Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:3:1:1

-eneko

-eneko menderagailua daramaten denbora perpausek aditz nagusiak adierazten duen ekintza eta mendekoak adierazten duena ondo-ondoan gauzatzen direla adieraz dezakete, balio sekuentziala hartuta. Sarri gainera, berehala adberbioa hartzen dute berehalakotasuna indartzeko. Horrez gain, mendeko aditzak adierazten duen unean aditz nagusiak adierazten duen ekintza amaituta dagoela edo gauzatzen ari dela ere adieraz dezake, eta askotan jadanik adberbioa hartzen dute lagun. Azkenik, -eneko menderagailuak balio destinatiboa ere izan dezake, alegia, aditz nagusiko ekintza noizko den adieraz dezake.

  • Ipuin bat amaitzen zuteneko, beste bati ekiten zioten berehala.
  • Erizainak iritsi zirenerako, hilik zegoen gaixoa jadanik.
  • Soroslea joan zeneko, ingurukoak haurra uretatik ateratzen ari ziren.
  • Amaia mahaia atontzen aritu zen, mutila zetorrenerako.

Artikulu honetan

Aldaerak

-eneko menderagailu honen aldaerak dira -enekotz(at) eta -eneko(t)xe ere, eta Ekialdean erabiltzen dira batez ere.

Adibideak

  • Adibide klasikoak:
    • Alharazleek ikhusi zuteneko zer zen gerthatu, ihes egin eta berria eraman zuten hirira eta bazterretara. (Biblia, Duvoisin)
    • Frantzesak hurbildu zirenekotzat Masourako hirirat, yanarien eskasiak eta eritasunak erakharri zituen hersturarik urrikalgarrienerat; etzen ageri bazter guzietan gorphutz hillik eta eririk baizen. (Zenbeit sainduen bizitzea, Larreguy)
    • Amaren ill hordua etorri zeneko bildu zituen Jesusek munduko anitz bazterretan predikatzen hari ziran Apostol onak, eta S. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
  • Gaurko adibideak:
  • Seiak jota ziren Bilbora heldu zirenerako. (Berandu da gelditzeko, Iturriaga, U.)
  • Poliziek alde egin zutenerako galgatua zegoen egoera, ez amonaren haserrea. (Ihes betea, Lertxundi, A.)
  • Hura joan zeneko, maisu Pedro hura zein ote zen galdetu zion Don Kijotek bentariari; eta zer panpina-ohol eta zer tximino ote zekartzan. (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Ezkiaga, P.)

Geroaldia ere erabiltzen da honelakoetan:

  • Berriz, bakezko Jainkoak orotan sainduets zaitzatela, zuen izpiritu-arima-gorphutzak, garbi eta notharik gabe egon ditezen, Jesu-Kristo gure Jauna ethorriren deneko. (Biblia Saindua III, Duvoisin)

Berehalakotasuna adierazten dute horiek guztiek. Batzuetan balio prospektiboa izan dezakete: Oinetako on batzuk erosi zituen, mendira joaten zeneko. Baliokideak dira forma jokatu (Polizia hurbiltzerako lapurrak alde egina zuen) eta jokatugabeak (Polizia hurbildu zene(ra)ko lapurrak alde egina zuen). Bestetik, …orduko bezalakoek berehalakotasuna (Polizia hurbildu zen orduko han ez zen inor ere gelditzen); ohitura (Denda ireki orduko han du beti ate ondoan eskalea); iragandako jarduera (Denda ireki orduko, egunkariak salduak ziren) adieraz dezakete.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-eneko", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3