Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:1:2:2:7

-tuz gero

Euskaran oso ohikoa da gero postposizioak osagarri instrumentala izatea: aditzondoaren/izenaren gainean (atzoz/igandeaz gero), perpaus jokatuaren gainean (joan naizenez gero) eta -tuaz formaren gainean (salduz gero). Azken hori aztertuko da hain zuzen ere atal honetan. Halakoetan izan ere, perpaus nagusiko ekintza mendeko perpauseko aditzak adierazten duenaren ostean gertatzen dela ematen da aditzera. -tuz gero menderatzailea erabiltzean, hegoaldean -z atzizkia partizipiotik askatu, gero aditzondoari aurretik erantsi eta ezkero forma sortu da. Horrez gain, behin aditzondoa ere eraman dezake, aurretik nahiz atzetik, indargarri gisa. Eta azkenik, beheko adibideetan ikusiko denez, forma honek hainbat aldaera ditu: ezketiño, ezkeroan, ezkerokoan eta ezkeroztandik. Horrez gain, -ko atzizkia hartuta gero aditzondoa izenlagun bihur daiteke.

Hautestontzia

  • Hauteskundeak galduz gero, alderdiek bat egin beharko dute.
  • Partida galdu ezkero, asko tristatuko dira haurrak.
  • Behin liburua irakurriz gero, eztabaida hasiko dugu.
  • Etxekoak etorriz geroz behin, lasai egongo gara denok.
  • Bidaian joan ezkeroko bi azterketak itzultzean egingo ditugu guk.

Horietan guztietan elkarren ondoan gertatzen diren bi ekintza jaso dira, baina ondokotasunaz gain, ekintza bat noizdanikoa den ere adierazten du -tuz gero menderatzaileak.

  • Etxea erosi ezkeroztik, oso gutxitan joan dira amarenera.

Baina denbora ez eze, honelako egiturekin baldintza ere adieraz daiteke. Halakoetan, perpausaren adiera denborazkoa edo baldintzazkoa den argitzeko, testuinguruari erreparatzea da fidagarriena. Hala ere, aditzek ere laguntzen dute: perpaus nagusiak gauzatutako ekintza bat adierazten badu, mendeko perpausa denborazkoa izaten da normalean; perpaus nagusian adizki hipotetikoren bat ageri bada, berriz, menpekoa baldintzazkoa izan ohi da.

  • Lanak amaituz gero, mutilarekin bizitzera joango litzateke. (baldintza)
  • Lanak amaituz gero, mutilarekin bizitzera joan zen. (denbora)

Adibidetegia

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tuz gero", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3