Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:1:2:2

-tzerakoan

Gertatuko den ekintzaren hasierari dagokion aldiberekotasuna adierazten da -tzerakoan menderagailuaz, eta zerbaiti ekitean beste zerbait gertatzen da halakoetan. Ondoko adibide honetan ikusiko denez, perpaus nagusiko ekintza mendeko perpausekoaren aurretik gertatzen dela ulertu behar da:

  • Lanean hasterakoan ohartu zen bolalumarik ez zuela.

Lanean hasi aurretik adierazten du mendeko denbora perpaus horrek. Hala ere, aldiberekotasun estua eta gertakari amaituarekiko aldiberekotasuna ere adierazten ditu. Lehenengoan, bi ekintzak, perpaus nagusikoa eta mendeko perpausekoa une berean gertatzen dira; bigarrengoan, berriz, mendeko perpauseko ekintza amaitzean gertatzen da perpaus nagusiko ekintza.

  • Anderrek hots handia sortzen du jaterakoan.
  • Liburua amaitzerakoan, ikasleek galderak egin zituzten.

Adibidetegia

  • Adibide klasikoak:
    • Orregaitik aren olerki irakurtzerakoan ludia zer den ulertzen degu ta bereala leioak zabaltzen ditugu. (Azalpenak, "Lauaxeta")
    • Ala bein meza entzuterakoan Santa Jertrudisek ikusi zue Kristo bera ofrezitzen bere sakrifizioa, ta ofertoriokoan beraren biotza bularrain gañean paratzen zela aldare urresko argi baten gisara, ta aingiru goardiakoek ekarzenzustela aldare garren gañera egaste txuri-eder batzuk, baizire onen orazioak ta afektoak. (Sermoiak, Lizarraga)
  • Gaurko adibideak:
    • Jaten hasterakoan gazta xehetua falta zitzaiela konturatu zen, baina ez zeukan gaztarik etxean. (Euliak ez dira argazkietan azaltzen, Iturralde, J. M.)
    • Gainera, bai sexua egiterakoan bai jaterakoan, bi estimuluak nahasten dira. (Sexua noiznahi, Elberdin, L.)
    • Gutuna amaitzerakoan, abailduta sentitu nintzen, eta hitz egiteko gogoa nuenez, leihora atera eta Lutxori hots egin nion, burua barroteen artean sartu nahi eta ezin. (Orain galdera berriak ditut, Garro L.)
    • Jendea baztertu egiten zen ibilgailu ofizial hura ikusterakoan. (Ispiluen gainean lotan, Jordi Sierra I Fabra / Jon Muñoz)
    • Gorde dudan arrebaren oroitzapen bakarra, ahotsa, hitz egiterakoan ateratzen zitzaion hoskera zorrotz erretxina. (Ihes betea, Lertxundi, A.)

Nolabait esateko, -ra- hori dela eta, aurrera begiratu nahi du gertakariak:

  • Zuk baitiozu, ezen hiltzerakoan, zeure on guztiak, edo parte bat, probei ordenatuko deraztezula, orduan ongi handiak eginen ditutzula. (Guero, "Axular")

Hala ere, gaurko erabileran, nekez bereizten dira –tzean eta –tzerakoan.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tzerakoan", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3