Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:2:1

Adizki jokatuekin

Bi gertakari, perpaus nagusikoa eta mendeko perpausekoa, gertatzen diren aldi guztietan denboran bat datozela adierazten da aldiberekotasun errepikatua jasotzen duten perpausetan, alegia, une berean gertatzen direla beti. Halako denbora perpausetan ekintzen maiztasunaz ariko gara, mendeko perpauseko gertakaria gertatzen den aldi bakoitzean gertatzen baita perpaus nagusiko gertakaria.

-enetan

Eitb da Euskal Herriko irrati-telebistarik ikus eta entzunena

-enetan menderagailua une berean gertatzen diren bi ekintza adierazteko erabiltzen da, eta zehazki, hainbat aldiz gertatzen direla adierazteko. -enean menderagailu singularrak baino gehiago azpimarratzen du gainera gertakaria errepikatzen dela.

  • Ni Mikelen etxera joan izan naizenetan, Jone telebista aurrean zegoen beti.
  • Eta zeñak konsolatu Bainauzu hañitzetan, Plaga eta ondikora Erori naizenetan. (Eliçara erabiltceco liburua, Etcheberri (Ziburukoa))
  • Oraintxe lez, egunkariak saltzen nabillen bitartean neugaz kalerik-kale erabilli negi, ta gero, iñoiz astirik dodanean, mendira-ta, basora-ta, txori-abiatan joaten naizenetan. (Batetik bestera, Erkiaga, E.)
  • Adibide klasikoak:
    • Oraintxe lez, egunkariak saltzen nabillen bitartean neugaz kalerik-kale erabilli negi, ta gero, iñoiz astirik dodanean, mendira-ta, basora-ta, txori-abiatan joaten naizenetan. (Batetik bestera, Erkiaga)
    • (Doktrina kristioa da, zeñen artikuloen deklarazeko juntaturik emezorzi konzilio jenerale izan direnetan kristiandadeko gizon sanduenak, doktoenak ta andienak, noizean noizka, ia Nizean, ia Konstantinoplan, Efeson, Kalzedonian, Erroman, Leonen, Bienan, Florenzian ta Arenton Espiritu Sanduareki bateo erakutsi baitigute egi eta fedea. (Sermoiak, Lizarraga)
  • Gaurko adibideak:
    • Inguruan beste gaixo eta senide batzuk, egun hartan ugari baitziren bisitariak; geroztik joan naizenetan gehienak bakar-bakarrik egoten direla ikusi izan dut. (Arbelaren gainean,Mendiguren Elizegi, X.)
    • Ni joan izan naizenetan, ez naiz nire liburuez soilik aritu. (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Urkiza, A.)
    • Haurdun egon izan direnetan, oso boteretsu sentitzen direla aitortu izan dit ama batek baino gehiagok. (Ai ama, Iturbe, A.)
    • Donostiara joan garenetan, bestalde, eguna pasatzera joan gara, beste ezertara ez. (Denak du bere prezioa, Mintegi, M. A.)

-en bakoitzean

Menderatzailu honek ere perpaus nagusiko ekintza eta mendeko perpausekoa aldi berean gertatzen direla adierazten du, denboran zehar hainbat aldiz gainera. Zehazki, mendeko perpauseko ekintza gertatzen den aldiro perpaus nagusiko ekintza jazotzen dela ematen du aditzera. Aldaerei dagokienez, -en aldikal Ekialdean erabiltzen da batez ere. Mendebaldean, berriz, -en guztietan eta -en aldiro dira ohikoagoak.

  • Haizeak gogor jotzen duen bakoitzean, horko zuhaitz hori okertu egiten da.
  • Adibide klasikoak:
    • Elizara sartutzen ziraden bakoitzean, Aldare nagusiaren aurrera iristean belaunikatuko ziraden, atabal danbolinak ixildurik, nork bere otoiz moduak egiteko, eta ondorean dantzatuko zuten iru aldareen aurreetan, guziz onestasun aundian. (Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia, Iztueta, J. I)
    • Gogoratzen naizen bakoitzean, barrenak jira egiten dit. (Tantarrantan, Altzaga, T.)
    • Esan nai det: orrelako okerrik egiten, edo esaten duen bakoitzean, bertatik pena bat ezarri: gosari, edo afaria kendu, belauniko kontriziozko aktu bat, ta guzien aurrean lurrari mun eragin. (Aita S. Ignacioren egercicioac, Cardaberaz)
    • Tximistak argi duan aldiro ageri dira auts-kolore: auts ori, iralkiz, Jainkoak euri berez biurtu dezake. ("Euskaldunak", "Orixe")
  • Gaurko adibideak:
    • Negozio polita egiten ari dela errepikatzen dio Robertok bere buruari, bikotearen ibilerek autoan arrastorik utziko dioten beldur den bakoitzean. (Auzoak, Urrutikoetxea, U.)
    • Etortzen den bakoitzean, neskameaz gaizki esaka aritzen zaigu. (Kontu-jaten, Iturbe, A.)
    • Etortzen diren bakoitzean onean topatzen dute eta beti horrelakoa dela uste dute. (Lurtarra da begiratua, Xabier Etxabe)
    • Bakardade horretatik zurrupatzeko parada ukan dugun aldiro, gure barnea hondoraino bete dugu; eta aberastasun horrek, nola ez, ondokoa ere ukitzen du. (Bakartasunaz bi hitz, Bidart, F.)

zenbat aldiz -en... hainbat aldiz

zenbat aldiz -en… hainbat aldiz korrelazioa aldi berean gertatzen diren bi ekintza lotzeko erabiltzen da, eta zehazki, hainbat aldiz errepikatzen diren ekintzak lotzeko.

  • Zenbat aldiz borrokatu ziren, hainbat aldiz garaitu zuen erregeak etsaia.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adizki jokatuekin", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3