Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:1:2

Ondokotasuna

Perpaus nagusiko gertakaria mendeko perpausekoak aipatzen duenaren ondoren gertatzen dela adierazten dute sail honetako perpausek.

-tu ondoan

Partizipioa erabiltzen dugu gehienetan hau adierazteko: -tu ondoan, -tu ondoren, -tu ostean, -tutakoan, -tu eta gero, -tuta, -turik, -tuz gero… dira maizen ageri direnak sail honetan. Segida estua adierazten dute, bestetik, ondokotasuna baino gehiago –tu bezain laster, -tu eta segidan, -tu eta berehala bezalakoek. Askotan, holako perpausek behin adberbioa daramate hasieran:

  • Gorroto ditut munduko parke guztiak, behin han sartu eta gero, erlojuak ez baitu aurrera egiten. (Ai, ama, Iturbe, A.)
  • Behin geldialdi bat eginik, utziko ahal didazu bertze baten egiterat, jaun André! (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)

Iparraldean erabili da tradizioan –tu ondoan, eta Hegoaldean, berriz, -tu ondoren (eta –tu ondorean, forma zaharra). Hona hemen adibide batzuk:

  • Hori ikhusi ondoan, Goliba haren ahizpa, hura baino gehiago erhotu da oraino bere lohikerian; eta bere ahizpak baino lizunkeria handiagoak. (Biblia Saindua II, Duvoisin)
  • Au ikusi ondoren, bigarren mandoak esan omen zituen itz onelakoak: “Deaurru-etxeraño bijoa jantzia, laburtu bear badu onela bizia; naiago det eraman askoz garagarra, ezen ez urre-zama edo naiz zillarra”. (Ipuinak, Iturriaga, A. P.)
  • Egiña dago? erantzun zion Patxik?; eta atsegin aundi bat izango nuke, gure Ama azkeneko aldiz ikusi ondorean, zure aitak bezela, aritz arren azpian nere azken arnasa berari ematen, nere famili guztiaz ingurutua. (Idazlan-sorta, Arzak, A.)

Beste aldaera bat da ondotik, hemen ikusten den gisan:

  • […]Eta, elkar agurtu ondotik, etorri bezala, irribarrez joan zen bisitaria. (Patata soro bat, Josetxo Azkona)

Horietan, salbu azkenekoan, eta ere jar daiteke: eta ondoan, eta ondoren, *eta ondotik.

Perpausa jokatua ere izan daiteke, ez partizipio hutsa, baina ez du inondik ere besteek bezalako maiztasunik. Zubereraz aditzoinarekin ere ageri da:

-tu orduko, -tu ostean, -tu eta gero

Badira –ko atzizki adberbiala hartzen duten esapideak ere, balio destinatiboa dutela:

Bestetik, -tu ostean bizkaieraz arabiltzen da:

  • Arrotuten zan au entzun ostean, ezkondua zan arren, bere adi emakumeak egozala jakiteak atsegin egiten eutsolako. (Azalpenak, "Lauaxeta")

Mendebalean ere -tu eta gero arrunta da (-tu eta geroago eta –tu eta geroxeago ere baditugu, baina askoz ere bakanagoak):

Holakoetan, perpausen tokia truka daiteke: Horiek ere joan dira, zuri entzun eta gero. Holakoetan partizipioa behar da aurretik: gaur egun batzuek erabiltzen duten izen sintagma+eta gero itzulia, denbora zentzuarekin, berriago eta eztabaidagarriagoa da. Hola, Oporrak eta gero gaixotu zen bezalako egiturak aski berriak dira. Arruntak, hori bai, Lehenik galtzerdiak eta gero oinetakoak jantzi zituen eta horren gisakoak, baina hor, aurrekoan ez bezala, ez dago inolako perpaus mendekorik, baizik juntadura arrunt bat.

Nafarroan eta Iparraldean gero adberbioa ken daiteke: Haurra ikusi eta, pozik gelditu ziren. Hor eta gero ulertu behar da, eta hori ez baita juntagailua (haurra ikusi, eta pozik…). Denboraren ondokotasuna ez ezik, baditu egitura horrek bestelako balio batzuk ere: berehalakotasuna, baldintza, modua, azalpena eta abar. Hegoaldean, berriz, bada egitura bat horretara hurbiltzen dena:

  • Edonola ere, postrea amaituta, agur esan zien, arratsaldea aprobetxatu nahi baitzuen azken laginak hartzeko. (Traizioak, Zaldua I.)

Hor, amaituta horren tokian amaitu eta gero, edo amaituta, besterik gabe, erraz jar daitezke. Horren aldaera da –turik, batez ere Iparraldean erabilia:

  • Adaren eroapena ikusirik, izterretik bizkarrera eraman nuen eskua, eta niregana erakarri nuen, neskalagunak bere burua nire sorbalda gainean atseden zezan. (Argizariaren egunak, Lertxundi, A.)

Beste balio batzuk

Denbora ez ezik, beste balio batzuk ere hartzen ahal ditu egitura horrek:

  • Kapitaina, etxeko uzta lur sailena bezain ugaria zela ikusirik, pozik zegoen; kapitainak, pozaren ondorioz, ahaztuak zituen erabat soldadu garaiak, orduko balentriak. (Itzarri nahi ez zuen printzesa, Juaristi, F.)

Kausa izan daiteke hor.

Erdialdean erabiltzen da –tutakoan forma (bizkaieraz ikusirikoan ere):

Ondokotasuna adierazten dute holako egiturek (sartzen ikusi ondoan), eta perpaus nagusiaren aditzak edozein aspektu har dezake. Denboraz beste balio batzuk ere izan ditzakete holako perpausek: Hain gaizki ikusitakoan medikua deitu zuen. Kausala izan daiteke hor.

Anbiguotasuna

Sail honetan sartu behar da –tuz gero ere. Denbora eta baldintza adierazten ditu. Ondoko bi adibideetan, lehenak denboraren balioa du, eta baldintzarena bigarrenak:

  • Arreba lotan zegoen oraindik, ahuspez bere ohe txikian, hura ikusiz gero negarrez hasiko zena. (Kolosala izango da, Sarrionandia, J.)
  • Mutilek harrika egingo lidakete zu bezalako gazte batekin ikusiz gero. (On Camillo, Giovanni Guarescshi / Koldo Biguri)

Zernahi gisaz, perpaus hauek oso anbiguoak izaten dira, esanahiaren ñabardurei dagokienez, batez ere perpaus nagusiko aditza geroaldian denean. Denborari dagokionez ondokotasuna adierazten du perpaus nagusiko gertakaria unekoa bada, edo noiztik markatzen duen gertakaria iraupenekoa bada:

  • Zer irabaziko nuke nik damarekin ezkonduz gero? (Patata soro bat, Josetxo Azkona)
  • Gainera, beldur izaten zen umea gaixotuz gero petrikiloengana eramanen ote zuten. (Gure etxeko kontuak, Natalia Ginzburg / Fernando Rey)

Natalia Ginzburg Adberbioak hiru aldaera ditu: gero, geroz eta geroztik:

ikusi zuenetik

Ondokotasuna adierazteko –tik ablatibo marka ere erabiltzen da:

  • Laster izango dira bost urte Urdazubi utzi zuenetik. (Konpainia noblean, Lertxundi, A.)

Ikusten den gisan, marka hori adizki jokatuekin erabiltzen dugu batez ere, baina aditz-izena ere erabiltzen dugu:

Askotan –ra (arte) edo –en buruan egiturekin konbinatzen da:

  • Eskolan hasi zenetik aita hil den egunera arte. (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)
  • FLNCn sartu nintzen hasi zenetik urte eta erdiren buruan. («FLNCren sorrera jatorri ezberdineko jendeen hautsi-mautsi baten ondorioa izan zen», Harian saila, Berria

Balio prospektiboa

Balio prospektiboa edo destinatiboa dute –ene(ra)ko formek:

  • Zortziotakoren bat zerbait kontatzen hasten denerako gainerako zazpiek aise jakingo lukete historia hura nola amaitu. (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta)
  • Lurra iratzartzen hasten deneko, zuhaitzak esnatu baino lehen, laborariak inausketa lanak hasten ditu, beroak dena nahastu dezan baino lehen. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)

Aldiberekotasuna ez, gertakariak geroko gertakari bati behatzen dio, eta hura du xede. Batzuetan –(e)neko hori –(e)nean formaz ere ordezka daiteke, nahiz esanahia ez den guztiz bera:

  • Erditsutara direneko, horra non ur olde bortitzak errotik eramaiten duen zubia! (Janpierre Arbelbide, Arbelbide, X.)

Hor Erditsutara direnean ere zuzen legoke. Zailagoa, aldiz, ordezkatze hori balio prospektiboa duenean egitea:

  • Dena den, Luzaideko eskolan egiten den lan onak uzta ederrak ekarriko ditu, ez baita guti izanen oraingo haurrak haundituko direneko. (Luzaiden gaindi, Aintziburu, A. / Etxarren, J. B.)

Hor ez du tokirik haundituko direnean batek.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ondokotasuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3