Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:1:2:2:5

-tu ondoan/ostean

Ondokotasuna adierazten duten mendeko denbora perpausetan, -tu ondoan menderatzailea agertzen denean, adizki nagusia partizipioa nahiz aditzoina izan daiteke. Bestalde, aditzondoan ondoren, ondorean eta ondorenean aldaerak ere erabil daitezke. Askotan -tu eta aurretik duela ere ageri ohi da eta -ko atzizkia erantsiz gero izenlagun bihur daiteke. Horrez gain, -ko(tzat) atzizki destinatiboa daramanean, noizko adiera hartzen du. Aldaerei erreparatuta, -tu ondoren gipuzkeran erabiltzen da batez ere.

  • Mikel iritsi ondoan, ama hizketan hasi zen etengabe.
  • Neskalaguna ikus ondorenean, aita biziki poztu zen.
  • Entrenatu ondoren joango gara tabernetara.
  • Jan eta ondoan joan ziren zinemara.
  • Eskolak amaitu ondoko jairako prestatu ziren haurrak.
  • Lehendakari izendatu ondorengo lehen minutuak gogorrak dira oso.
  • Utzi ezazu gozokia, askaria jan ondoko.
  • Kafea hartu ondorenerako ekarri ditut pastelak.

  Kafea

Horietan guztietan -tu ondoan menderatzaileak denbora adierazten du, baina beste egoera batzuetan kausa ere azal dezake forma honek.

  • Ikusi dudana ikusi ondoren, ez naiz zutaz fio.

-tu ostean menderatzailearekin ere denboraren ondokotasuna adierazten da, elkarren segidan gertatzen diren bi ekintza lotuz, eta sarritan -kotzat destinatiboarekin ageri ohi da.

  • Berria irakurri ostean, lasai gelditu zen laguna.
  • Kafea hartuta ostekotzat, dantzara joango gara.

Adibidetegia

  • Adibide klasikoak:
    • Gerlatik ihes egin ondoan, bihurturik, balentia handiak egiten dituen soldadaud. (Guero, Axular)
    • Trilla bukatu ondoan, bilzen da pilla batean. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
    • Ongi etorri guzizkua egin ondoren, eman zien jaten. (Asis-co loria, Beovide)
    • Ateak itxi ondoren, igan zen bere bizitokira. (Dirua galgarri, Izeta)
    • Erio beltza eldu zitzaion
      bazkaldu ondorenean. (Kantari nator, Baroja, S.)
    • Betor kopea bete beterik, kafetara botateko bat, beste bat gero neuk edateko kafea artuta ostekotzat. (Parnasorako bidea, Azcue, E.)
    • Kapea artu ondorenerako ekarriazi ostalariyari ardo-aundiya ta pastelak. (Damu: Damuba…garaiz, edo Bertuteric gabeco aberastasuna iñoiz ez da eguizco zoriontasuna, Mocoroa)
  • Gaurko adibideak:
    • Beti hobendun, emaztea: Hamasbosgarren mendean, Hermann Künig von Vach fraile alemanak, Caminoa egin ondoan, ez ote zuen erran Navarreteko Santiago aterpeko ostalertsa kokina zela erromesekin? (Santiago oinez, Aintziart, P.)
    • Uraren zeharkatzeko sobera barna ez zen gune baten bila hasi zen eta pasabide bat aurkitu ondoan, goroldioz eta huntz-ostoz estali eraikuntzaren aitzinean hain zuzen, zirt-zart uretan sartu zen, zapatak soinean. (Hautsi da katea, Elena Touyarou / Martinez de Lezea, T.)
    • Afaria amaitu ondoren, beste zerbeza lata bat hartu eta saloitxoko sofan eseri zen. (Euliak ez dira argazkietan azaltzen, Iturralde, J. M.)
    • Enbarkazioetara bisita amaitu ondoren ezagutuko duzu Harald Uppdal deitzen den medikua. (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)
    • Garbi dago Alderdi Jeltzalearen barruan ez zetozela denak Aranaren ikuspegiarekin bat eta, hura hil ondorenean, mahai gainera ekarri zuten batasunaren auzia. (Euskara batua, Zuazo, K.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tu ondoan/ostean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3