Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:1:1

Perpaus jokatuekin osatutako denborazkoak

Ikus dezagun perpaus hau:

Mendeko perpausa (Gaixtaginak madarikatzen duenean deabrua) denbora perpausa dela esaten dugu. Holako perpausetan bi gertakari jartzen dira parean, perpaus nagusian bat (Bere burua madarikatzen du), eta mendekoan bestea (Gaiztaginak deabrua madarikatzen du), eta azken horrek, ez perpaus nagusiak, ematen dio denbora erreferentzia perpaus osoari, horrek markatzen du denbora. Baina denbora markatzen badu, ezin da denbora hori etengabea izan, behar du hasiera eta amaiera bat. Adibidez, ezin dugu, norbait andrea dela eta, *Andrea denean hasi du euria esan, baina bai, ordea, Dendan sartu denean hasi du euria: andre izate hori etengabea da, baina dendan sartzea une jakin batekoa. Ohart gaitezen bi perpaus horien artean sortzen diren erlazioak ez direla denborara bakarrik mugatzen:

  • Hotz handia egiten duenean ibaia hormatzen da.

Denboraz bestelako erreferentziak

Perpaus horrek denbora erlazioa seinalatzen du, bistan da, eta ibaia noiz hormatzen den esaten digu. Baina holakoetan arrunta da hiztunak denboraz beste inferentzia batzuk ere sortzea:

  • Hotza egiten badu, ibaia hormatuko da. → (baldintza erlazioa)
  • Hotza egiten duelako hormatu da ibaia. → (kausa-ondorio erlazioa)
  • Hainbeste arrano bueltaka ari direnean ardiren bat hilik egongo da. → (ondoriozko erlazioa)
  • Euriak, asko egiten duenean ere, ez du segurtatzen baratzeko emaitza. → (kontzesio-erlazioa)

Beste batzuetan denbora perpaus hauek beste mota bateko inferentziak sortzen dituzte:

  • Azken arnasa botatzen dugunean amaitzen da bizitza. → (egia orokorraren inferentzia)
  • Erabaki hori hartu duenean, bazekien lehengusuari kalte egiten ziola. → (inplikazio pertsonalaren inferentzia)
  • Goxokiak jatean beti gaixotzen da. → (azalpena)

Osagarri adberbialak

Zernahi gisaz, horrek ez du esan nahi denborazko perpausek beti badutela balio bat baino gehiago, edo balioak parekoak direla beti: Mattin etortzen denean konponduko dugu kontu hau gauza bat da, eta Mattin etortzen bada konponduko dugu kontu hau beste bat aski desberdina hiztunak duen segurtasunari dagokionez.

Berez, osagarri adberbialak dira mendeko denbora perpaus horiek, eta –(e)nean edo –(e)larik markak hartzen dituzte osagarri adberbial horiek. Inesibo marka zuzenean eransten zaio aditzari, ardatzik gabe (erkatu hemen madarikatzen duenean eta madarikatzen duen unean, esaterako: bigarrenak erakutsian du “une” ardatza). Batzuen ustez ardatzik gabeko sintagma horietan elipsia ikusi dute gramatikari batzuek (orduan isilduko litzateke), baina hemen forma finkotzat hartuko ditugu. Beraz, esan daiteke jatorriz perpaus erlatibo baten gainean eraikitzen ditugula holako osagarriak (n+ean; n+tik; n+eko, -n arte…), baina gaur ez ditugu dagoeneko perpaus erlatiboekin lotzen. Batzuetan, gainera, konparazioez hitz egin beharko genuke: -n bezain laster. Hor perpaus jokatuez ari gara. Perpaus jokatuetan –(e)larik ere erabiltzen dugu:

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Perpaus jokatuekin osatutako denborazkoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3