Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:6:3:4

-tzea + atzizkia

Orain arte aztertu ditugun perpaus-motak (-TZEN, -TZERA eta -TZEKO) mugatzailerik gabeko forma finkoak dira, ez dute egitura hau: [-tze + -a + -n/-ra/-ko]. Atal honetan jasoko ditugunak, berriz, (-TZETIK, -TZEAN, -TZEAREKIN/-TZEAGAZ, -TZEAZ, -TZEARI, -TZEAK) determinatzailedunak dira (-TZETIK moldean ezabatuta dago -a, etxetik forman bezala).

Joskerari dagokionez, bi ezaugarrik bereizten dituzte determinatzailedunak eta aurrekoak:

  • Izen-joskera aldagarria dute: isilik egote hori
  • Aditz-izenezkoaren aldaera burutu markatu bat dute, partizipiozkoa: isilik egon izana

-TZEA moldea hurrengo atalean aztertuko da, eta hemen, atzizkidunak garatuko dira:

  • -TZETIK
  • -TZEAN
  • -TZEAREKIN/-TZEAGAZ
  • -TZEAZ
  • -TZEARI
  • -TZEAK

Beste osagarri batzuk, ostera, izenlagunak dira, -TZEKO eta -TZEAREN formez baliatuta.

Perpaus osagarri horiek sintaxian bete dezaketen lekua perpausezkoak ez diren beren kide formalek hartzen dutenaren parekoa da, baina erreferentea proposizio bati dagokion esanahai abstraktu bat dela kontuan hartuta (horregatik ez dira berdinak testuinguru semantikoak eta predikatu gobernatzaileak):

  • eskolatik (nondik) etorri/erori/*gaixotu
  • edatetik (zertatik) *etorri/*erori/gaixotu

Modu berean, zenbait atzizkiren esanahaien arteko muga lausoak, soziatiboaren eta instrumentalaren artekoak, esaterako, ez dira perpausezkoen ezaugarri berezia:

  • orpoaz/orpoarekin jo
  • isiltzeaz/isiltzearekin konpondu

-TZETIK

Sail honetako perpausek nondik nozio abstraktua adierazten dute, hau da, jatorria edo nondikakoa, leku edo denborazko kokapen bat izan beharrean (nondik, noiztik), gertakari bat da (zertatik):

  • Mozkortu egin da ardoa edatetik. Edalea

Jatorriaren nozio horrekin lotutako predikatu tipikoak dira ohikoenak: etorri, sortu, eratorri, segitu, ondorioztatu, ondorioa atera, deduzitu, etekina atera… Predikatu gobernatzailearen subjektua gertakari bat da gehienetan, eta beraz, beste osagarri bat egoten da subjektu funtzioan:

  • Parrandan zaletzetik, kirol maila apaltzea etorri zaio.
  • Parrandatik, makalaldia etorri zaio.

Halakoetan, kausa-ondorio erlazioaren ikuspegitik ulertzen da jatorria, hau da, ergatibozkoak zehatzago markatuko lukeen adieran:

  • Parrandan zaletzeak, azkenean, kirol maila apaltzea ekarri dio.
  • Parrandak, azkenean, makalaldia ekarri dio.

Subjektua ondoriotzat hartu ezin bada, berriz, kasuarekin zerikusirik ez duen zertatik adiera daukagu, predikatua aurrekoen berdina izan arren:

  • Nekatuta dator Iratxe, eskola ematetik.

Beste predikatu batzuek ez dute kausazko zentzua onartzen: itzuli, desbideratu, urrundu, aldendu, aldaratu, ihes egin, begiratu-gorde, babestu, libratu, askatu, salbatu, atzeratu, desenkusatu…

  • Azterketa egitetik itzuli nintzenean, leher eginda nengoen.
  • Mikel ez da libratu soldaduskara joatetik.

Predikatu gobernatzaile askok (kausa kutsukoak zein besteak) da eta du jokoa onartzen dute: atera-ondorioztatu-deduzitu, babestu, libratu, salbatu…

  • Diru asko ateratzen du soberan dauzkan arropak saltzetik.
  • Jatorrarena egiteak ez zaitu libratuko etxeko lanak egitetik.

Erreferentziakidetasuna dela eta, halako perpaus guztiak ez dira kontrolatuak: jokatugabe guztietan bezala, erreferentziakidetasunen bat gertatzea da ohikoena, baina ez kontrola. Adiera generikoa askotan agertzen da: Icasiquizunac

  • Erabakiak presaka hartzetik etor daiteke gero damutzea.

-TZETIK GELDITU aspektu-perifrasian, esaterako, eta beste predikatu batzuekin, badago kontrola:

  • Hitzaldi osoan ez da gelditu tontakeriak esatetik.
  • Tabakoa erretzetik belztu ditu hortzak Manexek.
  • Ta burutazinoiaren ondo eristeti jagiten da goguan euren gurarija, edo baleukazko naija. (Icasiquizunac II, Fray Bartolomé de Santa Teresa)

Arestian esan dugunez, bi predikatu motarekin, -TZETIK eta -TZERA bi osagarriak agertzen dira zenbaitetan:

  • ALDE/bide HANDIA (IZAN/EGON) [A mutur batean, B bestean: desberdintasuna]
  • Alde handia dago, euskara hitz egitetik idaztera.
  • ETORRI, makurtu, ekarri, bideratu, behartu/bortxatu… [A abiapuntuan, B amaieran: aldaketaren ibilbidea]
  • Irakasle izatetik zuzendari izatera behartu dute Jon Mikel.

-TZETIK perpausa ez da nahitaezkoa bigarren moldean, lehenengoan bai: baina -TZETIK ezin da agertu -TZERA gabe:

  • [Irakasle izatetik] zuzendari izatera behartu dute Jon Mikel.
  • *Alde handia dago, euskara hitz egitetik [idaztera].
  • *Irakasle izatetik [zuzendari izatera] behartu dute Jon Mikel.

Bestalde, bigarren moldekoetan kontrola sistematikoa da, -TZERA perpausei dagokien bezala.

-TZEAN

-TZEAN formako denborazkoek (noiz) leku gutxi uzten dute -TZEAN osagarrientzat (zertan). Hauek dira, hala ere, predikatu gobernatzaile ohikoenak: Neurrian eta osasuntsu jatea komeni da

  • OINARRITU, oinarria izan/hartu, funtsatu, bermatu, bermea izan… Erreferentziakidetasuna nagusi da baina kontrolik ez dago.
  • Jendaurrean hitz egitean urduri ez jartzean oinarritzen da hizlariaren jardun ona. (HIZLARIA)
  • Neurrian jatean datza kontua/gakoa. etzan aditzen hirugarren pertsona singularreko forma trinkoak ere sail honetakoak dira.
  • Ikasleak berarekin ez aspertzean oinarritzen da irakaslearen arrakasta. (IKASLEAK-IRAKASLEA)
  • FIDATU, esperantza/itxaropena/gogoa/bihotza… jarri/eduki/izan-ukan, etorkizuna ikusi…
  • Egunen batean askatasuna lortzean dauka jarria itxaropena.
  • ONURA/ABANTAILA/MEREZIMENDU/ZAILTASUN… IZAN/EGON/AURKITU/IKUSI…
  • Mozkortu gabe edaten asmatzean dago zailtasuna.

Beste predikatu batzuk ere ager daitezke, jarduerazkoak ez diren zertan argumentuak ager daitezkeen testuinguruetan: gutxiago izan, bat etorri…

  • Hortik bada atsegin gaxto bat hartzen du munduak jende egiazki prestu direnen halakoak eztirenekin nahastekatzean (Birjinia, 42)

Testuinguru batzuetan, erakuslea erabiltzeak argitu dezake adiera, denborazko interpretazioarekin nahasterik egon ez dadin:

  • Baikorra izatean dago bizitzako gorabeherei aurre egiteko sekretua. (noiz ala zertan?)
  • Baikorra izate horretan dago bizitzako gorabeherei aurre egiteko sekretua. (zertan)

Jokatuetan gauza bera gertatzen da:

  • Lo dagoenean baino ez du hartzen atseden. (noiz)
  • Lo dagoen [ohe] horretan baino ez du hartzen atseden. (non)

-TZEAREKIN/-TZEAGAZ

-KIN eta -TZEAGAZ atzizki soziatiboek esanahi ezberdina izan dezakete, eta ondorioz, baita -TZEAREKIN/-TZEAGAZ perpaus osagarriek ere. Baina soziatiboaren elkartze hori gauza abstraktuen elkartzea da perpaus osagarrietan:

Berria egunkariaren azala

  • Edurne Pasabanekin egin dut mendiko erreportajea.
  • Asko entrenatzea atseden hartzearekin uztartu behar da emaitzak lortzeko.

Halako osagarria hartzen dute beste predikatu hauek ere: lotu, uztartu, bateratu, nahasi, parekatu, erkatu, kontrajarri, batu… eta zer zerekin eskemari jarraitzen diote horiek ere.

  • Kazetaria izatea erraz batera liteke idazle izatearekin.

Beste predikatu batzuek, ordea, nor-zerekin eskemakoak dira gehiago: ados/akort/konforme izan/egon, zalantzak/arazoak izan…

  • Aurten antzeko lana egitearekin konforme zinateke? (Berria egunkaria, Kirol saila, 2006-02-04, Julen Etxeberria)
  • azkenean bere asmoari utzi eta eskuak soilik uretan sartzearekin kontentatu zen (Edale santuaren kondaira, Joseph Roth/Matías Mujika)

Badira zer/nor aukera biak dituzten predikatuak ere: bat etorri, zerikusia izan…

  • Bankuaren mehatxuak ez du zerikusirik izan guk dirua kentzeko erabakia hartzearekin.

Batzuetan, -TZEAREKIN osagarria oso gertu dago moduzko perpaus batzuetatik:

  • Amak askotan esaten zidan zorte handia neukala idazteko zaletasuna izatearekin.

Halako egituretan, egitearekin/izatearekin soziatiboen ordez eginda/eginik edo izanda/izanik ere erabil zitezkeen. Hala ere, konplementazio erlazioa badago, halako soziatiboa har dezaketen predikatuen zerrenda mugatua delako: konformatu/kontentatu, aski/nahikoa izan

Instrumentalaren balioa ere har dezake soziatiboak: buru(a)z/buruarekin jo, zutaz/zurekin maitemindu…. Instrumentalaren adiera erreferentzial hutsa absolutiboarekin korrelazioan dagoela ikusi dugun egituretan ageri da, esaterako:

  • Ez nintzen gogoratu hitzaldiaren ordua Mireni abisatzearekin/abisatzeagaz. [=abisatzeaz, ez zaio akordatu abisatzea]

Beste erabilera erreferentzial batean, baina, -TZEAZ baino egokiagoa da -TZEAREN KONTUAN postposizio askea:

  • Politikariak ez dira ados jartzen Euskal Herria nazio izatearekin. [=izatearen kontuan]

Esanahiaren aldetik denborazkoen eta moduzkoen artean dauden zenbait perpausek ere -TZEAREKIN forma dute, baina ez dira osagarriak eta ez dute konplementazio harremanik (Denborazko perpausak eta Moduzko perpausak).

  • Negar egitearekin ez duzu ezer konponduko. (=negar eginez, Moduzko perpausa)
  • Ane iristearekin ekin zioten emanaldiari. (=iritsi zenean, Denbora perpausa)

-TZEAREKIN perpaus osagarriak ere ez dira kontrolatuak.

-TZEAZ

-TZEAREKIN eta -TZETIK perpausek bezala -TZEAZ perpausak ere eragile zentzua har lezake. Zertaz instrumentaletik datorren molde honen adiera moduzkoetatik (nola, zeren bitartez) gertu dago:

  • Hanburgesak jateaz gizendu
  • Hanburgesak jatearekin gizendu
  • Hanburgesak jatetik gizendu
  • Hanburgesak jateak gizendu

Ekialdeko euskalkietan ohikoagoa da molde hau; mendebaldean -TZEAREKIN erabili ohi dugu halakoetarako:

Kausa-eragile zentzua duten -TZEAZ osagarriak ere oso ohikoak dira:

Halakoetan eta eragile zentzurik ez dutenetan, hau da, erreferentzial hutsetan, absolutiboarekin truka daiteke; eragiletasuna dagoenean, berriz, ergatiboarekin:

  • Asko poztu zen aita dantzan trebeak ginela ikusteaz.
  • Aitari pozgarri zitzaion ikustea dantzan trebeak ginela.
  • Aita poztu zuen dantzan trebeak ginela ikusteak.

Absolutiboaren lekua beteta dagoenean erabiltzen da askotan -TZEAZ perpausa, beste joskera batzuetan absolutiboaren bidez adierazten dena adierazteko:

  • Ea gogoratzen dudan loreak ureztatzea. Javier Maroto, Gasteizko alkatea
  • *Ea gogoratzen naizen loreak ureztatzea.
  • Ea gogoratzen naizen loreak ureztatzeaz.
  • Damu du/zaio unibertsitatera ez joatea.
  • *Damu da unibertsitatera ez joatea.
  • Damu da unibertsitatera ez joateaz.
  • Akats hau egin zuen gidariak: azkarregi gidatzea.
  • *Azkarregi gidatzea egin zuen huts.
  • Azkarregi gidatzeaz egin zuen huts.
  • Antzerki taldeak bat egitea aipatu dute prentsaurrekoan.
  • *Antzerki taldeak bat egitea aritu dira prentsaurrekoan.
  • Antzerki taldeak bat egiteaz aritu dira prentsaurrekoan.
  • Etorkinen kontra egiteaz salatu dute Maroto.
  • *Etorkinei kontra egitea salatu dute Marotori.
  • Etorkinei kontra egitea leporatu diote Marotori.

Predikatu asko daude joskera horretakoak: gogoratu/oroitu/akordatu, ahaztu/ahantzi, arduratu/kargutu, kontu hartu, interesatu, mintzatu (jardun, ari izan), zalantza-duda egin, huts/hogen/bekatu egin…

Perpaus hauetan aditzaren erregimenaren arabera erabakitzen da osagarria: batzuetan aditz-esapidearen izenak betetzen du absolutiboaren lekua, beste batzuetan subjektua edo objektua doa absolutiboan.

  • Gehiegi hitz egiteaz huts egin du alkateak. (huts egin)

Sail honetako predikatu asko “erantzun psikologiko” bat adierazten dute: damutu (damu izan/hartu), harritu, poztu (poz hartu), atsegin hartu, atsekabetu (atsekabe izan/hartu), tristatu, lotsatu, harrotu, aspertu, nazkatu, haserretu, sumindu, amorratu…

-TZEAZ perpausaren adieraziak eragiten du erreakzioa, ergatiboarekin lehian:

  • Ainara beste mutil batekin ikusteak harritu zuen Martin.
  • Ainara beste mutil batekin ikusteaz harritu zen Martin.
  • Nire argazkia egunkarian ikusteak lotsatu nau.
  • Nire argazkia egunkarian ikusteaz lotsatu naiz.

Absolutiboa instrumentalaren tokian ere erabiltzen da inoiz; anakolutoa izango litzateke hori baina gramatikalizatuta dago egun:

  • Harritzen naiz Javik azterketa gainditzea(z)

Aditzaren erregimena aldatuz ere konpon liteke hori:

  • Harritzen zait Javik azterketa gainditzea.

-TZEAZ perpausak eta aldaera burutua

-TZEAZ perpausetan, perpaus osagarriaren adierazia predikatu nagusiarenaren kausa da. -TZEAZ (eta -TZEAK) perpausa ez da markatua denborari dagokionez eta gertakari eragilea burutua dela adierazi nahi bada, beste molde batera jo behar da. Iparraldean, esaterako, -BAIT perpaus jokatua erabiltzen da -TZEAZ perpausen aldaera burutu gisa:

Hitzaldia

  • Harritu naiz zuk horren azkar baietz esan baituzu. [burutua]
  • Harritu naiz zuk horren azkar baietz esateaz. [ez markatua]
  • Damutu da Iker diru guztia jokatu baitzuen. [burutua]
  • Damutu da Iker, diru guztia jokatzeaz. [ez markatua]

Iparraldeko -BAIT perpausak osagarritzat sailkatzen dira baina kausazko ere jo litezke; gipuzkeran, esaterako:

  • Harrituta geratu zen idazlea, zeren jende asko bildu zen hitzaldira.
  • Harrituta geratu zen idazlea, jende asko bildu baitzen hitzaldira.

Hala ere, Iparraldean osagarri jokatua erabiltzen da kausaltzat interpretatzea zailagoa den testuinguruetan:

  • Pena da hain berandu iritsi baita.
  • Pena da hain berandu iristea. [ez markatua]

Jokatugabearekin ere marka liteke burututasuna (burutu ez markatua eta markatua):

  • Damu hartu dute, hizketan denbora(ren) galtzeaz.
  • Damu dute, hizketan denbora(ren) galduaz.

Jokatugabearen aldaera burutuak partizipio burutuaren forma hartzen du baina ez haren esanahi ohikoena:

  • Damu hartu dute, denbora galduaz. [=galdutako denboraz]
  • Damu hartu dute, denbora(ren) galduaz. [=denbora galdu baitute/dutela eta]

Bigarrena -TZEAZ perpausaren aldaera burutu markatua da:

  • Ez zaie axola denbora(ren) galtzeaz. [noiznahi]
  • Ez zaie axola denbora(ren) galduaz. [ordurako]

Bestalde, partizipioaren beste adierarekin gerta daitekeen nahastea burutuaren beste forma batekin konpon liteke, eta hori erabiltzen da egugno prosan baina tradizioan izan gabekoa zen araua:

Molde soila eta izanduna sinonimoak dira, baldintzazkoetan gertatzen den bezala:

  • irabazi izan balute = irabazi balute
  • irabazi izana(z) = irabazia(z)

-TZEAZ perpausetan ohikoa da, beraz, aldaera burutua, baina perpaus osagarri gehienetan berez aukerakoa da -TZEA eta [-TZEA (+atzizkia)], predikatuaren semantikak debekatzen ez badu:

  • Ez ikastea ez zetorren bat azterketa gainditu izanarekin.
  • Nekatuta egon izanak ekarri dio anemia hori.
  • Nekatuta egonak ekarri dio anemia hori.

Ildo horretan, zentzu prospektiboa duten perpausek ez dute aldaera buruturik: -TZEN/*-TU, -TZERA/*-TURA, -TZEKO/*-TUKO.

-TZEARI

Hauek dira predikatu gobernatzaile ohikoenak eta haien semantikak:

  • EKIN, utzi, eman, eutsi, jarraitu, lotu, atxiki, lehiatu, heldu, egon (Ipar.)…
  • UKO EGIN, muzin/ihes egin, baietza/ezetza eman…
  • DEITU, esan, izena eman…
  • IRITZI, estimu/beldur/gorroto/izan, gustua hartu, garrantzia eman…
  • BEGIRATU, begira egon, zor izan, aurrera (segi diotsate?)…

Manifestazioetan ohikoak dira pankartak EKIN eredukoek aspektu-perifrasien antza dute, ez daukatelako eduki lexiko handirik. Bestalde kontrolatuak dira eta subjektuak ezartzen du kontrola:

  • Haizeak gaur ekin dio [*ni/*zu/HURA] liburua irakurtzeari.

Datiboa ezin da kontrolatzaile izan perpaus osagarria bera doalako datiboan. Bestalde, -TZEARI perpausetan nekez erabil daiteke aditz arazleen joskera arrunta:

  • *Edateari utziarazi dio.
  • *Korrika egiteari gorroto izanarazi dit entrenatzaileak.
  • Pankarta eramateari uko eginarazi zieten. (hala ere, uko *eragin)

Uko/muzin/ihes egin predikatuek ere kontrola ezartzen dute baina batzuetan ontzat jotzen dira kontrol zuzenik ez duten esaldiak ere, osagarriaren subjektua normalean kontrolatzailea denaren ardurapekoa bada:

  • Maitek uko egin zion lagunak aireportura eramateari. [kontrolatua]
  • ?Maitek uko egin zion lagunak aireportura joateari. [kontrolik ez dago, baina osagarriaren subjektua kontrolatua litzatekeenaren ardurapekoa da]
  • *Maitek uko egin zion nik lagunak aireportura eramateari.

Beste osagarri mota batzuetan ere gertatzen da kontrolaren muga hori:

  • ?Maite damutu zen lagunak aireportuan geratu izanaz.

Bestalde, predikatu gobernatzaile batzuek bi joskera onartzen dituzte, zentzua aldatu gabe eta kontrolarekin:

  • -TZEARI eman (zaio) / -TZERA eman(da)
  • -TZEARI jarraitu (dio) / -TZEN jarraitu (du)

Beste osagarri batzuek ere aukera zabalagoa ematen dute:

  • -TZEN saiatu / -TZERA saiatu / -TZEKO saiatu

-TZEARI predikatuan ere bada bitasunik: Mendiari begira

  • -TZEARI begiratu: mendiari begiratu
  • -TZERA begiratu: mendira begiratu

-TZEARI eman (dio) ere erabiltzen da, ekinen zentzuan:

  • Inork ezer esan gabe, sukaldatzeari eman zion.

Hona hemen sail honetako adibide gehiago:

-TZEAk

Kausa eragilea adierazteko ergatibozko perpausak erabiltzen direla esan dugu arestian: Konbinatuak izotzarekin hartzea komeni da

  • Gehiegi entrenatzeak nekatu zaitu.
  • Edari hotza edateak ahotsik gabe utzi nau.

Kausa horren ondorioetako bat erreakzio psikologikoa izan daiteke:

  • Lagunak gezurretan ibiltzeak eragiten zidan haserrea.

Predikatu batzuek kausaren eta ondorioaren arteko lotura egiten dute, ondorioa ere perpausezkoa denean. Predikatu horiek du erregimenekoak dira: (zerk zer) ekarri, eragin, sortu, -arazi…

  • Loterian neurrigabe jokatzeak ekarri du zu zenbaki gorritan egotea.

-TZEAK eta -TZEA elkartzen diren esaldiak adierazpen orokorretarako erabiltzen dira, zerk eta zer abstraktuek hartuak baitituzte bestelako subjektu eta objektuak ager zitezkeen lekua:

  • Edateak berekin dakar mozkortzea.

Adierazpena orokorra ez denean, aktanteren batek protagonismoa badu, bestelako joskera erabiltzen da:

  • ? Euria hasteak eragin du Maitek arropa etxe barrura sartzea.
  • ? Euria hasteak eragin dio Maiteri arropa etxe barrura sartzea.
  • Euria hasteak eraman/behar du Maite arropa etxe barrura sartzera.

Balio/meritu predikatu gobernatzaileek, esaterako, ez diote kausa-ondorio eskemari jarraitzen:

  • Ausartzeak du meritua, ez lotsatu eta isilik geratzeak.

Beste batzuk, izan aditza tartean egon arren, kausa-ondoriozkoak dira: ordaina izan, ongi/gaizki/itsusi eman…

  • Ondorio kaltegarriak dauzka beti zalantzan egoteak.
  • Itsusi ematen du bikote-kideari oihuka ibiltzeak.

Zerk zerekin joskera ere eskatzen dute predikatu batzuek:

  • Zenbakiekin trebea izateak ez dauka zerikusirik bankari izatearekin.
  • Euskaraz ongi egiteak ez dauka zerikusirik euskara irakasle izatearekin.

-TZEAK perpausek ez dute kontrolik ezartzen (kontrola badago, objektuak edo datiboak izan behar du kontrolatzaile, subjektua perpausa bera delako) baina erreferentziakidetasuna da ohikoena:

  • Sukaldatzen ikasteak beregain izaten lagunduko dio. [hark ikasi, hura beregain izan]
  • Ingurukoek hainbeste kirol egiteak zu ere bultzatuko zaitu. [haiek, zu]

Aldaera burutua ere erabil liteke, gehienetan, ondorioa gauzatzen denerako kausa burutua dela nabarmentzeko: -TUAK/-TU IZANAK.

  • Azkarregi jateak tripako mina sortzen/sortu dit.
  • Azkarregi jan izanak tripako mina sortu dit.
FORMA BURUTUAK
izateak > izanak/*izan izanak
ahal/ezin/nahi/behar… izateak/izanak

Beste aldaera hau ere erabiltzen da egun, baina badaezpadakoa da:

  • ?Laguna kartzelatu izateak amorru handia eman zion Uxueri. (>Laguna kartzelatu(a) izateak amorru handia eman zion Uxueri)
  • Laguna kartzelatuak amorru handia eman zion Uxueri.
  • Laguna kartzelatu izanak amorru handia eman zion Uxueri.

Glosategia

Durangoko azoka Anakoluto: Perpaus baten eraikuntzan bat-batean egiten den etena, haustura, aldaketa, elipsian oinarritua. Esaldiaren koherentzia sintaktikoa galtzean datza. Eta eta edo juntagailuekin askotan egiten dira, perpausa amaitu gabe utziz. Oso ohikoa da ahozko hizkera kolokialean, baina figura erretoriko gisa ere erabiltzen da askotan:

  • Nerea-eta Durangoko azokara joan dira gaur.

Informazio gehiago eskuratzeko, klikatu hemen (Literatura Terminoen Hiztegia).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tzea + atzizkia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3