Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:2:2

Adizki jokatugabeekin

Adizki jokatuekin ohikoagoa bada ere, adizki jokatugabeekin ere eman liteke aditzera aldiberekotasun errepikatua. Perpaus nagusiko ekintza eta mendeko perpausekoa gertatzen diren aldi guztietan denboran bat datozela adierazten da halako perpausetan.

-tu aldiro, -tu bakoitzean/guztian

-tu aldiro, -tu bakoitzean/guztian formak ohikoagoa da adizki jokatuekin erabiltzea baina hala ere, zilegi dira adizki jokatugabeekin ere. Hiru formetatik -tu guztian erabiltzen da urrien.

  • Txisteaz gogoratu aldiro, barrezka hasten naiz.
  • Maider dantzan ikusi bakoitzean, harrituta geratzen naiz.
  • Adibide klasikoak:
  • Gaurko adibideak:
    • Horretan pentsatzen dut apartamentu batean neurriak hartu aldiro edo oihala metroka saltzen didatelarik. (Goragalea, Jean-Paul_Sartre / Monika Etxebarria)
    • Garbi dago, aho betean aitor dezadan, oraingo bizi berri honek, aski ditudan otordu urri hauek, guztiz dagokidan basa-egoitza honek, eta negua iritsi aldiro neure baitan hotzari aurre egiteko sumatzen dudan erraztasun harrigarri honek, honek guztiak ez didala nire lehengo bizimoduko alderdi tamalgarrienak minez oroitzen uzten. (Ahardikeriak, Marie Darrieussecq / Joxan Elosegi)
    • Aspalditik ezkutuko zerbait sumatzen zuen Memorengan eta bazekien zerbait eskatu aldiro hark kosta ahala kosta beteko zuela. (Ararat sumendiaren sumina, Yasar Kemal / Rey, F.)
    • Etxea hartu zuten eta motoa ere bai, Quimetek paseoan eramaten zuen errepidez errepide, eta haren amak bera ikusi bakoitzean, zer, ez dago nobedaderik? galdetzen zion; noski umeaz ari zen, baina oraingoz nobedaderik ez zen, eta Quimetek bitartean aulki bat egin zuen, gau asko pasatu zituen planoak egiten eta azkenean bukatu zuen, erdi aulkia, erdi besaulkia, erdi kulunka-aulkia, […] (Eguzkipekoak, Sastre, P.)

-tu ahala, -tu arau

Bi menderatzaileok ere perpaus nagusiko ekintza eta mendeko perpausekoa aldi berean gertatzen direla adierazteko erabiltzen dira, eta zehazki, mendekoa gertatzen den aldiro nagusikoa ere jazotzen dela aditzera emateko. Horrenbestez, perpaus nagusiko gertakaria mendeko perpauseko ekintzaren “heinean” eta aldiro gertatzen dela adierazten du -tu ahala menderatzaileak. Horrez gain, aldiberekotasun estua eta iraupena adierazteko ere erabil daitezke bi forma hauek, geroago zehatzago ikusiko denez.

  • Gazteek, ideiak bururatu ahala botatzen dituzte. (aldiberekotasun errepikatua)
  • Zuhaitz horrek, loratu arau galtzen ditu ostoak. (aldiberekotasun estua, loratu bezain laster)
  • Jendea inguruan bildu arau, neskatilak dantzan hasi ziren. (iraupena, biltzen zen bitartean)
  • Adibide klasikoak:
  • Gaurko adibideak:
    • Oñatiko zokoan, gaua aurreratu ahala, goizeko lehen orduotara arrimatzean, behelaino terral jenerokoa pilatuta han beheran. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
    • Emakumea, Eliseogandik alde eginik, bere semeekin etxean sartu zen eta atea itxi. Semeek ontziak ekarri ahala, amak olioa isurtzen zuen barrura. (Elizen arteko biblia, Askoren artean)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adizki jokatugabeekin", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3