Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:1:2:2:3

-tuta

-tu partizipioari -ta aditzondo-atzizkia erantsiz sortzen da -tuta menderagailua eta denbora perpausetan ondokotasuna adierazteko erabiltzen da. Ekialdean -turik forma ere agertzen da adiera honetarako. Adibideetan ikusiko denez, zenbaitetan behin aditzondoa eransten zaio denboraren erreferentzia azpimarratzeko. Hala ere, denbora balioaz gain, bestelako balioak ere izan ditzake: baldintza, kontzesioa, modua eta kausa, kasu.Mendia

  • Lasterketa amaituta, erabat lasaitu zen Jon.
  • Behin lanak amaituta, haurrek telebista piztu zuten.
  • Zu irakasle bihurtuta, nork lagunduko digu baserriko lanetan? (baldintza)
  • Azterketak gaindituta, Miren ez zen pozik, uste baino nota apalagoa jarri ziotelako. (gainditu arren, kontzesioa)
  • Ipuina ozen irakurrita lokartu ditu haurrak. (modua)
  • Mendira joanda nekatuta zeuden. (kausa)

Adibidetegia

  • Adibide klasikoak:
    • Etxeburuko langa gaindituta, belarditik Balendin begiztatu zuanean, pozaldi azkar batek ziztatu zion Liberi biozpea ta arenganaxe zuzendu zituan urratsak. (Uztaro, Agirre, T.)
    • Guzia amaituta jenteak aldegin ebanean, urten gendun guk bere Eleizatik. (Tormes-ko itsu-mutila, "Orixe")
  • Gaurko adibideak:
    • Herriko mertzeriarekikoak amaituta, ezin tentaldiari eutsi, eta, azkenean, etxeari begiratu bat emango diola erabaki du Juanek -giro eguzkitsuak lagunduta, ezbairik gabe-. (Traizioak, Zaldua I.)
    • Hangoak amaituta, kutxarekin atera ziren berriz kanposantu txikira bidean. (Riomundo, Maia, J.)
    • Otoitza amaituta, gizonari esan zion: “Zoaz arin harkaitz hartara eta ur bizia aurkituko duzu, Kristok, bere errukiaz, oraintxe bertan zuk edateko harritik atera duen ura”. (Asisko Frantzizko, Asisko Klara, Askoren artean)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tuta", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3