Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7

Denbora perpausak (eta denborazko osagarri adberbial batzuk)

Erlojuak ordua ematen du

Euskaraz hainbat modu daude “denbora” nozioa adierazteko, eta atal honetan horietako bat landuko da: mendeko denbora perpausena.

Mendeko denbora perpausek denboran kokatzen dute perpaus nagusiko ekintza, haren iraupena, hasiera, amaiera, eta bestelakoak azalduz. Ikusi, esaterako, adibide hau:

  • Mirenek lana amaitzen duenean joango gara kalera.

Perpaus elkartu hori osatzeko, mendeko denbora perpausa (Mirenek lana amaitzen duenean) eta perpaus nagusia (joango gara kalera) lotu dira, -enean menderagailua erabiliz. Hain zuzen ere, mendeko perpausak adierazten duenez, Mirenek lana amaitu ostean, gertatuko da perpaus nagusiko ekintza, gu kalera joatea, alegia.

Hori horrela, denbora perpausek erreferentzia puntu bat zehazten dute denboran, eta perpaus nagusiko ekintza puntu horrekiko kokatzen dute. Denbora perpausek hiru denbora nozio nagusiren inguruan antolatzen dituzte denbora erreferentziak, eta horrenbestez, perpaus nagusiko ekintza puntu horren aurretik, une horretan bertan edo puntu horren ondoren gertatzen den adieraz dezakete.

Denbora nozioak euskal gramatikan

Hauek dira beraz, denbora perpausek aditzera ematen dituzten hiru denbora nozio nagusiak:

  • Aldi desberdintasuna: perpaus nagusiko ekintza mendeko perpausekoaren aurretik (aurrekotasunezkoa) edo ondoren (ondokotasunezkoa) gertatzen da.
    • Leihatila itxi baino lehen antzerkiko sarrerak erosi nahi ditugu. (aurrekotasuna)
    • Filma amaitu ondoren etxera joan ziren haurrak. (ondokotasuna)
  • Aldiberekotasuna: perpaus nagusiko ekintza eta mendeko perpausekoa une berean gertatzen dira.
    • Bizikletan noanean musika entzuten dut sarri.
  • Iraupena: perpaus nagusiko ekintzak zenbat irauten duen adierazten du mendeko perpausak.
    • Udaberria hasi denetik, ez du euririk bota.

Aldi desberdintasuna

Horrenbestez, euskaraz aukeran dauden denbora perpausak aztertuko dira atal honetan. Lehenik eta behin, aldi desberdintasuna adierazten duten denbora perpausak azalduko dira, perpaus nagusiko ekintza mendeko perpausekoaren aurretik (aurrekotasuna) edo ondoren (ondokotasuna) gertatzen den bereizirik.

  • Atera zuen arraina labetik, kiskali zen aurrean. (aurrekotasuna)
  • Aitak autoa garbitu zuen ondoan, euria hasi zuen. (ondokotasuna)

Aldiberekotasuna

Aldiberekotasuna adierazten duten perpausetan, berriz, bi ekintzak aldi berean gertatzen direla ematen da aditzera. Hala ere,Txoria aldiberekotasun horretan zenbait zehaztasun ere egin daiteke: batetik, aldiberekotasuna estua izan daiteke, hots, perpaus nagusiko eta mendeko perpauseko ekintzak denborari dagokionez estu-estu loturik daude, eta ekintza bat gertatzeaz batera jazotzen da hurrengoa. Aldiberekotasuna zehatza ere izan daiteke, perpaus nagusiko ekintza eta mendeko perpauseko ekintza une berean gertatzen badira; hain zuzen ere, aldiberekotasun zehatz osoan, perpaus bien ekintzak une berean gertatzen dira, eta iraupen bera dute; Aldiberekotasun zehatz zatikakoan, ostera, perpaus nagusiko ekintza mendekoak adierazten duen denboran gertatzen da, baina ez hark adierazten duen denbora osoan; bestalde, aldiberekotasun sekuentziala adierazten duten perpausetan, perpaus nagusiko ekintza eta mendeko perpausekoa biak lotuta daude denboran, baina bata bestearen segidan gertatzen dira; azkenik, aldiberekotasun puntuala darabilgunean, perpaus nagusiko ekintza gertatzen den denbora tartearen une zehatz batean gertatzen da mendeko perpausaren ekintza. Maiztasunari ere errepara dakioke denbora perpausen bidez, eta bi ekintza gertatzen diren aldi guztietan denboran bat datozela adierazi, aldiberekotasun errepikatua erabiliz. Ikus adibideok:

  • Gu hasterako, amaitua zuten lana besteek. (aldiberekotasun estua)
  • Bizarra egiten duenean, kantuan aritzen da. (aldiberekotasun zehatz osoa)
  • Dantzako eskolan ginela deitu zidan amak telefonoz. (aldiberekotasun zehatz zatikakoa)
  • Txilibitua entzun dutenean lasterka hasi dira korrikalariak. (aldiberekotasun sekuentziala)
  • Ander etorri zenean, futbolean ari ginen lagunok. (aldiberekotasun puntuala)
  • Kantuan hasten naizen bakoitzean, txoriak ere txistu egiten du. (aldiberekotasun errepikatua)

Iraupena

Azkenik, iraupena adierazten duten denbora perpausak ere badaude. Halakoetan, aditz nagusiak adierazten duen gertakariak zenbat denbora irauten duen adierazten du mendeko perpausak, ekintza nolako denbora tartean gauzatzen den. Iraupenaren aurreko muga adierazten duten perpausetan, gertakari nagusia gauzatzen deneko denbora tartea noiz hasten den aipatzen da, hau da, noiztik gertatzen den. Iraupenaren azken muga aditzera ematen duten denbora perpausek perpaus nagusiko gertakaria noiz amaitzen den azaltzen dute. Horiez gain ordea, ekintzaren iraupenaren tarte osoa ere eman daiteke aditzera.

  • Mikel etorri denetik, lana besterik ez dugu egin. (iraupenaren aurreko muga)
  • Emanaldia hasi arte atean zain egon gara. (iraupenaren azken muga)
  • Aurkakorik esaten duteno, guk geurean jarraituko dugu lanean. (iraupenaren tarte osoa)

Denbora menderagailu nagusiak

Adibideetan argi ikusten denez, mendeko denbora perpausak eta perpaus nagusiak lotzeko menderagailuak (-ela) eta menderatzaileak (-en bitartean) erabiltzen dira. Beheko taula honetan jaso dira denbora perpaus bakoitzaren menderagailu usuenak, adizki jokatuekin nahiz adizki jokatugabeekin erabiltzen direnak:

Denbora Perpausak Menderagailuak
Adizki jokatuekin Adizki jokatugabeekin
Aldiberekotasuna adierazten dutenak
Aldiberekotasun orokorra -enean -tzean
-ela/-elarik -tzerakoan
noiz eta…bait-/-en -tzearekin
-tzeari
-tu(k)eran
Aldiberekotasun errepikatua -enetan -tu aldiro, -tu bakoitzean
-en bakoitzean -tu ahala, -tu arau
zenbat aldiz -en…hainbat aldiz
Aldiberekotasun estua -eneko -tzerako
-en orduko-tu orduko
-en bezain laster -tu bezain laster
-tu bezala
-en ber -tu eta berehala, -tu eta laster
-enaz batera -tuaz batera, -tzearekin batean
-tu berri(t)an
-tu ahala, -tu arau
Aldi desberdintasuna adierazten dutenak
Aurrekotasuna -en baino lehen -tu baino lehen
-en aurrean -tu aurretik
-tu gabe
-tzerako, -tu orduko
Ondokotasuna -en ondoan -tu eta
-en ostean -tu eta gero
-tuta
-tutakoan
-tu ondoan/ostean
-tu(a)z
-tuz gero
-turik
Iraupena adierazten dutenak
Iraupenaren hasierako muga -enetik -tuz gero
-enez gero
-enik…-ra
Iraupenaren azken muga -en arte -tu arte
-tu artean
-tu bitartean
-tzeraino
Iraupenaren azken muga ezezka ez…-en bitartean
Iraupenaren tarte osoa -eno -tu bitartean
-en bitartean -tu artean
-en artean -tuaz batera, -tu ahala, -tu arau
-en arteko
Denboraren erreferentzia perpaus nagusian
noiz eta (ere)/noiz ere…bait-
Gertakariak kronologian kokatzen dituzten perpausak
duela/orain dela+[zenbatzailea-denbora izena]
-enetik+[zenbatzailea-denbora izena] postposizioa

Denbora nozioaren inguruan beste bi atal ere jaso dira amaieran: denboraren erreferentzia perpaus nagusian duten esaldiak batetik; eta gertakariak kronologian kokatzen dituzten perpausak bestetik.

Euskaltzaindiak honetaz

Denbora nozioa dela eta, hauek dira Euskaltzaindiak emandako arauak:

42. araua (1995eko irailaren 29an).

  • Deitu bagenio, etorriko zen. (iragan-geroa)
  • Deitu bagenio, etorriko zatekeen. (iragan-burutua)

Lehen moldea sarriago erabiltzen da bigarrena baino, maila nahiz euskalki guztietan. Hala ere, Euskaltzaindiak biak ala biak eman ditu ontzat. Horrez gain, iragan geroa (etorriko zen) ezinezko ondorioetan, hots, baldintzako ondorioetan, eta baldintzarik gabeko beste zenbait perpausatan ere erabiltzen da:

  • Deitu bagenio, etorriko zen.
  • Oso gustura joango nintzen ni atzo zinemara.

Hala ere, gaitzestekoa da gerta litezkeen gertakari hipotetikoak adierazteko erabiltzea:

  • * Orain bertan deituko nion. (Orain bertan deituko nioke)

110. araua (2000ko maiatzaren 26an).

Iraupena nahiz maiztasuna adierazteko bideak jaso ditu Euskaltzaindiak arau honetan.

Iraupena adierazteko erak

Iraupena adierazteko, absolutiboaz eta instrumentalaz gain, inesiboa ere erabiltzen da euskaraz. Halakoetan, zenbatzailedun Izen Sintagmak mugagabean nahiz mugatuan deklinatzen dira, hala singularrean nola pluralean. Baita leku-denborazko kasuetan ere.

  • Bi urtetan aritu da irakasle. (mugagabea)
  • Irakasle aritu den bi urteetan asko ikasi du. (mugatua)
  • Bi urtean aritu da irakasle. (mugatua)

Hala ere, mugatu singularra erabiltzea hobesten du Euskaltzaindiak, zenbatzailedun sintagmak adierazten duen denbora etengabeko unitate bakarra denean, hau da, iraupena adierazten denean.

Maiztasuna adierazteko erak

Maiztasuna adierazteko moldeetan, literaturan ez dago zenbatzailedun sintagmen adibide asko, baina mugagabeko nahiz mugatu pluraleko formak erabiltzen dira.

  • Hamar minututik behin edaten du ura. (mugatua)
  • Bi urtetik bi urtera egiten dute lasterketa. (mugatua)
  • Bi egunetatik behin etortzen da herrira. (mugagabea)
  • Hamar urtetatik hamar urtera izaten dira jaiak. (mugagabea)
  • Bi urtez behin antolatzen dute kontzertua. (mugagabea)

Inesiboaren kasuan, forma mugatua erabiltzea gomendatzen du Euskaltzaindiak. Molde hau oso ohikoa da Gipuzkoan zein Bizkaian, baina aldaera ezberdinekin:

  • Bi egunean behin etorri ohi da baserritarra. (Gipuzkoan)
  • Bi egunerik behin etorri ohi da baserritarra. (Bizkaian)

Maiztasuna adierazteko, zilegi da izena + -ero gisakoak erabiltzea. Zenbatzailedun sintagmari -ero atzizkia erantsiz sortzen den moldeak, ordea, ez du tradiziorik.

  • Astero etortzen da amaren etxera bazkaltzera.
  • * Bost egunero etortzen zait bisitan.

Gaian sakonduz

Mendeko denbora perpausen gaineko informazioa, oro har, Euskaltzaindiaren EGLU-VI eta EGLU-VII liburukietan aurki daiteke.

Glosategia

  • Adberbio
  • Aditz
  • Aditz-izen
  • Adizki
  • Adizlagun
  • Aditzondo
  • Adjektibo
  • Argumentu
  • Aspektu
  • Atzizki
  • Izen
  • Izenlagun
  • Izenondo
  • Menderagailu
  • Menderatzaile
  • Morfema
  • Partizipio
  • Perpaus
  • Postposizio
  • Zenbatzaile

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Denbora perpausak (eta denborazko osagarri adberbial batzuk)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3