz estatikoa da, eta beraz, kontraesana izango litzateke mugimendua eskatzen duen ekintza bat adierazteko erabiltzea. Ari izan/ibili aditzek, berriz, ekintza dinamikoa adierazten dute, eta egokiagoak dirudite ZERTAN? galderari erantzuteko. Horregatik, goian aipatu dugun lanean dago baino egokiagoa izango litzateke lanean da edo lantokian dago NON? galderari erantzuteko. Ekintza adierazteko, berriz, egokiago dirudite lanean ari da/lanean dihardu/dabil formek.

-NON?

  • ?Lanean dago.
  • Lantokian da/dago.

-ZERTAN?

  • Lanean ari da.
  • Lanean dihardu/dabil.

Kontu honen guztiaren inguruan ez da arau edo jarraibide zehatzik eman, eta Euskaltzaindiak “zorrotzegi ez jokatzea” aholkatzen du ondorioz. Ikus hemen Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuan egon, izan, ibili aditzen aspektuaren inguruko galde-erantzunak.

-TZEN AKABATU/AMAITU/BUKATU

-TZEN bukatu predikatuak haren antonimo hasiren joko bera dauka erabilera batean:

  • Udaltzainak bukatu du gazteei errieta egiten.
  • Eguna zabaltzen ba-da larrosa egitten amattu baño lenago, dana alperrik ixango da. (Oskar Wilde'ren Ipuñak, Altuna, J)

Jarduera bat amaitu dela adierazten du -TZEN BUKATU predikatuak horietan. Hala ere, gertakari-kate bateko azkena adierazteko erabiltzen den perifrasiak ere forma bera hartzen du, eta zalantza sor liteke joskeran:

  • Ados jartzen ez zirenez, testua berak idazten bukatu zuen. [=azkenean hori gertatu zen]

Horregatik, -TZEZ ere erabiltzen da jarduera bat amaitu dela adierazteko.

  • Itandu egijozu zegaiti Abe Marija ta Aita Guria esatez amaitu ditubanian esan daben alabiz. (Peru Abarca, Moguel, J. A.)

Egilea, jasailea eta eragilea

Prozesuaren edo jardueraren nozioa egokia dela erakusten duen zeharkako beste froga bat ere badago: -TZEN horretan jarduera nozioa inplikatuta dagoenez, zaila da nozio hori adierazten duen aditza osagarriaren muina izatea, bai aditz bera edo sinonimoa errepikatzen denean (jardun, mintzatu adiera) eta bai bestelakoetan:

  • ??jarduten/aritzen dihardu/ari da.
  • ??jarduten/aritzen hasi da/jarraitu du/utzi diogu/badaki/ahaztu zaio…

Osagarriaren aditzak zerbait zehatzagoa adierazi behar duela dirudi, osagarria bera dagoen egiturak adierazten duelako jarduera batez ari garela. Kontrakoa errazagoa da, hau da, aditzik gabe jarduera nozioa adieraztea:

  • Ikasi du/ahaztu zaio/badaki/hasi da futbolean (jokatzen)/lanean (lan egiten)

Prozesu/jarduera bereizketa semantikaren mailakoa da eta sintaktikoki molde bera erabil liteke bietarako. Esaterako, ergatibozko subjektu bat agertzea ez da nahikoa -TZEN perpausak adierazten duena jardueratzat ulertzeko, prozesuak berriro ager daitezkeelako prozesu horren eragilea adierazten duten egituretan:

  • Beratzen utzi ditugu txitxirioak.

Jardueretan, subjektuaren erreferenteak dauka protagonismoa, ekintza baten egilea delako; aurreko adibideen antzeko berezko prozesuetan, berriz, objektuaren erreferenteak dauka protagonismoa, prozesuaren jasailea delako; azkenik, ergatibozko subjektua prozesuaren (kanpoko) eragile edo kausa izaten da (hautemailea ez denean):

Leihoa

  • Aitorrek leihoak ixten jardun du. [Aitorren jarduera]
  • Aitorrek leihoak ixten utzi ditu. [ateak ixteko prozesua, Aitorrek eragindakoa]

Hiru tasun semantiko bereizten dira horrenbestez, sintaxi-jokoetarako:

  • (osagarriko aditz-predikatuaren) egiletasuna (jarduerak)
  • (osagarriko aditz-predikatuaren) jasailetasuna (prozesuak)
  • (osagarriaren predikatu gobernatzailearen) eragiletasuna/hautematezkotasuna (eragindako/hautemandako jarduerak/prozesuak)
  • Ikasi du baloiari jotzen. [baloiari jotzea egile baten jarduera da]
  • Erakutsiko diogu baloiari jotzen. [ikasiko du baloiari jotzen eta gu izango gara horren eragileak]
  • Ikusi dut erortzen. [bera da erortzearen jasailea, eta ni prozesuaren hautemailea]
  • Lehortzen utzi ditugu loreak. [loreak dira lehortzearen jasaileak, eta gu prozesu horren eragileak]

Sintaxiaren aldetik ere badute alderik: berezko prozesuzkoak objektuaren pluralarekin komunztatzen dira, jarduerazkoak ez (aditz-perifrasien antzekoak dira, bi aditzez osaturiko -egosten utzi- aditz bakar baten modukoak):

  • *Maitek leihoak ixten jardun ditu.
  • Maitek leihoak ixten jardun du.
  • [Maitek jardun, Maitek itxi]
  • *Txitxirioak beratzen utzi du Maitek.
  • Txitxirioak beratzen utzi ditu Maitek.
  • [Maitek utzi, txitxirioak beratu]

Objektuaren, txitxirioak, protagonismoa handiagoa da jarduerazkoak ez diren adibideetan. Jarduerazkoetan ez dago objektu formalik, osagarri zuzenik, (ezta aditza du moldekoa denean ere); perpaus osagarriari dagokio plurala, eta horregatik ez da azaleratzen predikatu nagusian:

  • Txitxirioak [lapikoan beratzen] utzi ditu.
  • [Txitxirioak lapikoan beratzen] jardun du.

Bestalde, batzuetan ez dago argi prozesuaren eta egoeraren arteko muga:

  • zalantzan dago/dabil
  • burua hausten dabil

Horiek bietara uler litezke, hau da, prozesutzat nahiz egoeratzat. Izateak ere prozesu gisa har daitezke batzuetan, horregatik ager daitezke halako predikatuak ere -TZEN perpausetan:

  • Haurrak badaki (lasai) egoten. [eusten]
  • Irakasleak erakutsiko dio txintxoago izaten. [=jokatzen]

Adibide horietan ikusten denez, -TZEN egiturak prozesu adiera ematen die berez halakoak ez diren predikatuei ere. -TZEN horrek markatzen du beraz prozesu-adiera hori, eta ez aditzaren beraren oinarrizko esanahiak.

Hala ere, -TZEN perpausetan, irautea edo amaitu gabe dagoen prozesu bat ematen da aditzera, eta horrek urruntzen du inguruko hizkuntzetako gerundioen beste erabilera batzuetatik, instrumentaletik edo juntaduraren sinonimotik, esaterako, horiek adiera burutua dutelako:

  • Korrika *egiten [eginez, eginik] utzi zuen atzean polizia manifestariak.

-TZEN perpausek ez dute gobernatzaile espliziturik batzuetan eta gutxieneko eduki semantikoa daukan predikatu gobernatzaile bat ulertzen da halakoetan, defektuz, edo aditz laguntzailea isildurik dagoela. Ikus erabilera “eliptiko” hau:

  • Goizian diru kontatzen, Xenpelar
  • tabernarako plantatzen,
  • bazkari ona tokatzen;
  • kafia artuta kopak eranaz
  • erari fiña jokatzen;
  • egiñik eztet ukatzen,
  • oraiñ ezpañak nekatzen
  • zardiñ-ezurra txupatzen. (Bertsoak, “Xenpelar”)

Kontrola -TZEN perpausetan

Arestian aipatu dugun bezala, erreferentziakidetasuna era batekoa edo bestekoa izan daiteke osagarrietan. -TZEN perpaus osagarrietan perpaus nagusiak ezartzen dio perpaus osagarriari subjektu birtuala. Ez da inoiz agertuko beste subjekturik halako osagarrian, hau da, -TZEN perpausen subjektua kontrolatua da:

  • Hasiko naiz (*zuk/*hark…) irakurtzen.
  • Saia zaitez (*hura/*ni) ez urduritzen.

Ager daitekeen subjektu bakarra subjektu kontrolatu enfatikoa da:

  • Ahaleginduko naiz ekitaldia neuk/neronek/nihaur(e)k/*nik aurkezten.
  • Saia zaitez etxeko lanak zeuk/zerorrek/zuhaur(e)k/*zuk bakarrik egiten.

Perpaus nagusiak kontrolatzen du subjektu posible bakar hori eta lexikoki agertzeak erreferentziakidetasunaren enfasia markatzen du, eta ez subjektu horren oinarrizko erreferentzia, kontrolatua denez ez dagoelako beharrik. Horrenbestez, -TZEN perpaus osagarriek subjektu (birtual) kontrolatua dute, perpaus nagusiak behartua. Bestalde, perpaus nagusia inpertsonala bada, hau da, osagarriak berak hartzen badu subjektuaren lekua, subjektu generiko edo zehaztugabe bat ulertuko da osagarrian:

  • Erraza da dakitenekin mendian eskalatzen.

Hala ere, gehienetan, kontrolatzaile zehatz bat dago nagusian, predikatu mota bakoitzaren arabera ergatiboan, absolutiboan (subjektua zein objektua) edo datiboan doana:

  • Zuki badakizu [Øi] une zailetan ongi hitz egiten.
  • Gaztetan hasi zen Agurtzaneii] pilotan ikasten.
  • Uretan jarri ditugu txitxirioakii] beratzen.
  • Amak erakutsiko dit niriii] jantziak josten.

-TZEN hartzen duten predikatuen sailkapen formala

-TZEN perpausen oinarrizko esanahia (irauten duen) prozesua (burutugabea) dela esan dugu, eta horren arabera bi sail daude:

  • Berezko prozesua [prozesu horren eragile bat ere ager daiteke perpaus nagusian].
  • Egiledun prozesua: jarduera edo irauten duen ekintza (psikokoak barne) [egilea da perpaus nagusiaren subjektua].

Sailkapen formalago bat ere egin daiteke, egiletasun-ezaugarria ere sartuz (ohiko predikatu gobernatzaileak jasoko ditugu).

HASI, ARI IZAN, JARRAITU
[+/- egilea]: josten (berez) egosten
kontrola subjektuak
eremu semantikoa: aspektua (aspektu-perifrasi hutsak dira honela osatutakoak)
ARI(TU)-JARDUN/SAIATU, JARRI da, TEMATU, JAKIN-IKASI-ASMATU
[+ egilea]: josten *(berez) egosten
kontrola subjektuak
eremu semantikoa: jarduerak, gogoarenak barne
IKUSI-ENTZUN/JARRI-IPINI-PARATU du, EDUKI, UTZI/la(r)ga du
[+/- egilea]: josten (berez) egosten
kontrola objektuak
ergatibozko subjektua: hautemailea / eragilea
eremu semantikoa: jarduerak nahiz prozesuak hautematea / abiaraztea (jarri), mantentzea (eduki) edo ez amaiaraztea (utzi)
IRAKATSI, UTZI dio
[+ egile]: josten *(berez) egosten
kontrola datiboak
ergatibozko subjektua: eragilea
eremu semantikoa: jarduerak eragitea [ikasi, norbaiten eraginez] / jarduerak ez galaraztea

Hemen adibideak:

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tzen", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3