Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:1:2:1

-tzean

Forma jokatuaren parekoak dira –tzean aditz izenarekin osatzen ditugunak: Gure taldeak irabaztean pozten gara; Partida amaitzean etxera itzuli gara, eta abar. Baina ez dira, hala ere, guztiz pare-parekoak, jokatugabeko forma horiek aise anbiguagoak baitira, nola ez duten pertsona, aldi edo aspekturik markatzen: Itsasotik ateratzean baldin badiogu ez dakigu nori buruz ari garen, ez noiz gertatu den ez nolakoa den aspektua ere. Informazio hori guztia perpaus nagusitik bildu behar dugu: Itsasotik ateratzean Miren aurkitu genuen hondartzan; Itsasotik ateratzean joanen gara tabernara, eta abar. Anbiguotasun hori perpausaren balioetara ere hedatzen da: Handik ateratzen ohartu ginen baldin badiogu denboraz ari gara (atera ondoren) edo kausaz (atera ginenez). Edo ezinbestean kausazkoaz, perpausa ezezkoa edo zenbatzaile eta graduatzailea duenean: tximeletarik gehiago ez ikustean harritu ziren zientzialariak; haibeste oihu entzutean jakin dugu gauzak okertu direla. Edo baldintza: Ospitalean sartzean pozik galdituko da eria. Itsasoa

Mendeko perpausak adierazten duen gertakaria eta perpaus nagusikoa denbora berean gertatzen direla adierazten da -tzean menderagailuarekin. Denboraz gain, ordea, kausa edo azalpena ere adieraz daiteke halako perpausetan. Perpaus nagusiko gertakaria “noiz” eta “zergatik” gertatu den adierazteaz gain baina, inplikazioa adierazteko ere erabil daiteke, alegia, ekintza baten azalpena emateko.

  • Eskola aurretik igarotzean, amak eskuaz agur esan zion haurrari. (denbora)
  • Josu horren gaizki ikustean, sendagileari hots egin genion. (kausa)
  • Maddiri hori esatean, egia azaleratu besterik ez duzu egin. (inplikazioa)

Adibidetegia

  • Adibide klasikoak:
  • Gaurko adibideak:
    • Kabina baten ondotik igarotzean, telefonoa joka hasi da. (Pospolo kaxa bat bezala, Zubizarreta, P.)
    • Kamioiaren ondotik igarotzean, ez nintzen makurtu besteetan bezala, aita zer lanetan ari zen begiratzeko, izugarri gustukoa bainuen mekanika; aitzitik, aurrera jarraitu nuen presaka, sarrerako aterantz. (Hauts bihurtu zineten, Igerabide, J. K.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tzean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3