Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:1:1:1:1

-en baino lehen

-en baino lehen menderatzailea gerora begirako gertakariak, hau da, gauzatu gabeko ekintzak adierazteko erabiltzen da gehienetan, eta ondorioz, subjuntiboko adizkiekin joaten da sarri. Hala ere, geroaldiko adizkiekin eta bestelako denbora eta aspektuetan ere erabiltzen da, baina gutxiago. Formari dagokionez, aditzondoan lehenago aldaera ere ager daiteke.

  • Zoaz laguntzera, haizeak eraman dezan baino lehenago. (subjuntiboa)
  • Eguraldi adituek elurra egingo duela iragarri dute, egingo duen baino lehenago. (geroaldia)

Menderatzaile honekin osaturiko mendeko perpausek denbora balioa izaten dute gehienetan, baina zenbaitetan, konparazioa txertatuz, denboraren erreferentzia perpaus nagusiak ematen du, ez mendekoak, gainerakoetan bezala.

  • Josuk edozer egingo du, laguna bakarrik uzten duen baino lehen.
  • Adibide klasikoak:
    • Goan zirenean zortzi egun haurraren ingurephaiteko, eman zioten izena Jesus, zeina baitzen Aingeruak eman zioena, amaren sabelean sorth zadien baino lehen. (Biblia, Duvoisin)
    • 9 Eta horra zertako, bai lehen, bai eta orai, egiazko Erlijionea eskastu zaiotelakotz, Erlijionerik batere gabe egonen diren baino lehen, populu paganoek munstrokeria izigarrienak sinhetsiko eta asmatuko dituzten. (Credo edo Sinhesten dut esplikatua, Lapeire)
    • Goiz guziez erreberri, Jainko maitea zerbitzatzeko, eta bekhaturik, bederen-bederen mortalik, eginen den baino lehen bere bizia emateko xede zina. (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)
  • Gaurko adibideak:
    • Ingura ditzagun buruak arrosa-koroaz, zimel daitezen baino lehen. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
    • Begiraleok, eguraldia erreparatzen ibili behar dugunok, ofizioak afizioa ere pizten digula aitortu beharra daukagu, eta etxeko atarira irten orduko, oinak pausoa non kokatuko duten baino lehen, ortzi aldera, zeruaren peskizan bota ohi ditugu zentzuak ia denak: bi begiak, entzumena, usaimena eta barruko sen onak ere, denak gora. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
    • Ziegako bost lagunak zin eginak geunden gauean geureetako baten bila etorritakoan bostak jazartuko gintzaizkiola ofizialari, baten bat behintzat garbituko genuela geu hil gintzaten baino lehen. (Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Izagirre, K.)

Ikasleak

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-en baino lehen", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3