Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:1

Aldi desberdintasuna adierazten duten perpausak

Mendeko perpausak markatzen du denbora erreferentzia:

  • Euritakoa ireki behar da, euri zaparradak harrapatu baino lehen. Euritakoak

Kasu horretan perpaus nagusiko gertakaria (euritakoa irekitzea) mendeko perpauseko gertakaria bainbo lehenago gertatzen da. Horri deitzen diogu aurrekotasuna. Baina ondoren ere gerta daiteke:

  • Arropa aldatu behar izan dugu, euri zaparradan busti ondoren.

Mendeko perpausak markatzen du unea

Mendeko perpausak seinalatzen duen uneak markatzen du, hortaz, erreferentzia: ikusi baino lehen, ikusi aurretik, ikusi aitzinetik… edo ikusi ondoren, ikusi ondoan, ikusi ostean, ikusi eta gero… denek uneko gertakaria adierazten dute, ez dute ezezkorik onartzen: *ez ikusi ondoren.

Aldi desberdintasuna adierazten duten denbora perpausetan, mendeko perpausaren ekintza eta perpaus nagusiaren ekintza ez dira une berean gertatzen: aditz nagusiko gertakaria mendeko aditzean ematen denaren aurretik edo ondoren gerta daiteke. Ondorioz, bi aldi bereiziko dira: aurrekotasuna eta ondokotasuna.

Perpaus nagusia eta aspektua

Perpaus nagusia aspektu guztietakoa izan daiteke: Afaldu aurretik joango gara / joan dira / joaten gara partida ikustera. Adibideetan ikusten denez, partizipioa oso arrunta da holako esaldietan, eta partizipioarekin doan postposizioak (aurretik, ondotik) markatzen du, denborari dagokionez, aurrekotasuna edo ondokotasuna. Postposizio eta adberbio horiek ez dute denek portaera bera (sartu eta gero, *sartu eta ondoren; sartu baino lehen, *sartu baino aurretik, eta abar). Batzuetan zehaztasun handiagoa adieraz daiteke: ikusi baino lehen, ikusi baino lehenago, ikusi baino bi egun lehenago, ikusi eta hiru egun geroago, eta abar.

Aurrekotasuna eta ondokotasuna adierazteko, partizipiodun perpausak erabiltzen dira gehienetan (joan baino lehen, etorri aurretik), baina adizki jokatuekin ere sor daitezke (etorri den baino lehen).

Formari dagokionez, konparazio perpausak dira, baina denbora nozioa emateko gramatikalizatu direnez, atal honetan aztertuko dira.

Horrenbestez, aldi desberdintasuna adierazten duten perpausak bi ataletan aztertuko ditugu:

Aldi desberdintasuna
- Aurrekotasuna
- Ondokotasuna

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aldi desberdintasuna adierazten duten perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3