Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:6:3:7

Berezitasunak

Perpaus osagarri batzuek berezitasunak dira eta horiek aztertuko dira atal honetan:

  • -TZEN/-TZERA eta -TZEKO alternantzia
  • -TZEA/-TZEKO alternantzia
  • -TZEA eta -TZEN predikatu berarekin
  • -TZEA
  • Osagarri jokatugabeen eta jokatuen baliokidetasunak
  • Osagarri jokatugabeak eskuineratzea eta perpaus-muga kanonikoa

-TZEN/-TZERA eta -TZEKO alternantzia

Hainbat predikaturekin gertatzen da -TZEN/-TZERA eta -TZEKO atzizkien alternantzia. Azter ditzagun hemen banaka.

Saiatu/enseiatu

Bi predikatuok -TZEN eta -TZERA perpausekin osa litezke, balioa aldatu gabe. -TZERA moldea Ekialdean gehiago erabiltzen den arren, gipuzkeraz, ere badira bi moldeen adibideak:

  • Zelo andiko sazerdote bat iru alditaraño au egitera saiatu zan, baña esan ziozkan gauza guziakgatik ezer aurreratzen etzuen arik eta laugarrenean, Jaungoikoaren graziak ikututa, bere gaiztakeriaz damutu, eta biotza oso trukatzea iritxi zueneraño, alatan, non, gaxoak deadarka esan zuen: (Maietzeko illa , Arrue, G.)
  • Lezakena saia_ dedilla ikasketa batzuek egiten. (Gure mendi ta oianak, Munita, I.)
  • Auek guziak saia bittez ba, dotriñako sail au beti geldi-geldi ikusten. (Kristau ikasbidearen azalpena, Intza, D.)

Abarrak

-TZEKO osagarria ere har dezake saiatuk, -TZERAren ordez:

  • [Zezena] jotzera saiatzen da / jasoaz adarra. (Fabulas y otras composiciones en verso vascongado, Iturriaga, A. P.)

Prest izan/egon

Predikatu honek ere bi moldeak onartzen ditu: -TZEKO eta -TZERA.

  • Prest nágo errezibitzerá orrén azóteak. (Ongui iltzen laguntzeco itzgaiac, Lizarraga)
  • Fite prest nündükezü etxerat ützültzeko. (Bertsoak, Etxahun)

Zail(a)/erraz(a) izan

Trebe(a)/abil(a) izan

-TZEN/-TZERA eta -TZEKO alternantzia

[aditza + -TZEA/-TZEKO] eta [izena + aditza + -TZEKO]

“Agindu” ereduko aditzek -TZEKO atzizkia hartzen dute, baita objektua duten aditz-esapideek ere (-TZEKO agindua eman):

  • Liburua erosteko agindu dit.
  • Liburua erosteko agindua eman dit.

Beste predikatu askok biak, -TZEA eta -TZEKO, hartzen dituzte:

  • Bazkarira joatea erabaki du.
  • Bazkarira joateko erabakia hartu du.

Objektuaren lekua libre baldin badago (aditz soila), hari dagokion absolutibozko forma hartzen du osagarriak: -tzea. Objektuaren lekua hartuta baldin badago, -TZEKO moldera jotzen da:

  • * Etxea saltzea erabakia hartu du. (etxea saltzeko)
  • * Etxea saltzeko erabaki du. (etxea saltzea)

Arestian esan dugunez, “Agindu” ereduko aditzekin -TZEKO perpausak betetzen du absolutibozko objektuaren lekua zer/hori:

  • Armairua margotzea erabaki du.
  • Armairua margotzeko agindu digu.

-TZEKO perpaus osagarrietan objektudun esapideak dira ohikoenak: erabakia hartu, agindua eman…. Bestelako predikatu gehienek -TZEA hartzen dute: erabaki, pentsatu, ahaztu, begi onez ikusi, gaitzetsi…. Horrekin lotuta, -TZEKO perpausak halako esapideetako izenkien osagarri gisa ere ager daitezke, izenlagun funtzioan, izenlagunen atzizki tipikoaz osatzen baitira formalki: -KO:

  • Azterketa hasteko aginduaren zain geunden guztiok.

Agindu (=ordena eman) horrek badu homonimo bat, beste esanahi bat daukana (promes egin). Sintaxian ere islatzen da bitasun hori:

  • Liburua ekartzeko agindu du. [agindua, ordena]
  • Liburua ekartzea agindu du. [agintza, promesa]

Izan ere, -TZEKO perpausak berak ematen die predikatuei agintera esanahia, halakorik ez dutenean ere (esan, iradoki):

  • Liburua ekartzeko esan du. [ekar dezazuela > ekar ezazue]

-TZEA/-TZEKO ESKATU

-TZEA/-TZEKO alternantzia ohikoagoa da zenbait predikaturekin, eskaturekin, esaterako:

  • Zinemako sarrerak merkatzea eskatu dute herriko gazteek.
  • Zinemako sarrerak merkatzeko eskatu diote herriko gazteek kultura sailari.

Zinema sarrerak

Bigarren adibidean datiboak kontrolatzen du -TZEKO perpausa. Lehenengo adibidean, berriz, -TZEA osagarriarekin, ez dago kontrola ezartzeko datiborik, eta zabalik geratzen da irekitze horren subjektua. Inpertsonaltzat joko genuke, baina ager daiteke subjektua espliziturik:

  • Kultura saileko arduradunak zinemako sarrerak merkatzea eskatu dute herriko gazteek.

Eskatu predikatuak -TZEA hartzen du beste esamolde berezi honetan, eta beste esanahi bat dauka:

  • Txarteldegiko prezio-taula aldatzea eskatuko luke horrek [zinemako sarrerak merkatzeak]

Eskatu predikatuaren subjektuak abstraktua izan behar du egitura horretan:

  • Txarteldegiko prezio-taula aldatzea eskatuko luke horrek [*Aitorrek/hori egiteak=zinemako sarrerak merkatzeak]
  • horretarako = hori egiteko, zerbait beharrezkoa da
  • zinemako sarrerak merkatzeko, txarteldegiko prezio-taula aldatu behar da

Halakoetan, gehienetan, ez da datiborik agertzen, eta ez da kontrolik ezartzen; baina agertzen bada, kontrola ezartzen du datiboak, baina -TZEA formari eusten zaio, subjektuzkoekin ez bezala:

  • Txarteldegiko prezio-taula aldatzeko eskatuko lioke horrek [=Aitorrek] kultura saileko arduradunari.
  • Txarteldegiko prezio-taula aldatzea eskatuko lioke horrek [=hori egiteak=zinemako sarrerak merkatzeak] kultura saileko arduradunari.

Normalean, pertsona da eskatu/galdatu predikatuaren subjektuaren erreferentea baina bestelako izakiak ere pertsonifika daitezke:

  • Buruak/gorputzak/barrenak/senak/bihotzak eskatu zion horrela jokatzea.

Eskatu predikatuaren prototipoa hauxe da:

  • norbaitek zerbait egiteko eskatu norbaiti

Prototipo horretatik aldentzean ageri da -TZEA eskatu. Zenbaitetan, ordea, hiztun batzuek -TZEAren ordez -TZEKO erabiltzen dute, datiborik egon ez arren:

  • Zinemako sarrerak merkatzea eskatu dute gazteek. [eskabide edo baimen-eskea egin dute]
  • Zinemako sarrerak merkatzeko eskatu du kultura arduradunak. [kultura arduradunaren eskaera hartu du zinemako arduradunak, eskatu aditzak agindu esan nahi du hor]

edo -TZEKO beharrean -TZEA; eta halakoetan, beste joskera batzuekiko antzekotasunak eragin dezake nahastea:

  • ? Mesedez eskatu zigun argazkia atera bitartean geldirik egotea.

Datiboa agertu arren, bada beti -TZEA joskeraz eraikitzen den esamolde bat:

  • Hain auto merkeari ezin zaio/diozu eskatu azkar joatea. Auto zaharra

Horrek hautsi egiten du lehen aipatu dugun egitura prototipikoa. Lehenik eta behin adierazpen generikoa da, eta ez dauka zentzurik aspektu burutuan:

  • *Hain auto merkeari ezin izan zaio/diozu eskatu azkar joatea.
  • zerbaiti/norbaiti horrelakoa izatea eskatu = zerbaitek/norbaitek eskakizun horiek bete

Kontua ez da datiboko sintagmaren erreferentea pertsona bat ez izatea; osagarriaren predikatua egiletasunezkoa ez izatea baizik. Bestalde, halakoetan, zentzu prospektiboa erabat ahultzen da adiera horretan, ez dagoelako egiteko egintzarik:

  • Halako haur txikiei ezin zaie eskatu geldirik egotea.

Esanahia egiletasunezkoa bada, eskaturen joskera prototipikora iritsiko gara (norbaitek norbaiti zerbait egiteko eskatu). Joskera horrekin zentzua erabat alda daiteke, geldirik egon perpaus bera erabilita ere:

  • Andereinoak eskatu zien haur txikiei geldirik egoteko.

Egiletasuna egoteak edo ez egoteak dakar, beraz, -TZEA/-TZEKO alternantzia. Horregatik, lehenengo adibidean ere egilerik ez egoteak behartuko luke -TZEKO joskeratik aldentzea:

  • Zinemako sarrerak merkatzea eskatu dute herriko gazteek. [hori gerta dadila eskatu]

Horrenbestez, zerbait gertatzea eskatu eta norbaiti zerbait egiteko eskatu izango litzateke bereizketa semantikoa eta sintaktikoa. Lehenengoan egon liteke egileren bat, baina gertatze horretan geratzen da (kontrolik ez dagoenez, aditz bakoitzak du bere subjektua):

  • Kultura sailekook zinemako sarrerak merkatzea eskatu dute herriko gazteek.

Esan dugunez, ordea, egitura prototipoak egile bat ezartzen du zuzenean, kontrolaren bitartez (nori eskatu > hark egin):

  • Zinemako sarrerak merkatzeko eskatu digute herriko gazteek kultura sailekooi.

Eskatu aditzak da-zaio joskera zeukan antzina; du-dio joskera dauka egun. Horrek zerikusia izan dezake joskera-gorabehera horretan:

  • bere liburua eskatu zaio > bere poltsa eskatu dio

Antzinako joskerarekin ez zegoen perpaus osagarririk egiterik. Forma berria datiboduna da eta haren gainean dago eraikita geroago datiborik gabekoa, du aditzen ereduan: eskatu dio > eskatu du. Horregatik da eskatu aditzaren kasuan dio ohikoagoa du baino (semantikoki ere eskaerak nori bat eskatzen du prototipoan, testuan zuzenean agertu ez arren: laguntza eskatu nuen kiroldegian [=kiroldegikoei]).

Osagarriari dagokionez, antzinako joskeran jokatuak baino ezin ziren eratu:

Egungo joskera prototipikoak (eta -TZEKO moldekoek) beste oinarri bat ere izan lezake, formaz eta esanahiz:

  • zerbait egiteko eskea egin norbaiti
  • zerbait egiteko eskatu norbaiti

Galdatu eta galdegin aditzek antzeko jokoa dute (eskaturen sinonimo ez direnean), datiborik ez dagoenean, eskatuk bezala jokatzen du:

  • Ilhuntxe batez, lo egitea galdatu zuten etxe batean, eta baietz erran zioten berehala, ganbera bat, eta ganbera hartan ohe bat, izanen zutela. (Ixtorio-mixterio, Barbier)

Datiboarekin, berriz, -TZEKO dagokio batzuetan, OEHn jasotzen denez.

  • jaun horier galthatü ükhen otoritatez, / presu begiratzeko librantxaik ükhen gabez. (Bertsoak, Etxahun)

Molde hori orokorra izango balitz, berdinak izango lirateke eskatu, galdatu eta galdeginen joskerak.

-TZEKO galdatu/galdegin aukera hori, baina, ez da nagusi datiboa ageri den kasu tipikoan ere. OEHk ere kasu bakantzat jotzen ditu -TZEKO moldekoak galdatu eta galdeginekin.

Horrekin lotuta omen dago jokatuetan ere bi joskera agertzea (eskatu aditzarekin bigarren aukera da prototipikoa):

  • Biharko erantzun dezadan/dezadala galdatu dit.
  • Biharko erantzutea/erantzuteko galdatu dit.

OEHn jasotakoaren arabera, objektua mendeko perpaus bat denean, aditz-izena (-t(z)ea) edo subjuntiboko osagarriarekin jokatutako aditza (eman diezaion) har ditzake; -(z)eko behin aurkitu da, Sarako Etcheberriren adibide batean.

  • Galdegin betzo [ene semeari] eskuarazko zenbait perpaus latinez ihardesteko.

Hiztunak biak bereizten baditu, beraz, manatu, agindutik gertuago egongo litzateke bigarren aukera (-LA, -TZEKO):

  • galdatu dio lagunekin etortzea [etor dadin] (=eskatu)
  • galdatu dio lagunekin etortzeko [etor dadila] (=agindu)

Hala ere, ez dirudi -TZEKO galdatu/galdegin moldea denik araua, -TZEA galdatu/galdegin baizik.

Salbuespen bakan hauek salbu, beraz, eskatuk baino ez du hartzen -TZEKO, eta prototipotzat jo dugun kasuan baino ez: norbaitek norbaiti zerbait egiteko eskatu. Gainerako kasuetan, -TZEA eskatu joskera da egokia.

Galdatu, galdegin eta eskatu aditzen du joskera oso arrunta da, absolutibozko objektua eskatzen duena (eskatzen dena abstraktua izan daiteke: elkartasuna, elkarren lagun izatea…):

  • norbaitek zerbait eskatu

Eskaturen egitura prototipikoan subjektua norbaitek izan arren, zerbaitek ere izan liteke, irudizko zentzuan (zerbaitek zerbait eskatu):

  • Itzultzaile lanak hizkuntzak menderatzea eskatzen/galdatzen du.
  • Kirolari ona izateak osasuna zaintzea eskatzen/galdatzen du.

Halakoetan, zerbait hori baldintza bat da, eskakizun bat. Zerbaiti zerbait eskatu eredua ere eskakizun generikoaren zentzuan ulertzen da, baita subjektua pertsona izanik ere:

  • Korrikako zapatilei arinak izatea eskatzen zaie. Zapatilak
  • Hizlariari alaia izatea eskatzen zaio.

Horietan -TZEA eskatu daukagu. Zerbait eskaturen ordez zerbait egiteko eskatu erabiltzen dugunean, berriz, zentzua eta joskera aldatu egiten dira. Halakoetan norbaitek da subjektua eta beste norbaiti adierazten dio dena delakoa egitea nahi duela eta egite gisa ulertu behar da perpaus osagarriak adierazten duena:

  • Azkar amaitzeko eskatu nion irakasleari.
  • *Azkar amaitzea eskatu nion irakasleari.

Eskakizun/baldintza-zentzuak eta norbaiti zerbait egiteko eskatuk antzeko egitura izan lezakete eta -TZEA/-TZEKO formek bereizten dute zentzua:

  • Maialeni nolatan eskatuko diozu garaiz iristea. [hura ez da inoiz garaiz iristen]
  • Maialeni nola eskatuko diozu garaiz iristeko? [idatziz eskatuko diozu? telefonoz?]

Egiletasuna esaldiaren interpretazioari dagokio. Predikatu eta perpaus berbera bi modutan uler daitezke batzuetan:

  • Maialeni ezin diogu eskatu puntuala izatea. [ezaugarri hori izatea]
  • Maialeni ezin diogu eskatu puntuala izateko. [horrela jokatzeko]

Galdatu eta galdegin aditzek ez dute eskaturen moldea segitzen eta -TZEA hartzen dute: norbaitek zerbait egitea galdatu/galdegin norbaiti. (-TZEKO galdatu/galdegin adibideak oso bakanak dira eta agindutik gertuko adiera hartzen dute)

-TZEA eta -TZEN predikatu berarekin

Predikatu gobernatzaile berarekin aukerakoak direnean, -TZEA eta -TZEN perpausek ez dute adiera bera; lehenengoak gertakari bat adierazten du eta bigarrenak jarduera bat:

  • Ahaztu egin zait ingelesez egitea. (= beste hizkuntzetan egin dut baina ingelesez egitea falta izan zait)
  • Ahaztu egin zait ingelesez egiten. (= lehen banekien baina orain ez dakit ingelesez)

Zail(a)/erraz(a) izan predikatuekin antzeko bereizketa daukagu, esanahia bestelakoa bada ere:

  • Zaila da Kaxarranka dantzatzea. [ez dut uste dantzatuko dudanik] Kaxarranka
  • Zaila da Kaxarranka dantzatzen. [dantza zaila da ikasteko]

Batzuetan bi ikuspegiak dira egokiak:

  • Erraza da Miren pozik dagoen igartzea.
  • Erraza da Miren pozik dagoen igartzen.

Halako predikatuekin (aditz soilezkoekin ez) jardueraren gaia pespaus nagusiaren objektu bihur liteke:

  • Kaxarranka zaila da ongi dantzatzen.

[(ongi) dantzatzen zail(a)] sintagma osagarri konplexua da. Zail izenondo soila ez bezala, funtzio horretan bakarrik ager daitezke halako sintagmak (horregatik ez dira izenkien osagarriekin sailkatu):

  • dantza zail hori/*dantza egiten zail hori/egiten zaila den dantza hori

Egitura horrek bi hurrenkerak onartzen ditu:

  • egiten zail(a) izan
  • zail(a) izan egiten

-TZEA eta -TU

Nahi izan predikatuak gobernatzen dituen -tzea perpaus osagarrietan gauza bitxi bat gertatzen da:

  • [guk/zuk/nik/hark/*berak] hitzaldian parte hartzea nahi zuen antolatzaileak.

Perpaus osagarriaren subjektua edozein izan liteke, nahi izan predikatu gobernatzailearen subjektua izan ezik. Horrenbestez, kontrola dagoenean, erreferentziakidetasuna debekua da, kontrolaren alderantzizkoa gertatzen da.

  • [*zuk/*hark] liburuak ekartzea ahaztu dut. [kontrola]
  • [*nik] liburuak ekartzea nahi dut. [kontrolaren kontrakoa]

Erreferentziakidetasunezkoa adieraztea posible izan behar du; aurreko adibidean, esaterako, nahi izanen subjektua bera izatea ekarriren subjektua. Horretarako, beste joskera hau erabiltzen da:

  • Liburuak ekarri nahi ditut. [nik ekartzea, nik nahi]

Joskera horretan ez dago perpaus osagarririk, aditz-perifrasia dago. Nahi izan gainerako aditz modalen parekoa da, partizipioarekin denek osatzen baitituzte halako perifrasiak: -tu nahi/behar/ahal/ezin izan. Denak dira perifrasiak, hau da, aditz bakarra balira bezala jokatzen dira:

  • [Liburuak ekartzea] nahi dut. [perifrasia]
  • Liburuak [ekarri nahi] ditut. [osagarria]

Beste perifrasi batzuetan bezala, partizipioa eta nahi ez dira hurrenkera horretan agertu behar nahitaez, baina horrek ez du aldatzen perifrasi-izaera, eta partizipiozko predikatuak behartzen du komunztadura: Zorion-tarta

  • Nahi nuen hark zu autoz eramatea.
  • Nahi zintuzket autoz eraman.

Jokatuetan erreferentziakidetasun-debeku bera du subjuntiboak:

  • Nahi dut sal dezazun.
  • *Nahi dut sal dezadan.

Horrenbestez, -TU NAHI IZAN perifrasia da egitura behartua erreferentziakidetasuna adierazteko, osagarriak debeku direlako horretarako, bai jokatua eta bai jokatugabea:

  • Nahi nuke [hark/*nik] zu zoriontzea. (zorion zaitzan/*zorion zaitzadan)

Bizkaierazko eta gipuzkerako hizkera batzuk salbuespenak dira, -TZEA NAHI IZAN moldea erabil baitaiteke erreferentziakidetasunezkoan ere, -TZEA desiratu moldearen ereduan:

  • Nahi nuke [hark/nik] zu zoriontzea.

Hala ere, hizkera horietan -TU NAHI/GURA IZAN perifrasi modala ere erabiltzen da, -TU NAHI/GURA bere horretan gordetzen denean batez ere:

  • Mendira joan nahi genuke.
  • Nahi genuke mendira joatea. (=joan)

Adibideotan ikus daiteke -TU -TZEA NAHI IZAN neutralizaziorako joera hori, gurago izanen esparruan, eta aldi berean, nola irauten duten hizkera berean ere -TU GURAGO perifrasiaren eredukoek:

-TZEA erreferentziakidetasunezkora zabaltzen den erabilera berezi horretatik aparte, banaketa osagarrian daude perifrasi modala eta -TZEA NAHI IZAN:

  • erreferentziakidea, perifrasiz: joan nahi dut
  • gainerako erreferentziakoak, osagarriz: joatea nahi dut

Nahi izan bezala antolatzen da nahiago izan predikatua ere, joskera bitasunez:

  • Nahiago dut zuk/*nik erostea. [-tzea perpaus osagarria]
  • Nahiago dut *zuk/nik erosi. [-tu nahiago izan aditz-perifrasia]

Nahi(ago) nuke moldekoek (ai nola) poztuko nintzateke(en) edo antzekoen esanahia hartzen dutela dirudi, baldintza (jokatua) hartzen baitute desira-zentzua markatua denean, baina horrek ez die kentzen euren lekua ohiko jokatugabeei:

Zoriontsu zaudenean irribarre egiten duzu

  • Nahi(ago) nuke zu/*ni zoriontsu izatea.
  • Nahi(ago) nuke zoriontsu banintz/bazina!
  • Nahi(ago) nuke [*zu/ni] zoriontsu izan.

joatea nahi izan eta joan nahi izan sinonimotzat jotzen dituzten hizkerek joera berari eusten diote -ago gehituta ere:

  • Nahiago dut, hondartzara (joan) baino, mendira joatea. (=joan)

Halako perpaus luzeetan anakolutua gerta liteke, edo bereizkuntza neutralizatzea. Enfasiak, berriz, perifrasiari egiten dio mesede:

  • Honela bizi baino, nahiago (dut) hil!

Hobe izan predikatuak bi moldeen arteko zalantza agertzen du. Erreferentziakidetasunik ez dagoenean, ez dago zalantzarik.

  • Hobe da/dut zu joatea nire ordez.

Erreferentziakidetasunezkoa perpaus osagarri kontrolatuz nahiz perifrasiz ematen da:

  • Hobe dut (neu) joatea/joan.

Zalantza edo aukera bikoitz hori ageri da bi puntuz etendako honelako esaldietan:

  • Bi baldintza daude:
  • -euskal herritarra izatea
  • -euskal filologian lizentziaduna izatea

Halakoetan bi egitura daude lehian:

  • -baldintza euskal herritarra izatea da.
  • -euskal filologian lizentziaduna izan behar du.

Hobe izan predikatuarekin ere aukerakoak dira bi ikuspegiak (osagarriari dagokiona naihz perifrasi modalari dagokiona):

  • Aukera hobea da zurekin joatea.
  • Hobe dut bakarrik joatea/joan.

Osagarri jokatuak vs jokatugabeak

Perpaus osagarri jokatugabeek jokatuekin dituzten esanahi-kidetasunak subjuntibozkoetan islatzen dira, ez indikatibozkoetan. Hala ere, kasuren batean BAIT- perpausek antzeko funtzioa betetzen dute Iparraldean:

  • Harritzekoa da ez baitu deus erran (=berak ezer ez izana)

Predikatu batzuek osagarri jokatugabeak nahiz indikatibozko jokatuak har ditzakete, esanahi ezberdinarekin:

  • Badakizu bertsotan.
  • Badakizu bertsona egiten dudala.

Zehar-galderazkoek antz handiagoa daukate:

  • Badakit zer egin. [=zer egin behar dudan]
  • Badakit zer egingo dudan.

Ondoko zerbait adierazteko erabiltzen diren predikatuak (erabaki…) geroaldiko osagarri jokatuarekin konbina daitezke, jokatugabeen antzeko esanahiarekin:

  • Erabaki du telebistan agertzea.
  • Erabaki du telebistan agertuko dela.

Subjuntibozkoetan baliokidetasun sistematikoak daude -TZEKO eta -TZEA perpausetan, subjuntiboak ezin duelako gainerakoen lekua bete, ezin zaiolako erantsi atzizkirik (-RA, -(A)N, -AREKIN, -TIK, -AZ, -ARI, -AK).

-TZEKO perpausetan, esaterako, subjuntiboa zer (zehar-estiloko agintera adierazten duen moldea, -LA amaierakoa Hegoaldean) eta zerta(ra)ko moldeko osagarrien baliokidea da:

  • Nagusiak agindu dizu lana amaitzeko/amai dezazula/dezazun.
  • Goizegi da oraindik elkarrekin bizitzeko/elkarrekin bizi zaitezten.

Baita osagarrietatik kanpo helburuzkoekin ere. Honelakoetan, hala ere, erreferentziakidetasunezkoa ez da subjuntiboz antolatzen:

  • Goiz jaiki zen, garaiz ibiltzeko. #ibil zedin
  • Autoz joan zen, aita baino lehen iristeko / irits zedin

Osagarrietan ere ohikoagoa da subjuntiboa erreferentziakidetasunezkoak ez direnetan baina goiko adibide horietan ikusten denez, erreferentziakidetasunezkoak ere eman daitezke

Horrenbestez, helburuzkoetan erreferentziakidetasunik gabekoak baino ezin dira eman subjuntiboz:

  • Berogailu txiki bat erosi dut egongelan epel egoteko.
  • *Berogailu txiki bat erosi dut egongelan epel egon nadin.

Osagarrietan, berriz, erreferentziakidetasunezkoak ere bai:

  • Berogailu txiki bat falta dut egongela epel eduki dezadan.

Hala ere, erreferentziakidetasuna argi badago, subjuntiboa baino naturalagoa da -TZEKO jokatugabea:

  • Berogailu txiki bat falta dut egongela epel edukitzeko.

-TZEA perpausez osaturiko esaldiek ez dute beti zentzu prospektiboa izaten (-TZEKO perpausek bai). Eta baduten batzuek ere ez dute onartzen subjuntibozko baliokiderik: *erabaki dugu egin dezagun.

Horrek guztiak ez dauka zerikusirik egitura kontrolatua izatearekin (=nik erabaki, nik egin) kontrola eduki arren badirelako subjuntiboa onartzen duten beste predikatu batzuk: debekatu dio joan dadin. Beraz, -tzea onartzen duten predikatu batzuek geroaldia eta beste batzuek subjuntiboa eskatzea izan daiteke aldea:

  • (nik) erabaki joatea (joango naizela)
  • (hari) debekatu joatea (joan dadin)

Zentzu prospektiborik ez duten -tzea perpaus batzuek nekez onartzen dute subjuntibozko baliokidea:

  • penagarria iruditu zait (zu) ez etortzea.
  • ? penagarria iruditu zait (zu) etor ez zaitezen / ez baitzara.

-TZEA perpaus batzuek ez daukate jokatuetan inolako esanahikiderik, ez subjuntibozkorik ez bestelakorik:

  • ahaztu zaio dutxatzea.
  • *ahaztu zaio dutxa dadin / #dutxatu behar zuela.

Osagarri jokatugabeak eskuineratzea

Perpaus osagarrien hitz hurrenkera Perpaus osagarriak atalean aztertu da. Hala ere, osagarri jokatugabeetan bereizkuntza batzuk egin behar dira.

-TZEA eta -TZEKO moldekoak beren kide jokatuen antzekoak dira: Taloak egiten

  • Gaur lanera bizikletan joatea [joango naizela] erabaki dut.
  • Erabaki dut gaur lanera bizikletan joatea [joango naizela].
  • Erabaki dut bizikletan joatea [joango naizela] gaur lanera.
  • Taloak nirekin egiteko [egin zenezala] eskatu nizun.
  • Eskatu nizun taloak nirekin egiteko [egin zenezala].
  • Eskatu nizun nirekin egiteko [egin zenezala] taloak.

Eskuineratzeko joera hori are nabarmenagoa da [izena/izenondoa+aditza] predikatuetan:

  • Bi egunetik behin arratsaldetan kirol pixka bat egitea [egin dezagunn] on(a) dugu.
  • On(a) dugu bi egunetik behin arratsaldetan kirol pixka bat egitea [egin dezagun].
  • On(a) dugu bi egunetik behin kirol pixka bat egitea [egin dezagun] arratsaldetan.

Hitz hurrenkera horrek bereizten ditu batzuetan -TZEKO izenlagunak besteetatik:

  • [Leihoak garbitzeko agindua] [eman] zuen.
  • [Agindua eman] zuen [leihoak garbitzeko].

Eskuinera eramateko joera horretan aditz-lokuzioen kontuaz gain, zerikusia du halako predikatu asko estilo zuzenarekin lotuta egoteak:

  • Agindu/esan diot: “irakur ezazu liburua”
  • Eskatu/proposatu dit: “nirekin etorriko zara manifestaziora?”
  • Erabaki/pentsatu dute: “sagardoa eramango dugu bazkarira”

Menderatuetan ere erabil liteke antolaketa hori, baina egokitze deiktikoak eginez:

  • Agindu/esan diot irakurtzeko liburua.
  • Eskatu/proposatu dit berarekin joateko manifestaziora.
  • Erabaki/pentsatu dute sagardoa eramatea bazkarira.

Zehar-galderak ere berdin, jokatu nahiz jokatugabeak:

  • Erabakiko dut zer egin (behar dugun) auto zaharrarekin.

-TZEN eta -TZERA perpaus osagarriek beste atal bat osatzen dute: eskuinera lerrokatu daitezke baina ez daukate horretarako joera berezirik. Galdegai ez direnean eskuinean eman litezke, bestela beren ohiko hurrenkeran agertzen dira:

  • Ikusi zaitut, mutilarekin hizketan.
  • Mutilarekin hizketan ikusi zaitut.
  • Amak behartu nau erosketak egitera.
  • Erosketak egitera behartu nau amak.

Hala ere, halako predikatu askok joera dute eskuinean emateko informazio berria:

  • Ausartu nintzen ingelesez hitz egitera. [Erabaki nuen, ausart, ingelesez hitz egitea]

Hala ere, halakoetan ez da hain naturala perpausaren muga kanonikoa gainditzea:

  • ? Ausartu nintzen ingelesez hitz egitera irakaslearen aurrean. [Erabaki nuen, ausart, ingelesez hitz egitea irakaslearen aurrean]

Aurreko sailekoek ez bezala, hauek ez dute erlazio zuzeneik estilo zuzenarekin eta ez dute kidekorik jokatuetan (beraz ezin da antolamendua kalkatu). Egitura hau da gehien hurbiltzen dena, -LA moduzkoa daramana (ez -LA osagarria):

  • Ikusi zaitut, mutilarekin hizketan.
  • Ikusi zaitut, mutilarekin hizketan zeundela.

Perpausaren muga kanonikoa gaindi liteke hauetan baina ez da aurrekoetan bezain ohikoa:

  • ? Ikusi zaitut, mutilarekin hizketan kalean. [? mutilarekin hizketan zeundela kalean]

[-TZEA + atzizkia] sailekoek ere ez dute kidekorik jokatuetan. Atzizki bakoitzaren araberako funtzioa betetzen dute, eta horren arabera ordenatzen dira perpaus nagusiarekiko. Dagokion sailean azaldu denez, -TZEAZ moldea da eskuin-joera markatuena daukana, -TZEA moldekoarekin ordezkatu daitekeena, hain zuzen ere.

  • Pozten naiz zu ezagutzeaz.
  • Zu ezagutzeaz pozten naiz.

Eskuin-joskera horretan [-TZEA + atzizkia] egiturek zailagoa dute perpausaren muga kanonikoa gainditzea, muga hori irmoagoa delako. Kasu gutxi daude, neurtitzetan edo lizentzia poetikoz, hiperbaton gisa:

-TZEA perpausen eginkizun bertsua izan dezakeen perpaus-mota horretan salbuespenak daude:

Egungo joskeran ergatibozkoren bat aurki dezakegu joskera horretan:

  • Ez gaitu harritzen ikusteak eztabaida nola amaitu den.

Osagarri jokatuetan ergatiborik ez dagoela esan dugunez, halakoak adierazteko ergatiboa behar ez duen joskeraren bat aukeratzea da ohikoena:

  • Ez gaitu harritzen ikusirik eztabaida nola amaitu den.
  • Ez zaigu harrigarri gertatzen ikustea eztabaida nola amaitu den.

Elementu anaforikoak ere sar daitezke:

  • Ikusten dugularik/baitugu eztabaida nola doan, horrela amaitzeak ez gaitu harritzen.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Berezitasunak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3