Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:1:1

Adizki jokatuekin

Aldiberekotasun orokorra adierazten duten denbora perpausak adizki jokatuekin nahiz jokatugabeekin eman daitezke. Adizki jokatuekin eraikitzen ditugunean erabiltzen diren menderagailuak aztertuko ditugu atal honetan.

-enean

Aldiberekotasuna adierazteko menderagailu ohikoena -enean da. Arestian esan denez, perpaus nagusiko eta mendeko perpauseko ekintzak aldi berean gertatzen direla adierazten dute halako denbora perpausek, baina aldiberekotasun zehatz hori osoa nahiz zatikakoa izan daiteke. Halakoetan, perpaus nagusiko ekintza mendekoak adierazten duen denboran gertatzen da, mendekoak irauten duen denbora osoan lehenengoan, eta mendekoak adierazten duen denbora tartearen une batean bigarrengoan. Horrez gain, -enean menderagailuaz aldiberekotasun sekuentziala ere adieraz daiteke, alegia, aldi berean baina ondoz ondo gertatzen diren bi ekintza:

  • Etxeko lanak egiten ari naizenean, telebista piztuta izaten dut. (zehatz osoa)
  • Oporretan zegoenean erosi zuen autoa Aitorrek. (zehatz zatikakoa)
  • Leherketa entzun dutenean, korrika atera dira bizilagunak. (sekuentziala)
  • Leherketa izan zenean, etxean geunden gu. (puntuala)

Telebista

Aldiberekotasun errepikatua adierazteko ere erabil daiteke -enean menderagailua, hau da, perpaus nagusiko ekintza gertatzen den aldi guztietan mendeko perpauseko ekintza ere gertatzen dela aditzera emateko.

  • Pirinioetara joaten garenean, aterpetxe berean hartzen dugu beti ostatu.

Aditzaren aspektuari dagokionez, aditz nagusian geroaldiaz ari garenean, denbora perpausa aspektu ez burutuan joan ohi da. Hala ere, iparraldean, esaterako, geroaldia erabiltzen dute. Subjuntiboa ere ager daiteke eta forma horiez gain, euskara landuan geroaldi arkaikoa erabiltzen da. Aspektu burutuan ere ager daiteke aditza, gertakaria burutu deneko denboraz ari bagara.

  • Nerea etortzen denean hasiko naiz janzten. (ez burutua)
  • Zer esango du, nire asmoa esango diodanean? (geroaldia)
  • Etorri dadinean, gu ez gara etxean egongo. (subjuntiboa)
  • Mikel etorri datekeenean hasiko gara lanean. (geroaldi arkaikoa)
  • Ni zahartu naizenean, zer egingo dute nire ondorengoek? (burutua)

Horietan guztietan azaldutako denbora balioaz gain baina, -enean menderagailuaz bestelako adierak ere izan ditzakete perpausek: inplikazioa, baldintza eta kausa, esaterako.

  • Aitorrek eskaleari dirua eman zionean, gauza ona egin zenuen. (inplikazioa)
  • Aitak hala dioenean, horrela izango da. (baldintza)
  • Mikel pozik egon daite, istripuan autoa txikitu ez duenean. (kausa)

Menderagailu honekin ezin dira ekintza burutugabeak adierazi, hizketa uneko orainari badagozkio. Halakoak zuzenak dira balio errepikatzailea dutenean. Beheko perpaus honetan esaterako, (Mikel lanean dagoenean, Ainara lagunekin kalean dabil beti) izango litzateke adiera zuzena, hau da, mendeko perpausak adierazten duen ekintza gertatzen den aldiro perpaus nagusikoa gertatzen dela adierazi nahi denean, ez ordea, ekintza puntuala aditzera emateko.

  • Mikel lanean dagoenean, Ainara lagunekin kalean dabil.
  • Adibide klasikoak:
    • Aditu dutenean Yainkoaren izena, edo Probidentziarena, oihuka dira hasi, beren hortzak karraskatuz, haguna zariotela ahotik, xak hur errabiatuer bezala, eta zalapartan abian zirela, berek ez zakiten norat. (Frantziako hirur errepubliken ixtorioa laburzki, Elissamburu, J. B.)
    • Logroñon zegoenean Josefa konfesatzen zuen Jesuitak Ama Maria Teresa abadesari kontatu zion, profezia bi Jesuitari esan ziozkala, eta biak Jainkoak bete zituela. (Ama santuaren vicitza, Cardaberaz)
    • Tronpeta-soñua aditu zutenean, andizki eta beren morroiak, batzuek zaldiz eta besteak oñez, andik-emendik Kondea zegoan lekura lasterka etorri, eta arako Kondeak eskutik zeraman emakume desitxuratu eta mutilltxo zoragarri hura ikusi zituztenean, izututa arriturik geratu ziran. (Santa Genobebaren bizitza, Arrue, G.)
    • Il dadinean, lurreko arrak ez edo diote soinekorik ere zulatuko. (Ardi Galdua, Azkue, R. M.)
  • Gaurko adibideak:
    • Idazten ari naizenean, eta ekitaldi publiko edo hitzaldi baterako prestatzen ari naizenean ere, bisitari horiek hor izaten ditut. (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Urkiza A.)
    • Eskolako lagunei askotan kontatu die, harro-harro, merenderora joaten direnean aitak patata tortilla oso bat jaten duela. (Bizia lo, Muñoz, J.)
    • Eta ni horra joateko eguna irits dadinean, orduan zigortuko ditut beren bekatuagatik. (Agindutako lurraren bila I, Mujika, J. A.)
    • Jasango ote du zure bihotzak eta egongo ote zure eskua tinko zure aurka ekingo diodanean? Nik, Jaunak, esandakoa bete egiten dut. (Elizen arteko biblia, Askoren artean)

Kalea

Itxuraz bakarrik denborazkoak

Agi danean eta dagoen-dagoenean itxuraz denborazkoak bezala osaturik dauden arren, ez dira denborazkoak, baizik moduzkoak:

  • Halako batean, honek, agi danean, gerora hilko zuen aizto ukaldia eman zion. (Hizlandia, Iñigo Aranbarri)
  • Dagoen-dagoenean beheititu ditu galtxamotxak, dagoen-dagoenean kukubilkatu. (Lasto sua, Epaltza A.)

-(e)nean horrekin batera dugu, euskalkien arabera, -(e)larik. Oso antzekoak dira biak: Gazte zenean irabazi zuen txapelketa / Gazte zelarik irabazi zuen txapelketa. Badu horrek beste aldaera bat, gehinetan –(e)larik horretan –rik aukerakoa baita: Gazte zela irabazi zuen txapelketa. Beraz, hiru aukera ditugu: zenean, zelarik eta zela. Hala ere, uneko predikatuak direnean, edo adizki burutuekin ez da –(e)la erabiltzen: Filma amaitu zenean/zelarik etxera itzuli ginen, baina ez *Filma amaitu zela etxera itzuli ginen. Beraz, -(e)la iraupeneko predikatuekin bakarrik erabiltzen da. Eta denboraz besteko balioak ere izan ditzake: Istripua ikusi zuelarik ertzainei deitu zien. Kausaren balioa ere izan dezake hor. Igeriketan ari zela, bihotzekoa izan zuen. Hor ere kausa edo azalpena adieraz dezake.

-ela/-elarik

-ela eta -elarik menderagailuek ere aldiberekotasuna adierazten dute, alegia, mendeko perpauseko ekintza eta perpaus nagusikoa une berean gertatzen direla. Aldiberekotasun hori zehatz osoa izan daiteke, eta halakoetan, perpaus nagusiko ekintza eta mendeko perpauseko ekintza une berean gertatzen dira. Baina aldiberekotasun zehatz zatikakoa ere izan daiteke, eta orobat puntuala, eta errepikatua. Aldiberekotasun zehatz zatikakoa aditzera ematen duten perpausetan, perpaus nagusiko ekintza mendekoak adierazten duen denboran gertatzen da, baina ez hark adierazten duen denbora osoan. Aldiberekotasun puntualean, berriz, perpaus nagusiko ekintza gertatzen den denbora tartearen une zehatz batean gertatzen da mendeko perpausaren ekintza. Azkenik, gerta liteke bi ekintza une berean gertatzea, eta horrez gain aldiberekotasun hori hainbat aldiz izatea, aldiberekotasuna errepikatzea, alegia. Adiera horiek guztiak eman daitezke aditzera -ela(rik) menderagailuaz.

  • Ikaslea zela, pozik bizi zen Aner. (aldiberekotasun zehatz osoa)
  • Jonek ikasle zela ezagutu zuen Maider. (aldiberekotasun zehatz zatikakoa)
  • Aurpegi txarra zuen, etxean sartu zelarik. (aldiberekotasun puntuala)
  • Oporretara joaten delarik, opariren bat ekartzen du beti. (aldiberekotasun errepikatua)

Aldiberekotasun sekuentzialaren adierarekin, hau da, perpaus nagusiko ekintza eta mendeko perpausekoa denboran lotuta egonik bata bestearen segidan gertatzen direla adierazteko, ekialdeko euskalkietan erabiltzen da batez ere -ela(rik) menderagailua:

  • Antzerkia amaitu zelarik, ikusleak txaloka hasi ziren.

Aditzaren aspektuari dagokionez, esaldi nagusia geroari dagokionean, mendeko aditza burutugabea nahiz geroaldikoa izan daiteke:

  • Etxe berria erosiko du, ezkontzen delarik.
  • Hots egingo dizut, joango naizelarik.

Gorago aipatu dugunez, denboraz gain, ordea, kontzesioa, modua eta inplikazioa ere adieraz dezakete -ela(rik) menderagailuek.

  • Itxura ona duela ere, gaixo dago Fermin. → (kontzesioa)
  • Zu nire taldean zarela, ez dut galtzeko beldurrik. → (modua)
  • Mikelek hori esaten zuelarik, egia biribila esan zuen. → (inplikazioa)
  • Adibide klasikoak:
  • Gaurko adibideak:
    • - Etxabe zuen - eta du - abizena, eta nire ikasle zela, zortzi urte zituela, hil zioten aita, Iñaki, Kanpantzarko tabernan. (Kurrin-kurrun vitae, Garzia, Joxerra)
    • Durruty urduri zen Joantto bulegoan sartu zelarik. (Hautsi da katea, Elena Touyarou / Martinez de Lezea, T.)
    • India Handiraino joaten delarik, Bakaria aldera, Kaldile deitzen den lurralde handi eta ederrera heltzen da. (Septentrio, Arkotxa, A.)

Baldintza eta kausa ere adieraz ditzake:

  • Hain polita delarik, nola ez hari begiratu. → (kausa)
  • Ongi egina delarik lana, irakasleak aintzat hartuko du ikaslearen ahalegina. → (baldintza)

Hala ere, azkenaldian bestelako testuinguruetarako erabiltzen hasi da -(e)larik:

  • ? Ibarretxe eta Mas Donostian daude egunotan, hitzaldia egingo dutelarik.
  • ? Alex Txikon mendizale gaztea da, Everest igotzen saiatuko delarik.
  • ? Ibaiak gainezka egin zuen Donostian, urak etxeak hartu zituelarik.

Egitura horiek berriak dira eta ez dute inolako tradiziorik euskaran. Horien ordez beste hauek erabiltzea komeni da1:

  • Ibarretxe eta Mas Donostian daude egunotan, eta hitzaldia egingo dute.
  • Alex Txikon mendizale gaztea da eta Everest igotzen saiatuko da.
  • Ibaiak gainezka egin zuen Donostian; ondorioz, urak etxeak hartu zituen.

noiz eta/ere...bait-/-en

Bada oraindik beste egitura bat ere hemen aipatzekoa: Noiz (eta) ere … bait korrelaziozko perpausa (hori da egitura hedatuena, baina badira Hegoaldean adibideak –n postposizioarekin, eta ez bait- aurrizkiarekin, batez ere XVIII. eta XIX. mendeetan). Forma honek lekuko gutxi ditu egungo euskaran (-tzean edo –(e)nean formekin erkatuz gero), eta batez ere Iparraldeko idazleen tradizioan ageri da. Hala ere, badira adibide batzuk:

  • Noiz-ere ezkontzeko adinera helduak baitziren emaiten zioten bakoitzari ehun luisen dotea. (Janpierre Arbelbide, Arbelbide, X.)
  • Eta beraz edozein apezpiku txipiren edozein artzapezpiku edo patriarka handiren menpeko baten auzietan, noiz ere kargutik kentzea merezi duen falta larri batez baita epaitzen, apostoluenganik Apostoluen Aulki Sainduari uzten ohi zaio erabakaia. (Enkiridion, Azpilkueta, M. / Xarriton, P.)
  • Zeren noiz ere sentitzen baitut aldaratua eta kargatua naizela, ezagutzen dut zure dotrina hunetarik apartatua naizela. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)

Korrelatu anaforikoa ez da ageri adibide horietan, baina badira adibideak perpaus nagusiak hori ere bildua erakusten dutenak:

Hurrenkerari dagokionez, adibideetan ikusten da joera dagoela mendeko perpausa aurretik jartzeko. Hori ezinbestekoa da korrelatu anaforikoa agerian bada (beti etorri beharko du horrek atzetik). Agerian ez bada, posible da perpausak alderantziz jartzea.

Korrelazio bat dago bi perpausen artean, eta korrelazio hori zuzena izan daiteke (Noiz ere filma hasten baita, argiak itzaltzen dira) nahiz alderantzizkoa (Noiz ere argiak itzaltzen baitira, filma hasten da), nahiz ez den batere erraza holakoetan zehaztea zein den zinez korrelazio horretan dauden bi perpausen arteko norabidea.

Korrelaziozko menderatzaile hau duten denbora perpausek korrelaziozko erlatiboaren egitura dute, eta aldiberekotasuna adierazteko erabiltzen dira. Ekialdean noiz (eta) ere forma erabili ohi dute aurrekari gisa. Menderatzaile honekin eratzen diren perpausek hainbat adiera izan dezakete; aldiberekotasun zehatza, sekuentziala, puntuala nahiz errepikatua.

  • Noiz eta baitzen askariaren erdian, ikaratzen da. (aldiberekotasun zehatza)
  • Noiz eta txirrinak jotzen baitu, ireki ezazu atea. (aldiberekotasun sekuentziala)
  • Noiz ere baitzen irakaslea jausi lurrera, ikasle guztiak liburuko ariketak egiten ari ziren. (aldiberekotasun sekuentziala)
  • Noiz eta ere loreak zimeltzen hasten baitziren, ureztatu egiten zituen beti. (aldiberekotasun errepikatua)
  • Adibide klasikoak:
  • Gaurko adibideak:
    • Ikasle multzo bat gure etorkizun profesionalaz ari ginen ikastetxeko patioan, honako honek ingeniari, horrako horrek maisu eta harako hark mediku, noiz eta ere, gure Potzolok ahoa bete hortzekin utzi baikintuen denak: (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • Sartu gintuan haren gelan, makurtu genian biok burua eta plegatu belauna, eta, noiz eta burua jaso baikenuen, gizon hura ikusi genian, irriz eta begirune osoz errizibitzen gintuela. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
    • Mentako ondo horietan izan ziren sekulako gudukak edo batailak Ingelesen eta Napoleonen tropen arteko gerlan, noiz eta ere Espainiatik azken hauek uxatuak izan baitziren. (Luzaiden gaindi, Etxarren, J. B. / Aintziburu, A.)

Gaian sakonduz

Esteka hauetan duzu -(e)larik atzizkiaren erabilera okerrari buruzko informazio gehiago:

1 Erabilera desegoki hauen inguruko informazio gehiago eskuratzeko, ikus gaian sakonduz atala

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adizki jokatuekin", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3