Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2

Aldiberekotasuna adierazten duten perpausak

Aldiberekotasuna adierazten duten denbora perpausetan bi perpaus elkartzen dira; perpaus nagusia eta mendekoa. Halakoetan, aditz nagusiak aipatzen duen gertakaria eta mendeko aditzak aipatzen duena une edo aldi berean gertatzen direla ematen da aditzera.

  • Lanean ari nintzela, Mikelek telefonoz hots egin zidan.

Horrenbestez, aldiberekotasuna adierazten duten denbora perpausetan, perpaus nagusiko ekintza eta mendeko perpauseko ekintza une berean gertatzen direla esan da, baina aldiberekotasun hori ezberdina izan daiteke zenbait zehaztasunen arabera:

Denbora perpausak deiktikoak dira

Denbora osagarriak deiktikoak (bihar) nahiz anaforikoak (biharamunean) dira. Anaforikoek beste mota bateko erreferentzia bat behar dute zuzen ulertzeko: ondoko urtean esaten badugu, ez dakigu noiz den ondoko urte hori aurretik erreferentzia urtea aipatzen ez bada. Denborazko perpausek ere erreferentzia behar dute (umea lo gelditu da esnea hartu duenean) eta horregatik anaforikoen artean sartzen ditugu. Bi aldeko erreferentzia horrek ñabardura asko izan ditzake, baina denboraren noizkotasuna (a) eta beste zerbaiten erreferentzia (b) hori paraleloak direnean aldiberekotasuna gertatzen dela esaten dugu. Hori –(e)nean, -(e)larik, -tzean (-tukeran, bizkaieraz) eta –tzearekin atzizkiekin egiten da. Bai –(e)nean eta bai –tzean horietan inesiboaren marka (-n) ikusten dugu.

Aldiberekotasuna sekuentziala, osoa edo partziala izan daiteke. Sekuentziala da, esaterako, perpaus honetan: Etxean sartu denean ikusi du katua egongelan. Alegia, lehenik etxean sartu da eta gero katua ikusi du. Aldiberekotasunak beti du joera sekuentziala izateko eta gauzatze burutuek (partizipioaren bidez: sartu denean, sartu delarik) bideratzen dute gehienetan irakurketa sekuentziala. Denboraren esparru batez ari gara, eta esparru horrek ñabardura desberdinak erakuts ditzake: aurrekotasuna (Bulegora etorri naizenean utzi dut bizikleta atean), ondokotasuna (Bulegora etorri naizenean piztu dut ordenagailua), edo aldiberekotasuna guztizkoa izan daiteke: Baso artean ibili direnean, euria ez da galditu. Inklusiboa ere izan daiteke (Medikua gelan sartu denean eria lo zen) eta, holakoetan, perpausa iraul daiteke (Eria lo zelarik sartu da medikua gelan).

Ohiturazko balioa

Holako egiturek (-tzen) badute nolabaiteko ohiturazko balioa: Gure taldeak irabazten duenean beti pozten gara. Balio osoa (Telebista ikusten dudanean liburu bat izaten dut eskuetan) edo sekuentziala (Telebista ikusten dudanean, telefonoak jotzen du zenbaitetan). Nolanahi ere, erreferentzia unea ezin da izan holakoetan hizketaldiaren unea bera: *Atorra josten ari naiz telebista ikusten dudanean. Holakoetan –n bitartean edo erabili behar da: Atorra josten ari naiz telebista ikusten dudan bitartean. Egitura hauetan guztietan bi perpausetako subjektua berbera izaten da askotan (Bidea gurutzatzean ohartu gara istripuaz) baina ez da ezinbestekoa (Mikelek bidea gurutzatzean Anek beste aldera begiratu du).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aldiberekotasuna adierazten duten perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3