Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:1:2

Perpaus jokatugabeekin osatutako denborazkoak

Baina holako osagarriak ez ditugu eraikitzen beti perpaus jokatuen gainean, perpaus jokatugabeekin ere eraikitzen ditugu. Beraz, esan behar da denbora perpaus hauek jokatuak nahiz jokatugabeak izan daitezkeela, eta jokatugabeak direnean aditzoina, aditz izena edo partizipioa erabiltzen ahal ditugula. Berez denborazkotzat harturik ere, batzuetan denboraz besteko erlazioak sortzen dira.

Partizipioarekin osatutakoak

Partizipioarekin eraikitako sortutakoan/sorturi(ka)koan erlatiboak ere denbora-balioa hartzen du ageriko izen ardatzik gabe osatuta dagoenean:

  • sartutako[denbora]an

Halakoetan zuzenean eransten zaio inesiboko atzizkia erlatiboari, eta -tutakoan/-turi(ka)koan forma eratzen da. Ikusitakoan edo jakindakoan bezalakoak berriagoak dira.

John Dos Passos

Partizipioa eta postposizio askeak

Postposizio askeak eta forma konplexuak, berriz, zuzenean lotzen zaizkio gobernatzen duten partizipioari: -tu arte/aurretik/ondoan/orduko…; -tuz gero.

Adizki jokatuko perpausen forma murriztua dira horietako batzuk, adizki laguntzailea, -en menderagailua eta batzuetan aspektu morfema ere isilean dituena:

  • etorri den arte, etorri zen arte, etortzen den arte, etor dadin arte → etorri arte
  • etorri den orduko, etortzen den orduko → etorri orduko
  • etorri denez gero → etorriz gero

Batzuetan partizipioa aditz laguntzailerik gabe uzten dugu:

  • Zuk alde egin bezain laster lasaitu egingo da. (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana)
  • Josteta hitza entzun orduko, nigandik apartatu zen brastakoan. (Argizariaren egunak, Lertxundi, A.)
  • Euskal Herriko Laborantza Ganberaren egoitzak erosi ondoan, orain konponketa lanak abiatuko dituzte. (“Prestakuntzarako egoitza estreinatu dute Baionan”, Eneko Bidegain, Euskal Herria saila, Berria)
  • Ez dut zu etorri arte afalduko, halere. (Ordaina zor nizun, Joxe Mari Urteaga)

Horietan guztietan laguntzailea sartzen ahal da: egiten duzun bezain laster, entzun nuen orduko, eta abar. Partizipioari –ta edo –rik erantsirik, esanahia zabaldurik geratzen da:

Hori “ikusi ondoren, ikusiko bazenu, ikusi baituzu, ikusteagatik…” bezala uler dezakegu, nolakoa den testuingurua.

Hala ere, denak ez dira adizki jokatuko perpausen forma murriztuak: etorri eta gero eta etxeratu gabe adibidez:

  • etorri eta gero = *etorri den eta gero
  • etxeratu gabe = *etxeratu den gabe

Konparaziozko maila-hitza daramaten -tu bezain laster eta -tu baino lehen ere perpaus jokatuen forma murriztuak dira:

  • sartu den bezain laster → sartu bezain laster ( EGLU-V, 306)

Lehenxeago azaldu dugunez, forma jokatuak bezala, gertakarien arteko denbora-erlazioa adierazteko erabiltzen dira horiek ere, egituraz konparaziozkoak diren arren1.

Partizipioa + -ik / -ta

Partizipioari -ta edo -( r)ik atzizkiak erantsiz ere askotariko esanahia duten perpausak eratzen dira, denborazkoak ere bai:

  • Ikuskatze lanak amaiturik, Zaitak meskita beste aldetik inguratu, eta ogia, gozokiak eta tabakorria erosirik, Midak kalezulora itzuli zen. (Mirarien kalezuloa, Nagib Mahfuz / Patxi Zubizarreta)
  • Etxean sarturik, haurra ikusi zuten Maria bere amarekin eta, ahozpezturik, gurtu; ondoren, beren kutxatilak zabalduz, eskuerakutsiak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)

Grand Placen aurkituko gara

Aditzoinarekin osatutakoak

Partizipioaren ordez aditzoina erabiltzen dute perpaus horietan zenbait euskalkik:

  • Hiru itzuli horiek bukatu artio, ez du nehork eskubiderik sartzeko horien buluztera. (Luzaiden gaindi, Angel Aintziburu / Jean Baptiste Etxarren)
  • Behin atera, eta sartu ondoren berriz ere atera artio pasatzen den denbora horretan lurrak bere buruari buelta oso bat eman dio. (XX. mendearen argi-itzalak, Salaburu, P.)
  • Aldiz zuri, Gaxuxa, ez adiorik eta ikus artio! (“Arrastatze”, Herria)

Adlatiboa ere erabiltzen da, lorpena adierazten duten perpaus jokatu nahiz jokatugabeetan:

  • Ur ttanttek zeharkatzen zuten haren aurpegia afalorduan etxera ginenean. ( Izuztarri, Luis Daniel Izpizua)
  • Gauean, biok etxera ginenean, gezurra zirudien hogeita lau ordu baizen ez zirela iragan bezperan Gernikatik etorri nintzela. ( Grand Placen aurkituko gara, Onaindia, M.)
  • Elizkizunetik irten eta etxera bezain laster, malenkonia sakon bat jabetu zen Faediseneko neskez. (Gauza baten ametsa, Pier Paolo Pasolini / Josu Zabaleta)

Bestalde, adlatibo konplexuagoak ere badira, mendeko perpausean aditzaren lekua hartzen dutenak:

  • Ba bainan etxera orduko bihotza ttipitu zitzaion (Janpierre Arbelbide, Xipri Arbelbide, X.)
  • Etxera orduko, zerua ilun zegoen (Putzu, "Txillardegi") 2.

Aditz-izenarekin osatutakoak

Aditz-izenarekin osatutako izenlagunek ere inesiboko atzizkia har dezakete: sartzerakoan, sartzekoan… Ageriko izenik ez duenean denbora-balioa hartzen dute: -tzerakoan/-tzekoan.

  • sartze(ra)ko[denbora]an
  • Eskaileran gora egin nuen; eta neure gelara berriro sartzerakoan, osaba Feliperi neure barrua hustutzera deliberatu nintzen (Putzu, "Txillardegi", 17)
  • Etxera sartzekoan entzun ditut orduk ( Antzerti aldizkaria)
  • Berriz kimari ekin zioten; orria euri antzo uldu zen, eta zakura sartzekoan, esku zuri ta beltxa, berariz edo ustekabean bata besterengana zoazin eta lana atsegin zitzaien. (Mireio, "Orixe")

Bestalde, -tzean eta -tzerako formek zuzenean hartzen dute postposizio-atzizkia:

  • Instintiboki bilatzen du: tabernetara sartzean bazter guztiak arakatzen ditu, sarrerara so gelditzen da ea sartzen den; Erriberatik pasatzean behin baino gehiagotan harrapatu du bere burua inguruka 11. atariaren aurretik. (Ugerra eta kedarra, Sonia Gonzalez)
  • Iturria ireki, erantzi (edo alderantziz), eta, hanka sartzerako, txikia marruka. (Ai, ama, Arantxa Iturbe, 44)
  • Motina hasterako, giltzak kendu genizkien kartzeleroei (Errotarria, Jokin Urain,125)
  • Sartzean ez naiz ohartu neoizko letrero bat dagoela ate gainean, arku gaina eginez. (Sarrionandia)
  • Kostata, baina zuk entenditu zenuen, Meotz honetara etortzerakoan. (Baina bihotzak dio, Montoia, X.)
  • Eta ikhustean laztu zen Zakarias, eta ikhara jauzi zitzaion. (Biblia Saindua III, Duvoisin)

Bizkaierazko -tu(k)eran

Bizkaierazko -tu(k)eran formak ere egitura hori du, [aditz-izena + inesiboko atzizkia], alegia:

  • ni hara heldueran = ni hara heltzean
  • atetik sartukeran ikusten dira lau mahai kedarra baino baltzagoak (Hau mundu arrano hau, "Batxi")
  • Postakutxara sartukeran bihotza bere onera bueltatu zitzaion ( Txistu y tamboliñ aldizkaria)
  • Herria inguratzen dogu arbola artean doan bidezidor batetik eta kanposantura heldukeran galtzada hartuko dogu Olabe auzoraino, handik gero Zaldibarko erdi aldera joateko. ( Oiz egin webgunea)
  • Etxe aretan sartukeran baserriko ikastola politta gomutan yakoe. (Azalpenak, "Lauaxeta")
1 Adizki laguntzailea, -en menderagailua eta aspektu marka hainbat egituratan isiltzen da, eta partizipioa besterik ez da geratzen agerian:
konparaziozkoetan (eskatu adina salduko duzue),
kontzesiozkoetan (oihukatu arren ez dizu entzun),
erlatiboetan (nik egin lana),
juntaduran ere adizki laguntzailea eta aspektu morfema isil daitezke (gaur erosi eta biharko jango ditugu perretxikoak)
2 Adlatibo honen inguruan ere bada eztabaidarik: isilean iritsi gisako aditzen bat duen (etxera [iritsi] orduko), edo -tu morfema (etxera[tu] orduko); hiztegiko partizipioa den, edo kokaguneak eragindako partizipio sintaktikoa… Lorpena adierazten duten predikatu batzuetan partizipioaren lekua hartzen duela besterik ez dugu esango hemen

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Perpaus jokatugabeekin osatutako denborazkoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3