Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:1:2:2:8

-turik

-turik menderagailuak ere ondokotasuna adieraz dezake, alegia, mendeko perpauseko ekintza eta perpaus nagusikoa ondoz ondo gertatzen direla, eta aurreko menderagailuek bezala honek ere behin aditzondoa hartzen du zenbaitetan aurretik. Adiera horretaz gain, ordea, azalpena edo baldintza ere adieraz ditzake.

  • Festak amaiturik, herria egunerokora itzuli zen. (ondokotasuna)
  • Egin duzun lan handia ikusirik, gainditzea pentsatu dut. (baldintza)

Adibidetegia

  • Adibide klasikoak:
    • Guenian, dantzia amaiturik, lagunduten deutsee mutillak jarlekura ta amaija ez oi da obia asieria baño. (Moguel, J. J., Baseerritaar nequezaleentzaco escolia)
    • Zelan orduan baserritarrak lana amaiturik Josun Amari agur esaten eutsien pozik! Zelan biotzak Jaunan etxean billauten eban barruko miñak ixuri nairik otoi batean. ("Lauaxeta", Poema solteak, “Orrilla”)
  • Gaurko adibideak:
  • Hiletak amaiturik, Artur aretora joan zen bere zaldunekin. (Igerabide, J. K., Artur erregearen heriotza, 73. or.)
  • Eskolara bidaltzen duzu gero, eta, eskola amaiturik, ohartzen zara bizitzan beharbada inoiz beharko ez duen gauza mordo bat ikasarazi diozula, eta, aldiz, hutsik gabe egin beharko duen bakar hartarako ez duzula prestatu. (Garzia J.R., Egonean doazen geziak, 112. or.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-turik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3