Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:6:3:2

-tzera(t)

-TZERA eta -TZEN perpausak kidekoak dira gehienetan. Formaren aldetik (atzizkiaz gain) duten aldea ere ez da ziurra, ez baitago argi -ra hori forma mugatua den ala -n inesiboaren parekoa, hau da, mugatzailerik baden tartean (-tzera perpausak mugatutzat ez hartzeko frogak badira: *Nola ausartu zara liburuak itzultze horretara?). Esanahiaren aldetik ere sinonimoak dira, euskalkiaren arabera (Ikus -tzera-tzera atzizkiaren baldintzazko balioa). "Eskualduna" aldizkaria

  • Kalera noa, ogia erosten. [Bizkaiera]
  • Kalera noa, ogia erostera. [orokorra]
  • Ez utzi erortzen. [orokorra]
  • Basa larre gaitz hautan,
  • Ez utz erortzera.
  • Kordokatze hastetan
  • Zato gogortzera. [Ekialdekoa][Dourisboure, Jean-Pierre-Xavier, Escualduna, Andre Mariari]

Zein dira beraz, bien arteko aldeak eta kidetasunak?

  • -TZEN: -tze prozesu bat bere irautean
  • -TZERA: mugimendu bat -tze prozesu baten helmugara

Inesiboaren lekuan (zertan) adlatiboa (zertara) erabiltzen badugu, mugimendu bat edukiko genuke, osagarriak adierazten duen gertakaria edo dena delakoa helmuga daukana.

Hala ere, badira -TZEN/-TZERA bereizketa horretan oinarrituta, oso adierazi ezberdinak ere:

  • jaten eman
  • (zerbait) jatera eman

Esapide finkoak dira horiek eta gainerakoan ez daude -tzen/-tzera oposizioaren arabera bereizten diren esanahi asko. Osagarri horiek gobernatzen dituzten predikatuen araberakoa izango da esanahia, hizkera batek -tzen eta besteak -tzera aukeratu arren horretarako. oro har, Ekialdean -tzera eta mendebaldean -tzen erabiltzen dira baina badira bi moldeak erabiltzen dituzten autoreak ere.

-TZERA perpausak gobernatzen dituzten predikatuak

Esan dugunez, -TZERA perpausekin antolatzen diren esaldiek irudizko mugimendu bat adierazten dute, -TZE aditz-izenaren inguruan antolatzen diren perpausek ez dutelako mugimendu horren helmugatzat leku fisiko bat (nora-horra), zerbait abstraktuagoa baizik (zertara-horretara), gertakari bat, aditzak adierazten duena.

Bi multzo bereiziko ditugu: Londresko udaletxea oso berezia da

  • Mugimendu abstraktua (zertara-horretara) eta fisikoa (nora) adieraz dezaketen predikatuak: etorri/ekarri, joan/eraman, iritsi, lerratu, aurreratu, oldartu, makurtu…
  • Mugimendu abstraktua adierazten duten predikatuak (gogo-mugimendu bat adierazten dute, eta ez dute, beraz, nora aukerarik): ausartu/behartu, deliberatu, bortxatu…
  • *Udaletxera ausartu da.

Gonbidatu eta antzeko predikatuak bi sail horien tartekoak dira: esanahi abstraktua adierazten dute baina nora argumentuak ere onartzen dituzte:

  • Bazkaltzera gonbidatu ninduen. [zertara]
  • Etxera gonbidatu ninduen. [nora]

Halakoek -TZERA perpausen esanahi bera dute, aditz prototipikoa isilduko balitz bezala:

  • Etxera (joatera) gonbidatu ninduen.

Bi multzo horiek, hala ere, ez dute funtsezko alderik, zertara-horretara adierak biltzen dituelako. Nora argumentuak hartzen dituzten predikatuekin ere leku-mugimendutik gogo-mugimendura aldentzen dira -TZERA perpausezkoak. Bi funtzio ezberdin dira, beraz, nora eta zertara argumentuak:

  • Etxera [nora] eraman ninduen bazkaltzera [zertara].

Hona hemen -TZERA perpausen ezaugarriak, aditz gobernatzailearen jokoa (da/du) eta jasaile/egile/erabile jokoak kontuan hartuta:

ETORRI, OLDARTU, MAKURTU, AUSARTU, SAIATU da
[+egile]: jostera *(berez) egostera
kontrola subjektuak
eremu semantikoa: gogo-mugimenduak

Gogo-mugimendua mugimendu fisikoarekin batera etor liteke baina zerbait egiera darama, eta ez zerbait gertatzera.

  • Londresa joan zen ikastera/asteburua pasatzera/*gaixotzera.

Datiboa ere ager liteke halako perpausetan eta horrek ez du aldatzen kontrola:

  • Jaramon egitera joan nintzaien.
  • Liburua ematera etorri zitzaidan.

EMAN predikatua ere sail honetakoa da (gauza onak egitera eman ziren) baina beste joskera bat ere onartzen du, -TZEARI eman/lotu, geroago ikusiko dugunez.

EKARRI, ERAMAN, BIDALI-GORRI/BEHARTU/GONBIDATU/DEITU du
[+egile]
kontrola objektuak
ergatibozko subjektua: eragilea
eremu semantikoa: zerbaitek edo norbaitek eragindako ekintza
  • Etxean lo egitera ekarri/behartu/gonbidatu/deitu ninduen.
  • [nik etxean lo egin, hura eragile dela]

Joskera horretan ez dago lekurik datiboarentzat.

2. sail horretan salbuespen bat dago, egiletasunari dagokionez:

  • Konpontzera eraman/bidali/ekarri ditut autoko gurpilak.

Esaldi horretan egilea ez dira gurpilak, konpontzailea baizik. Bestalde, egitura kontrolatua dela ulertzen badugu, gurpilak izango da konpondu predikatuaren subjketu isila eta horrek esanahi pasiboa eskatzen du: gurpilak konpondu(ak izan) daitezen. Hala ere, egitura pasiboek ez bezala, halakoek osagarri zuzena eraman dezakete:

  • Zola aldatzera eraman ditut botak.

Subjektu kontrolatuari dagokionez, kasu horretan ez dago egiletasunik; aipatzen ez den egile baten ekintzak du protagonismoa eta ekintzaren eragina jasaten duena da osagarriaren subjektua. Horregatik, datiboa ere jar liteke hor: [botei] zola aldatzera eraman ditut botak.

Anbiguotasuna ere gerta daiteke egiletasunezko arruntaren (osagarriaren subjektua egile) eta beste molde berezi horretakoen artean:

  • Autoa konpontzera bidali du semea amak.

Pragmatikoki erabakitzen da adibide horretan “seme” horren papera zein den:

  • Egiletasun arrunta: berak autoa konpondu
  • Molde berezia: berari (norbaitek) autoa konpondu

Ekialdean, -TZERA UTZI moldea ere badago. Testu zaharrenetariko batzuetan izan ezik, 2. sailekoen joskera bera hartzen du utzi predikatuak baina ez da sail berekoa, egiletasunik gabekoak ere hartzen dituelako [+/-egile, kontrola objektuak]:

Linguae Vasconum Primitiae

  • Amak ez lituzke utziko umeak horrela jokatzera.
  • Amak ez lituzke utziko loreak horrela zimeltzera.

Gorago ikusi dugunez, Mendebaldeko erabileran joskera bana eskatzen dute egiletasunezkoak eta besteak:

  • Amak ez lieke utziko umeei horrela jokatzen.
  • Amak ez lituzke utziko loreak horrela zimeltzen.

Hala ere, testu zahar batzuetan, Ekialdean ere ageri da datibozko joskera egiletasunezkoekin [+egile, kontrola datiboak]:

-TZERA JOAN eta -TZERA EMAN perifrasiak

Aspektu inkoatiboa adierazteko, modu bat baino gehiago daude:

  • Ezkontzeko zorian da(go). Mikel Lasa
  • Hiltzear da(go).
  • Laster/aurki iristeko(a) da.
  • Ia hilean/itoan zegoen txakurra.
  • Ostikoa emateko puntu-(puntu)an nengoen.

Horiez gain, -TZERA JOAN perifrasia ere erabiltzen da, indikatibozko baieztapenetan eta adizki trinkoekin:

  • Gizon berriaren letaniak kantatzera noa. (Lasa, M., Poema bilduma-2)
  • Lasterketa hastera zihoala, euria hasi zuen.

Halakoetatik kanpo, ordea, ez da hain ohikoa, perifrasirik gabekoak aukeran izanik:

  • ? Ez goaz egitera egitera nahi ez dugunik. [Ez dugu egingo nahi ez dugunik]
  • ? Goazen zenbatzera boto-paperak. [Zenbat ditzagun boto-paperak]

Izan ere, -TZERA JOAN egitura daukagunean, benetako gobernatzaile-osagarri antolaketa daukagu, eta zertara osagarria eta joan aditza beregainak dira, joskeraz eta esanahiz:

  • Badoa. Zertara? Lagunekin hitz egitera.

Aldiz, isiltzera noa perifrasian ez dago halakorik, isilduko naiz edo isil nadinen parekoa da:

  • Isiltzera noa. [=isilduko naiz, isil nadin]
  • *Banoa. Zertara? Isiltzera.

Ez dirudi nahitaezkoa halakoetan, osagarriaren aditza [+egile] izatea, nahiz eta egiletasunezkoek naturalagoak diruditen:

Nevadako neguak

  • Pare bat kontu esatera noa. [esango ditut]
  • ? Botika ematen ez badit sendagileak, gaixotzera noa. [gaixotuko naiz]

Hitz-ordena askeagoak ere erakusten du perifrasia dela:

  • ?? Kantatzera nator bertso bat edo bi. [Bertso bat edo bi kantatzera nator]
  • Kantatzera noa bertso bat edo bi. [Kantatuko ditut/kanta ditzadan bertso bat edo bi]

Bestalde, -TZERA EMAN moldeak esapide berezi batzuk ematen ditu, perifrasitzat jo beharrekoak: jakitera/aditzera/ezagutzera eman. Izan ere, esaldiak hartzen dituen osagaiak emani dagozkio, ez -tze(ra) aditz-izenari. Esanahiaren aldetik jakinarazi, adierazi, ezagutarazi esan nahi dute. Horrenbestez, horietan ez dago perpaus osagarririk, aditz-izenaren beste erabilera bat baizik, aditz-lokuzio finko bat:

  • *[Bilbon ezagutzera] eman du liburu berria Bernardo Atxagak.
  • Bernardo Atxagak ezagutzera eman du liburu berria, Bilbon.
  • Bilbon eman du ezagutzera liburu berria Bernardo Atxagak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tzera(t)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3