Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:1:1:1

Adizki jokatuarekin osatutakoak

Adizki jokatuko erlatiboarekin eginiko perpaus batzuk denborazkoen multzoan sartzen ditugu, forma finkoa dutenak, eta beste batzuk, aldiz, ez, denbora adierazi arren:

  • Ezkondu ziren urtean hasi zen gerra
  • Etxetik atera naizenean, euria ari zuen

Denborazko eta erlatibozko perpausak

Lehenengo perpaus horretan erlatiboaren ardatza agerikoa da, urte izena, eta izen horrek denbora-esanahia duenez, balio hori ematen dio perpausari, baina ez da berez ‘denborazko’ perpausa, erlatibo arrunta da. Bigarren perpausean, berriz, ez dago ageriko izen ardatzik erlatiboan, haren lekuan denboraren nozioa hartzen duena: etxetik atera naizen [‘denbora’]n ( EGLU-V, 211)1.

Ageriko izen ardatzik ez duenez, zuzenean eransten zaio inesiboko atzizkia erlatiboaren -en morfemari, eta -enean forma osatzen da, denbora adierazteko espezializatu eta ‘finko’ bihurtu dena. Horregatik, sartu denean, egon ginenean eta antzekoak testuingururik gabe entzuten ditugunean, denborarekin lotzen ditugu; ez ditugu, sartu den etxean, egon ginen moduan gisa ulertzen. Horiek dira (sartu denean, etab.) denborazko perpausen multzoan sartzen ditugunak. Gauza bera gertatzen da, ablatiboko atzizkia hartu duen sartu denetik gisako erlatiboarekin, -enetik forma eratuta. Eta, berdin, -z gero postposizio konplexua duten perpausekin ere, -enez gero forma osatuta: sartu zenez gero = sartu zen [‘denbora’]z gero.

Gramatikari batzuen ustez, erlatibo horietan ordu izena ezabatu egin da, elipsia dago, hau da, -enean formaren azpian -en orduan dagoela ulertzen dute, bi egiturak sinonimoak direla2: Armiarma, Euskal literaturako testu klasikoen gordailua da

  • sartu denean = sartu den orduan

Hala ere, ordu hori generikoa da eta ez da beti perpausari zehazkien dagokiona:

  • Dantzariak ginenean, egunero joaten ginen entsegu gelara.

Perpaus horren oinarrian ez dirudi dantzari ginen orduan dagoenik. Ageriko izenik gabeko erlatibo hauetan egokiago dirudi irudikatzea “denbora” adierako izen generiko bat dagoela, “denbora” hori unea edo epea dela ulertuta:

  • etxera sartu denean = etxera sartu den [denbora-une]an
  • dantzariak ginenean = dantzariak ginen [denbora-epe]an3

Korrelaziozko perpausak eta erlatibozko generikoak

Korrelaziozko perpausa ere erlatibo generikoaren parekoa da, noiz adberbioak “denbora” nozioa adierazten baitu. (Ikus OEHn noiz ere sarrera: Introduciendo una oración subordinada de tiempo; con bait-). Cuando, en el momento en que.

  • Noiz ere galdera egitera baizijoan, hitzaldia amaitutzat eman zuen hizlariak.
  • Ezen noiz-ere ianen baituzue ogi haur eta kopa haur edanen, Iaunaren herioa denunziaturen duzue (Othoitza Ecclesiasticoen forma, Leiçarraga)
  • Idiak edo behiak noiz ere sendi baituzue hatsa labur diela, emozue beharrietan zilhaturik hellebore noir deitzen den belharra. (Laborarien abisua, Dasanza, M.)
  • Goizik jarria nintzen supazter xokoan,
  • nere gorphutz guzia gozoki beroan,
  • noiz ere entzun baitut tok tok tok leihoan…
  • papo gorriño bat zen bakarrik kanpoan!
    (Lan orhoitgarri zonbait, "Oxobi")

Denborazko perpausak eta postposizioak

Adizki jokatuko denbora-perpausen barnean, badira perpausaren buruan postposizioa dutenak ere. Postposizio askea duten denborazko perpausetan, -en menderagailua buru duen morfema gobernatzen du postposizioak:

  • Ez du etsi partida irakurtzen ikasi duen arte.
  • Irratia entzuten dugun bitartean etxeko lanak egingo ditugu.
  • Gelara iritsi zen orduko hasi zen oihuka irakaslea.
  • Biharamun goizean, jaiki nintzan orduko, aitak erraiten daut idorki: […]. (Buruchkak, Etchepare, J.)

Perpaus horietako -en arte, -en bitartean eta -en orduko forma finko bihurtu dira.

Denborazko perpausak eta konparazio maila

Konparaziozko maila-hitza daramaten -en bezain laster eta -en baino lehen formadun perpausak ere denbora perpausetan sartzen ditugu, formaz konparaziozkoak izan arren, “noiz?” galderari erantzunez denbora-erlazioa adierazten dutelako ( EGLU-V, 324, 400). Bi forma adberbial horiek postposizioen parekoak dira:

  • bezain laster = sartu den bezain laster = sartu den orduko 4

Denborazko perpaus jokatuetan bestalde, -ela(rik) formak hainbat esanahi ditu, eta testuinguru batzuetan denbora adieraz dezake, Iparraldean batez ere, hau da, -enean:

  • Nik aldiz maiz gogoan nerabilen Christophe adiskidearen arrebak - Maddalenek - dantzan ari ginelarik erran zidana: bizar firfira batekin xarma gehiago banuela! (Anaiaren azken hitza, Landart, D., 35)
  • Eta sartu nintzelarik Bergarako plazan, ikusi nuelarik jende pila hura, badakizu, arratseko hamarrak, jende pila izigarri hura… erran nion han okupatzen zen bati: “Eta zer duzue, hemen, zer da gero, hemen, badakizu… ze besta zen gero ta… ” - “Zuek, […] (Ez da musik, Oxandabaratz)
1 Izen ardatz zehatza dutenak dira izena isilean izan arren hura eskuratzeko modua dutenak: Zein egunetan joango gara mendira? Ondo datorkizunean; hau da, ondo datorkizun egunean.
2 De Rijk (2008, 518-521). Mitxelenaren lekukotasuna dakar bere iradokizunaren alde (in Villasante 1976, 102)
3 RAEko gramatikak “relativas libres” deitzen ditu cuando adberbioarekin eratzen diren perpausak, eta honela dio: “El adverbio relativo cuando… [] designa instantes o periodos” (Nueva gramatica 2009, 1606)
4 Partizipioaren ondoko postposizioetan sartzen ditu Lafittek baino lehen eta bezain laster (1962, 228)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adizki jokatuarekin osatutakoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3