Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:1:3

Forma, testuingurua eta ordena

Ikusten den bezala, forma askoren azken buruan postposizioa dago. Horrenbestez, postposizio sintagmak dira horiekin eratutako denborazko perpausak. Postposiziak gobernatzen duena perpausa izatea hori dute berezi. Postposizio batzuek perpausak ez ezik, denbora-esanahia duten adberbioak eta izen sintagmak ere goberna ditzakete: bihar arte, orain baino lehen, gaua bitartean, arratsa orduko, uda aurretik, udaren ondoan, uda beroaren ondoan

Gertakaria adierazten duena ere izan daiteke izena, baina aldea dago haien eta perpausen artean:

  • zure etorrera zoriontsuaren ondoan
  • zu etorri ondoan

Bi sintagma horiek gertakaria adierazten dute denbora-ereferentzia gisa, baina egitura ezberdina dute: etorrera-k izen-joskera du (genitiboa, eta adjektiboak eraman ditzake: zure, zoriontsu); etorri partizipioak, berriz, aditz-joskera du (zu subjektua) ( EGLU-VII, 434). Gobernupean adberbioa edo izen sintagma dutenak ‘ohiko postposizio sintagma’ deituko ditugu; perpausa dutenak, berriz, ‘denborazko perpaus’.

Hori horrela, denborazko perpausak bideratzen dituzten forma gehienek bi osagai dituzte:

  • perpausa mendeko egiten duena bat, ‘menderagailua’ (-en edo adizki jokatugabea)
  • denbora-esanahia bideratzen duen postposizioa bestea (atzizkia, askea edo konplexua)

Hona hemen osagai biak bilduta: -enean, -enetik, -eno, -en arte, -en bitartean, -en orduko, -enez gero; -tu arte, -tu bezain laster, -tuz gero; -turik, -tuta; -tzean…

Testuinguruaz

Forma horiek denbora-balioarekin duten lotura finkoa da baina ez erabatekoa, esan nahi baita, testuinguruak besterik seinalatzen ez duenean nagusitzen dela denbora-balioa. Hori egindakoan edo hori egin duenean denbora-balioarekin lotzen ditugu, testuinguru gabe entzuten ditugunean. Baina perpaus adberbialetako atzizkiekin bezala, testuinguruak bestelako nozioak bidera ditzake, denborazkoarekin batera edo haren ordez.

Esaterako, beste hizkuntza askotan bezala, euskaraz ere ohikoa da denboraren adierazpen orokorretik baldintzaren adierazpenera egitea:

  • A gertatzen denean, B gertatzen da
    • Euria denean, lurra bustitzen da.
  • A gertatzen bada, B gertatzen da
    • Euria bada, lurra bustitzen da.

Esanahiari dagokionez sinonimotzat har daitezke bi adibide horiek. Gertakari biren aldiberekotasuna errepikatua denean ere kausa-ondorio erlazioa sortzen da, eta baldintzaren sinonimo bilakatzen:

  • Amarekin bazkaltzen dudanean, bete-bete eginda joaten naiz lanera.
  • Amarekin bazkaltzen badut, bete-bete eginda joaten naiz lanera.

Parekotasun bera ikusten da perpaus koordinatu honetan ere:

  • Aitak hitz egiten duenean ez diote jaramonik egiten, baina amak hitz egiten badu zintzo-zintzo betetzen dute esandakoa.

Horrelakoetan, denbora adierazteaz gain, baldintza ere iradokitzen du denborazko perpausak (( EGLU-VI, 16; EGLU-VII, 199).

Denborarenaz gain, beste adiera batzuk har ditzakete atzizkiek:

  • -enean:
    • Epaileak txilibitua jotzean amaitzen da partida. (Denboraz gaineko egia orokorra)
    • Hori esan zuenean egia esan zuen. (Inplikazioa)
  • -tzean:
    • Jendea txaloka entzutean, leihora atera ziren bizilagunak. (azalpena)
    • Ahalik eta karta gehien lortzean datza jolas hori. (zertan? galderaren erantzuna; -tzean perpausa datza aditzaren osagarria da EGLU-VII, 531)
  • -enez gero:
    • Nire hitza zalantzan jarri duzunez gero, hobe da beste norbaiti galdetzea zer gertatu den. (kausa)
  • -tuz gero:
    • Gogoa edukiz gero, filma ikustera joango naiz.

Adibide horietan ikusten denez, testuinguruak eragin ezberdina dauka perpausen adieran:

  • Gogoa edukiz gero, filma ikustera joango naiz → aditz nagusiaren moduak argitzen du mendekoak baldintza adierazten duela, ez denbora.
  • Elgoibarren bizi zarenez gero, Elgoibarko erabakietan esku hartzeko eskubidea daukazu → mendeko predikatuaren aspektu lexikoak argitzen du perpaus horrek azalpena adierazten duela, bizi zara predikatuak egoera iraunkorra adierazten duenez, ezin baitu denbora perpausik eratu.

Osagaien ordena

Denbora perpausetako osagaien ordena ohikoan, menderagailua daraman adizkia mendeko perpausaren azkenean kokatzen da. Hala ere, zenbait osagai mendeko perpausaren eskuinean ere ager daitezke. Askotan gainera, denbora nozioa ematen duen perpausak beste perpaus bat izaten du mendean, perpaus osagarria askotan, eta horrek erraztu egiten du osagaiak eskuinean jartzea.

  • Nerea kalean ikusi zutenean, harritu egin ziren.
  • Txoria kantuan hasi denean kaiolan, haur txikia esnatu egin da.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Forma, testuingurua eta ordena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3