Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:1:2:4

-tzearekin

-kin atzizki soziatiboa daraman menderagailu honek mendeko perpauseko ekintzaren eta perpaus nagusiko ekintzaren arteko lotura adierazten du askotan. Horrez gain, ordea, kausa edo eragina ere adieraz dezake, eta zenbaitetan, baita aldiberekotasuna ere. Hain zuzen ere, askotan -ekin atzizkiaz osaturiko postposizio sintagmak erabiltzen dira horretarako.

  • Nahikoa da bilerara zu etortzearekin. (lotura)
  • Haserretu egin da testua pixka bat aldatzearekin. (kausa edo eragina)
  • Ane iristearekin ekin zioten emanaldiari. (aldiberekotasuna)
  • Martxoaren 5ean, ostegunarekin, egingo dugu bazkaria. (aldiberekotasuna)

Aldiberekotasun estua adierazteko, bi ekintzak ondo-ondoan gertatu direla alegia, batean aditzondoa eransten zaio, indargarri.

  • Josu iristearekin batean hasi ginen lanean.

Adibidetegia

  • Adibide klasikoak:
    • Erabaki zuten ostiralarekin egin biar zala sarrera errian, Mahomaren legia desegitera, naiz berak biziarekin pagatu. (Asis-co loria, Beovide)
    • Igesaldi neketsua Egun gogoangarri artako gertaera odoltsuak gaua etortzearekin bukatu ziran. (Lapurren menpean, Iraizoz)
    • Au esatearekin batean gogoratu zitzaion zetozkion iltura edo tormentuen eraman-bearra, eta otsegin zuen: Nere barrua estua dago eta, zer esango det? nori itzegingo diot? Zugana, Aita nerea! zugana nator nere esturasun guzien erdian. (Testamentu Zarreco eta Berrico condaira, Lardizabal)
  • Gaurko adibideak:
    • Eta memoria onekoa izaki, Toledora iristearekin batera, zikoinak oroitu du hiri hura Erdi Aroko ardatz kulturala izan zela, eta han ez ziotela egilearen jatorriari erreparatzen itzultzeko moduko zerbait egina bazuen. (Pospolo kaxa bat bezala, Zubizarreta, P.)
    • Une batzuetan, ohean etzanda egindako azterketetan-eta, erraza iruditzen zitzaion Bilbora alde egitea; baina, abuztua iristearekin batera, frontea hurbildu egin zen Obabara, eta bideko zati batzuk arriskutsuak bihurtu ziren. (Soinujolearen semea, Atxaga)
    • Hitz horiek esatearekin batera, liburuaren erdi bat bestearen gainera bildu zuen, baina hatz bat orri artean sartuta. (Kuskue tanden, Iñurrieta I.)
    • Larunbatarekin batera, nolanahi den, guztiak zeuden esandako orduan Felixenean. (Patata soro bat, Azkona J.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tzearekin", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3