Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:1:2:3

-tzekoan

Erdialdean eta mendebaldean erabiltzen da menderagailu hau, denboraren aldiberekotasuna adierazteko, hau da, -tzerakoan formaren adiera bertsuan.

  • Eta lur jabegoaren aldaketa egitekoan ere, lurraren jabe zaharrak, jaurti duen oinetakoa hartu eta, jabe berriari emanen dio. (Harrizko pareta erdiurratuak, Perurena, P.)

Markos Zapiain Hala ere, denborazkoaz gain, beste baliorik ere izan ditzake -tzekoan menderagailuak: batetik, aurretik isildutako izena adieraz dezake, eta halakoetan ohiko segida alderantzikatuta ere ager daiteke. Halakoetan, -tzekoan ez da atal honetan aztertzen ari garen denbora adierazten duen gramatikalizaturiko forma. Azkenik, baldintza edo asmoa ere adierazteko erabiltzen da mendebaldean (-tzekotan formaren pare).

  • Horren ahots goxoa du kantatzekoan, entzuleak liluratu egiten ditu. (aldiberekotasuna)
  • Arropak gordetzeko kaxan eta zapiak gordetzekoan aritu naiz bila.
  • Zapiak gordetzeko kaxa > kaxa gordetzekoa
  • Ez dakit festara joango garen, baina joatekoan, autoz joango gara. (baldintza)

Adibidetegia

  • Adibide klasikoak:
    • G: Noiz egin bear dezu señale au? E: Obra onen bat asitzen dan guztian, edo arkitzen naizenean nezesidade, tentazio edo peligroren batean, prinzipalmente oetik jaikitzean, etxetik irtetean, Elizan sartzean, jaterakoan, eta lo egitekoan. (Doktrina kristiana, Irazusta, Juan)
    • Are obeto dakuskezu ori, kabia bertan-bera uztekoan. (Euskera aundiki-soñekoz, Lizardi)
  • Gaurko adibideak:
    • Baita liburu horren egilea ere - apaizak - nire lagun handia da, eta haren ahotik bertso horiek entzuten dituenari miragarriak zaizkio, eta hain da gozoa haiek kantatzekoan duen ahotsa, txoraturik uzten du; luze samarra bai unai-olerkietan baina onetik ez da behin ere asko izan ohi; jaso bedi berezitakoekin batera. (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Ezkiaga, P.)
    • Herriko festatan ohartzen naiz: jendeak ez daki katilu ttar bat nola hartu ere: xurrupi egitekoan gero eta gehiago konplikatzen da. (Trapuan pupua, Perurena, P.)

Batzuetan, ordea, izen hutsa da (nire egitekoa). Bizkaierazko amaitukeran ere sail berekoa da:

  • Laugarrena amaitukeran, erne irakurriz gero, jakingo duzu, Gara-ren irakurle, zein herritan idazten duen Sebastianek. (Errua eta maitasuna, Zapiain, M.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tzekoan", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3