Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:0

Denbora nola adierazten dugun

Hizkuntza bakoitzak bere sistemak ditu denboraren iragana eta jarduera adierazteko. Euskarak ere baditu bereak, eta hainbat modu erabilñtzen ditu “denbora” adierazteko.

Denbora adierazteko modu desberdinak

  • Aditzak aldi gramatikalen bidez adierazten du gertakarien denbora, hau da, aldi morfemen (ekarri du / ekarri zuen) eta aspektu morfemen bidez (ekarri du / ekartzen du / ekarriko du). Bestalde, geroago ikusiko dugunez, aditzaren aspektu lexikoak ere badu denborarekin zerikusia.
  • Osagai adberbialek, aditzondo eta postposizio sintagmek, denbora esanahia dute eta zuzenean kokatzen dituzte gertakariak denboran: atzo, iazko neguan, lana amaitu zuenean, lana amaitutakoan… etorri zen Ainara etxera. Sintagma horiek denbora-erreferentzia ematen diote aditzak aipatzen duen gertakariari, ‘Ainara etortzeari’, alegia, eginkizun hori modu desberdinean betetzen badute ere. Denbora-esanahia duten adberbioek (atzo) edo izenek (negua) zuzenean seinalatzen dute erreferentzia hori.
  • Denborazko perpausak ere badira denbora adierazteko. Halakoetan, aditzondoek edo postposizio sintagmek perpaus bakunetan duten funtzioa betetzen dute denbora perpausek. Osagai adberbiala perpausa da halakoetan, eta hark aipatzen duen gertakariak ematen dio erreferentzia perpaus nagusiko gertakariari, lana amaitzeak, esaterako. Bi gertakari aipatzen dira horrelakoetan: osagai adberbiala den mendeko perpausean bat, eta perpaus nagusian bestea, eta bien arteko denbora-erlazioa ematen da aditzera. Mendekoari esaten diogu ‘denborazko perpaus’1.

Telefonoa

  • Anek esan du lanera etorriko dela. (aditza orainaldian/geroaldian)
  • Etzi joango gara aireportura. (aditzondoa)
  • Goizean joan ginen mendira. (postposizio sintagma)
  • Eskola itxi zutenean, etxera joan zen. (mendeko denbora perpausa)

Denbora perpausetan bi gertakari

Aditzondo eta postposizio sintagmetan ez bezala, ordea, denbora perpausetan, bi gertakari aipatzen dira: mendeko perpausekoa eta perpaus nagusikoa. Mendeko perpausak perpaus nagusiko ekintza noiz gertatzen den adierazten du, denboraren erreferentzia ematen du; perpaus nagusiak, berriz, ekintza nagusiaren berri ematen du.

  • eskola itxi zutenean (mendeko perpausa)
  • etxera joan zen (perpaus nagusia)

Atal honetan beraz, denbora perpausak aztertuko dira.

Esaldi nagusian adierazten den gertakaria eta mendeko esaldian adierazten dena denboraren ikuspegitik lotzea da denbora perpausen helburua. Aditz nagusiak esaten duena noiz gertatu den adierazten du denbora perpaus txertatuak.
  • Telefonoz deitu zidanean esnatu nintzen.

Denbora perpausen azalpen semantikoa

Denbora-perpausak aurkezteko ematen ari garen azalpena semantikoa da, irizpide hori baita perpausok multzo batean biltzera garamatzana, denbora-erlazioa adierazten dutenak izatea, alegia.

Denbora-erlazioa adierazi ahal izateko, perpausak denbora mugatua adierazi behar du. Hori horrela, egoera iraunkor eta etengabea adierazten duten predikatuek ez dute balio denbora-erreferentzia emateko; ezta hartzeko ere. Alemanian jaio eta bizi osoan alemana izan denari buruz, adibidez, alemana da esan dezakegu, baina perpaus hori ez da denborazkoa, ez du denbora-erreferentziarik ematen (*alemana denean ezagutu dugu), ezta hartu ere (*lanean hasi zenetik alemana da).

Predikatu batzuk eta denbora

Gainerako aspektuetako predikatuek badute gertakarien arteko denbora-erlazioa gauzatzeko gaitasuna:

  • Bi predikatuak unekoak: filma hasi zenean, denok isildu ginen
  • Predikatu bat bat unekoa eta bestea epe edo iraupenekoa: dendan sartu nintzenean, musika oso altu zegoen
  • Bi predikatuak iraupenekoak: gaixo egon nintzenean, oso ahul egon nintzen

Denbora: sailkapena

Predikatuen aspektu lexikoari dagokionez, ohiko sailkapena erabiliko dugu:

  • lorpena edo irispena, unekoa: etxean sartzea
  • gauzatzea: etxea garbitzea
  • jarduera: autoan ibiltzea
  • egoera: zerbaiten jakitun izatea –epea edo iraupena adierazten dutenak, hirurak–.
    • iraunkorrak: alemana izatea (hauek dira denbora perpausak osatzen ez dituztenak)
    • ez-iraunkorrak: gaixo egotea
1 Korrelaziozko perpausa izan daiteke alderantzizkoa, hau da, denboraren erreferentzia perpaus nagusian duena (Bidea zeharkatzera nindoan, noiz (eta) ere auto bat pasatu baita ziztu bizian (2a). Horregatik, perpaus mota hau aztertzen den atalean izan ezik, “mendekoa” esaten dugunean denbora-erreferentzia ematen duenaz ari gara beti.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Denbora nola adierazten dugun", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3