Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:1

Aldiberekotasun orokorra

Aldiberekotasuna adierazteko erabili ohi diren menderagailuak aztertuko dira hurrengo ataletan. Aurretik baina, aldiberekotasuna hainbat motatakoa izan daitekeela ikusiko da: Aldiberekotasun zehatzean perpaus nagusiko ekintza eta mendeko perpauseko ekintza une berean gertatzen dira; ildo horretan, Aldiberekotasun zehatz osoan, perpaus bien ekintzak une berean gertatzen dira, eta iraupen bera dute; Aldiberekotasun zehatz zatitakoa erabiltzen denean, berriz, perpaus nagusiko ekintza mendekoak adierazten duen denboran gertatzen da, baina ez hark adierazten duen denbora osoan; bestalde, Aldiberekotasun sekuentziala adierazten duten perpausetan, perpaus nagusiko ekintza eta mendeko perpausekoa biak lotuta daude denboran, baina bata bestearen segidan gertatzen dira. Azkenik, aldiberekotasun puntuala darabilgunean, perpaus nagusiko ekintza gertatzen den denbora tartearen une zehatz batean gertatzen da mendeko perpausaren ekintza.Haurrek jolas egiten dute

  • Lotan dagoenean, zurrunga egiten du. (aldiberekotasun zehatz osoa)
  • Ingeleseko eskolan zegoenean hots egin zioten telefonoz irakasleari. (aldiberekotasun zehatz zatikakoa)
  • Eskolako txirrinak jo duenean, haur guztiak ziztuan atera dira jolastokira. (aldiberekotasun sekuentziala)
  • Amak oihu egin zigunean, jolasten ari ginen gu. (aldiberekotasun puntuala)

Aldiberekotasun orokorraren aldaera horiek adierazteko, zenbait menderagailu daude eta horiek ikusiko dira segidan. Adizki jokatua duten perpausak aztertuko dira lehenengo, eta adizki jokatugabea duten perpausak ondoren.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aldiberekotasun orokorra", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3