Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:6:3:5

-tzea/-tzerik

Ia perpaus guztietan ageri da absolutibozko sintagmaren bat eta horrenbestez, -TZEA perpausak dira perpaus osagarri jokatugabe erabilienak. Predikatu askok gobernatzen dituzte -TZEA perpausak eta ohikoenak azalduko dira atal honetan.

Batetik, aurreko atalean ikusi denez, zenbaitetan -TZEA perpausa beste osagarri jokatugabe batzuekin konbinatzen da:Eibar lehenengo mailan dago aurten

  • Euskaltzale izatea ez dator bat gaztelaniaz hitz egitearekin.
  • Partida hau galtzeak sailkapeneko lehen postua galtzea ekarri dio Eibarri.
  • Damu izatea ez da nahikoa egindakoa konpontzeko.

-TZEA perpausa predikatu-osagarria izaten da askotan; eta batzuetan, bi -TZEA ere batu daitezke, batek predikatu-osagarriaren lekua hartuta:

  • Bakarrik bizitzea da Maitek aukeratu duena.
  • Bakarrik bizitzea, askotan, libre bizitzea izan daiteke.

Predikatu osagarria aukerakoa da balioespenak egiteko:

  • Txarra/ona/itsusia/pozgarria/harrigarria/astakeria/barkaezina da horrela jokatzea.

Hainbat bide daude halako esaldietan balioa nork egiten duen markatzeko:

  • Barkaezina da nire ustez/nirekiko/niretzat horrela jokatzea.
  • Barkaezina iruditzen/begitantzen zait horrela jokatzea.
  • Denok gaitzetsiko genuke horrela jokatzea.

Beste predikatu gobernatzaile hauek ere balioespen zentzua dute:

  • Ez du begi onez ikusi beste gidari batek aurreratzea.
  • Ez zitzaigun ongi iruditu guri ezer esan gabe kontzertuko sarrera erostea.
  • Komeni da ezer erabaki aurretik beste aukerak aztertzea.
  • Ez du merezi horretan tematzea.

Halako batzuk izan/ukan aditzaz osaturiko esapideak dira: atsegin/gorroto/gogoko/higuin izan/ukan.

Horietan guztietan ez dago kontrolik, ezta erreferentziakidetasunik ere askotan. Are gehiago, kasu berezi batzuetan salbu, datiboa gehitu eta erreferentziakidetasuna ezarri arren, ez da kontrolik ezartzen:

  • Nahiago dugu zu joatea harekin hitz egitera. [guk nahiago, zu joatea]

Balioespena adierazten ez duten beste sail batzuetan aurkituko dugu kontrola. Ikus ditzagun predikatu hauek:

  • ERABAKI
  • AHANTZI
  • DAMUTU
  • BARKATU
  • DEBEKATU
  • BALITEKE

Erabaki, ebatzi, pentsatu, baztertu (=ez egitea erabaki)

Predikatu honek subjektu adimenduna eskatzen du eta horrenbestez, alde batera utzi behar da kausa-ondorio adiera: ordulari biologikoak erabakitzen du bakoitzak noiz izan behar duen ama. Horrenbestez, predikatu honen adiera arruntak nahitaez eskatzen du osagarriak adierazten duen gertakariaren subjektua erabakitzailea bera izatea, hau da, osagarriaren subjektua kontrolatua da:

  • Mendira joatea erabaki dut. [nik erabaki, ni joan/*zu/*hura]

Dena den, lehen ere aipatu dugu salbuespen moduko bat: osagarriaren subjektua kontrolatzailearen ardurapekoa izatea. Hona hemen adibide bat, jokatuarekin alderaturik:

  • Bere/*nire alabak haragirik ez jatea erabaki du.
  • Bere/*nire alabak haragirik jan ez dezala erabaki du.
  • Bere/*nire alabak haragirik ez duela jango erabaki du.

Desegoki jo diren molde horiek onargarri izango lirateke “ni ez naizen beste norbaitek, berak, alegia” balu nire alaben ardura.

Ahaztu/ahantzi, du/zaio

Predikatu honen semantikak erreferentziakidetasuna eta kontrola behartzen ditu:

  • Ahaztu zait/dut telefonoz deitzea. [niri ahaztu, nik deitzea]
  • Ahaztu zait/dut liburua ekartzea. [niri ahaztu, nik ekartzea]

Damutu zaio, damu izan

Egitura honek ere kontrola eskatzen du: zerbait egin dut eta ez egitea hobe nuela uste dut. Osagarriaren zentzua ez da prospektiboa, atzera begirakoa baizik, damua gero baitator beti. Horregatik, aldaera burutua agertzen da sarri:

  • Damutu zaio horren berandu ibiltzea/ibilia/ibili izana.
  • Damu naiz gehiago entrenatu ez izana.

Barkatu du/dio

Predikatu honekin ere osagarriak adierazten duen gertakaria aurretikoa da eta horregatik egoki da aldaera burutua erabiltzea.

  • Barkatu zidan urduri jartzea/jarri izana.

Adibide horretan bezala, datiboa agertzen bada, kontrola ezartzen du: Ak zerbait egin, Bk Ari barkatu. Bestela ez, adierazpen generiko bat egiten delako:

  • Apaizak ez luke barkatuko mezan kantuka aritzea.

Debekatu, galarazi, eragotzi, oztopatu, ahalbidetu, bamendu, onartu

Predikatu hauen oinarrian hauxe dago: Ak zerbait egin nahi/behar, eta Bk Ari utzi edo ez hori egiten. Honelakoetan ere, du moldean ez dago kontrolik, predikatu gobernatzailearen subjektuak ez duelako osagarriaren adierazian protagonismorik. Kontrola ezartzeko datibora jo behar da:

  • Udaltzainak debekatu du autoak plazan uztea. Behiak
  • Baserritarrak baimendu du behiak ukitzea.
  • Udaltzainak debekatu die herritarrei autoak plazan uztea.
  • Baserritarrak haurrei baimendu die behiak ukitzea.

Beste predikatu batzuk ere eskema berekoak dira, du moldekoak izan ez arren:

  • Ez da zilegi horrela hitz egitea.
  • Ez zaizu/duzu zilegi horrela hitz egitea.

Datiboa kontrolatzailea da predikatu horietan; irizlea balioespenezko predikatuetan:

  • Zilegi zaio [hark/*nik/zuk] horrela hitz egitea.
  • Onartezina (iruditzen) zait [zuk/nik/hark] horrela hitz egitea.

Baliteke, litekeena da

Bi forma horiek izan/gerta liteke(ena da) balioa dute, eta -tzea perpausak gobernatzen dituzte.

  • Baliteke/litekeena da solasaldia berandu hastea.
  • Solasaldia berandu has liteke (beharbada).
  • Beharbada, solasaldia berandu hasiko da.

Ahalera adierazten duen zatia baino ez da geratzen perpaus nagusian, gainerakoa osagarrian biltzen da. Ahalerazko beste forma batzuek antzekoak dira (predikatu konplexuko izenak -TZEKO behartzen du, absolutiboaren lekua hartuta):

  • Badaukagu aukera/modua azterketa gainditzeko.
  • Gai/gauza gara azterketa gainditzeko.
  • Azterketa gainditu dezakegu.

Ezin izan + -TZEA

Ezin izan + -TZEA egituraren ordez, egun ezin egitea/joatea/ikustea sintagma okerrak erabiltzen dira sarri, bi forma nahastearen ondorioz:

  • ezin egina (= egin ezina) [egin beharra/nahia/ahala]
  • ezin egin izatea [egin behar/nahi/ahal izatea]

Horrenbestez, -TZEA perpausetan ez da zuzena lokuzio modalen izan aditza ezabatzea, ezta ezin izanen kasuan ere:

  • egin behar izatea
  • egin nahi izatea
  • egin ahal izatea
  • ezin egin izatea (*ezin egitea)

-TZERIK

Predikatu gobernatzaile askok ezin dute -TZERIK perpausik hartu, erreakzio, jarrera eta iritziak adierazten dituzten predikatuek, esaterako, ez direlako ongi ezkontzen partitiboaren zentzu ez-espezifikoarekin, gertakari espezifiko bati erantzuten diotelako. Bestalde, -TZERIK har dezaketen predikatuak hegoaldeko hizkerari dagozkio gehienetan. Ia gehienetan ezezko perpausek gobernatutako osagarriei dagokie partitiboa eta ezezko perpausak adierazten duen ukazioak osagarriari eragiten ez dionean, hau da, osagarriak adierazten duen gertakaria gauzatutzat jotzen denean, ez da zilegi partitiboa erabiltzea.

Ordainen bitartez: hori = espezifikoa, halakorik = ez espezifikoa.

  • Ez zait damutu/ahaztu/iruditu hori/*halakorik.
  • Mirenek ez zuen erabaki/espero hori/halakorik.
  • Ezagun da ez duela nahi euskara galtzerik.
  • Ez nuke nahi kontzertura joateko aukera galtzerik.

Osagarriaren proposizioa ukaziotik kanpo geratzen denean:

  • Aitak ez zuen espero ama joatea#joaterik [joan zen eta ez zuen hori espero]

Ez da(go) inora joaterik eta antzeko esamoldeak nahiko mugatuak dira: izan/egon edo ukan/eduki, eta ezezka:

  • Yogako eskolan ez dago/da musika jartzerik.
  • Yogako eskolan ez daukagu/duzu musika jartzerik.
  • Ez zegoen unerik galtzerik: burrunba bortitz batek jakinarazi zigun behera bota zutela zerbitzurako atexka. (Alberto Ladron, Eguzki beltzaren sekretua, 123)
  • Hala balitz, esango zenidake, ez da? Ez nuke nahi gure arteko harreman zahar hau alferrik galtzerik. (Hasier Etxeberria, Petri maitea, 38)

Baiezko formetan gero eta gehiago erabiltzen da partitiboa baina ez dauka tradiziorik:

  • ? Badaukazu/badago etortzea/etortzerik.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tzea/-tzerik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3